I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Agintariak eta Langileak
440/1998 FORU AGINDUA, azaroaren 24koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako D mailako administrari laguntzaileen barne mugikortasunerako prozeduraren deialdia onesten duena.
Hezkuntza eta Kultura kontseilariak azaroaren 24an emaniko 440/1998 Foru Aginduaren bidez, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikitako D mailako administrari laguntzaileen barne mugikortasunerako prozeduraren deialdia onetsi da. Hona hemen
O I N A R R I A K
Lehena.-Deialdi honen xedea da, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren barruan, deialdi honen laugarren oinarrian aipatzen diren D mailako administrari laguntzaile lanpostuak barne mugikortasuneko prozesuaren bidez betetzea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuan aritzeko.
Halaber, barne mugikortasuneko prozesuan lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituzten lanpostuak ere beteko dira.
Bigarrena.-Partehartzaileak.
Deialdi honetan parte hartu ahalko dute Hezkuntza eta Kultura Departamentuko enplegatuek, funtzionarioek eta lanaldi osoa duten lan kontratatu finkoek. Horretarako, honako baldintza hauek bete behar dituzte:
1. Jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon beharko dute.
2. D mailako administrari laguntzaile lanpostu baterako izendatuak izatea.
3. Administrari laguntzaile lanpostu bati behin-behinekoz atxikiak ez izatea.
4. Euskaraz jakitea beharrezkoa duten lanpostu hutsen bat aukeratzen badute, interesatuek, gainera, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Euskara Gaitasun Agiria edo ofizialki horren baliokidetzat jotzen den beste titulu bat eduki beharko dute edo izangaiak aski den hizkuntz maila duen zehazteko probak gainditu.
Euskarazko lanpostuak eskuratzen dituztenek, aurrerantzean, ezaugarri hori duten lanpostuak betetzeko lehiaketetan bakarrik hartzen ahalko dute parte, euskaraz jakitea haietan aritzeko berariazko betebeharra baita. Betebehar hori duten lanpostuetan jardunean bost urtez aritu ondoren, hori ez duten lanpostuetan aritzeko aukera izanen dute.
Hirugarrena.-Eskaerak.
1.-Modua eta dokumentazioa.
Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan emanen den eskabidea bete beharko dute (Santo Domingo kalea, z.g., Iruña).
Euskarazko lanpostuak aukeratu nahi dituzten partehartzaileek, eskaerarekin batera, deialdi honetako bigarren oinarriko 4. puntuan eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute edo bertan adierazi, horretarako ezarririko laukitxoan, gaitasun probak egin nahi dituztela.
2.-Eskabidea non aurkeztu eta nora igorri behar den.
Eskaerak Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari igorri beharko zaizkio eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistro Bulegoan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Nagusian edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehazturiko beste bulego batean aurkeztu beharko dira.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean aurkeztu beharko da, ziurtatu baino lehen, postako funtzionarioak eguna eta zigilua jar diezazkion.
3.-Eskaerak aurkezteko epea.
Mugikortasun prozedura honetan parte hartu nahi dutenek behar den eskaera aurkeztu beharko dute, hamabost egun naturaleko epearen barrenean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Laugarrena.-Betetzeko dauden lanpostuak.
Deialdi honen bidez ondotik aipatzen diren D mailako administrari laguntzaile lanpostu hutsak beteko dira, Hezkuntza eta Kultura Departamentuan aritzeko direnak:
LANP. EUSKARA DESTINOAREN ATXIKIPENA
32283 Ez Ikasliburu eta Materialen Unitate Teknikoa-Iruña
32752 Ez Agiritegi eta Dokumentu Ondarearen Atala-Iruña
33852 Ez Ikasketak Antolatzeko Atala-Iruña
34432 Ez Corellako "Alhama" Bigarren Hezkuntzako Institutua
34537 Ez Irakasle Funtzionarioen Nomina Bulegoa- Iruña
34913 Ez Kultura Zuzendaritza Nagusia-Iruña
35011 Ez Nafarroako Liburutegi Nagusiaren Bulegoa-Iruña
35246 Ez Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atala-Iruña
35714 Ez Hizkuntz Eskola Ofiziala-Iruña
35724 Ez Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atala
35725 Ez Noaingo "Elortzibar" Bigarren Hezkuntzako Institutua
35726 Ez Urrutiko Hizkuntz Eskola Ofiziala-Iruña
36052 Ez Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeen Nomina Bulegoa-Iruña
36053 Ez Lanbide Heziketa Antolatzeko Atala-Iruña
35709 Bai Zizur Nagusiko Bigarren Hezkuntzako Institutua
35712 Bai Barañaingo "Alaiz" Bigarren Hezkuntzako Institutua
35713 Bai "Navarro Villoslada" Bigarren Hezkuntzako Institutua-Iruña
35716 Bai Leitzako "Amazabal" Bigarren Hezkuntzako Institutua
35721 Bai Burlatako "Askatasuna-Libertad" Bigarren Hezkuntzako Institutua
36061 Bai Barne Kudeaketarako Bulegoa (Hizkuntza Politikarako Z.N.)-Iruña
Halaber, barne mugikortasuneko prozesuan lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituzten lanpostuak ere beteko dira.
Bosgarrena.-Izangaien lehentasun hurrenkera.
Izangaien lehentasun hurrenkera langileek barne mugikortasuneko prozesuan parte hartzen duten lanpostuan behin betiko langile gisa eta jarraian eman duten denboraren arabera erabakiko da, baldin eta hori lanpostuak betetzeko prozedura batean nahita parte hartuz lortu badute.
Berdinketarik gertatuz gero, aitorturiko antzinatasunik handiena duen izangaiaren alde joko da. Berdinketak badirau, izangairik zaharrenaren alde joko da.
Izangaien lehentasun hurrenkera ezartzeko, abiapuntuko lanpostuan duen antzinatasuna jarraiko zerbitzualdiari puntuazio hau aplikatuz kalkulatuko da:
-Zerbitzuan emaniko urte osoak: puntu bana.
-Zerbitzuan emaniko hilabete osoak: 0,083 puntu.
-Zerbitzuan emaniko egunak: 0,002 puntu.
Izangai bakoitzaren antzinatasuna zehaztearren, Giza Baliabideen Zerbitzuak, ofizioz, prozesuan parte hartzen duen bakoitzaren zerbitzu orriak aurkeztuko ditu.
Euskaraz jakitea berariazko betebeharra duten lanpostuak aukeratu nahi dituzten partehartzaileek, deialdiko bigarren oinarriko 4. puntuan xedaturikoarekin bat, euskaraz badakitela frogatu beharko dute.
Euskaraz jakitea euskal eremuko lanpostu huts guztietan merezimendutzat joko da, horietarako berariazko betebehartzat jo ez bada.
Euskaraz jakitea merezimendu kualifikatutzat jotzen den lanpostuak (euskal eremukoak, alegia) aukeratu nahi dituzten izangaiei lanpostuko antzinatasunaren ondoriozko puntuazioari gehienez ere % 10 eginen duen portzentaia gaineratuko zaie. Portzentaia hori izangai guztiek lanpostuan duten antzinatasuna puntuatzearen ondoriozko batezbesteko puntuazioaren gainekoa izanen da, honen arabera:
-Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Gaitasun Agiria edo ofizialki horren baliokidetzat jotzen den titulua: batezbesteko puntuazioaren % 10 gaineratuko da.
-Hizkuntza Eskola Ofizialean gaindituriko ikasturte bakoitzeko: batezbesteko puntuazioaren % 2 gaineratuko da.
-Gaindituriko urrats bakoitzeko: batezbesteko puntuazioaren % 0,83.
Kasu horietan, euskaraz jakiteagatik lortzen den portzentaia lanpostuko antzinatasunaren ondoriozko puntuazioari gaineratuko zaio.
Seigarrena.-Euskara maila egiaztatzeko proba.
Proba hori egiteko eguna, ordua eta tokia deialdiko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko Ebazpenean berean aditzera emanen dira.
Euskara proba Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan eginen da.
Zazpigarrena.-Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak.
Giza Baliabideen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu Argibide eta Agiri Bulegoan mugikortasun prozesu honetako izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak.
Zerrenda horietan adieraziko dira izangai bakoitzak lanpostuan duen antzinatasuna eta aitortu zaion antzinatasuna. Horrekin batera, aditzera emanen da, zein lanpostutatik lehiatzen den, hantxe jarraian emandako zerbitzualdiari dagokion puntuazioa.
Zerrenda horien aurka, interesatuek erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte, argitaratu eta hamar egun naturaleko epearen barruan.
Zortzigarrena.-Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak.
Euskara probaren emaitzak jakinarazi ondoren, eta, aurreko oinarrian zehazturiko erreklamazioak ebatzirik, horrelakorik izan bada, Giza Baliabideen Zerbitzuak onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendak onesteko Ebazpena emanen du. Zerrendak Argibide eta Agiri Bulegoan jarriko dira jendaurrean.
Zerrenda horietan izangaiak deialdiko bosgarren oinarrian emandako irizpideen arabera ordenaturik azalduko dira.
Zerrenda horiek argitaratzearekin batera, Giza Baliabideen Zerbitzuak aditzera emanen du Argibide eta Agiri Bulegoan eta prentsako iragarkien bidez, lanpostuak lorturiko ordenaren arabera adjudikatzeko jendaurreko ekitaldia egiteko eguna, ordua eta tokia.
Bederatzigarrena.-Lanpostuen adjudikazioa.
Lanpostuen adjudikazioa jendaurreko ekitaldi batean eginen da, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko Ebazpenean zehazten den egunean.
Hamargarrena.-Jabetza hartzea.
Jendaurreko ekitaldi horretan destino berria lortzen duten izangaiek lanpostuaren jabetza hartu beharko dute Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak aldez aurretik adierazten dien egun berean.
Lanpostuen jabetza hartzearekin batera indarrik gabe geldituko dira bete nahi diren lanpostuetan aritzeko egun horretara arte indarra izan duten kontratuak eta zerbitzu eginkizunak.
Hamaikagarrena.-Errekurtsoak.
Foru Agindu honen aurka errekurtso arrunta jar daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barruan.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko azaroaren hogeita lauan.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikiriko D mailako administrari laguntzaileen barne mugikortasunerako deialdian parte hartzeko eskaera.
1.-Datu pertsonalak:
Deiturak eta izena
Jaioteguna eta jaioterria
N.A.N. .......................
Helbidea
Etxeko telefonoa ................... Lantokiko telefonoa
2.-Datu administratiboak:
a) Egoera administratiboa:
Funtzionarioa
Lan kontratudun finkoa
Jardunean
Zerbitzu berezietan
Eszedentzia berezian
(Adieraz bedi X batez behar dena)
b) Gaurko destinoa:
Lanpostua
Lanpostuaz jabetu zeneko eguna
Zerbitzua
Atala
Bulegoa
c) Maila edo taldea: .........
3.-Izenpetzen duenak adierazten du eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
4.-Eskatzen du euskara probak egitea, deialdian aurreikusiriko ondorioetarako.
Iruñean, 199...(e)ko ..............aren ...(e)an.
(Izenpea)
Iragarkiaren kodea: A9810954