27. ALDIZKARIA - 1998ko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

52/1998 FORU DEKRETUA, otsailaren 16koa, toki entitateek kloragailuak erosi eta jartzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri zituen urtarrilaren 18ko 10/1993 Foru Dekretua baliogabetzen duena.

Urtarrilaren 18ko 10/1993 Foru Dekretuak (1993ko urtarrilaren 29an argitaratua) kontsumo publikorako edateko uren hornitzaile eta banatzaile diren toki entitateek kloragailuak erosi eta jartzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri zituen.

Arau hori aplikatzearen ondorioz, hainbat toki entitatek ura desinfektatzeko sistema automatikoak jarri ahal izan dituzte eta, horrela, banatzen duten uraren kalitatea eta, orohar, Foru Komunitatean kontsumo publikorako diren edateko urena, hobetu dute.

Kontuan harturik dirulaguntza horien kudeaketaren inguruan azken urteotan jasotako esperientzia eta urak desinfektatzeko sistemetan sarturiko teknologia berriak, horien funtzionamenduaren autonomia, eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzea ekarri dutenak, egoki ikusi da dirulaguntza horien arauak aldatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuko kontseilariei dagokiela dirulaguntzak ematea.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruz indarra duen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Aginduaren 36.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, beren eskumeneko gaien inguruko erregelamenduak onesteko ahalmena departamentuetako kontseilariei dagokienez gero, komenigarria da kontsumo publikorako edateko uren hornitzaile eta banatzaile diren toki entitateek kloragailuak erosteko dirulaguntzak emateko egungo arauen aldaketa foru agindu bidez egitea.

Horrenbestez, Osasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hamaseian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Kontsumo publikorako edateko uren hornitzaile eta banatzaile diren toki entitateek kloragailuak erosi eta jartzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri zituen urtarrilaren 18ko 10/1993 Foru Dekretua baliogabetzea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Dekretu honek indarra hartu baino lehen aurkezturiko dirulaguntza eskaerak urtarrilaren 18ko 10/1993 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz izapidatu eta ebatziko dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko otsailaren hamaseian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A9801607