142. ALDIZKARIA - 1998ko azaroaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

18/1998 FORU LEGEA, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 155. artikulua aldatzen duena

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

TOKI OGASUNEI BURUZKO 2/1995 FORU LEGEAREN 155. ARTIKULUA ALDATZEN DUEN FORU LEGEA

ZIOEN AZALPENA

Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 155. artikuluak ezarri zuen jarduera ekonomikoen gaineko zerga urtero ordainduko dela, zenbateko osoa batera.

Hori karga bat izaten da ordaindu behar duen subjektu pasiboarentzako eta zailtasun bat Udalarentzat; izan ere, arazoak izan baititzake zenbatekoa borondatez ordaintzearekin, jendea ohituta dagoelako zerga berriak ordeztu duen zergaren zenbatekoa bitan, sei hilabetez behin, ordaintzera.

Oztopo horiek saihesteko, proposatzen da aurreikusitako araubidea gainditu eta beste bat ezartzea zergapekoentzat erosoagoa -toki entitateen dirubiltzea kaltetu gabe-; izan ere, ordainketa ezarritako kuoten hainbanaketa giratuz egin baitaiteke.

Artikulu bakarra. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 155. artikuluko lehenbiziko bi idazatiak honela idatzirik geratuko dira:

"1. Zergaldia urte naturala izanen da eta hari egokituko zaizkio tarifetan ezarritako kuotak.

2. Toki entitateek kuotak hainbanatu ahal izanen dituzte seihileko osoetan. Kuotak, errezibuz eskatuko dira, eta seihileko natural bakoitzaren lehen egunean izanen dute sortzapena, erditik eginda; salbuespen batekin, ordea: alta ematen denean, jarduera hasten den eguna urte naturalaren hasierarekin bat ez badator, kuotak hiruhilabeteka proportzionalki kalkulatuko dira eta urtea akitu bitartean gelditzen diren hiruhilabetekoak kobratuko dira, jarduera hasten denekoa ere sartuz.

Halaber, jarduerari utzi eta baja aurkeztuz gero, kuotak hiruhileko naturaletan hainbanatuko dira, beti ere uztea gertatzen den hiruhilekoa barne. Xede horrekin, subjektu pasiboek jarduera horretan aritu diren hiruhileko natural osoei dagokien kuotaren partea itzultzea eskatzen ahalko dute."

AZKEN XEDAPENA

Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko azaroaren hemeretzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A9810678