I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
FORU AGINDUA, 1998ko abenduaren 17koa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, toki entitateek interes orokor edo sozialeko obra eta zerbitzuetarako langile langabetuak kontratatzeko dirulaguntzak arautzen dituena.
Toki entitateei interes orokor edo sozialeko obra eta zerbitzuetarako langile langabetuak kontrata ditzaten laguntzak ematea da lan arloan eskumenak dituen Departamentuak urte hauetan hartutako neurrietako bat, "Laneratze babestuaren programa berezia" izeneko kontusaila ezarri zuen, Parlamentuko agindua betetzen duena.
Neurri hori eraginkorra dela ikusirik, komenigarria dela uste da jarduketa horrexetan jarraitzea, Nafarroako gizartean eragina duen langabeziaren arazo larria arindu ahal izateko lanpostuak sustatuz. Finantziazioa "Laneratze babestuaren programa berezia" izeneko kontusailaren kargura izango da, eta, gazte langabetuak informatu, orientatu eta laneratzeko zerbitzu iraunkorren kasuan, "Laneratzeko orientabide ko ekintza pertsonalizatuak" izeneko kontusailaren kargura. Zenbatekoaren muga Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren urtean urterako Aurrekontuetan ezarriko da.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Gobernua arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak ematen didan ahalmena erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Xedea.
Agindu honen xedea da toki entitateei laguntzak emateko araubidea zehaztea, interes orokor edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langile langabetuak kontrata ditzaten.
2. artikulua. Onuradunak.
Dirulaguntza hauek hartuko dituzte obra edo zerbitzua zuzenean nahiz kontratazio bidez egiten duten toki entitateek.
3. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzak erabiliko dira kontratatzen diren langile langabetuen lansariak ordaintzeko. Aplikagarri den hitzarmenean zehaztu lansaria eta Gizarte Segurantzari enpresak ordaindu beharreko kuota baino gehiago ez da ordainduko.
Interes orokor edo sozialeko obretan, ez da dirulaguntzarik emanen obra amaierako kalteordainerako.
Nafarroako Gobernuari gazte langabetuen informazio, orientabide eta laneratze programa iraunkorrak sortu eta kudeatzen laguntzen dioten entitateekin toki entitateek kontrataturiko interes orokor edo sozialeko zerbitzuetan, diruz lagunduko dira, artikulu honen lehen lerroaldean ezarri diren gastuez gain, aipatutako zerbitzuen kudeaketa eta zuzendaritzak sortutako gastuak, bai eta horretarako kontrataturiko teknikarien joan-etorrietako gastuak ere.
Euskarri materialaren eta gazte langabetuak informatu, orientatu eta laneratzeko programa iraunkor horiek garatzeko behar diren zerbitzu osagarrien kostua toki entitate kontratugileek finantzatuko dute. Kostuaren kontzeptuak eta zenbatekoa toki entitateak eta entitate laguntzaileak izenpetzen duten hitzarmenaren testuan zehaztu behar dira.
4. artikulua. Obra edo zerbitzuen baldintzak.
-Interes orokor edo sozialekoak izatea.
-Toki entitateek eginak izatea, zuzenean edo zeharka, dirulaguntza ematen deneko urtearen barruan. Obrak egiteko azken eguna azaroaren 30a izanen da. Zerbitzuak urtean urteko abenduaren 31 arte luzatu ahalko dira.
-Gutxienez ere hilabete irautea.
-Dirulaguntza eskaeran adierazitako egunean bertan hastea, behar bezala egiaztaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik.
-Obra edo zerbitzua eginen duen plantilako kopuru jakin bat langile langabetuek osatzea, % 75 obra edo zerbitzu zuzena denean, eta % 50 kanpoko kontratazioa denean.
5. artikulua. Hautatzeko irizpideak.
Baldintza horiek betetzen dituzten obra edo zerbitzuetan hauek hautatuko dira:
-Interes orokor edo sozial handiena dutenak.
-Lanpostu gehien sortzen dituztenak.
-Langabetu kopuru handieneko populazioak ukitzen dituztenak.
-Lanaren bidez, parte hartzen duten langileen prestakuntza eta lan praktikoa hobetzen laguntzen dutenak.
-Kontratu luzeenak eskaintzen dituztenak.
6. artikulua. Langileak hautatzeko irizpideak.
Nahitaezko baldintza izanen da langilea langabezian egotea eta egoera horretan azaltzea INEMen.
Nafarroako Gobernuari gazte langabetuen informazio, orientabide eta laneratze programa iraunkorrak sortu eta kudeatzen laguntzen dioten entitateekin toki entitateek kontrataturiko interes orokor edo sozialeko zerbitzuen kasuan, horiek kudeatzeako kontrataturiko teknikariei zerbitzuak irauten duen bitartean lanean jarraitzen utziko zaie, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimena eman ondoren, hala programa eraginkorragoa izan dadin.
Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
-Obra edo zerbitzua egin behar duen entitateak INEMi langileak eskatzea, lan eskaintza orokorra eginez, baina beti ere herriko langabetuei lehentasuna emanez.
-Egoera berean daudenen artean, lehentasuna izanen dute familia dela eta erantzukizunak dituztenek.
-Langileak lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituen kolektiboren batekoak izatea, hau da, 40 urtetik gorakoak, lehenbiziko lanaren bila dabiltzanak, emakumezkoak, 25 urtetik beherakoak, langabezian denbora luzea daramatenak eta antzeko egoeretan daudenak.
Administrazioak beharrezkoak diren txostenak eskatu ahalko dizkie erakunde eskudunei, artikulu honetan ezarritako hautapen irizpideak zuzen bete eta aplikatzen direla egiaztatzeko.
7. artikulua. Izapideak.
Toki entitateek Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eskatu beharko diote dirulaguntza, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen denetik hilabeteko epearen barnean.
2000. urtean eta hurrengoetan urtean urteko urtarrilean aurkeztuko dira eskabideak Administrazioaren aurrean. Eskabideak aipatu Zerbitzuan eskuratu ahalko dituzten inprimaki ofizialak erabiliz gauzatuko dira. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Dirulaguntza jaso dezakeen obra bakoitzaren banakako proiektu teknikoa, edo proiektu hori beharrezkoa duten obra faseei dagokiena.
-Eginen diren lanen memoria.
-Eskulanaren eta materialen aurrekontu kalkulatua.
-Iraupena eta egutegia.
-Egungo egoeraren argazki bidezko dokumentazioa.
-Toki entitatearen ziurtagiria, dirulaguntza zer urtetarako eskatu eta horretantxe eta aurrekoan egitekoak diren obra edo zerbitzuetarako jasotako eta/edo eskatutako dirulaguntza guztiak azalduko dituena.
-Toki entitateak obra edo zerbitzu hori egitea onartu duela adierazten duen ziurtagiria.
-Foru Agindu honek diruz lagunduko ez dituen kostuetarako diru aski dagoela adierazten duen ziurtagiria.
Obra proiektuaren gastua hogei milioi pezeta baino handiagoa bada, departamentu honek edo Toki Administraziokoak txostena idatziko du, toki entitateak dagokion zatia, dirulaguntzarik gabekoa, finantzatzeko duen ahalmen ekonomikoari buruz.
-Zerga beharkizunak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen ziurtagiria.
-Zenbat langile langabetu kontratatuko diren zehaztea eta horien ezaugarriak eta, halakorik bada, emanen zaien prestakuntza programa azaltzea.
8. artikulua. Ebazpena eta ordainketa.
1. Eskabideak Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ebatziko ditu, horretarako gaitutako aurrekontuko kontsignazioa agortu arte, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean. Epe hori amaitu eta espreski ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko da.
2. Dirulaguntza honela ordainduko da:
Hasierako % 50a, obra edo zerbitzua hasi dela justifikatu eta kontrataturiko langileen eta horien ezaugarrien zerrenda aurkeztu ondoren. Horrekin batera, lan eskaintza orokorrari eta Gizarte Segurantzako altei dagozkien agiriak, eta lan kontratuen kopiak aurkeztu beharko dira.
Beste % 25, hasierako % 50ari dagozkion gastuak justifikatu ondoren.
Gainerako % 25a, obra edo zerbitzua amaitu dela justifikatutakoan. Horretarako azken ordainketako ziurtagiriaren eta obra amaierako txostenaren inprimaki ofizialak erabiliko dira, eta gainera, aipatu txostenean eskatutako agiriak aurkeztu beharko dira.
Obra edo zerbitzuak 3 hilabetetik gorakoak ez direnean, bi ordainketa baizik ez dira eginen: hasierako % 50a gainerako obra eta zerbitzuentzat artikulu honen bigarren lerroaldeko bigarren puntuan ezarritako baldintzak betetzean, eta gaineratiko % 50a, obra edo zerbitzua amaitu dela justifikatu ondoren, aurreko lerroaldean ezarritakoari jarraikiz.
Dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Nafarroako Ogasunarekin dituen betebeharrak egunean izan beharko ditu, bestela, zenbatekoa erabili ahalko da zor galdagarriak konpentsatzeko, horiek antzinatasunaren arabera ordainduz. Antzinatasun hori zehaztuko da galdagarri zein egunetan izan ziren kontuan harturik.
9. artikulua. Bateraezintasuna.
Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eta beste administrazio edo entitate batzuek helburu eta kontzeptu berberetarako emandakoak bateraezinak izanen dira.
Dirulaguntzak hartzeko zehaztu diren baldintzak edo beharkizunak ez betetzeak haiek baliorik gabe uztea eta dirua itzuli beharra ekarriko du, horregatik ireki daitezkeen zehapen espedienteak deusetan galarazi gabe.
AZKEN XEDAPENA
Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abenduaren hamazazpian.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.
Iragarkiaren kodea: A9811662