142. ALDIZKARIA - 1998ko azaroaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

163/1998 FORU AGINDUA, azaroaren 3koa, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak emana, Lehendakaritzako idazkari nagusiaren esku zenbait eskurantza uzten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 37. artikuluak xedatzen duenez, kontseilariek beren departamentuetako zuzendari nagusien esku utzi ahalko dute zenbait eskurantza.

Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren jarduerek komeni den azkartasuna izan dezaten Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiaren arloan, beharrezkotzat jo da organo horren titularraren esku uztea kontseilariari dagozkion zenbait eskurantza.

Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 37. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Lehendakaritza eta Barne kontseilariari Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiaren arloan dagozkion eskurantza guztiak eta, bereziki, honako hauek, Lehendakaritzako idazkari nagusiaren esku uztea:

a) Orokorrak.

-Administrazio espedienteen ebazpena.

-Gastuak egiteko baimenak ematea eta ordainketak egiteko betebeharrak onartzea.

-Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiko unitate organikoen artean sor daitezkeen arazoak konpontzea.

b) Kontrataziokoak.

Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, kontratuen gainean Lehendakaritza eta Barne kontseilariari dagozkion ahalmenak, aipatu Foru Lege horren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera Nafarroako Gobernuaren baimena behar duten kontratuen gainekoak izan ezik.

c) Langileriarenak.

1. Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiari atxikitako langileriari dagokionez, apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuaren 3. artikuluak kontseilariei esleitzen dizkien ahalmenak.

2. Aurreko puntuetan eskuordeturiko eginkizunak betetzean Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Departamentuko Idazkaritza Teknikoaren laguntza teknikoa eta juridikoa izanen da.

2. artikulua. Lehendaritza eta Barne kontseilariak noiznahi eska dezake edozein espediente, ebazpena eman ahal izateko.

3. artikulua. Foru Agindu honetan azaltzen den eskuordetzearen ondorioz emandako ebazpenetan inguruabar hau aipatu beharko da. Ebazpen hauek, ondorio guztietarako, kontseilariak emandakotzat hartuko dira eta horien kontra errekurtso arrunta jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendurik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Indarrik gabe geldituko da Lehendakaritza eta Barne kontseilariaren irailaren 25eko 658/1996 Foru Agindua, zenbait eskurantza Lehendakaritzako idazkari nagusiaren esku uzten dituena.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hemezortziko azaroaren hiruan.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9810083