I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
74/1998 FORU AGINDUA, azaroaren 20koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, Nafarroako toki erakunde eta kirol elkarteentzako dirulaguntzak emateko deialdirako oinarriak onetsi dituena kirol instalazioetan inbertsioak egiteko.
Toki erakunde eta kirol elkarteek kirol azpiegiturak eraiki eta birmoldatzeko dirulaguntzak kudeatzeko beste deialdi bat egin beharra dago, deialdia Kirol Azpiegituren 1997/1998ko aldirako Plangintza Zuzentzailearen garapenari egokitzeko.
8/1997 Foru Legeak, ekainaren 9koak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak emateari buruzko erregimena arautu du eta Kirol eta Gazteri arloko dirulaguntzak arautzen dituen 594/1995 Foru Dekretuak, abenduaren 18koak, dirulaguntza horiek emateko deialdi publikoa egingo dela ezarri du, Foru Agindu bidez. Foru Legea eta Foru Dekretua kontuan hartu dira.
Nafarroako toki entitateei eta kirol elkarteei kirol instalazioetan inbertsioak egiteko laguntzak emateko eta errazteko asmoz, orain arte horretarako dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak ezartzen zituen Foru Agindua aldatu beharra dago.
Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko zuzendari gerenteak apirilaren 30ean eman zuen 259/1997 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko kirol azpiegituretarako 1997/1998ko aldirako Plangintza Zuzentzailea onetsi zen. Plangintza horretako orduko helburuak zeintzuk diren ikusita, dirulaguntza hauek arautzen dituen aurreko 25/97 Foru Agindua aldatu beharra dago.
Abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuaren 4. artikuluan eta ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluan eman zaizkidan ahalmenak erabiliz, ondokoa
AGINDU DUT:
1.-Nafarroako toki erakunde eta kirol elkarteei dirulaguntzak emateko erregimena onetsiko da, kirol instalazioetan inbertsioak egiteko. Halaber, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da, honako Foru Agindu honetako eranskinean sartu diren oinarriekin bat etorriz.
2.-Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko zuzendari gerenteari ahalmena emanen zaio 1997-1999 aldirako ezarri den Nafarroako Foru Komunitateko kirol azpiegiturei buruzko Plangintza Zuzentzailearen garapena buka dezan, honako Foru Agindu honetan egin diren aldarazpenak eta egokipenak kontuan hartuz.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Honako Foru Agindu honetan xedaturikoaren aurkako edo kontraesaneko xedapen oro, lerrun berekoa edo behe lerrunekoa bada, indarrik gabe geratuko da, bereziki 25/1997 Foru Agindua, otsailaren 18koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana.
AZKEN XEDAPENA
Honako Foru Agindu hau indarrean jarriko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratzen den egunaren biharamunean.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko azaroaren hogeian.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.
E R A N S K I N A
Oinarriak
1.-Xedea
Honako Foru Agindu honen xedea Nafarroako toki erakundeei eta kirol elkarteei dirulaguntzak emateko erregimena ezartzea da, Nafarroako Foru Komunitatean, kirolaren arloan inbertsioak egiteko.
2.-Helburua
a) Dirulaguntza jasotzeko lehentasuna izango dute kiroldegiak eta igerileku estaliak eraiki eta arauturiko kirol instalazioetan birmoldaketa txikiak egiteak.
b) Aurreko atalean aurreikusi diren eskabideei jaramon egin ondoren aurrekontuan oraindik dirurik geratzen bada, araututako bestelako kirol instalazioak eraikitzeko edo birmoldatzeko dirulaguntzak eman ahal izanen dira.
3.-Onuradunak
a) Dirulaguntzak Nafarroako toki erakunde eta kirol elkarteek eskatu ahal izango dituzte, beti ere eskabideak deialdi honetako oinarrietan eta 1997-1999 aldirako kirol azpiegituretarako Plangintza Zuzentzailean ezarritakoa betetzen badute (259/1997 Ebazpenaren bidez onetsia).
b) Dirulaguntza eskatzen duten kirol elkarteek, klub, kirola sustatzeko izaki edo federazio gisa inskribaturik behar dute egon Foru Komunitateko kirol elkarteen erregistoan.
4.-Agiriak
Eskabideak egiteko instantzia orokorra beteko da Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuari zuzendua, eta eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:
a) Eskabide-inprimakia, toki erakundearen edo kirol elkartearen identifikazio osoarekin batera eta, hala denean, sozietatearen egoitza, estatutuak, identifikazio fiskalerako zenbakia eta Nafarroako kirol elkarteen erregistroan duten inskripzio-zenbakia.
b) Eraikitzeko edo birmoldatzeko obretarako oinarrizko proiektuaren ale bat, eguneratua, Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalak proiektua onets dezan edo ingerak egin diezazkion.
Birmoldaketa lan txikiak badira, 10 milioi pezetatik beherakoak, nahikoa izanen da egin nahi diren obren memoria aurkeztea, eguneratua, eta aurrekontua atalka zehaztea. Memoriarekin batera planoak aurkeztuko dira, arlo horretan eskumena duen teknikariak sinatua.
c) Obra egin nahi den lurzoru edo higiezinaren egoera, haren jabetza adieraziz edo, hala denean, gutxienez 20 urtez erabil daitekeela eta bateragarria dela Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorrarekin edo indarreko Hirigintzako Arautegiarekin.
Obren sustatzaileak erabiltzeko eskubidea baino ez duenean, nahitaezkoa izanen da jabeak obrak egiteko beren beregi baimena eman duela egiaztatzen duen agiria aurkeztea.
d) Memoria bidezkotua, aurreikusi den inbertsioaren eragina eta ondorioak, instalazioko kirol zerbitzua kudeatzeko giza baliabideak eta ekonomikoak agertuz; halaber, hala denean, herri edo klubean aurreikusi diren eraikuntzak eta kokalekua, horretarako gorde den lekuan.
e) Udalaren edo kirol erakundeko eskudun organoaren erabakia, aurreikusi den finantzaketari buruz; erabakian proiektuaren kostua, aurrekontuetako edo banku-kredituetako fondoak eta, hala denean, finantzakide diren erakundeena, erakunde bakoitzak ematen duen kopurua banakaturik eta kopuruaren kontzeptua adieraziz.
f) Eskabidearen lagungarri izango diren beste agiri batzuk, eskatzaileak hala baderitzo, honako Foru Agindu honetan adierazi diren irizpideen eta adierazleen ingurukoak.
5.-Epea eta aurkezteko tokia
Eskabideak Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Arrieta kaleko 25.ean dago) edo bestela, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Komunari buruzko Legearen 34. artikuluan aipatzen diren lekuetatik edozeinetan. Aurkezteko azken eguna urtarrilaren 29a da.
6.-Balorazioa eta hautaketa
6.1. Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalak, aurkeztu diren agiriak baloratu eta aztertuko ditu eta bidezkoak diren egiaztapenak egingo ditu dirulaguntzak eman aurretik; horretarako, kontuan hartuko dira oinarrizko irizpideak, irizpide bereziak eta kirol azpiegituretarako Plangintza Zuzentzailean ezarri den baremoa. Plangintza Zuzentzailea 259/1997 Ebazpenaren bidez onetsi zen, apirilaren 30ean Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko zuzendari gerenteak emana.
Eskabideak ahalik eta ondoen baloratzeko, Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalak, toki erakunde eta kirol elkarteei eskabideetako informazioa zabaltzeko edo zehazteko eskatu ahal izango die.
6.2. Oro har, dirulaguntzaren onuradunen zerrenda egiteko (toki erakunde eta kirol elkarte), ondoko irizpideak baloratuko dira baremoan:
a) Instalazioak gauza askotarako erabiltzea eta herrian eta inguruetan halakorik ez egotea, lehentasuna emanik deialdi honetan lehentasuna dutenei.
b) Bai proiektua bai giza baliabideak eta ekonomikoak balizko erabiltzaile kopuruari eta erakunde eskatzaileak aurreikusi dituen kirol beharrizanei egokitzea.
c) Eskabidea egin duen toki erakunde edo kirol elkartearen egoera ekonomikoa, inbertsioa bideragarria eta aurrekontua zentzuzkoa diren; baita aurreko ekitaldi ekonomikoetan kirolaren arloan inbertsioak egiteko dirulaguntzak jaso dituzten ere.
d) Kirol-klub, kirola sustatzeko izaki eta bestelako kirol erakunde kopurua, bai eta horietara biltzen diren ekipoak ere, hauek eraikiko den instalazioko erabiltzaile izan baitaitezke aldi berean.
e) Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuaren txostena. Halaber, Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalak, hala baderitzo, Nafarroako Udalerrien Federazioari edo Kirol Federazioari txostena eskatuko die. Hori gertatuko balitz, txosten horiek ez dira lotaraztekoak izango baina dirulaguntza ematea egokia den ala ez ikusteko oinarri izango dira.
6.3. Toki erakunde eta kirol elkarteek, balorazio eta hautaketa baremoa aplikatuz, ondoko dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte, gehien jota:
a) Kirol instalazioak eraikitzeko, gehien jota proiektuaren %50.
b) Kirol instalazioak birmoldatzeko, gehien jota %33.
c) Obrak administrazioak egiten baditu edo auzolanean egiten badira, %60ra arte ordain daitezke eraikuntza berrien proiektuak eta %45era arte, birmoldatzekoak.
6.4. Aldarazpena, lehia eta muga:
a) Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldarazi badira edo honekin bateraezinak diren dirulaguntzak jaso badira, orduan dirulaguntza emateko ebazpena ere nahitaez aldarazi beharko da.
b) Jarduera bera egiteko onuradunak honekin bateragarriak diren dirulaguntzak jasotzen dituenean, dirulaguntza baten edo guztien zenbatekoa (Administraziotik, beste administrazio publiko batzuetatik, beste izaki publiko edo pribatu batzuetatik edo norbanakoengandik jasoak) ez da inoiz izango onuradunaren jarduera garatzeko kostua baino handiagoa.
7.-Ebazpena
7.1. Deialdia Nafarroako Kirol eta Gazteri zuzendari gerenteak ebatziko du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo hiru hileren barruan; dirulaguntzak behin behinekoak izango dira eta alegazioak egiteko hamar eguneko epea emanen da. Gero, behin alegazioak aztertu ondoren eta dirulaguntzaren onuradunei egoki diren agiriak bidaltzeko epea bukatu ondoren emanen den ebazpenaren bidez, behin betiko dirulaguntzak emanen dira.
7.2. Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko zuzendari gerenteak, beharrezkoa denean, aholku batzordea edo aditu batzordea izendatuko du, eskabideei buruzko ebazpenetan aholkuak emateko.
7.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedea, zenbatekoa eta ordainketa-modua agertuko dira.
7.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko aurrekontuetan xede horretarako kredituaren zenbatekoaren baldintzapean egongo da, kasu guztietan.
7.5. Ekitaldi ekonomiko jakin baten pentzura dirulaguntza jasotzen denean, horrek ez du nahitaez adierazten hurrengo ekitaldi ekonomikoen pentzura ere dirulaguntzak eskuratzeko eskubidea bereganatu denik.
7.6. Ebazpenak Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko iragarki- oholean jarriz jakinaraziko dira; bertan, ebazpenak komunikabideetan argitaratuko direla adieraziko da. Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuak erabakiko du ebazpenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko diren ala ez.
8.-Prozeduraren ohiturazko bukaera
Kirol eta Gazteri arloko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuaren arabera, Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuak, erakunde onuradunekin ados jarrita, prozedura amaitutzat jo dezake, baita lankidetzarako erabakia hartu ere, dirulaguntza hauen pentzura.
9.-Betebeharrak
9.1. Kirolaren arloan inbertsioak egiteko toki erakunde eta kirol elkarte onuradunek, dirulaguntza eman zaien jakinarazpena jaso eta gehienez hurrengo hiru hileetan, dirulaguntza eman dien ebazpenean ezarri den kopuruaren %25a, orokorrean, edo, salbuespen gisa, ebazpen horretan ezarri den ehuneko bestea jaso ahal izateko, ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:
a) Oinarrizko proiektu ikusonetsia eta, hala denean, Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalak proposatu dituen aldarazpenak jasotzen dituen proiektua. Halaber, honek, egoki deritzonean, burutzapen proiektu onetsia eskatuko du.
b) Obren adjudikaziorako akta, gutxien-gutxienik ondoko datuak bilduko dituena: adjudikazio eguna, adjudikaziodun enpresa eta honen identifikazio datuak (I.F.Z., helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria) eta adjudikazioaren zenbatekoa.
Obrak administrazioak egiten baditu, adjudikazio aktaren ordez toki erakundeko eskudun organoak hartutako erabakia izango da baliagarria; erabaki horretan obrak sistema horren bidez egingo direla adieraziko da.
c) Obraren zuzendariaren izendapenaren akta; bertan, tekniko edo teknikoen identifikazio datuak agertuko dira (I.F.Z., helbidea, telefonoa, posta kodea eta herria).
d) Obrak birplanteatu izanaren akta, zuzendariek, jabeek eta, hala denean, adjudikaziodun enpresak sinatua.
e) Toki erakunde edo kirol elkartearen eskudun organoaren erabakia; erabakian, diruz lagundutako obrak egiteko eta finantzatzeko borondatea jasoko dira.
Finantzaketan beste erakunde batzuk ere parte hartzen dutenean, eskudun organoaren finantzaketa erabakia, beren beregi egina.
f) Diruz lagunduko diren obra berrietan, obran bertan obrak Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuaren laguntzaz egiten ari dela adierazten duen kartela jarri izanaren egiaztagiria bidaliko da, logotipoa barne. Birmoldaketa kasuetan, aurrekontua hamar miliotik gorakoa denean egingo da.
9.2. Aurreko atalean agiriak aurkezteko jarri den epea aldatu ahal izango da, dirulaguntza jaso duen erakundeak aldatzeko eskaria idatziz egiten badu eta horretarako arrazoiak baditu; dena den, Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalak horren aldeko txostena egin beharko du aldez aurretik.
9.3. Obraren %50eko dirulaguntza jasotzeko behar diren agiriak, aurreko puntuan adierazten denean aurkeztutakoez gain, ondoko hauek dira:
Obraren erdia gutxienez egin dela adierazten duen egiaztagiria, obraren zuzendariak, toki erakunde sustatzaileak eta adjudikaziodun enpresak sinatua; egiaztagiriarekin batera, jatorrizko faktura edo horien fotokopia erkatua.
Obrak administrazioak egiten baditu, obraren erdia gutxienez egin dela adierazten duen egiaztagiriarekin batera, sortu diren gastuen fakturen kopia erkatuak.
9.4. Obraren %25eko dirulaguntza jasotzeko behar diren agiriak, eta salbuespen gisa, dirulaguntza eman dion ebazpenean ezarri den zenbatekoa eskuratzeko, ordura arte ordaindutakoak kenduta, ondokoa izango da:
a) Obren egiaztagiria, zuzendaritzak, jabeak eta adjudikaziodun enpresak sinatua, faktura originalak edo fotokopia erkatuak erantsiz.
Obrak administrazioak egiten baditu, azken egiaztagiria obrak bukatu direla adierazten duena izango da eta horrekin batera, sortu diren gastuen fakturen kopia erkatuak erantsiko dira, ordura arte frogatu ez direnak.
b) Jasoketa akta, jabetzak, zuzendaritzak eta, hala denean, adjudikaziodun enpresak sinatua.
Obraren erakunde sustatzailearen jasoketa akta formalizatzeko, jasoketa eguna zein den aldez aurretik jakinarazi beharko dio Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuari, honek egintza horretan ordezkaturik egon nahi badu.
c) Kirol instalazio berriak direnean, obran bertan obrak Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuaren anagrama eta logotipoa jasotzen dituen kartela jarriko da eta horrekin batera, diruz lagundutako obretako informazio-euskarrietarako diseinuari buruzko arautegian ezarritako testua, Nafarroako Foru Komunitateko identitate-programa eta korporazioaren irudiaren arabera.
9.5. Urteanitzeko dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) Bi ekitaldi ekonomikoren pentzurako dirulaguntzak bi epetan ordainduko dira: lehenengo ekitaldi ekonomikoari dagokion kopurua erakunde eskatzaileak deialdiaren oinarrietako 9.1. puntuko betebeharrak betetzen dituenean gauzatuko da eta bigarrena bigarren ekitaldi ekonomikoan, behin 9.3. puntuan ezarritako betebeharrak betetzen direnean.
b) Hiru ekitaldi ekonomikoren pentzurako dirulaguntzak hiru epetan ordainduko dira: lehenengo ekitaldi ekonomikoari dagokion kopurua erakunde eskatzaileak deialdiaren oinarrietako 9.1. puntuko betebeharrak betetzen dituenean gauzatuko da eta bigarrena bigarren ekitaldi ekonomikoan, behin 9.3. puntuan ezarritako betebeharrak betetzen direnean; azkenik, hirugarren zatia hirugarren ekitaldi ekonomikoan ordainduko da, behin 9.4. puntuan ezarritako betebeharrak betetzen direnean.
9.6. Obrak diruz lagundutako proiektuarekin bat etorriz burutuko dira. Aldarazpenik egin nahi bada, horretarako baimena eman behar du aldez aurretik Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalak.
Diruz lagundu den inbertsioan kostuak gehituko balira, onuradunaren pentzura izango lirateke gastuok.
Obren azken kostua diruz lagundu den aurrekontua baino txikiagoa izanez gero, dirulaguntza murriztu egingo da, oro har, aurrekontua murriztu den proportzioan, deialdi honetako 8. oinarrian hizpatu denaren kalterik gabe.
Onuradunek onartu eta erraztu egin beharko dizkiote Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuari honek eskatzen dituen egiaztapen eta agiriak.
9.7. Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuak, Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalaren bidez, nahi adina ikuskapen egiteko bisitaldi tekniko egingo ditu obrak egiten ari diren bitartean; dirulaguntza jaso duen erakunde onuradunak obretara sartzeko bidea erraztu behar dio eta horiei buruzko edozein agiri eman.
10.-Ez-betetzea
Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datuak faltsutzen edo xedeak aldatzen direla ikusten bada, dirulaguntza galdu egingo da eta ordura arte jasotako kopuruak itzuli beharko dira; halaber, aurrerantzean ez da helburu bera edo antzeko helburua duen eskabiderik onartuko, antolamendu juridikoan aurreikusi diren gainerako erantzukizunen kalterik gabe.
11.-Errekurtsoak
Honako deialdi honetako oinarriak aplikatzeagatiko egintzen aurka, errekurtso arrunta jarri ahal zaio Nafarroako Gobernuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten den egunetik aurrera zenbatu beharrekoa.
Iragarkiaren kodea: A9810793