113. ALDIZKARIA - 1998ko irailaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

NAFARROAKO ERRIBERA GARAIKO H.H.S.EN MANKOMUNITATEA

Behin betiko onespena ordenantzari

Nafarroako Erribera Garaiko H.H.S.en Mankomunitateak, 1997ko abenduaren 19an eginiko batzarrean, hasiera batez onetsi zuen hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen ordenantza. Aipatu ordenantza ikusgai egon zen hogeita hamar eguneko epean, 1998ko urtarrilaren 23ko 10. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkia jarri ondoren, eta ez zen inolako alegazio, kexa edo oharrik jaso. Orain, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, batzarreak 1998ko abuztuaren 6an egin bilkuran aho batez erabaki zuen aipatu ordenantza behin betikoz onestea eta haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, indarra har dezan.

Azkoienen, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abuztuaren zazpian. Mankomunitateburua, Javier Ausejo Jiménez.

NAFARROAKO ERRIBERA GARAIKO H.H.S.EN MANKOMUNITATEAREN HIRI HONDAKIN SOLIDOEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Baldintza orokorrak

1. artikulua. Nafarroako Erribera Garaiko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatea elkarte izaerako toki entitatea da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 47. artikuluan eta hurrengoetan arautzen dena, eta bere helburuen artean hiri hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuak eskaintzekoa dago, une bakoitzean Mankomunitatean sarturik dauden toki entitateen mugapeetan, hondakinen tratamendua eta berreskurapen egokia lortzeko xedeaz.

2. art. Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak aurreko artikuluak aipatzen dituen zerbitzuak kudeatzen ditu, toki entitateen zerbitzuen gainean indarra duen arautegian ezarritakoari jarraikiz.

Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatea merkataritza izaerako elkarte pribatuan eratuko balitz, azkeneko hori izanen litzateke 1. artikulan aipatzen diren zerbitzuak kudeatzeko ardura hartuko lukeena, beti ere toki zerbitzuei buruz indarra duen arautegiak ezarritakoaren arabera.

3. art. 1. Aipatu lurralde horren barrenean hiri hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuen kudeaketa bere gain duen entitatearen eta haien erabiltzaileen arteko harremanak arautzea da ordenantza honen xedea, bi alderdiek dituzten eskubide, betebehar eta eginbideak zehaztuz.

2. Zerga eta dirubilketa kontuetarako, aipatu zerbitzuak direla eta, toki ogasunei buruz Nafarroan indarra duen arauteria berariazkoan eta, batez ere, une bakoitzean indarra duen ordenantza fiskalean, Mankomunitateak onetsia, ezarritakoari egin beharko zaio kasu.

4. art. 1. Ordenantza hau, bere eskumeneko eremuaren barrenean, hiri hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuetan aplikatuko da oro har, bai eta delako eremutik at, osoki nahiz partzialki, ematen direnetan.

2. Ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira izaeragatik bere ezarpen esparruan izan baina espreski arautuak ez dauden kasuetan.

3. Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak ordenantza aplikatzerakoan sor daitezkeen zalantzen gainean egoki juzkatzen duen interpretazioa ezarriko du.

5. art. Ordenantza hau hiri hondakin solidoei buruzko azaroaren 19ko 42/1975 Legearen oinarriei eta aplikagarri diren gainerako xedapenei jarraikiz arautu da.

6. art. Aurreko artikuluan aipatu Legearekin bat, "hondakina" edozein gai edo gauza da, bere jabeak botatzen badu edo, indarra duten xedapenen arabera, botatzera beharturik badago; "Kudeaketa": hondakinen bilketa, biltegiratzea, garraioa, balorizazioa eta deuseztapena, jardunbide horien zaintzea barne, hala nola hondakinak utzi edo botatzeko tokien zainketa, itxi eta gero.

"Deuseztapena", bai hondakinak botatzera, bai haien suntsipen oso nahiz partzialera zuzenduak diren prozedurak oro, giza-osasuna arriskuan jarri gabe egina, eta ingurugiroan kalterik eragin liezaioketen metodorik erabili gabe.

"Balorizazioa": hondakinetan dauden baliabideak probetxatzeko aukera ematen duten prozedurak oro, energia berreskuratzeko errausketa barne, giza-osasuna arriskutan jarri gabe, eta ingurugiroari kalterik eragin liezaioketen metodorik erabili gabe.

7. art. 42/75 Legearen arabera, jaso eta bilketa egin orduko, hiri hondakin solidoak Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatearen jabetzakoak bihurtzen dira. Hiri hondakin solidoak sortzen dituztenek, haiek uzteko garaian Ordenantza hau eta aplikagarri diren bertze arauak betez gero, ez dute erantzukizunik izanen aipatu hondakin edo zaborrek sor ditzaketen kalteen gainean.

8. art. Ordenantza honen eremutik at geratzen da edozein motatako hondakinak lurrazpiko egitura natural edo eraikietan biltegiratzea, bai eta meategietan onura, ustiapen edo ikerketa jardueretan lortutako hondakinen probetxamendu edo biltegiratzea ere.

At geratzen dira, halaber, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietako hondakin eta hondarrak, Lurzoruari buruzko Legearen arabera urbanizaezintzat jotako lurzoruan sortzen direnean edo bertan uzten direnean.

II. TITULUA

Hiri hondakinen bilketa

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta hondakinen kategoriak

9. art. Titulu honek Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak zerbitzuak zein baldintzatan emanen dituen eta erabiltzaileak hiri hondakin eta zaborrak biltzeko zerbitzu horiek nola baliatuko dituen zehazten du.

10. art. Zerbitzu hauek emateari dagokionez, erabiltzaile kategoria izanen dute aipatu zerbitzuek ukitzen dituen edo beraietaz baliatzen diren pertsona juridiko zein fisiko guztiek, baldin eta bizilekua Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatea osatzen duten udalerriren batean badute.

11. art. Ordenantza honi dagokionez, ondotik finkatzen dira hondakinen kategoriak, eta hain zuzen ere horiexek araberatuko dute zein baldintzatan eskainiko diren zerbitzuak. Aipatu zerbitzuen artean bereizi behar dira, alde batetik nahitaez bete beharrekoa, etxez etxe zaborrak edo gisakoak biltzea, alegia, eta bertzetik, herritarrek aukeran izanen dituzten gainerakoak:

A) Etxez etxeko zabor bilketaren zerbitzua honako hiri hondakin hauei dagokie:

1.-Herritarrek beren etxebizitzetan elikadura eta kontsumoaren ondorioz sortzen dituzten hondarrak.

2.-Etxeetako berogailuen errautsak.

3.-Herritarrek espaloiak ekortzearen ondorioz sortzen diren hondakinak.

4.-Etxeetako hondakinen parekoak: horrelakotzat joko dira etxeetako ondoko hondakinak, beti ere egunean gehienez ere 50 litrokoak badira:

-Zuhaitzak kimatu eta landarezaintzako lanen ondorioz sortutako saskara, xehakatua utziz gero.

-Saltokietan sortzen diren salgaien azal, ontzi, enbalaje eta gainerako hondakin solidoak.

-Etxeetako hondakinak bezalatsukoak izanik, merkataritza, industria edo zerbitzu jardueretatik heldu diren hondakinak.

-Ostatuetan, jatetxeetan edo jaki prestatuak edo edozein motatako kontsumizioak eskaintzen dituzten gainerako establezimenduetan sortzen diren hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta gisako establezimendu publikoetan sortutakoak.

-Egoitza, hotel, ikastetxe eta bertze establezimendu publikoek sortutako kontsumo orokorreko hondakinak.

-Udal azoken jardueretatik heldu direnak.

-Etxebizitzetako obra tikietan sorturiko hondakinak.

-Eraikinetako berogailu zentraletan sorturiko errautsak.

Atal honetako 4. puntuan zehaztutako kategoria guztietarako, honako hauek ez dira sartuko: ontziak, enbalajeak eta gainerako hondakin solidoak, beira, paper- kartoi, plastiko eta metal arinekoak badira.

B) Bilketa sailkatuan bildu beharreko hondakinak. Kategoria horretan sartzen dira beira, paper, kartoi, plastiko eta metal arineko gaiak, horiek biltzekoak, enbalajeak eta horrelatsuko gainerako hondakin solidoak.

-C) Etxez etxeko zabor bilketan inola ere jasoko ez diren bertze hondakinak.

1.-Industriakoak: hona hemen zein diren industriakotzat joko direnak:

a) Lantegi, tailer eta biltegietan sortutako hondar, errauts eta zepak nahiz hondakinak tratatzeko muntaduretan ateratakoak.

b) Neumatikoak.

c) Oro har, beren itxura, bolumena, pisua, egunero ateratzen den kantitatea, hezetasuna eta bertze direla eta, Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatearen zerbitzuen iritziz etxez etxeko zabor bilketaren barnean sartu ezin diren hondakinak.

Botika erabiliak eta kadukatuak eta kliniketako hondakin kutsatugabeak.

3.-Animalia hilak.

4.-Lurrak eta obra-hondakinak.

5.-Altzariak, etxeko tresnak eta traste zaharrak.

6.-Pilak.

12. art. Honako ordenantza honi dagokionez, etxe etxeko zabor bilketaren barrenean sartuko dira 11.A) eta 11.b) artikuluetan zehazten diren hiri hondakin solidoak, nahitaez bildu beharrekoak baitira.

13. art. Etxez etxeko zabor bilketaren zerbitzuan honako lan hauek eginen dira:

a) Zaborrak uzteko tokietatik bilketa ibilgailuetara eramatea.

b) Zaborrak ibilgailu horietako zama-tokietara hustea.

c) Hustu eta gero edukiontziak beren lehen lekuetara itzultzea.

d) Lan hauek direla medio eremu publikoan eroritako zaborrak biltzea.

e) Zaborrak garraiatu eta horien husketa egitea Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak horretarako ezarritako tratamendu zentroetan.

f) Bilketa sailkatuan biltzen diren hondakinen kudeaketa.

14. art. Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak, edota haren kide den edozein Udalak, urtero ezarriko du behar den tasa etxez etxeko zabor bilketaren zerbitzuagatik eta ondoko tratamenduagatik, horri buruzko ordenantza fiskalak zehazten duenaren ariora.

II. KAPITULUA

Etxez etxeko zaborbilketa egiteko moduak

15. art. 1. Nafarroako Erribera Garaiko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak edukiontzien bidezko etxez etxeko zaborbilketa eginen du egunero, salbuespenak izanik igandeak, Urteberri eguna eta Eguberri eguna.

2. Nafarroako Erribera Garaiko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateko zerbitzuek jendaurrera aterako dute urtero bilketa zerbitzurako aurreikusten den ordutegien programazioa, hura osatzen duten entitateetako bakoitzari dagokion egutegiarekin, zerbitzuaren beharren arabera.

3. Nafarroako Erribera Garaiko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak interes publikoaren ikuspegitik komenigarritzat jotzen duenean, edozein unetan alda ditzake bilketa zerbitzuen programan iruditzen zaizkion gorabehera guztiak.

4. Mankomunitateko zerbitzuek, dela ordutegian, dela moduan, dela maiztasunean, zerbitzuan aldaketarik egin gogo badute, aldez aurretik eta behar den denborarekin jakinarazi beharko dute, mankomunitateburuak larrialdi egoeretan emandako xedapenak direnean izan ezik.

16. art. 1. Erabiltzaileak beharturik daude zuzen erabiltzera Mankomunitateak paratzen dituen edukiontziak.

2. Edukiontziek Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak ezarritako ezaugarri teknikoak bete beharko dituzte.

3. Etxe-multzo, industria edo merkataritzako lokal edo saltoki bakoitzean erabiliko den edukiontzi mota eta kopurua, eta haien kokapena, Mankomunitatearen zerbitzuek finkatuko dituzte.

4. Edukiontziak jabetza publikoko elementuak direnez gero, Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateko zerbitzuek haien ordezkapena eginen dute. Erabilera okerragatik zerbitzurako erabili ezinak suertatu direnetan, erabiltzaileari ordaindu beharra ezarri ahal izanen zaio.

5. Nafarroako Erribera Garaiko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak edukiontzien kokalekua alda dezake aldi baterako, baldin eta interes publikorako komenigarritzat jotzen bada. Lekuz aldatzeko arrazoia desagertzen denean, lehen zeuden tokira itzuliko dira.

6. Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateko zerbitzuek haren jabetzako edukiontzien garbiketa eginen dute aldizka, baita edukiontzi partikularren garbiketa ere, hori teknikoki ahal baldin bada, beti ere haien jabeen kontura.

7. Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak hiri eremuan pasabideak eta erreserba bereziak paratzeko eskatu ahal izanen du, zamalanetarako eta edukiontziak era egokian mantentzeko gainerakoak egiteko.

Era berean, hondakin anitz sortzen duten jarduerak direnean, arraindegiak, supermerkatuak, jatetxeak, elikagaien industriak, eta abar, baldin eta beren azalera eraikia 100 m²-tik goitikoa bada, leku itxi bat beharko dute izan, baina behar adina aireztaturik, zaborrak edukiontzietan uzteko, eta edukiontziak kanpora atera beharko dituzte ordenantza honek zehazten dituen leku eta orduetan.

17. art. Oro har, eta arestiko artikuluan ezarritakoez gain, erabiltzaileak betebehar hauek izanen ditu:

1.-Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak kasu bakoitzean zehazten dituen edukiontziak erabiltzea, indarra duen legezko arauteriari jarraikiz. Aipatu edukiontziak Mankomunitatearenak izanen dira, salbuespen batez, alegia, zerbitzu teknikoen iritziz eta zabor produkzio handiarengatik edo haren ezaugarri bereziengatik, zentro ekoizleak haiek erostera behartzen ez badira, halakoetan Mankomunitateak onesten duen eredukoak izanen baitira.

Azken kasu horretan, edukiontzien jabeek beren gain hartu beharko dituzte behar diren mantenimendu eta garbitasun lan guztiak, baina Mankomunitateak hartzen ahal ditu bere gain lan horiek, interesatuek halaxe eskatuta, eta kostua Mankomunitateak ordainaraziko die edukiontzien jabeei.

2.-Erabiltzaileak zaborra edukiontzietan sartzera beharturik daude. Debekaturik dago bilketa elementu hauek uzteko dauden eremuen inguruan zaborrik uztea.

3.-Erabiltzaile nahiz zabor biltzaileek arreta haundiz erabiliko dituzte edukiontziak, kalterik jasan ez dezaten.

4.-Herritarrek ez dituzte zamalanak eta garraio lanak eragotziko.

5.-Debekaturik dago zaborra parrastaka botatzea edukiontzietara. Erabiltzaileak, partikularra nahiz denda txikia dela, ongi itxitako boltsa hermetikoetan sartu beharko ditu bere hondakinak, zikin ez dezaten.

6.-Zaborra uzteko ordutegia arratsaldeko bederatzietan hasi eta horiek biltzen diren artekoa izanen da. Debekatuta dago ordu horietatik aparte hondakinik uztea, bai eta larunbat osoan ere, usain txarrik edo bizilagunentzat bertze gogaikarririk izan ez dadin.

Zenbait kasu partikularretan, denden kasuan bereziki, haiek ireki eta ixteko ordutegia arestian aipatutakoarekin bat ez badator, sortzen dituzten hondakinak bide publikoan bildu gabe egon ez daitezen, Mankomunitate honi eskabidea luzatuko diote, bertan agertuz zein arrazoirengatik atera behar izaten duten zaborra ordutegitik kanpo.

Mankomunitateak erantzun eginen dio eskabideari, eta kasu bakoitzari dagokion konponbidea zehaztuko du.

7.-Sortzen diren hiri hondakin solidoak ezin izanen zaizkie inola ere herrietako bideen garbiketa egiten duten langileei eman.

Nafarroako Erribera Garaiko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak, bere jokabidea dela medio edukiontziak jaso edo bere lekuan paratzeko zerbitzua eragozten dutenei zehapena jarriko die.

III. KAPITULUA

Zaborretarako muntadura finkoak erabiltzea

18. art. Debeku da hondakin solidoak estolderi sarera hustea, baita hiri nahiz landetako tokietan ere, alegia, Mankomunitateak prestatu ez dituenetan.

Mankomunitatearen zerbitzuek aldez aurretik emandako baimena beharko da etxeko erraustegiak edo zaborren dentsitatea handiagotzeko muntadurak paratzeko.

IV. KAPITULUA

Hiri hondakin solidoen bilketa sailkatua

19. art. Hiri hondar eta hondakinei buruzko 42/1975 Legeak eta ekainaren 13ko 1163/1986 Errege Dekretu Legegileak, 1975eko uztailaren 15eko 75/442/E.E.E. Arteztarauarekin batera, xedetzat dute hondakinen berrerabilera eta berreskurapena bultzatzea eta aurreikuspen politika eraginkor bat egitea, hondakinak hobeki probetxatu eta baliabide energetiko eta lehengaiak hobeki erabil daitezen.

20. art. 11.b) artikuluan definitu diren hondakinen bilketa, hiri hondakin solidoen bilketa sailkatutzat hartzen da. Horretarako, Mankomunitate honek bilketarako edukiontzi bereziak jarriko ditu, edo gaiak bilduko atariz atari, adieraziz noizero, ordutegia eta bilketaren ezaugarriak, hala nola, kartoiarena etab.

21. art. 42/1975 Legearen arabera, hiri hondakin solidoak direnez gero, Nafarroako Erribera Garaiko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatea hondar horien jabe bihurtzen da haiek biltzeko uzten diren unetik, eta zehapena ezar diezaioke aipatu hondakinak eskuztatu edo ebasten dituenari.

22. art. Ordenantza honi dagokionez, geldotzat hartuko dira deskonposaketa azkarra ez duten hondakinak, hala nola paper, plastiko, kartoi, enbalaje...; organikotzat, berriz, hartzidura edo deskonposaketa azkarra izan dezaketen hondakinak.

23. art. Erabiltzaileak beharturik daude zuzen erabiltzera Mankomunitateak paratzen dituen edukiontziak.

Ordenantza honetako 16 eta 17. artikuluetan ezarritako arauak bilketa sailkaturako ere izanen dira.

24. art. Enbalatzeko kartoia utzi beharko da Mankomunitateak zehaztutako toki, egun eta orduetan, beti ere tolestuta eta fardelen gisara, ahalik eta toki gutxien har dezaten.

25. art. Debeku da bide publikoan kartoi edo paperik uztea, Mankomunitateak zehaztutako egun, toki eta orduetatik aparte.

V. KAPITULUA

Hiri hondakin solidoen bilketa bereziak

26. art. Hiri hondakin solidoen bilketa berezitzat hartuko da 11.C) artikuluan zehaztutako hondakinak, eta horietarako Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak bilketa zerbitzu bereziak antolatuko ditu edo, bertzenaz, erabiltzaileek nola egin behar duten erranen.

27. art. Azaroaren 19ko 42/1975 Legeak ezarritakoaren ariora, Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak halako hondakin mota arriskutsua dela uste duenean, haren sortzaile edo edukitzaileari eska diezaioke, biltzeari ekin baino lehen, beharrezkoa den tratamendua egin dezan, hondakina arriskugarri bihurtzen duen zera kentzeko, edo jende, gauza edo ingurugiroarendako arriskugarri izan gabe bildu, garraiatu, tratatu edo deuseztatzeko moduan uzteko eralda dezan.

28. art. Ordenantza honetatik at geldituko dira, hondakin arriskutsutzat hartzen baitira, Hondakin Toxiko eta Arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legearen eranskinean eta hura osatzen duten arau guztietan zehazten diren hondakin guztiak.

Hondakin horien arteko batzuk, hala nola disolbatzaileak, azido zein baseak, konposatu farmazeutikoak eta olioak, ezin izanen dira, inola ere, jarduerak sortutako gainerako hondakinekin batera utzi.

Era berean, hondakin arriskugarritzat hartzen dira toxikoak, pozointsuak, sukoiak, lehergarriak, minbizi sortzaileak direnak eta gizaki edo ingurugiroarendako arriskurik sortzen dutenak oro.

29. art. Arestiko artikuluan biltzen denaren inguruan bermea izatearren, aurreko artikuluetan zehazturik dauden hondakinak ekoiztu, erabili edo garraiatzen dituzten sortzaile, edukitzaile eta horretarako baimena duten bertzeak beharturik daude hondakin horien sorburuaz, izaeraz, konposaketaz, ezaugarriez, kopuruaz, hustuketa moduaz, aurretratamenduaz eta azken tratamenduaz eskatzen zaizkien argibide guztiak ematera Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateari.

30. art. Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak bidezko tasak zehaztuko ditu urtero zaborbilketa berezien zerbitzu ezberdinak emateagatik, dagokion Ordenantza Fiskalak horretaz zer dioen, horren arabera.

LEHEN ATALA

Industriako hondakinen bilketa eta garraioa

31. art. Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak industriako hondakinen sortzaile edo edukitzailearen eskaera jasotakoan, bilketa aurrera eraman daitekeenentz erabakiko du, hondakin horien kopuruak eta egoeren arabera. Bertzenaz, eskaera egin duenari baimena emanen dio dagokion tratamendu zentrora eraman ditzan.

Bilketa Mankomunitatearen zerbitzuek egiten badute, aldi bakoitzean aplikagarriak diren tasa edo prezioak zehaztuko dira; hondakinak ekoizle edo edukitzaileak eramaten baditu tratamendu zentrora, zenbateko bat ezarriko da han utzitako tona kopuruaren arabera.

BIGARREN ATALA

Hondakin klinikoen eta botika erabili eta kadukatuen bilketa eta garraioa

32. art. Ordenantza honen aplikaziorako, klinika, ospitale, anbulatorio etabarretako hondakinak, oro har, honela sailkatuko dira:

a) Kutsatu gabeak: elementu ez klinikoak.

b) Kutsatuak: sendaketen hondarrak, gasak, zapiak, konpresak eta horrelatsukoak.

c) Oso kutsatuak: kultibo bakteriologikoak, erradiaktiboak eta horrelakotsuak.

d) Botika erabili eta kadukatuak.

33. art. Azaroaren 19ko 42/1975 Legearen 3.1 artikuluan ezartzen denari jarraikiz, bakarrik aurreko artikuluko a) eta d) artikuluetan sailkaturiko hondakinak bildu ahal izanen dira. Gainerako guztiak bilketa bereziaren bidez bilduko dira eta deuseztatu beharko errausketa-labeetan nahiz gorpu-labeetan edo ontziratu beharko dira aipatu diren arriskugarritasun motak gerta ez daitezen eta Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateko zerbitzuek bildu ahal izateko.

34. art. Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak ez du bere gain hartuko inolako hondakin erradiaktiboren bilketa, ez baita bere eskumenekoa; horrenbertzez, anbulatorio eta abar bakoitzak horiek deuseztatzeko sistema egokiak prestatu beharko ditu.

35. art. Mankomunitateak, Botikarien Elkargo Ofizialarekin hitzartua, bere lurraldeko farmazietan, mediku kontsultategietan eta osasun etxeetan gordeta dauden botika erabili eta kadukatuak bilduko ditu, behar duten tratamendua emateko.

HIRUGARREN ATALA

Animalia hilen bilketa eta garraioa

36. art. Debekatuta dago animalia hilak abandonatzea, edozein motatakoak direla ere eta edozein lur motatan dela ere, bai eta horiek jabetza publikoko lurretan ehorztea ere.

37. art. Animalia hilak gainetik kendu nahi dituztenak, Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak ezarritako zerbitzuez baliatuko dira. Aipatu zerbitzuek animaliak bildu, garraiatu eta desagertaraziko dituzte, behar den tasa ordaindu ondoren.

38. art. Animalia hilak desagerterazteagatik ere, jabea bajaren eta heriotzaren arrazoiaren berri ematera beharturik dago, bertze ordenantza edo erregelamenduek horrela agintzen badute.

LAUGARREN ATALA

Lurrak eta obra-hondakinak bildu, garraiatu eta botatzea

39. art. Ordenantza honi dagokionez, lur eta obra-hondakintzat hartuko dira honako hondar gai hauek:

1.-Indusketak egin eta gero ateratzen diren lur, harri eta gisakoak.

2.-Eraikuntza, eraispen eta errauspenaren ondorio diren lanetatik ateratako hondakinak eta, orohar, obra handi eta ttikietako soberakinak.

3.-Goian aipatutakoen gisakoak diren materialak eta egoera berezietan Mankomunitatearen zerbitzuek halakotzat jotzen dituztenak.

40. art. Zaborrak jabetza publikoko lurrak baimenik gabe okupatuz, bidezorua hondatuz edo eremu publikoa zikinduz bota ez daitezen, hots, baimendu gabeko lekuetan kontrolik gabe eta modu desegokian bota ez daitezen, Mankomunitateak material mota horiek botatzeko leku berezi batzuk paratuko ditu. Horrela, lur eta obra-ondakinak dituztenek aipatu lekuetara eramanen dituzte zuzenean, behar den tasa Mankomunitateari edo instalazioaren titular den Udalari ordaindu eta gero.

41. art. Debekaturik dago lur eta obra-hondakinekin nahasita edozein motatako hondakin organikoak, eta, orohar, hirugarrenei, ingurugiroari edo higiene publikoari kalte egin diezaiekeen zernahi botatzea.

42. art. Lurrak eta obra-hondakinak eramanen dituzten ibilgailuek bidean ezustez deus ere ez galtzeko moduan garraiatuko dituzte, eremu publikoa ez zikintzeko beharrezkoak diren neurriak hartuz.

43. art. Aitzineko artikuluetan aipatzen denari dagokionez, Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatearen zerbitzuek ukitutako eremua garbitu eta bertara eroritako materialak kentzen ahal dituzte. Erantzuleei ordainaraziko zaizkie zerbitzuaren kostuak, legokiekeen zehapena deusetan ukatu gabe.

BOSTGARREN ATALA

Altzari, etxeko tresna eta traste zaharren bilketa

44. art. Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak doako zerbitzu berezia ezarriko du altzari, etxeko tresna eta traste zaharrak biltzeko.

Zerbitzuak mota orotako altzariak, etxeko tresnak eta traste zaharrak hartuko ditu bere gain, salbu eta higiarazteko bitarteko mekanikoen erabilpena behar dutenak, hala nola garabiak, poleak, etab., edota berehala garraiatuak izateko prest ez daudenak.

45. art. Bilketa etxez etxe eginen da, Mankomunitateak finkatzen duen aldizkakotasunez eta erabiltzaileak eta Mankomunitateak zita ordua finkatu ondoren.

SEIGARREN ATALA

Erabilitako neumatikoak uzteko lekua

46. art. Nafarroako Erribera Garaiko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak kontrolatutako hondakindegiaren zati bat bereziko du, erabilitako neumatikoak bere hartan uzteko. Zerbitzu hori doakoa izanen da erabiltzaile partikularrentzat, eta tasa kobratuko zaie horrelako zaborrak kopuru handian sortzen dituztenei

ZAZPIGARREN ATALA

Erabilitako pilen bilketa

47. artikulua. Nafarroako Erribera Garaiko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak edukiontzi bereziak prestatuko ditu ohiko nahiz botoi motako pilak utzi eta biltzeko.

Mankomunitateak kudeatuko du horrelako hondakinen erauzketa ingurugiro eta osasunarentzat ahalik eta modurik egokienean.

III. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

48. art. Ondoko jarduera eta egoerak arau hausteak dira:

1.-Hondakin solidoak ezarritako zabortegietatik kanpo botatzea edo Mankomunitateak nahiz haren kide diren Udalek baimendu ez dituzten tokietatik kanpo, ez betetzearen erantzule izanik horiek botatzen dituztenak edo, ibilgailuak erabiliz gero, haien jabeak.

2.-Erabiltzaileak berak sortutako hondakin solidoak arrazoirik gabe Mankomunitatearen esku ez uztea.

3.-Ordenantza honen bidez edo bera garatzeko ebazpenak direla medio, hondakinak biltzeko Mankomunitateak, ezarritako baldintza, leku eta orduak ez betetzea hondakinak botatzerakoan.

4.-Edukiontziei kalte egitea, arau-hausleak bere gain hartuko dituelarik konponketa gastuak.

5.-Zamalanak eta garraio lanak, hala nola edukiontziak kokatzea eragoztea.

6.-Bilketarako ibilgailuak edukiontzietara iristea oztopatzea eta, oro har, zerbitzua emateak dakartzan gainerako jarduerak egitea nolanahi eragoztea.

7.-Hondakin solidoak estolderia saretik botatzea.

8.-Hondakin toxiko edo arriskutsuak uztea edo biltzen ahal direnekin batera nahastea.

9.-Arriskutsuak edo toxikoak izan daitezkeen hondakinei buruz Mankomunitateak eskatutako argibideak ukatzea, eta benetan hala direnen kasuan, haien jatorriari, ezaugarriei, aurretratamendu motari eta abarri buruzko datuak ez ematea.

10.-Bildu behar ez diren hondakin klinikoak uztea, edo horiek kutsatu gabeekin edo aurretratamendu prozesuan daudenekin nahastea.

11.-Animalia hilak edozein lurretan uztea edo jabetza publikokoak direnetan ehorztea.

12.-Ordenantza hau bete ahal izateko beharrezkoak diren ikuskapenak eta egiaztapenak egin daitezen ez uztea.

13.-Hondakin organikoak lurrekin edo obra-hondakinekin nahastea.

14.-Hondakin solidoak behar bezala utzi eta gero ebastea.

15.-Bilketa sailkatuan bildu behar diren hondakinak zabor arruntaren edukiontzietan uztea.

16.-Erabatean, ordenantza honen eta Zabor eta Hiri Hondakin Solidoei buruzko 42/75 Legearen xedapenetan ezartzen direnei aurka egiten dien edozein ekintza edo huts egitea.

49. art.A) Arau-hauste arinak zehatuko dira 25.000 pezeta bitarteko isunarekin.

B) Arau-hauste larriak zehatuko dira 75.000 pezeta bitarteko isunarekin.

C) Arau-hauste oso larriak zehatuko dira 100.000 pezeta bitarteko isunarekin edo unean unean indarra duen legeak alkateari ematen dion gehienekoarekin, beti ere Mankomunitateko biztanleen arabera.

50. art. A) Arau-hauste arinak dira ordenantza honetako 47. artikuluko 3, 4, 5, 6, 12, 14 eta 15 zenbakietakoak.

B) Arau-hauste larriak dira 47. artikuluko 1, 2, 9 eta 13 zenbakietakoak.

C) Arau-hauste oso larriak dira 47. artikuluko 7, 8,10 eta 11 zenbakietakoak.

51. art. Arau-hauste arina behin eta berriz egitea arau-hauste larritzat hartuko da.

Arau-hauste larria behin eta berriz egitea arau-hauste oso larritzat hartuko da.

52. art. Zehapenak aplikatzerakoan kontutan hartuko dira erruduntasun maila, egindako okerraren tamaina, arau-hausteak berarekin dakarren arriskua eta egon daitezkeen bertzelako egoera aringarri edo astungarriak.

Hori guztia ukatu gabe, arau-hausleek beren gain hartuko dituzte beren egintzen ondoriozko kostuak, eta beharturik egonen dira arau-haustea egin baino lehenago zegoen egoera lehengoratzera.

53. art. Zehapen bidea ofizioz edo alderdi baten eskariz hasiko da, behar den salaketa egin eta gero. Salaketa justifikatu gabea eta ausartegia bada, ikuskapenak sortu gastuak salatzailearen kontura geldituko dira.

54. art. Zehapen espedienteari probidentzia bidez emanen zaio hasiera, honako edukiarekin bederen:

a) Ustez erantzule direnen identifikazioa.

b) Prozedurari hasiera emateko abiapuntu izan diren egintzak, labur azaldurik, haiei dagozkiekeen kalifikazioa eta zehapenak, ezertan ukatu gabe instrukziotik heldu daitekeena.

c) Instruktorea eta, hala balitz, prozeduraren idazkaria, zehazki adieraziz haien aurkako ezespenaren araubidea.

d) Espedientea ebazteko organo eskuduna eta horrelako eskumena ematen dion araua, adieraziz ustezko erantzuleak aukera baduela bere borondatez erantzukizuna aitortzeko, hori guztia abuztuaren 4ko 1398/93 Errege Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioekin.

e) Alegazioak egiteko eta prozeduran entzutea izateko eskubidea, horretarako epeen barrenean.

55. art. Hasiera emateko erabakia instruktoreari igorriko zaio, horri buruz dauden jarduketa guztiekin batera, eta jakinarazi eginen zaie salatzaileari, horrelakorik balego, eta interesatuei, alegia, erruduntzat hartzen direnei. Jakinarazpenean berean ohartaraziko zaie interesatuei prozedura hasteko edukiari buruz hamabost eguneko epean alegaziorik egin ezean hasiera hori ebazpen proposamentzat hartzen ahal dela, egotzitako erantzukizunari buruzko pronuntziamendua bertan agertzen bada, eta hori guztia abuztuaren 4ko 1398/93 Errege Dekretuaren 18 eta 19. artikuluetan aurreikusitako ondorioekin.

56. art. 1. Interesatuek hamabost eguneko epea izanen dute egoki juzkatzen dituzten alegazio, dokumentu eta informazioak aurkezteko eta, hala balitz, probak proposatzeko, horretarako erabili behar dituzten baliabideak zehaztuz.

2. Arestiko lerroaldean agertzen den jakinarazpena eginda, prozeduraren instruktoreak ofizioz eginen ditu behar diren jarduketak, garrantzitsuak diren datu eta informazioak eskatuz erantzukizun zehagarriak ote diren finkatzeko.

3. Prozeduraren instrukzioaren ondorioz egintzen hasierako finkapena, kalifikazioa, ezartzen ahal ziren zehapenak edo zehagarri diren erantzukizunak aldatzen badira, hori guztia jakinaraziko zaio ebazpen proposamenean errudun agertzen denari.

57. art. 1. Alegazioak jasota edo hamabost eguneko epea igaganda, instrukzio organoak erabaki dezake proba epea irekitzea, Administrazio Publikoen eta Guztiendako Administrazio Prozeduraren Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 80 eta 137.4 artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz. Epe hori gutxienez hamar egunekoa eta gehienez hogeita hamar egunekoa izanen da.

2.-Erabakia interesatuei jakinaraziko zaie eta bertan ezesten ahal dira haiek aurkeztutako probak, beti ere horretarako arrazoiak emanez, azaroaren 26ko 30/92 Legearen 137.4 artikuluan ezarritakoaren arabera bidegabekoak badira.

3.-Instruzkio organoak egoki juzkatzen dituen probak, alegia, prozeduraren edozein unetan interesatuek aurkezten ahal dituztenak ez direnak, 30/92 Legearen 81. artikuluan ezarritakoari jarraikiz eginen dira.

4.-Agintea aitortua duten funtzionarioek egiaztatutako egintzek, legeak eskatzen dituen betekizun guztiak eginda agiri publikoen bidez aurkezten badira, frogen balioa izanen dute, beti ere ezertan ukatu gabe administratuek beren eskubide edo interesen alde aurkezten ahal dituzten frogak.

5.-Egindako frogen balorazioa funtsezko oinarria baldin bada prozeduran hartzen den erabakian, egintzen ebaluazioan ezinbesteko zera baita, ebazpen proposamenean sartu beharko da.

58. art. Froga bukatuta, halakorik egiten bada, prozeduraren instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du eta bertan adieraziko egintza guztiak behar bezala arrazoituak, azalduz zein jotzen diren frogatutzat eta haien kalifikazio juridiko zehatza. Halaber, arau- haustea zehaztuko da, frogatutako egintzek sortutakoa, eta erantzule diren pertsonak, eta jarri beharko litzatekeen zehapena, edo bestela, arau-hauste edo erauntzukizunik ez dagoela azaldu beharko du.

59. art. 1. Ebazpen proposamena interesatuei jakinaraziko zaie, prozedura adieraziz. Jakinarazpenarekin batera prozedura osatu duten dokumentuen zerrenda ere igorriko zaie, interesatuek egoki juzkatzen dituztenen kopiak egin ditzaten, eta horretarako hamabost eguneko epea emanen zaie alegazioak egiteko eta prozeduraren instruktoreari egoki juzkatzen dituzten agiriak eta informazioak aurkezteko.

2. Ordenantza honetako 55. artikuluan azaldutakoa salbu, entzutea emateko tramitea saihesten ahal da, beti ere prozeduran interesatuak egindako alegazioak edo aurkeztutako frogak bakarrik agertzen badira edo horiek bakarrik kontuan hartzen badira.

3. Ebazpen proposamena berehala igorriko zaio prozedura ebatzi behar duen organo eskudunari, bertan diren gainerako agiri, alegazio eta informazioekin batera.

60. art. Organo eskudunak ebazpena emanen du, horretarako arrazoiak emanez, interesatuek galdatutako aferak eta prozeduraren ondorioz sortzen diren guztiak ebatziko dituena.

Ebazpena gauzatuko da hori egiteko ahalmena duen organo eskudunak erabakitzen duen bidea erabiliz.

Ebazpena emanen da hamar eguneko epean, ebazpen proposamena eta prozeduran diren agiriak, alegazioak eta informazioak jasotzen direnetik.

Zehapen prozeduretarako ebazpenetan, azaroaren 26ko 30/92 Legearen 89.3 artikuluan aurreikusitako elementuak biltzeaz gain, egindako frogen balorazioa bildu beharko dute, batez ere erabakiaren funtsezko oinarri direnak. Halaber, egintzak finkatuko dituzte eta, hala balitz, erantzule diren pertsonak, egindako arau-hausteak eta ezartzen diren zehapenak, edo bestela, arau-hausterik edo erantzukizunik ez dagoelako deklarazioa.

Ebazpenak interesatuei jakinaraziko zaizkie.

Hasieratik sei hilabete iraganda oraindik ebazpenik ematen ez bada, eta kontuan hartuta interesatuei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izan daitezkeen eteteak, azaroaren 26ko 30/92 Legearen 43.4 artikuluan ezarritako iraungitze epea kontatzeari ekingo zaio.

Iraungitze epea iraganda, organo eskudunak ziurtagiria luzatuko du, interesatuak hala eskatuta, bertan agertuko duena prozedura bukatu dela eta jarduketak artxibatu egin direla.

61. art. 1. Administrazio bideari amaiera ematen dioten ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean jakinarazpen egunetik.

2. Administrazio bideari amaiera ematen ez dioten ebazpenak ez dira betearazle izanen, harik eta errekurtso arruntaren ebazpena eman arte, interesatuak halakorik jarri badu, edo hura jarri gabe ere, horretarako epea bukatu arte.

3. Zehatutako arau-hausleak hartutako ebazpenaren kontra errekurtsoa jarri badu, horien ebazpenean edo, hala balitz, ezarrita diren ofiziozko berrazterketen proderuraren ebazpenetan, ezin izanen dira interesatuarentzat zehapen handiagokoak jarri.

62. art. 1. Zehatzen diren egintzek Administrazioari kaltea ekarri badiote, prozeduraren ebazpenean honako hau sartzen ahal da:

a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengo hartara itzuli behar duela.

b) Egindako kalte-galerengatik sortzen den kalteordaina, haren zenbatekoa prozeduran zehar finkatzerik bada.

2. Arestiko lerroaldeko b) letran azaldutako zebatekoa finkatzerik ez bada, egindako kalte-galerengatik sortzen den kalteordaina prozedura osagarriaren bidez finkatuko da, eta haren ebazpena betearazlea izanen da ematen den unetik. Prozedura hori hitzarmenezko bukaerakoa izan daiteke, baina ez hori ezta heldu daitekeen ebazpena arau-hausleak onartzea ere, ez da arrazoi izanen ulertzeko arau-hausleak bere borondatez onartzen duela erantzukizuna. Prozeduraren ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari.

V. TITULUA

Erreklamazioak eta jurisdikzioa

63. art. Toki Administrazioaren arloan indarra duen legeriak ezarri prozedurari jarraikiz, Nafarroako Erribera Garaiko Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitatearen jarduketa eta erabakien aurka egitea noiz den bidezko, kasu horiek galarazi gabe, zerbitzuen baldintzak direla eta aurkezten diren erreklamazio, zalantza eta jabeldurak, kasu bakoitzean eskudun den administrazio publikoko erakundeak ebatziko ditu, administrazio bidea erabiliz.

64. art. Aitzineko artikuluan ezarritakoa galarazi gabe, Justizi Auzitegi Nagusiei dagokie beren eskumenekoak diren aferetan parte hartzea, alderdi interesatuaren eskariz.

Nolanahi dela ere, erabiltzailearen eta Mankomunitatearen arteko auziak edo Mankomunitatearen edozein egintza, Toki Entitateen egintza eta erabakiak aurkatzeko araubidearen menpean geldituko dira, eta hertsiki lotuak izaera administratiboko xedapenei, berau Toki Entitatea baita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honako Ordenantza honek indarra hartzen duen unetik aitzina, balio eta eraginik gabe geldituko dira ezarrita dauden eta haren aurkakoak diren lerrun bereko edo txikiagoko xedapen, erregelamendu eta ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: A9807638