142. ALDIZKARIA - 1998ko azaroaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

392/1998 FORU AGINDUA, urriaren 23koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, "Irakasleen Prestakuntza Jardueretarako Banakako Laguntza Ekonomikoen Deialdia", 1998/99 ikasturteari dagokiona, onesten duena.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak urriaren 23an emandako 392/1998 Foru Aginduaren bidez, "Irakasleen Prestakuntza Jardueretarako Banakako Laguntza Ekonomikoen Deialdia" onetsi da 1998/99 ikasturterako.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendariaren txosten batek aditzera ematen du komenigarria dela ikastetxe publiko nahiz pribatu itunduetako irakasleei prestakuntza jarduerak egin ditzaten dirulaguntzak eskaintzea, jarduera horiek, beren izaera, berezitasun edo bestelako arrazoiengatik, Irakasleak Prestatzeko 1998/99 ikasturterako Plangintzan sarturik ez badaude eta beti ere Nafarroako hezkuntza eskaintzaren kalitatea hobetzeko baliagarri baldin badira.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Gobernua arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.c) eta d) artikuluan esleitzen zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Irakasleen Prestakuntza Jardueretarako Banakako Laguntza Ekonomikoen deialdia, 1998/99 ikasturteari dagokiona eta Eranskin gisa agertzen dena, onestea.

2. Foru Agindu hau eta bere eranskinetan agertzen den deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

3. Aipatu deialdia bideratzeko gehienez ere 3.900.000 pezetako gastua baimentzea, 1999. urterako Aurrekontuko "Irakasleen prestakuntza jarduerak" izeneko kontusailaren kargura.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera eta ondoko hauei igortzea: Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza eta Kulturakoan duen kontuhartzaile eskuordeari, Hezkuntza zuzendari nagusiari, bai eta Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Ikasketa eta Ikastetxeen Antolamendurako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Plangintza eta Inbertsio Zerbitzura, Nomina eta Gizarte Aseguruen Atalera, Irakasleen Hobekuntzako Atalera eta Irakasleentzako Laguntza Zentroen Unitate Teknikora ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko urriaren hogeita hiruan.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

I. ERANSKINA

Deialdia, Irakasleen Prestakuntza Jardueretarako Banakako Laguntza Ekonomikoena, 1998/99 ikasturteari dagokiona. Deialdiaren helburua prestakuntza eta hobekuntza jarduerak diruz laguntzea da eta honako oinarri hauen arabera gauzatuko da

Lehenbizikoa.-1. Irakasleek prestakuntza jardueretan parte hartzeko banakako laguntza ekonomikoak horretarako dauden kredituen arabera emanen dira, eta ondoko mota hauetakoak izanen dira:

A mota: Hitzaldi, biltzar, ikastaro, mintegi eta antzekoetarako. Atzerrian egiten direnak. Gehienez ere, 160.000 pezeta.

B mota: Hitzaldi, biltzar, ikastaro, mintegi eta antzekoetarako. Espainian egiten direnak. Gehienez ere, 90.000 pezeta.

2. Nafarroako Hezkuntza Administrazioak antolatzen dituen espezializazio ikastaroak eta bestelako prestakuntza jarduerak deialdi honetaz landa gelditzen dira, aparteko laguntza bat jasotzen baitute, bai eta tratamendu berariazkoa ere. Halaber, deialdi honetaz landa gelditzen dira unibertsitate mailako irakaskuntza arautuetako kurtsoak, baita Master izenekoak ere.

3. Laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira atzerriko hizkuntzetako prestakuntza jarduerak, baldin eta gutxienez bi astekoak eta berrogei ikastordutakoak badira eta Europako Batasuneko gainerako estatu kideetan egiten badira, eskatzailea atzerriko hizkuntzetako irakaslea bada eta baldintzak betetzen baditu B Ekintzako Lingua Beken deialdian edo Atzerriko Hizkuntzetako Irakasleendako Udako Egoitza Ikastaroetan parte hartzeko.

4. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira osorik "urrutiko hezkuntzaren" bidez burutzen diren jarduerak.

5. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira 1998/99 ikasturterako Nafarroako Foru Komunitateko Irakasleen Prestakuntza Plangintzan deitu diren beste prestakuntza jarduera batzuen antzekoak direnak.

Laguntzak:

Bigarrena.-Laguntzaren zenbatekoa banan-banan finkatuko da, kontuan hartuz prestakuntza jarduera zer- nolakoa den, haren interesa eta aipatzekoak diren bestelako ezaugarriak. Jasoko den zenbateko osoa ez da izanen lehenbiziko oinarrian ezarritako gehienekoak baino handiagoa.

Hirugarrena.-Laguntza horiek destinoa Nafarroako ikastetxe publiko zein pribatu itunduetan duten irakasleek eta langile espezializatuek eskatzen ahalko dituzte, horietan unibertsitatekoak ez diren maila eta ikasketak ematen badira, bai Araubide Orokorrekoak bai Berezikoak, bai eta destinoa horiek laguntzeko zerbitzu teknikoetan dutenek ere.

Laugarrena.-Laguntzak eskatzailearen irakasgai, arlo, ziklo edo espezialitatearekin zerikusirik duten prestakuntza jardueretarako emanen dira, 1998ko irailaren 1etik 1999ko abuztuaren 31ra bitartean hasten badira eta lanbideko zereginekin lotura zuzena baldin badute.

Bosgarrena.-1. Ez dute laguntza hauek hartzeko aukerarik izanen ondotik datozen egoeretako batean daudenek:

a) Ikasturte honetarako eta helburu berbererako Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, Komunitate Autonomoek edo beste Erakunde batzuek emandako beste laguntza edo bekarik jasotzen dutenak.

b) 1998/99 ikasturterako ikasketa baimena daukaten irakasleak.

c) 1997/98 ikasturtean irakasleen prestakuntza jardueretarako banakako laguntzak jaso zituzten irakasleak.

d) 1997/98 edo 1998/99 ikasturteetan B Ekintzako Lingua Beken edo Atzerriko Hizkuntzetako Irakasleendako Udako Egoitza Ikastaroen onuradun izan diren atzerriko hizkuntzetako irakasleak eta eskolako laguntzarako zerbitzu teknikoetako irakasleak, edo 1997/98 edo 1998/99 ikasturteetan Europako Lankidetza Proiektuetatik (E.L.P.) sustatu diren prestakuntza jardueretan parte hartu dutenak.

2. Eskatzaile bakoitzari, gehienez ere, 1998/99 ikasturtean jarduera baterako laguntza ematen ahal zaio.

Eskaerak:

Seigarrena.-1. Laguntza horietakoren bat jaso nahi dutenek beren eskaerak beteko dituzte, II. Eranskinean datorren ereduaren arabera, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura zuzendurik.

2. Eskabide eredua duten inprimakiak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Argibide Bulegoan hartzen ahal dira (Santo Domingo kalea z.g., Iruña).

Zazpigarrena.-Eskabideari ondoan zehazten den dokumentazioa erantsiko zaio:

a) Zein jardueratan parte hartu nahi den, haren deialdi edo programaren jatorrizko agiria edo fotokopia, baita hari buruz interesatuak egoki deritzon beste edozein argibide ere.

b) Irakaslearen ikastetxeko zuzendariaren txostena, honakoak zehaztuko dituena:

-Eskatzaileak ikastetxe horretan irakasten diharduela. Bertan azalduko da zein arlo edo gai eta zein kurtsotan ari den.

-Laguntzaren xede den jarduera horrek ikastetxearen hezkuntza proiektuaren barrenean duen interesa.

-Ikastetxeak bertako zein baliabide erabili behar dituen ikasleez arduratzeko, jarduera erabat edo hein batean eskola orduetan burutu behar bada.

-Deialdi honetako lehenbiziko oinarriaren 3. idazatian ezarritakoaren arabera, laguntza eskaera Atzerriko Hizkuntzetan prestatzeko jarduera bati dagokionean, Ikastetxeko zuzendariak azaldu beharko du eskatzailea zein arrazoirengatik gelditu den B Ekintzako Lingua Beken deialditik edo Atzerriko Hizkuntzetako Irakasleendako Udako Egoitza Ikastaroetatik kanpo.

Eskatzailea Irakasleentzako Laguntza Zentro batean edo laguntza teknikoko nahiz aholkularitzako unitateetan irakasle lanekoak ez diren lanpostuetan ari baldin bada, Irakasleentzako Laguntza Zentroko zuzendariak edo bakoitzari dagokion zerbitzuak luzatuko du txostena.

c) Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren baimena, jarduera erabat edo hein batean eskola orduetan egiten den kasuetan.

d) Ondotik datozen puntuak zehaztuko dituen zinpeko aitorpena:

-Eskatzaileak Nafarroako Gobernutik, Hezkuntza eta Kultura Ministeriotik, Komunitate Autonomo batetik edo beste erakunde batzuetatik 1998/99 ikasturtean hobekuntza jarduerak egiteko edo ikasketak sakontzeko bestelako laguntzarik jasotzen ez duelako adierazpena.

-Eskatzaileak, 1997/98 ikasturtean, Nafarroako Gobernutik, Hezkuntza eta Kultura Ministeriotik, Komunitate Autonomo batetik edo beste erakunde batzuetatik hobekuntza jardueretarako banakako laguntzarik jaso ez duelako adierazpena.

-1996/97 ikasturtean hobekuntza jarduerak egiteko edo ikasketak sakontzeko erakundeetatik jaso ziren laguntzak.

e) Gastuen aurrekontua. Bertan zehaztu beharko dira matrikula eta izen-emate, bidaia, ostatu eta mantenuari buruzkoak, horrelakorik bada. Aurrekontu hori taxutzeko, ondotik zehazten diren modulu ekonomikoak hartuko dira kontuan:

-Matrikula eta izen ematea: dagokion kostua.

-Garraioa: bidaia auto partikularrean eginez gero, egindako kilometroak bider prestakuntza jardueretara joateko laguntza modulua, 14 pta. kilometroko. Garraio publikoa erabiltzen bada, txartelaren kostua. Azken horretan ez da hegazkina sartuko, atzerrira, Kanarietako Komunitatera edo Balearretako Komunitatera joateko ez bada.

-Ostatua eta mantenua: 12.000 pta. eguneko ostatua eta mantenua. Burutu beharreko jarduerak etxez kanpo bazkaria edo afaria soilik eskatzen badu, 2.500 pta. egun bakoitzeko.

Zortzigarrena.-1. Eskaerak, eransten zaien dokumentazioarekin batera, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntzako Erregistroan (Santo Domingo kalea z.g., Iruña) aurkeztu beharko dira. Eskaerak aurkezten ahalko dira, halaber, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatzen dituen gainerako egoitzetan. Eskubide hori erabiliz, eskaera posta ziurtatuaz bidaltzen bada, gutunazal irekian aurkeztuko da, Posta Zerbitzuko funtzionarioak data eta zigilua jar ditzan gutuna ziurtatu baino lehen.

2. Eskaerak aurkezteko epeak ondokoak izanen dira:

-1998ko abenduaren 31 arte, 1998ko irailaren 1etik 1998ko abenduaren 31ra bitartean hasten diren jardueretarako.

-1999ko apirilaren 30 arte, 1999ko urtarrilaren 1etik 1999ko apirilaren 30era bitartean hasten diren jardueretarako.

-1999ko abuztuaren 31 arte, 1999ko maiatzaren 1etik 1999ko abuztuaren 31ra bitartean hasten diren jardueretarako.

Bederatzigarrena.-Ez dira onartuko zazpigarren oinarrian zehaztutako dokumentuekin batera aurkezten ez diren eskabideak.

Laguntzak ematea:

Hamargarrena.-Laguntzak ematea Hezkuntza zuzendari nagusiak ebatziko du. Laguntzak emateko proposamena egin dezan, ondoko kideak izanen dituen batzorde aukeratzaile bat osatuko da:

Batzordeburua:

Irakasleen Hobekuntzarako atalburua.

Batzordekideak:

-Irakasleentzako Laguntza Zentroen Unitate Teknikoaren burua, batzordeko idazkari lanean arituko dena.

-Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako zuzendariak hautaturiko ikuskatzaile bat.

-Irakasle ez-unibertsitarioen Batzordeak proposamen lotesle baten bidez hautaturiko kide bat.

Batzordekide titular bakoitzari ordezko bat jartzen ahalko zaio, hizpidea eta botoa dituela, haren partez aritzeko, agertzerik ez duela justifikatzen duenean.

Hamaikagarrena.-Batzordeak dirulaguntzak emateko proposamena eginen du, deialdi honen oinarriei jarraikiz, beti ere aurrekontuan horretarako dagoen diruaren arabera eta ondotik zehazten diren irizpideei segituz, 100 puntu emanen direlarik gehienez:

1. Irakasle funtzionarioei eta lan kontratudun finkoei 25 puntu emanen zaizkie, eta bitartekoei eta aldi baterako lan kontratudunei 20 puntu.

2. Curriculumaren arloen berrikuntza zientifikoa ekartzen duten prestakuntza jarduerek izanen dute lehentasuna, beti ere horien edukiak 1998/99 ikasturteko Irakasleentzako Prestakuntza Plangintzan ez badaude. 15 puntu gehienez.

3. Gainerako Komunitate Autonomoetako, Erakundeetako, Pedagogi Berrikuntzako Mugimenduetako eta Europako Batasuneko Herrietako irakasleekin Kongresuen edo antzeko jardueren bidez harremanak sustatzen dituzten prestakuntza jarduerek lehentasuna izanen dute. 5 puntu gehienez.

4. Lehentasuna izanen dute curriculumaren zeharkako gaiekin, disziplinarteko proposamenekin eta 1998/99 ikasturteko Irakasleentzako Prestakuntza Plangintzan agertzen ez diren hautazko ikasgaiekin lotura duten prestakuntza jarduerek. 15 puntu gehienez.

5. Lehentasuna izanen dute espezialitateetako irakasleek, beren berezitasunagatik 1998/99 ikasturteko Foru Komunitateko Irakasleentzako Prestakuntza Plangintzan sartzerik izan ez bada. 40 puntu gehienez.

Hamabigarrena.-Eskaera bakoitzaren gaineko ebazpena, aldekoa zein kontrakoa, hilabete bateko epean hartuko da, zortzigarren oinarrian adierazitako epeak bukatzen direnetik hasita.

Hamahirugarrena.-Laguntzak ematearen edo ukatzearen gaineko jakinarazpena zuzenean igorriko die interesatuei Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak.

Hamalaugarrena.-Laguntzaren gehienezko zenbatekoa kalkulatzeko, batuko dira matrikula edo izen-ematean izandako gastuak, eta aurkezten den gastu aurrekontuari, zazpigarren oinarriaren e) idazatian aipatzen denari, batzordeak zehazten duen portzentaia ezarrita ateratzen den zenbatekoa. Horrek ez du galarazten bigarren eta hamaikagarren oinarrietan finkatutakoa.

Hamabosgarrena.-Laguntza jasoko da prestakuntza jarduera bukatu ondoren, eta interesatuak dirulaguntza jasoko duela jakin eta jardueran parte hartu izana eta izandako gastuak behar bezala frogatuz gero eskuratu ahal izanen du. Horretarako, jarduera bukatu edo jakinarazpena hartu eta ondoko 15 egunen barrenean ondoko dokumentazioa igorriko du:

a) Parte hartu izanaren ziurtagiria edo horren fotokopia konpultsatua, jarduera antolatzen duen erakundeak luzatua.

b) Matrikularen edo izen-ematea frogatzen duen agiriaren gordekina, edo horien fotokopia konpultsatua, egindako gastuaren zenbatekoa zehaztuko duena.

c) Bidaia, ostatu eta mantenuko gastuen frogagiri jatorrizkoak, horrelakorik balitz.

Hamaseigarrena.-Aipatu dokumentazioa interesatuek zuzenean igorriko dute Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura (Santo Domingo kalea z.g., 31001 Iruña).

Hamazazpigarrena.-Jaso behar den zenbatekoa kalkulatzeko, matrikula edo izen-emate gastuei batuko zaie gainerako gastuei (garraio, ostatu eta mantenua, behar bezala justifikatuak) eman zaien portzentaia ezarrita ateratzen dena. Ez da inoiz izanen hamabosgarren oinarrian adierazi den zenbatekoa baino handiagoa.

Hemezortzigarrena.-Deialdi honetako laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten irakasleek Hezkuntza eta Kultura Departamentuarekin lan egiteko konpromisoa hartzen dute, bai berenganaturiko jakintza, bai jasotzen duten materiala eta dokumentazioa ere, arlo horrekin zerikusia duten beste irakasle batzuen artean zabaltzeko.

Hemeretzigarrena.-Deialdi honen kontra, eta deialdia bera ezartzeko egintzen kontra, errekurtso arrunta paratu ahal izanen da Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazpena hartu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua 1998/99 ikasturterako A eta B motako banakako laguntzen eskaera

Norberaren datuak

N.A.N. IZEN-DEITURAK TELEFONOA

Etxeko helbidea

KALEA HERRIA P.K. PROBINTZIA

Lanbidearen datuak

KIDEGOA ESPEZIALITATEA L.E.Z.

Egoera administratiboa

FUNTZIONARIOA/LAN KONTRATUDUN FINKOA:

BITARTEKOA/ALDI BATERAKO LAN KONTRATUDUNA:

BEHIN BETIKO DESTINOA:

BEHIN-BEHINEKO DESTINOA:

Destinoko ikastetxea

IZENA PUBLIKOA/ITUNDUA

KALEA HERRIA P.K. TELEFONOA

Eskabidearen datuak

JARDUERAREN IZENA

MOTA (A EDO B) JARDUERA NOIZ DEN JARDUERA NON DEN

ESKATUTAKO DIRU KOPURUA

IZEN-EMATEAREN KOST. GASTUEN AURREKONTUA ESKATUTAKOA GUZTIRA

.................(e)n, 199...(e)ko ..........aren .........(e)an.

(Interesatua)

NAFARROAKO GOBERNUKO HEZKUNTZA ZUZENDARI NAGUSI JN.

Iragarkiaren kodea: A9809783