142. ALDIZKARIA - 1998ko azaroaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

426/1998 FORU AGINDUA, azaroaren 17koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoetakoak eta Hezkuntzako Ikuskatzaileen kidegokoak diren funtzionarioen lekualdatze lehiaketetarako deialdia onesten duena.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren azaroaren 17ko 426/1998 Foru Aginduaren bidez, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoetakoak eta Hezkuntzako Ikuskatzaileen kidegokoak diren funtzionarioen lekualdatze lehiaketetarako deialdia onetsi da, 1998ko urriaren 28ko Aginduari jarraikiz, horren bidez Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren (LOGSE) irakaskuntzak ematen dituzten kidegoetako funtzionarioen estatu mailako lekualdatze lehiaketetan, 1998/99 ikasturtean zehar deitzen direnetan, aplikatzeko diren prozedura arauak ezarri baitira. Deialdi honek uztailaren 12ko 24/1994 Legea, urriaren 2ko 2112/1998 Foru Dekretua eta aplikatzeko den gainerako legeria ere jarraitzen ditu. Ondorengo oinarrien arabera izanen da deialdiaren tramitazioa:

Lehenbizikoa.-Deialdi honetan ematen diren zehaztapenei jarraituz, ondoren zehazten diren kidegoetako funtzionarioen lekualdatze lehiaketarako deia egin da:

-Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileak.

-Hezkuntzako ikuskatzaileak.

Bigarrena.-Deitu diren lanpostuak eta haien argitarapena

Deialdi honetako lanpostuak Foru Agindu baten bidez onetsiko dira eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko, lekualdatze lehiaketa honen behin-behineko ebazpena baino lehen.

Deialdi honen bitartez, deialdia egitean aurreikusten diren lanpostu betegabeez gainera, 1998ko abenduaren 31ra bitartean sortzen direnak eta lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz sor litezkeenak ere eskaintzen dira, bai eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak eta hezkuntzako eskumen osoa duten gainerako Komunitate Autonomoetako Hezkuntza Departamentuek deitutako lehiaketen ondorioz Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren kudeaketa esparruan sor daitezkeenak ere. Lanpostu horiek guztiek, beti ere, hezkuntzaren planifikazio orokorrean aurreikusitako lanpostuekin bat etorri beharko dute.

Hirugarrena.-Euskarazko lanpostuak.

Deialdi honetan esku hartzen dutenek euskarazko lanpostuak eskatu ahalko dituzte, beti ere, EGA titulua edo horren baliokidea badaukate.

Laugarrena.-Borondatezko partehartzea.

Borondatez ondokoek hartzen ahalko dute parte lehiaketa honetan:

1) Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko funtzionarioak.

1.1. Lehen oinarrian aipatzen diren kidegoetako funtzionarioek, ondoren aipatzen diren egoeretako batean daudenek, borondatez esku hartu ahalko dute deialdi honetan, seigarren oinarrian adierazten den moduko eskabidea Hezkuntza eta Kultura Departamentuari zuzenduz:

A.-Jardunean dauden funtzionarioak, baldin eta behin betiko destinoa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpean, Hezkuntza Ikuskapeneko lanpostu batean badaukate; beti ere ikasturte honen bukaeran gutxienez bi urte igaro badira, behin betiko azken destinoaren jabetza hartu zutenetik.

B.-Gaur egun Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko diren Hezkuntza Ikuskapeneko lanpostuetatik deklaraturiko eginkizun berezietako egoeran dauden funtzionarioak; beti ere, abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarriari jarraituz, ikasturte honen bukaeran gutxienez bi urte igaro badira, behin betiko azken destinoaren jabetza hartu zutenetik.

C.-Gaur egun Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko diren Hezkuntza Ikuskapeneko lanpostuetatik deklaraturiko borondatezko eszedentzia egoeran dauden funtzionarioak; beti ere, aurtengo ikasturtea bukatzean berriz jardunean hasteko baldintzak betetzen badituzte.

D.-Gaur egun Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko diren Hezkuntza Ikuskapeneko lanpostuetatik deklaraturiko eginkizun-gabetze egoeran dauden funtzionarioak; beti ere, aurtengo ikasturtea bukatzean eginkizun-gabetze zehapenaren iraunaldia akitzen bazaie.

1.1. idazatian aurreikusitako ondorioetarako, 1999ko irailaren 14a hartuko da ikasturte amaierako data.

1.2. Oinarri honetako 1.1 idazatian aipatu partehartzaileek gainerako hezkuntza administrazioek egin deialdietako lanpostuak ere sartzen ahalko dituzte eskabidean, deialdi horietan ezarritako moduan.

2) Beste hezkuntza administrazio batzuetako funtzionarioak.

Beste hezkuntza administrazio batzuen menpeko funtzionarioek ere eskatzen ahalko dituzte deialdi honetako lanpostuak, baldin eta hemen ezartzen diren beharkizun eta baldintzak betetzen badituzte. Funtzionario hauek, zein hezkuntza administraziotatik esku hartzen duten, haren kudeaketa esparruan lortua beharko dute izan lehen behin betiko destinoa.

Lehiatzaileek, beren destinoko lanpostua zein hezkuntza administraziori dagokion, hark egiten duen deialdian zehaztu organuari zuzenduko diote eskabidea.

Bosgarrena.-Lehiaketan derrigorrez parte hartu beharra.

1. Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko funtzionarioak.

1.1. Deialdi honetan iragarritako lanpostuak lortzeko parte hartu beharrean daude, beti ere seigarren oinarrian ezarrita dagoen bezala Hezkuntza eta Kultura Departamentuari eskabidea zuzenduz, lehen oinarrian aipatu kidegoetako funtzionarioak, organikoki eta funtzionalki Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko izan eta ondorengo egoeretako batean daudenak:

A.-Eginkizunetan jarduteko gabetuta edo eszedentzian egon ondoren, behin-behinekoz Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren kudeaketa esparrura itzulitako funtzionarioak, jarduneko zerbitzura deialdi hau argitaratu aurretik itzuli direnak.

Lehiaketa honetan parte hartzen ez badute, edo behar hainbat lanpostu huts eskatzen ez badituzte, libreki emanen zaie behin betiko destinoa Foru Komunitatean bete ditzaketen lanpostuetan.

B.-Nahitaezko eszedentzia egoeran edo eginkizunetan jarduteko gabetuta eta destinoko lanpostua galduta dauden funtzionarioak, zehapena bete eta behin-behinekoz itzultzea lortu ez dutenak, eta egun Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko den lanpostu batetik egoera horretan deklaratuak izan zirenak.

Aitzineko lerroaldean sartutako funtzionarioak lehiaketa honetara aurkezten ez badira, edo aurkezturik ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko aski lanpostutarako eskaria egiten ez badute, behin betiko destinorik eskuratzen ez dutenean, borondatezko eszedentzia egoeran geratuko dira. Eszedentzia egoera hori Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretu Legegilean, uztailaren 2ko 11/1996 Foru Legearen bidez aldatutako hartan, 26.1. artikuluaren c) idazatian aipatzen da.

C.-Epaia edo helegite baten ebazpena betez, edo behin betiko izaeraz zuten lanpostua haiei kentzearen ondorioz, behin betiko destinoa galdu duten funtzionarioak.

Parte hartu behar dutelarik ez badira lehiaketara aurkezten, Administrazioak ofizioz emanen die destinoa, haietan jarduteko baldintzak betetzen dituzten lanpostuetan. Lehiaketan parte hartu beharra edukita, aurkeztu bai, baina destinorik lortzen ez dutenei behin- behineko destinoa emanen zaie.

Deialdi honen ondorioetarako, ebazpen formal eta banan banako baten bidez kendutakoak bakarrik izanen dira kendutako lanpostu.

2. Beste hezkuntza administrazio batzuen menpeko funtzionarioak.

Beste hezkuntza administrazio batzuetako funtzionarioak ez daude behartuta deialdi honetan parte hartzera, baina borondatez lehiatu ahalko dira deialdi honetako laugarren oinarrian xedatutakoari jarraituz.

Seigarrena.-Parte hartzeko modua.

1998ko urriaren 28ko Aginduan ezarritakoari jarraituz, organo dei egile bat baino gehiagoren lanpostuak eskatzen direnean ere, lehiatzaileek eskabide bakarra aurkeztu beharko dute, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo aldapa z.g., Iruña) interesatuen eskura egonen den eredu ofizialaren araberakoa, eta ereduari erantsiko zaizkion jarraibideen arabera betetakoa. Eskabide hori Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaio.

Parte hartzeko eskabideari ondoko agiriak erantsi beharko zaizkio:

A.-Merezimenduak baloratzeko egiaztagiriak, 1998ko urriaren 28ko Aginduaren (azaroaren 4ko 264. "EAO") VII. eranskinean agertzen den baremoan aipatuak.

B.-Aurkezten diren agiri guztietan, lehiatzailearen izen-deiturak eta kidegoa agertuko dira. Egiaztagiriak jatorrizkoen fotokopia izaten ahal badira, konpultsatzeko diligentziak agertu beharko dira horiekin batera.

C.-Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz erantsiko ditu baremoko 1.1. idazatiari dagozkion merezimenduak, parte hartzaile bakoitzaren espediente pertsonalean diren agirien arabera.

Administrazioak edozein unetan eska diezaieke interesatuei zalantza edo erreklamazioetarako bidea eman lezaketen merezimenduak egiaztatzeko.

Zazpigarrena.-Eskabideak, bai eta aurreko oinarriak aipatzen dituen agiriak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Erregistro Bulegoan aurkezten ahalko dira, edo bestela Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 38. artikuluak aipatzen dituen gainerako egoitzetako batean. Eskabidea posta bulego batean aurkezteko aukera eginez gero, kartazal irekian eginen da, posta funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.

Zortzigarrena.-Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea abenduaren 1etik 18ra bitartekoa izanen da, bi egun horiek barne.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, ez da inongo eskabiderik edo egindako eskaeren aldaketarik onartuko. Behin eskabidea aurkeztu ondoren, soilik eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen egin dakioke uko lehiaketan parte hartzeari. Hamahirugarren oinarrian adierazten den behin-behineko esleipenaren kontrako erreklamazio epean ere ukoak aurkezten ahalko dira, ulertuta uko horrek parte hartzeko eskabidean adierazitako eskaera guztiak ukitzen dituela.

Bederatzigarrena.-Eskabideetako sinatzaileek espreski adieraziko dute, haietan, deialdiko baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskaerak lehentasunezko hurrenkeran jarri beharko dituzte kodeez baliatuz. Kodeok deialdi honetako eranskinetan ageri dira, edo beste hezkuntza administrazio batzuetan lekualdatze lehiaketak egiteko deialdietako eranskinetan.

Deialdi honetan esku hartzen dutenek, eskabidean bertan adierazitako argibideei jarraiki beteko dute hura.

Euskarazko lanpostuak eskatuz gero, doakion laukitxoan adierazi beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera agertzen diren argibideetan xedatu bezala.

Hamargarrena.-1998ko urriaren 28ko Aginduaren (azaroaren 4ko 264. "EAO") VII. eranskinean ageri den merezimendu baremoari jarraituz ebatziko dira lehiaketak.

Hamaikagarrena.-Balorazio Batzordeak.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak batzorde bat izendatuko du, lehiatzaileek alegatutako merezimenduak, baremoko 1.2, 1.3 eta 2. idazatietakoak, ebaluatzearren.

-Batzordeburua: Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, ikuskatzaile bat eskuordetu ahalko duena.

-Lau batzordekide, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko Ikuskatzaileen Kidegoko edo Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko karrerako funtzionarioak, jardunean daudenak, zozketa baten bidez aukeratuko direnak.

Batzordeak hautatzen duen funtzionarioa arituko da idazkari lanetan.

Administrazio Prozedurari buruzko Legean ezartzen diren abstentzio eta errefusatze zioen menera egonen dira batzordekideak.

Hamabigarrena.-Batzorde irizpen-emailearen aktak, lehiakideei emandako puntuazioak izanen dituztenak, Departamentuan jaso ondoren, destinoak behin-behinekoz esleitzeari ekinen zaio, kontuan izanik partehartzaileen eskaerak, baremoaren arabera lortu puntuazioak eta deialdi honetan xedatutakoa.

Puntuazio guztiak batu eta berdinketarik egonez gero, arazo hori 1998ko urriaren 28ko Aginduaren bosgarren idazatian ezarritakoari jarraikiz ebatziko da.

Hamahirugarrena.-Aurreko oinarriak aipatzen duen destinoen behin-behineko esleipena jendaurrera aterako da, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan.

Lehiakideek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko ebazpenaren kontra, parte hartzeko eskabidea zein organotan aurkeztu zuten, haren bidez, ebazpena jendaurrera atera eta bost eguneko epean.

Orobat, lehiaketan parte hartzeari uko egin ahalko diote osoki, epe horretan bertan. Erreklamazio edo uko- egite horiek zazpigarren oinarrian aipatutako prozedurei jarraikiz egin beharko dira.

Hamalaugarrena.-Aitzineko oinarrian aipatutako erreklamazio eta uko egiteak ebatzirik, lekualdatze lehiaketa honen behin betiko ebazpena onesten duen Foru Agindua emanen da. Foru Agindu hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Ebazpen horretan emandako lanpostuei ezin izanen zaie ukorik egin, eta lortutako lanpostuetan hasi beharko dute parte hartzaileek.

Nahiz eta organo dei egile desberdinetako lanpostuetarako lehiatu, destino bakar bat lortzen ahalko da.

Hamagosgarrena.-Foru Agindu honen babesean egin deialdiaren bidez, behin betiko destinoa, jatorrizko lanpostuko kudeaketa esparruan ez beste batean lortzen duten funtzionarioek destinoa lortu zuten esparruari dagozkion lansari arauen araberako lansariak jasoko dituzte.

Hamaseigarrena.-Eszedentzian egon eta lehiaketaren ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren funtzionarioek, Estatuko Administrazioaren, Toki Administrazioaren edota Administrazio Autonomikoen inongo kidego edo eskalatatik zigor-espediente bidez bereizia ez izanaren eta eginkizun publikoak burutzeko ezgaitua ez izatearen zinpeko aitorpena edo hitz ematea aurkeztu beharko dute.

Hamazazpigarrena.-Deialdi honetan ezarritakoari jarraituz lortzen diren destinoen jabetza hartzea 1999ko irailaren 1ean izanen da. Egun horretan izanen ditu ondorio administratiboak eta ekonomikoak.

Hemezortzigarrena.-Deialdi honen aurka interesatuek helegite arrunta paratzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko azaroaren hamazazpian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

I. ERANSKINA

Izena: Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzua.

Zentroaren kodea: 31900025

Herria: Iruña

Iragarkiaren kodea: A9810626