113. ALDIZKARIA - 1998ko irailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 1998ko irailaren 1ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan telefonia zerbitzuak erabiltzeko jarraibideak onesten dituena.

Telekomunikazioen ezarpenaren eta garapenaren ondorioz etorri den gastu arrunten igoera handia ikusita, beharrezkotzat jo da haien erabilera arrazionalizatzeko neurriak hartzea, gastu publikoa murriztu eta hobeki kontrolatzeko.

Bestalde, ezartzeko prozesuan ari den Telekomunikazioen Sare Korporatiboari esker, komunikazioetako gastuak kontrolatzeko sistemak ezarri ahal izango dira eta, horrekin batera, telekomunikazioen sare publikoetarako sarbideak integratu. Horren ondorioz, zerbitzu horien kontratazioaren baldintza tekniko eta ekonomikoak hobetuko dira.

Aipaturiko kontrol hori egitea Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Telekomunikazio Zerbitzuari dagokio, Departamentu horren egitura organikoaren arabera, arlo horretako eskumena organo horrek duelako, eta gainera, hari atxikitako langileen kualifikazioa lan horretarako egokiena delako.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan telefonia zerbitzuak erabiltzeko Erabaki honen eranskinean agertzen diren jarraibideak onestea.

2. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta adieraztea argitaratu eta biharamunean hartuko dutela indarra.

3. Erabaki hau Telekomunikazio Zerbitzura eta Nafarroako Gobernuko departamentu guztietara bidaltzea.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko irailaren batean.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

TELEFONIA ZERBITZUAK ERABILTZEKO JARRAIBIDEAK

1.-Arau orokorrak.

1.1. Helburua.

Jarraibide hauen helburua telefonia zerbitzuen erabilera arrazionalizatzea eta gastu publikoa murriztu eta kontrolatzea da, ekitaldi ekonomiko honetarako Aurrekontu Orokorren prestaketa gidatu duen politika ekonomikoaren ildotik.

1.2. Esparrua.

Jarraibide hauek aplikatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan.

Ez dira aplikatuko, ordea, sozietate publikoetan, zuzenbide publikoko entitateetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

1.3. Eskumena.

Jarraibide hauen helburuak lortzeko beharrezko diren neurriak hartu eta kudeatzeko eskumena Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari dagokio, Telekomunikazio Zerbitzuaren bitartez, deusetan ukitu gabe haren egitura organikoa ezartzen duen arautegiaren arabera dagozkion gainerako eskumenak.

Zehazki, honako eskumen hauek izanen ditu: telefonia eta telefax zerbitzuen instalazioa eta martxan jartzea, mantenimendua, kontratazioa, ustiapena, kontrola eta inbentarioa.

2.-Ekipo telefonikoak.

2.1. Ekipo telefonikoak.

Erabiltzaileen arabera, honako ekipo telefoniko mota hauek ezarri dira:

a) M-36 edo antzeko modeloetako linea digitala: lehendakaria, kontseilariak eta horien idazkariak.

b) M-12 edo antzeko modeloetako linea digitala: zuzendari nagusiak, kabineteburuak, zerbitzuko zuzendariak eta horien baliokide diren karguak eta, orobat, horien guztien idazkariak.

c) Oinarrizko linea digitala edo linea analogikoa: administrazio unitate guztiak, aurrekoak kenduta.

d) Telefono mugikor digitala (txikia), GSM, 1. tamainukoa: lehendakaria, kontseilariak, zuzendari nagusiak, kabineteburuak eta horien baliokide diren karguak.

e) Telefono mugikor digitala (estandarra), 2. tamainukoa: zerbitzuko zuzendariak, atalburuak eta horien baliokide diren karguak.

f) Telefono mugikor digitala, GSM, 3. tamainukoa: gainerako unitateak.

2.2. Kategoriak.

Honako trafiko kategoria hauek ezarri dira:

a) Trafiko askatasuna, are nazioarteko sarean ere: lehendakaria, kontseilariak, zuzendari nagusiak, kabineteburuak eta horien baliokide diren karguak.

b) Sare nazionalean, hiri barrukoan eta hiriartekoan askatasuna eta, nazioartekoan, operatzailearen bidez: zerbitzuko zuzendariak, atalburuak eta horien baliokide diren karguak.

c) Hiri barruko sarean askatasuna eta hiriarteko eta nazioartekoan, operatzailearen bidez: gainerako langileak.

Klausula horretan esandakoaz salbuespenak egin ahalko dira zenbait administrazio unitatetan, gainean duten zuzendari nagusiak edo erakunde autonomoko zuzendariak arrazoizko eskaera eginda.

2.3. Telefaxa.

Zerbitzuko zuzendaritza edo antzeko unitate bakoitzeko fax ekipo bakarra instalatuko da, salbu eta egituraren barruko administrazio unitateak eraikin batean baino gehiagotan baldin badaude. Horrenbestez, aparatu bat administrazio unitate batek baino gehiago erabiltzea sustatuko da.

3.-Telefonia zerbitzuen kontratazioa.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Telekomunikazio Zerbitzuari dagokio telefonia zerbitzuaren inguruko kontratuak egiteko ahalmena erabiltzea, bere eskumeneko gaia baita.

Hori helburu, zerbitzu horiek finantzatzeko, beharrezkoa izanen da zerbitzuaz baliatuko den departamentuak edo erakundeak, aurretik, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren esku jartzea zerbitzua finantzatzeko behar diren fondoak, bidezko diren kontularitzako baliabideen bitartez.

Hortaz, telefonia zerbitzuaren hornidura enpresak igortzen dituen fakturak aipatu Departamentuak izapidatuko ditu, modu zentralizatuan.

4.-Kontrola.

Telefono zerbitzua erabiliko da, bakar-bakarrik, zerbitzuaren beharrak eta eginkizunak atenditzeko.

Telekomunikazio Zerbitzua izanen da Nafarroako Gobernuaren sistema telefoniko osoa kudeatzeko arduraduna. Hori dela eta, hari jakinarazi beharko zaizkio telefono zerbitzuan gertatzen diren lekualdaketa, aldaketa eta alta eta baja eskaera guztiak.

Telekomunikazio Zerbitzuak honako neurri hauek ezarriko ditu telefono zerbitzuen gastuak ikuskatzeko eta kontrolatzeko:

a) Linea zuzenen kontsumoaren eta fakturazioaren segimendua, telefax eta telefono mugikorrena barne, gastuaren joera eta lineen beharrak ezagutzeko. Ezarrita dauden parametroetatik gorako kontsumoa duten luzapenen inguruko informazio zehatza bidaliko zaio kasuan kasuko administrazio unitateko arduradunari, jakinaren gainean egon dadin eta, behar bada, beharrezko diren neurriak har ditzan.

b) Erabiltzailea nor den jakiterik ez dagoenean, linea desaktibatuko da automatikoki.

c) Telekomunikazio Zerbitzuak departamentu eta erakunde autonomo guztiei jakinaraziko die izan duten kontsumo telefonikoa, luzapen bakoitzarena, emandako denbora eta zenbatekoak adieraziz.

d) Lehendakariaren, kontseilarien eta zuzendari nagusien telefonoen kontrolari dagokionez, kostu osoaren berri emanen da, ez besterik, ez baita inolaz ere, deien destinoa kontrolatuko.

e) Lanpostuaren ezaugarriak direla kausa, telefono mugikorra duten langileei dagokienez, horren erabilera partikularra ahalbidetzeko, bi telefono zenbaki integratu izanen dituen txartel bana emanen zaie, horrela:

-Telefono zenbaki partikularra izanen dute, alta gasturik gabe, hileko kuotarik gabe eta telefonoa erosi beharrik gabe.

-Telefono mugikorra erabili ahalko du dei partikularrak egin edo jasotzeko, txartela aldatu behar izan gabe.

-Konpainia operatzailearen faktura zuzenean jaso ahalko du, deien datu argigarriak eta guzti. Horren ordainketa erabakitzen den banku entitatean helbideratu beharko du.

Iragarkiaren kodea: A9808205