154. ALDIZKARIA - 1998ko abenduaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

350/1998 FORU DEKRETUA, abenduaren 9koa, erabilera mugatuko zerbitzu erregularrak eman ahal izateko, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzuen enpresa titularren lehentasun eskubidea arautzen duena.

Erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzu publiko batzuek kontzesioaren oreka ekonomikoari eusteko arazoak dituztenez, komenigarria da zerbitzu horiek ematen dituzten enpresa titularren esku jartzea behar diren baliabide guztiak, ustiapenen errentagarritasuna hobetzeko eta, ondorioz, errepideko bidaiari-garraio publikoko sareen iraupena segurtatzeko.

Baliabide horietako bat da zerbitzu publikoen enpresa titular horien lehentasun eskubidea, erabilera mugatuko zerbitzuak ematekoa, erarik egokienean arautzea, Foru Komunitate honen ezaugarriak kontuan izanda eta garraiorako jartzen diren baliabide publikoei ahalik eta etekin onena atereaz.

Horrenbestez, Garraio Kontseiluak honetaz dioena entzun ondoren eta 1998ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 21/1997 Foru Legearen hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abenduaren bederatziko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua.

Foru Dekretu honen xedea da erabilera mugatuko zerbitzu erregularrak eman ahal izateko, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzuen enpresa titularrek lehentasuna noiz izanen duten arautzea.

2. artikulua.

1. Lehentasun eskubidea bakarrik aplikatuko da Nafarroako administrazio publikoek kontratatzen dituzten erabilera mugatuko hiriarteko garraio erregularreko zerbitzuetan.

2. Foru Dekretu honen ondorioetarako, Nafarroako administrazio publikoak dira:

a) Foru Komunitateko Administrazioa.

b) Nafarroako toki entitateak

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo toki entitateen menpeko erakunde publikoak.

3. artikulua.

1. Aurreko artikuluak aipatzen duen erabilera mugatuko garraio zerbitzuak emateko lehentasuna izanen dute erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregular finkoko zerbitzuetako enpresa titularrek, beti ere bi baldintza hauek betetzen badira:

1) Erabiltzaile guztientzako zerbitzu erregular osoaren urteko okupazio indizea 16 bidaiari baino gutxiagokoa izatea ibilgailu eta kilometro bakoitzeko.

2) Erabiltzaile guztientzako zerbitzu erregularrak erabilera mugatukoak izan behar duen ibilbidean 100eko 50an bederen bat datozen trafikoak baimenduta izatea.

Aurreko baldintzak betetzen diren ala ez Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Garraio Zerbitzuak ikuskatuko du, eta erabiltzaile guztientzako zerbitzua ematen duen enpresak hori egiaztatzeko behar den dokumentazioa aurkeztuko du, kasu bakoitzean eskatzen denarekin batera.

Era berean, baldin eta lehentasun eskubidea dela-eta enpresa titularra erabilera mugatuko beste zerbitzu batzuk egiten ari bada, Garraio Zerbitzuak zerbitzu horiek ere kontatuko ditu kontzesioaren errentagarritasuna baloratzeko eta lehentasun eskubidearen erabilpena ukatzeko, eginiko kontaketan kontzesioaren oreka ekonomikoa iristen bada.

2. Hala ere, artikulu honetan aurreikusiriko baldintzak bete arren, ez da lehentasun eskubiderik izanen erabilera mugatuko zerbitzuaren ibilbidea oso- osoan 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien eraginpeko ingurunean zehar badoa.

Horren haritik, eraginpeko ingurunea izanen da udalerriko erditik lerro zuzenez neurtutako gehieneko distantzia hauetara iristen dena:

Eskubidezko 150.000 biztanle baino gehiagoko herriak, 10 kilometro.

Eskubidezko 50.000tik 150.000 biztanle arteko herriak, 5 kilometro.

4. artikulua.

Salbuespenez, ustiapen defizitak dituzten erabiltzaile guztientzako zerbitzu erregularrei eta nekazaritzako bizigune sakabanatuez edo populazio edo egoitzako dentsitate baxukoez arduratzen direnei buruz, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak kontzesioaren xede diren trafikoen barrenean mugatu ahalko ditu eraginpeko guneak, zeinetan haien enpresa titularrek lehentasuna izanen baitute 2.1 artikuluak aipatzen duen erabilera mugatuko garraio erregularreko zerbitzuak emateko, beti ere ibilbidea oso-osoan gune haietan zehar badoa.

Eraginpeko guneen mugaketa egiteko ezinbestekoa izanen da Nafarroako Garraio Kontseiluaren txostena.

5. artikulua.

1. Lehentasun eskubideaz baliatu ahal izateko, kontratua adjudikatzeko modua lehiaketa, enkantea edo prentsan argitaratzen den prozedura negoziatua baldin bada, eskubide hori alegatu beharko da lizitazioan parte hartzeko momentuan.

Prentsan argitaratzen ez diren prozedura negoziatuetan, ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 81. artikuluaren 3. idazatian aurreikusitako munta txikiko kontratazioa barne, kontratua egiten duen organoak kontratazio espedienteari hasiera eman zaiola jakinaraziko dio Garraio Zerbitzuari, eta honek, hura ikusirik, organo hari jakinaraziko dio lehentasun eskubideak izan ditzaketen enpresak badirela. Jakinarazpen hori jaso ondoren, organo kontratatzaileak enpresa horiei eskaintza egin dezatela eskatuko die, adieraziz aipatu eskubidea alegatu beharko dutela lizitazioan parte hartzeko momentuan eta horretarako adieraziko zaien epean.

Hala eta guztiz ere, prentsan argitaratu gabeko prozedura negoziatua aplikatzen bada zenbaki honen lehenengo lerroaldean aurreikusiriko moduetako batean adjudikazioa eman gabe deklaratzearen ondorioz, orduan ezin izanen du lehentasun eskubiderik erabili eman gabe deklaratutako adjudikazioan parte hartzeko momentuan alegatu ez duen lehiatzaileak.

2. Lehentasun eskubidea alegatu ondoren eta lizitazioaren ondorioz kontratua zein baldintzatan eman behar den jakinik, enpresa titularrak aukera izanen du baldintza berdintsuak eskaintzeko edo eskubidea erabiltzeari uko egiteko.

3. Enpresa titularrak baldintza berdintsuak eskaintzea erabakitzen badu, kontratazio organoak Garraio Zerbitzuari eskatuko dio lehentasun eskubidea osatzen duten baldintzak betetzearen gaineko txostena.

6. artikulua.

Lehentasun eskubidea erabili ahal izateko, erabiltzaile guztientzako zerbitzu erregularraren enpresa titularrak eskaini beharko ditu bestela kontratua hartuko zukeen enpresak eskaini zituen baldintzak bezalakoak, eta gainera, baliabide aski izan behar ditu erabilera mugatuko zerbitzua eman ahal izateko, eta baliabide horiek eta ez besterik erabiliko ditu garraio hori egiteko.

Hala ere, erabiltzaile guztientzako eta erabilera mugatuko zerbitzuaren ibilbideak erabat berdinak direnean, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak erabaki dezake bi zerbitzuok batera egin daitezela erabiltzaile guztientzako ibilaldietako batean. Horretarako, erabilera mugatuko zerbitzu erregularreko erabiltzaileek behar dituzten eserlekuak gordeko dira, eta, kasu horretan, erabiltzaile guztiek horretaz baliatzeko aukera berdinak izanen dituzte. Beharrezkoa baldin bada, erabiltzaile guztientzako zerbitzuaren ordutegia aldatuko da erabilera mugatuko beharrei kasu egin ahal izateko.

Aurreko lerroaldean aipatutako kasuan, gordetako eserlekuengatik ordaindutako prezioa ezin izanen da erabiltzaile guztientzako zerbitzuaren tarifa aplikatzeagatik aterako litzatekeena baino handiagoa izan, ez eta, lehentasun eskubidea erabili izan ez balitz, kontratua hartuko zuen enpresak eskainiko zuena baino, edo, hala balitz, lizitazio prezioa baino handiagoa ere.

7. artikulua.

Ikastetxeetarako garraioei, Nafarroako administrazio publikoek kontratatutakoei, dagokienez, kontratua gauzatzean hasieran aurreikusitako ibilbideetan aldaketak sartzen badira, kontratazio organoak aldaketen berri emanen dio Garraio Zerbitzuari, Foru Dekretu honek ezartzen duen lehentasun eskubidean zer eragin izanen duten zehazteko.

Garraio Zerbitzuak ikusten badu aldaketa horren ondorioz garraioak enpresa baten lehentasun eskubidea osatzen duten baldintzak biltzen dituela, edo eskubide horren indarrez hasieran adjudikatutako kontratuak baldintza horiek jada ez dituela betetzen, organo kontratatzaileari jakinaraziko dio eta horrek, ikasturtea amaitu eta gero, kontratua beste lizitazio publikora aterako du.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Erabilera mugatuko bidaiari-garraio zerbitzuak erregularrak izanen dira, hilabete bakoitzean lau egun edo gehiagotan ematen direnean.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abenduaren bederatzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: A9811442