I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
1232 EBAZPENA, 1998ko azaroaren 18koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Lanbide Heziketa eta Laneratzeko Plan Nazionaleko Nafarroako entitate eta zentro laguntzaileei dei egiten diena, 1999ko Lanaren bidezko Heziketako ekintzen programazioan parte har dezaten.
Lanbide Heziketa eta Laneratzeko Plan Nazionala arautzen duen 1993ko maiatzaren 3ko Errege Dekretuko 3.4 artikuluan ezartzen da entitate eta zentro laguntzaileek ikastaroen programazioan parte hartzeko deia urteko ekitaldia hasi aurreko hiruhilekoan egin behar dela eta deialdian zehaztuko direla eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Azaldutakoaren arabera eta aipatu Errege Dekretua garatzeko arauak ematen dituen Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Aginduaren 7.1. artikuluari jarraikiz, deialdi hau Enplegurako Institutu Nazionalaren zentro laguntzaile gisa lanaren bidezko lanbide heziketako ikastaroak ematea eskatzen duten zentro, erakunde eta enpresei egiten zaie.
Abuztuaren 1eko 1319/1997 Errege Dekretuaren bidez, Lanbide Heziketa eta Laneratzeko Plan Nazionalaren kudeaketan INEMek betetzen zituen eskumen eta zerbitzuak Nafarroari transferitu zitzaizkion; Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak hartu zituen eskumen eta zerbitzu horiek eta, beraz, hari dagokio Lanbide Heziketa eta Laneratzeko Plan Nazionaleko ekintzen deialdia egitea.
Apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren bidez, besteak beste, Lanaren bidezko Heziketaren kudeaketa eta koordinazioa esleitu zitzaion Nafarroako Enplegu Zerbitzuari. Erakunde autonomo horrexetako Kudeatzailetzari esleitu zitzaion arlo horretan ezagutu eta ebazteko gaitasuna.
Arestikoa ikusirik, programazioko prozedura eta epea ezartzeko asmoz, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak
EBATZI DU:
1. Lanbide Heziketa eta Laneratzeko Plan Nazionaleko Nafarroako zentro laguntzaileei dei egitea, Lanaren bidezko Prestakuntzako 1999rako programazio honetan bere ikastaroak sartzeko eskabideak aurkez ditzaten, 1993ko maiatzaren 3ko Errege Dekretuak eta Lanbide Heziketa eta Laneratzeko Plan Nazionala garatzeko emandako Ministerio Aginduek ezartzen dituzten baldintzei jarraikiz.
2. Ebazpen hau ematen denean indarra duten kontratu- programa duten entitateek deialdi honetan finkatutako epearen barruan aurkeztu behar dituzte ikastaroak programatzeko eskabideak.
3. Programazio horretan sartzen diren ikastaroak enplegurik ez duten langileendako izanen dira, 1993ko maiatzaren 3ko Errege Dekretuaren 1. artikuluko 2. eta 3. idazatiek eta hura garatzen duten Ministerio Aginduek ezartzen dituzten lehentasunak lehentasun.
4. Eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan emanen diren ereduen araberakoak izanen dira eta Nafarroako Lanaren bidezko Heziketako Zentroan aurkeztuko.
5. Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6. Deialdi honen arabera ematen diren dirulaguntzak 1999. urterako aurrekontu orokorreko ondoko kontusail hauen kargura ordainduko dira: 1998ko aurrekontuko "Lanbide Heziketa eta Laneratzeko Planeko heziketa programak" izenekoaren 31210-3 lerroaren eta "Lanbide Heziketa eta Laneratzeko Planeko Kontratu-programak" izeneko 31220-0 lerroaren baliokideak direnen kargura.
7. Berariaz onesten edo ezesten ez diren eskabideak erreserban gelditzen ahal dira urte naturala bukatu bitartean, sor litezkeen programazio osagarriak egiteko.
8. Lanbide Heziketa eta Laneratzeko Planaren arauei jarraikiz ikasleak kontratatzeko konpromisoa barne hartzen duen Lankidetza hitzarmen bat sinatzen duten entitateek ikastaroak programatzeko eskabideak aurkez ditzakete hamabost eguneko epearen barruan, Hitzarmena sinatzen den egunetik hasita.
9. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko azaroaren hemezortzian.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José María Ruiz Oyaga.
Iragarkiaren kodea: A9810718