II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
B E R R I O Z A R
Lankidetza proiektuetarako laguntzen deialdia
Udalbatza honek Lankidetza proiektuetarako laguntzen udal ordenantza onetsi zuen, behin betikoz, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hemezortziko azaroaren hogeita bortzean egin osoko bilkuran. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoa betez, argitara bedi ordenantza hori osorik, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.
LANKIDETZA PROIEKTUTARAKO LAGUNTZEN DEIALDIA O I N A R R I A K
Lehenbizikoa.-Laguntzen xedea nazioarteko lankidetzarako egitarauei edo garapenerako laguntzei sostengu ematea da, baldin eta proiektuan herritarrak sentikortzeko ekinaldiak eta komunitatearen eta Berriozarko taldeen partaidetza sustatzen duten jarduerak biltzen badituzte.
Halaberean, dirulaguntza jasotzen ahalko dute laguntza humanitariorako kanpaina puntualek.
Bigarrena.-Gobernuz kanpoko erakunde eta elkartasun erakundeek eskatzen ahalko dute dirulaguntza, irabazteko asmorik ez badute eta elkargo gisa erregistraturik badaude.
Halaberean, nazioarteko lankidetzarako proiektuen arduradu duten partikularrek ere eskatzen ahalko dituzte laguntzak, baldin eta, beti ere, oinarri hauetan galdatzen diren gainerako baldintzak egiaztatzen badituzte.
Hirugarrena.-Proiektuak Herriko Etxe honetako sarrera erregistroan aurkeztuko dira, urriaren lehen hamabostaldian.
Laugarrena.-Aurkezten diren lankidetza proiektuek datu hauek bildu beharko dituzte:
a) Proiektuaren izenburua.
b) Dirulaguntza hartuko duen erakundea.
c) Elkargo edo erakunde hartzailearen helburuak.
d) Proiektuaren kokagunea.
e) Proiektua kokaturik dagoeneko eskualdeko gizarte eta ekonomi baldintzen deskripzio orokorra.
f) Egin nahi den proiektuaren azalpen zehaztu eta justifikatua.
g) Proiektuaren populazio onuraduna.
h) Proiektuaren onuradun den komunitatearen partaidetza.
i) Bideragarritasun teknikoa: iraunkortasuna eta proiektua buruaski izateko baliabideak.
j) Aurrekontua.
k) Proiektuaren ebaluazioa.
l) Proiektuak bertze instituzio edo erakunde batzuetatik laguntzarik hartzen ote duen. Gainera, eskaera egiten duen gobernuz kanpoko erakunde edo elkartasun erakundeak aurkeztutako garapen proiektua erantsiko du, baita bere xedeen memoria eta, lankidetza erakunde den aldetik eginiko jarduerena.
Borzgarrena.-Herritarrak sentikortzeko jarduerak aurkezturiko proiektuan oinarrituko dira, eta biztanleriaren sektore ezberdinak eta elkarteak izanen dituzte xede, irizpide hauen arabera:
a) Herrien arteko ekonomi, gizarte eta kultur desorekei eta horiek pertsonen bizimoduan eta biziraupenean dituzten ondorio larriei buruzko jarrera eta portaeren aldaketa erraztea.
b) Argibide-osagai egiaztatu, osagarri eta kritikoak eskaintzea.
c) Iparraldean parte hartzen eta sentikortzen erakustea, hegoaldeko herriek beren garapena aitzina eraman dezaten.
Seigarrena.-Gobernuz kanpoko erakundeak edo elkartasun erakundeak, Udal honek haien proiektuak diruz laguntzen baditu, konpromiso hauek hartuko ditu:
a) Seihilero txostenak aurkeztea, laguntza hartzen duen erakundeak eginak, proiektua aldi bakoitzean nola doan eta, gora-beherarik izan bada, horiek ere zehaztuz.
b) Proiektuaren burutzearen azkeneko memoria aurkeztea, laguntzaren erakunde hartzaileak prestatua, material grafikoa eta guzti.
c) Udal honek proiektu finantzatuak egiaztatzeko izendatuko duen Batzordeari behar duen laguntza ematea.
d) Orobat, erakunde hartzaileak komenigarri juzkatzen badu, Berriozarko boluntarioen brigada baten egonaldia halako epe baterako erraztea, finantzatutako proiektuari laguntza eman diezaion.
e) Proiektua garatzean izan litezkeen gorabehera eta aldaketen berri jakinaraztea.
Zazpigarrena.-Dirulaguntza honen onuradun diren gobernuz kanpoko erakunde edo elkartasun erakundeek, proiektuaren inguruan Berriozarko herritarrak sentikortzeko eginen dituzten jardueren memoria ere aurkeztu beharko dute. Horien aurrekontua ez da behin ere diruz lagundutako guztiaren ehuneko 10 baino gehiago izanen.
Zortzigarrena.-Aurkeztutako proiektuak ebaluatzeko batzorde bat eratuko da, galdatzen diren obrekin gehien lotzen direnak hautatzeko. Batzorde hori Udalaren Gizarte Ongizate eta Osasun Batzordeko kideek osatuko dute, eta udal teknikarien aholkularitza izanen du.
Bederatzigarrena.-Batzorde ebaluatzaileak alderdi hauek hartuko ditu kontuan:
a) Proiektuaren gizarte interesa.
b) Proiektuak osasun, hezkuntza eta erabateko garapenarekin ikustekoa izatea.
c) Erakunde eskatzaileakBerriozarren jardutea.
d) Zenbat jenderi egiten dien on.
e) Proiektuaren bideragarritasuna.
f) Proiektua kokatzen deneko eskualdeko gizarte eta ekonomi baldintzak.
g) Laguntzari segida ematea.
Hamargarrena.-Dirulaguntzak Udalak osoko bilkuran harturiko erabakiaren bidez banatuko dira, Hirugarren Mundurako Dirulaguntzetarako kontusail berariazkoaren kontura.
Hamaikagarrena.-Gastuak justifikatzeko arauak
Berriozarko, Udalak gobernuz kanpoko erakundeei, garapenerako lankidetza proiektuak egiteko ematen dizkien dirulaguntzen aplikazioa, Udalaren erregistro orokorrean ondoko agiriak aurkeztuz justifikatuko da:
a) Dirulaguntzaren zenbatekoa bertako entitate laguntzaileari bidali izanaren egiaztagiria.
b) Herri onuradunean dirulaguntza jaso izanaren egiaztagiria, bertako entitate laguntzaileak sinatua.
Proiektua nola bete den, horren memoria edo txosten teknikoa (zer lortu den, egindako jarduerak, eragina eskualdean, etorkizunerako aukerak, balorazio orokorra...)
c) Balantze ekonomikoa, hauek zehaztu behar dituena:
Dirusarrerak: iturri ezberdinetatik etorritako dirusarrera guztiak (Nafarroako Gobernua, udalak, Estatuko administrazioa, Europako Batasuna, herri onuraduna, diru propioak, bertze, etab.).
Gastuak: kostu guztiak zehaztu behar dira: langileak, materiala, bidaiak eta egonaldiak, administrazio gastuak, inbertsioa, etab.
d) Fakturen edo egindako gastuak justifikatzen dituzten gisa bereko agirien fotokopiak.
e) Ekartzen ahal den gainerako dokumentazioa, idatzia nahiz grafikoa izan.
Emandako dirulaguntzaren aplikazioa justifikatzen duten agiriak aurkezteko epea ekitaldi bakoitzaren abenduaren 31n akituko da. Salbuespenez, epea luzatuko da horrela behar duten proiektuetarako.
Berriozarren, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hemezortziko azaroaren hogeita bortzean. Alkatea, José Luis Campo Valle.
Iragarkiaren kodea: A9811450