154. ALDIZKARIA - 1998ko abenduaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

469/98 FORU AGINDUA, azaroaren 5ekoa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, 500 biztanle edo gehiago duten toki erakundeei 1999. ekitaldian Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legea garatzeko arautegia ezarri duen programan parte hartzeko deialdia egiten duena. Aipaturiko arautegia Nafarroako Gobernuaren 270, 271, 271 eta 273 Foru Dekretuen bidez onetsi da.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legea 270/98 Foru Dekretuaren bidez garatu da aurrekontuen eta gastu publikoaren arloan. Dekretu horrekin batera ditugu 271/98 Dekretua, aurrekontuen egiturari buruzkoa, eta 272/98 eta 273/98 dekretuak, kontabilitatearen jarraibide orokorrei buruzkoa eta kontabilitate sinplifikatuaren jarraibideei buruzkoa, hurrenez hurren. Dekretu hauek guztiak nahitaez aplikatzekoak dira 2.000. urteko urtarrilaren 1etik aurrera eta nahi izanez gero, 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera, aldez aurretik Toki Administrazioko Departamentuari jakinarazita.

Departamentu honek arautegi berria 500 biztanletik gorako udal eta kontzejuetan aplikatzea bultzatu nahi du, bai eta 25 milioi pezeta baino gehiagoko gastu arrunta duten mankomunitateetan ere. Arautegia laguntza material eta teknikoaren bidez eta prestakuntzan eta aholkularitzan lagunduz aplikatu nahi da 1999 ekitaldian.

Azaldutako guztia dela eta, ondokoa

AGINDU DUT:

1.-500 biztanle edo gehiago duten udal eta kontzejuentzako eta urteko gastu arrunta 25 milioi pezeta baino handiagoa duten mankomunitateentzako deialdia onetsi da. Deialdia Nafarroako Toki Ogasunen 2/95 Foru Legea garatu duen arautegia ezartzeko da, 1999 ekitaldian, aurrekontuen, aurrekontuen egituraren eta gastu publikoaren arloetan eta bertan parte hartzeko nahitaezkoa izango da toki administazioari egokituriko K.P.P.O. ezarririk ez izatea. Hurrengo ataletan azaltzen diren laguntzak eginen dira eta beharkizunak beteko.

2.-Toki Administrazioko Departamentuak, borondatezko ezartze-prozesura aurreko lerroaldean aurreikusi ez diren entitateak ekarri ahal izango ditu, Foru Agindu honetan ezarri diren laguntza eta betekizunekin, beti ere eskura duen materialak eta langileriak horretarako bidea ematen badio.

3.-Laguntza-programan parte hartzeko eskabidea Toki Administrazioko Departamentuan tramitatu behar da 10 eguneko epean, jakinarazpena jaso edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik aurrera zenbatu beharrekoa.

4.-1998ko ekitaldian, toki erakunde bakoitzari informatikako postu bat edo bestela horren osagaiak (ezarri den eran hura lortu arte) erostearen gastuaren %80 eginen zaiola ezarri da.

Informatikako postuak ondoko ekipamendua izango du, gutxienez:

-Prozesadorea: Pentium II

-RAM memoria: 64 Mb.

-Disko biltegiratzea: 4,36 Gb.

-Monitorea: 15''

-CD Rom: 36X

-Modem: barrukoa 56k

-Inprimagailua: Injekzio bidezkoa eta koloreetakoa A-4

Gehienez jota, postu bakoitzerako 300.000 pezetako laguntza eginen da.

5.-1999ko ekitaldirako laguntzak hauek dira: entitateak eskuratzen dituen aplikazioetarako %100eko laguntza teknikoa eta prestakuntza praktikoa, gehienez jota 500.000 pezetako laguntza toki entitate bakoitzarentzat, beti ere prestakuntzak eta laguntza teknikoak ondoko baldintzak betetzen dituenean:

-Prestakuntza:

Sistema eragileari buruz gutxienez 50 orduko prestakuntza/ikasleko, edo gelan edo in situ. Prestakuntza gelan egiten denean, ikasleek postu informatiko bana izango dute eta asko jota, ikastaro bakoitzean 10 ikasle izango dira. Prestakuntza toki erakunde bakoitzeko bi pertsonek eta Nafarroako Gobernuko aholkulari teknikoek egin ahal izango dute. Gutxienez, hiru etapa izango ditu prestakuntzak:

Martxan jartzea: programaren parametroak, aurrekontuei buruzko modulua, aurrekontuen espedientea egitea, aurrekontu luzatuaren funtzionamendua, gainerakoen zama eta zabaltzeagatiko ezarpena.

Kudeaketari buruzko kontabilitatea: aurrekontuko eta aurrekontutik kanpoko sarrerak eta gastuak zenbatzea, laguntza moduluak, gastuen proiektua eta ukituriko finantzaketako gastuen proiektua.

Kontu Orokorrak: ekitaldia ixtea, aurrekontuaren burutzapen-espedientea lortzea, kontu orokorrak lortzea eta dagozkion espedienteak egitea.

-Laguntza teknikoa.

Programak instalatzeaz gain, laguntza zerbitzuak berehalako erantzuna eginen dio 1999ko ekitaldiko aurekontu edo kontabilitate arloko edozein arazori.

Ondoko laguntzak eginen direla aurreikusi da:

Laguntza, telefono bidez: batezbeste 40 ordu/entitateko.

Laguntza, in situ: batezbeste 45 ordu eta gutxienez 9 irteera entitateko.

Itxi aurretik biribiltzea eta ixtea:

.batezbeste, 8 ordu/ entitateko, in situ

.batezbeste, 5 ordu/entitateko, telefono bidez.

Prestakuntza eta laguntza teknikoaren arloko laguntzak informatikako aplikazioari dagozkio, aurrekontuak eta kontabilitatea aipatuak ditugun foru dekretuen arabera egin daitezen; aplikazio informatiko horiek Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuak egiaztatu beharko ditu laguntza programen barruan onartu baino lehenago.

6.-Halaber, 1999ko ekitaldian Ekonomi Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikariek programan dauden entitateei aurrekontu eta kontabilitateari buruzko aholkuak ematea ere ezarri da.

7.-4. atalean ezarri diren kopuruak 1998ko aurrekontuko 92020-0 lerroko "Ekonomi-finantzen kudeaketarako programa"ko 21220-7600-1241 partidaren pentzura eginen eta ordainduko dira, egoki diren fakturak tramitatu ondoren. Fakturok Toki Administrazioko Departamentuan aurkeztu beharko dira 1998ko abenduaren 12a baino lehenago.

8.-5. atalean ezarri direnak Nafarroako Aurrekontu Orokorrean horretarako aurreikusi den partidaren pentzura eginen eta ordainduko dira.

9.-Aurreko ataletan ezarri diren laguntzak eta aportazioak behin betikotzat joko dira eta eskuratu ahal izateko arautegi berria ezarri beharko da nahitaez; laguntza eta aportazio horiek 1. eta 2. ataletan aipatu diren entitateek eskuratu ahal izango dituzte, dagokion ebazpenaren bidez laguntza-programan sartuak badaude.

Laguntza-programa jasotzeko, toki erakundeak ondoko konpromisoak onartu beharko ditu:

-Arautegi berria Toki Administrazioko Departamentuak gainikusita eta horrek ezartzen duen eran aplikatzea.

-Arautegi berria ezartzeak toki erakundean lehentasuna duela adieraztea.

-Toki entitateko arduradun bat izendatzea programaren arduradun tekniko, zeinek kontabilitate lanak eginen dituen batik bat.

-1999ko ekitaldirako aplikazio informatikoa edukitzea, aurrekontuen eta kontabilitatearen arloko arautegi berria aplika dadin.

10.-Honako Foru Agindu honen berri emanen zaie 500 biztanle edo gehiago dituzten udal eta kontsejuei eta 25 milioi pezetatik gorako gastu arrunta duten mankomunitateei.

11.-Foru Agindu honen aurka errekurtso arrunta aurkeztu ahal zaio Nafarroako Gobernuari, hilabeteko epean, agindua argitaratzen den egunetik hasita.

12.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko da.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko azaroaren bostean.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9810245