113. ALDIZKARIA - 1998ko irailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

3773/1998 FORU AGINDUA, irailaren 7koa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, Añorbe-Iruña kontzesioak eta Etxaleku-Iruña kontzesioak bat egitea (33. espedientea) behin betikoz onesten duena.

La Montañesa, S.A.L. enpresak bidaiari guztientzako errepideko garraio publiko erregular iraunkorreko Añorbe-Iruña kontzesioak eta Etxaleku-Iruña kontzesioak bat egitea eskatu zuen, bera baita horien titularra. Halaber, kontzesio horretan berean Artikara beste adar bat egitea ere eskatu zuen.

1998ko apirilaren 15ean eman eta maiatzaren 22ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen 1438/1998 Foru Aginduaren bidez Añorbe-Iruña kontzesioak eta Etxaleku-Iruña kontzesioak bat egitea behin-behinean eta oinarri plegu aldatua hilabetez jendeaurrean paratzea onetsi zen.

Iruñeko Udalak, 1998ko ekainaren 22ko ofizioaren bidez, eskatu zuen espedientera agertutzat jotzea eta, bere eskumenak Foru Administrazioaren eskumenekin bat etorrarazi eta udalerri horretako hiri garraioko kontzesio-hartzailearen eskubideak babesteko, egoki ziren elkarrizketei ekin zekiela.

Ekainaren 30ean bilera bat izan zuten bi Administrazioen ordezkariek. Horren ondorioz, ekainaren 2an, Iruñeko Udalari Oinarri Plegua igorri zitzaion eta eskatu, Iruñean egin beharreko geralekuei buruz argibideak eman zitzala. Gaur arte ez da erantzunik hartu.

Alegazioetarako epean, ondoren eman eta erantzuten direnak aurkeztu dira:

-La Montañesa S.A.L.k eskatu du Oinarri Pleguan aldaketa zenbait egin daitezela, ordutegiei eta ibilbideei dagozkienak, eta ibilgailurik zaharrenak ordeztu eta gehigarriak jartzeko baimena eman dakiola.

Alegazio horiek onartu dira. Oinarri Pleguan behar ziren aldaketak sartu dira, pentsatzen baita egiten ari diren geraleku eta zerbitzuen gaurko errelitatearekin bat datozela.

-Cooperativa de Transportes Urbanos de Pamplona (COTUP) enpresak eskatu du egin nahi den bategitea bertan behera utz dadila, alegatzen duelarik:

1) Iruñean aurreikusiriko geralekuek berekin dakarte COTUPekiko konkurrentzia eta, beraz, administrazioaren kontzesioaren bidez itundurik daukan monopolio kontratua haustea. Administrazioak ezin du Foru Agindu soil batez kontratu hori hautsi.

Alegatzaileak dioenaren aurka, baimenduriko trafikoak hiriartekoak dira. Adierazi behar da, dena dela, kontzesio bategina arautzen duen oinarri pleguari 4. puntua gaineratu zaiola, espreski Iruñean hiri trafikoa debekatzen duena, hots, udalerri horretan bertara doazen bidaiariak hartzea.

2) Geraleku horiek ez dira Udalaren eskuhartzerik gabe ezartzen ahal.

Horri buruz, esan beharra dago, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legeko 75.1 artikuluan xedaturikoa betetzeko asmoz, 1998ko uztailaren 2ko ofizioaren bidez, Iruñeko Udalari kontzesioek bat egiteko oinarri plegua igorri zitzaiola, udalerri horretan egin beharreko geralekuei buruz txosten bat luza zezan, baina ez diola inolako erantzunik eman Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari.

3) Ezin da, ziorik gabe, Iruñeko autobus geltokia saihestu geraleku bakar gisa.

Adierazpen horiei buruz, ohartarazi behar da bategitearen xede diren kontzesioen babesean egiten diren trafikoak Iruñaren inguruetakoak direla eta, beraz, ez direla autobus geltokian gelditzen, Getzaurretik Iruñera bitarteko sendotzeak izan ezik. Horiek, hain zuzen ere, inguruetakoak direnez, bidezko da autobus geltokian ez gelditzea, horrela autobusen sartu-aterak arinduko baitira eta zerbitzuaren maiztasuna hobetuko baita.

Arauzko izapidaketak eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak beterik, Departamentu honek ekainaren 27ko 150/1984 Foru Dekretuaren bidez eskuordeturik dauzkan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Añorbe-Iruña kontzesioak eta Etxaleku-Iruña kontzesioak bat egitea behin betikoz onestea.

Bigarrena.-Añorbe-Aitzoain bategitearen ondoriozko kontzesioa (Artikako adarra barne) La Montañesa, S.A.L.ri esleitzea (33. espedientea), Foru Agindu honen Eranskinean agertzen den oinarri pleguko baldintzen arabera.

Hirugarrena.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Laugarrena.-Foru Agindu hau Garraio Zerbitzuari, Iruñeko Udalari, La Montañesa, S.A.L.ri eta Cooperativa de Transportes Urbanos de Pamplona, COTUP-i jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko irailaren zazpian.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti

AÑORBETIK AITZOAINA BITARTEKO ERABILTZAILE GUZTIENTZAKO GARRAIO PUBLIKO ERREGULAR IRAUNKORREKO KONTZESIOA ARAUTZEN DUEN OINARRI PLEGU ALDATUA (33. ESPEDIENTEA)

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legeko 93. artikuluan xedaturikoaren arabera, gaur egun La Montañesa, S.A.L. enpresak ustiatzen dituen Añorbe-Iruña kontzesioak eta Etxaleku-Iruña kontzesioak bat egiteko eta kontzesio bateginean Artikara beste adar bat egiteko espedienteari ekin dio, baldintza hauei jarraikiz:

1. Zerbitzuaren ustiapenari dagokionez, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko 16/1987 Legean eta hori garatzeko arauetan xedaturikoa beteko da.

2. Ibilbidea:

a) Añorbe-Biurrun-Iruña:

Añorbetik Ukarko Bentetara, NA-6013 errepidetik, Ukarko Bentetatik Biurruna, NA-6010 eta NA-6015 errepideetatik, Biurrundik La Cadenara, NA-6015 eta NA- 6010 errepideetatik, La Cadenatik Iruñera, N-121 errepidetik, guztira 26 kilometro.

b) Añorbe-Iruña:

Añorbetik Ukarko Bentara, NA-6013 errepidetik, Ukarko Bentatik La Cadenara, NA-6010 errepidetik, La Cadenatik Iruñera, N-121 errepidetik, guztira 22 kilometro.

c) Beriain-Iruña-Aitzoain:

Beriaindik Iruñera, N-121 errepidetik, eta Iruñetik Aitzoaina, N-240-A errepidetik, guztira 16 kilometro.

d) Artika-Iruña: Artikatik C/NA30era, NA4201etik barna, C/NA30etik C/N240Ara, NA30etik barna; C/N240Atik Iruñera, N240Atik barna, guztira 5 kilometro.

3. Geralekuak:

-a) ibilbidea: Añorbe, Ukarko Benta, La Cadena, Biurrun, Arrizabalaga, Tiebasko Bidegurutzea, Orizko Benta, Beriain-Getzaurre, Noain, Cordovilla, Iruña (Autobus Geltokia).

-b) ibilbidea: Añorbe, Ukarko Benta, La Cadena, Arrizabalaga, Tiebasko Bidegurutzea, Orizko Benta, Beriain-Getzaurre, Noain, Cordovilla, Iruña (Autobus Geltokia).

-c) ibilbidea: Beriain-Getzaurre, Noain, Cordovilla, Iruña, Berriozar, Aitzoain.

Iruñean hauexek izanen dira geralekuak: Zaragozako etorbidea (Rover); Zaragozako etorbideko 30a; Yanguas y Miranda kalea (Intendentziako aparkalekua); Gipuzkoako etorbidekoa (San Lorentzo eliza); Gipuzkoako etorbideko 22a eta Gipuzkoako etorbideko 42a.

Itzulbidean geralekuak toki haien aurrean izanen dira, gutxi gora-behera, Yanguas y Miranda kalekoa izan ezik, Iruñeko Aurrezki Kutxan izanen baita.

-d) ibilbidea: Artika-Iruña.

4. Trafikoak: Iruñean hiri trafikoa (Iruñera doazen bidaiariak Iruñean hartu edo uztea) debeku da.

5. Egutegia, bidaiak eta ordutegia:

-a) ibilbidea: astelehen, asteazken, ostiral eta larunbatetan: bidaia oso bat, joan-etorrikoa, abiapuntua Añorben, 7:30etan eta Iruñean, 18:00etan, astelehenetik ostiralera, eta 13:30etan larunbatetan.

-b) ibilbidea: astearte eta ostegunetan: bidaia oso bat, joan-etorrikoa, abiapuntua Añorbe 7:30etan eta Iruñean 18:00etan.

-c) ibilbidea:

.Astelehenetik ostiralera, eskola egunak badira: Getzaurretik Berriozarra eta alderantziz, bidaia bat 15 minututik behin, 6:45etatik 21:00ak arte, eta 20 minututik 22:15ak arte, bi noranzkoetan.

Beriaina (herrira) eta Aitzoaingo bidegurutzera, lehen eta azken bidaiak eta orduoro.

.Astelehenetik ostiralera, eskola egunak ez badira, eta larunbatetan: Getzaurretik Berriozarra eta alderantziz, Beriaina bidaia bat 20 minututik behin eta Aitzoaingo bidegurutzera lehen eta azken bidaiak eta orduoro.

.Igande eta jaiegunetan: 30 minututik behin, 6:45etatik 14:00ak arte, eta 20 minututik gainerako orduetan. Beriaina eta Aitzoaingo bidegurutzera, lehen eta azken bidaiak eta orduoro.

-d) ibilbidea:

.Astelehenetik ostiralera, eskola egunak badira: 5 bidaia, joan-etorrikoak.

.Larunbat eta jaiegunetan: lau bidaia, joan-etorrikoak.

Bidaietako orduak Administrazioari jakinarazi beharko dizkio, horrek jakin eta onets ditzan.

6. Ibilgailuak: Kontzesio hau ustiatzeko 6 ibilgailu erabiliko dira, horietarik hiriko motako 5, gehienez ere 12 urte izanen dituztenak, eta beste bat, gutxienez ere 30 eserlekukoa eta gehienez ere 18 urte izanen dituena. Autobus gehigarriak edo titularrak matxuraturik egoteagatik ordezten dituztenak zaharragoak izaten ahalko dira. Kontzesio-hartzaileak baimena eskatu beharko dio Administrazioari kontzesioan ibilgailuak atxikitzeko.

7. Instalazioak: kontzesioak ez du instalazio finkorik behar, baina, Administrazioak onartu ondoren, zehazten diren txarteldegiak eta itxarongelak erabiliko dira.

8. Tarifa araubidea: kontzesioaren ezaugarriak direla eta, tarifa hauek izanen dira:

a) eta b) ibilbideetarako, kostuen egitura hauxe izanen da:

-Langileak: % 50,62.

-Amortizazioa: % 8,43.

-Finantzaketa: % 1,30.

-Aseguruak: % 4,42.

-Mantenimendua eta kontsumoak: % 26,13.

-Bestelakoak: % 9,10.

-Enpresaren partaidetza tarifa: 9,1692 pezeta/v-km.

-Tarifa horren gainean balio erantsiaren gaineko zerga hartuko da erabiltzailearengandik.

-Fardel gehiegi, mandatuak eta paketeak. Aplikatu beharreko tarifa hauxe izanen da: 1,5954 pezeta 10 kg/km edo zatiki bakoitzeko, dagokion BEZa gehiturik.

c) eta d) ibilbideetan, inguruetako ibilbideak direnez, aplikatu beharreko tarifa hauxe izanen da:

c) ibilbiderako:

.Txartel bakunak, abiapuntua edo helmuga Beriainen, Getzaurren, Noainen eta Cordovillan: 90 pezeta.

.Joan-etorriko txartela, 9:00ak arte: 120 pezeta.

.Txartel bakuna Berriozartik edo Aitzoaingo bidegurutzetik Iruñeko erdialdera: 85 pezeta. Ibilbideko gainerako zatietarako: 90 pezeta.

.Joan-etorriko txartela, 9:00ak arte: 115 pezeta Iruñeko erdialderako; 120 pezeta gainerako tokietarako.

.d) ibilbiderako 85 pezeta, bidaia.

9. Bermea: Berme bat, eskudirutan, edo banku baten edo legez ezaguturiko finantza entitate baten abala, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren izenean, ezarri beharko da, 1.865.000 pezeta eginen duelarik.

10. Kontzesioko epea: Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legeko 2. Xedapen Gehigarriarekin bat, kontzesioko mugaeguna 2007ko irailaren 17a izanen da.

Bestelako eginbeharrak. Familia ugaria. Enpresa beharturik dago famili ugariei merketze bat egitera, a) eta b) ibilbideetako bidaietan, eta Beriaindik Iruñera bitarteko ibilbidean. Merketze hori kontzesioan aplikatu beharreko tarifan sarturik dago.

Iragarkiaren kodea: A9808417