113. ALDIZKARIA - 1998ko irailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

3772/1998 FORU AGINDUA, irailaren 7koa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, Iruña-Atarrabia kontzesioak (Orikaingo, Uharteko eta Olazko adarrak barne) eta Iruña-Zizur Nagusia-Gazolatz kontzesioak (Barañaingo adarra barne) bat egitea (34. espedientea) behin betikoz onesten duena.

La Montañesa, S.A.L. enpresak bidaiari guztientzako errepideko garraio publiko erregular iraunkorreko Iruña- Zizur Nagusia-Gazolatz kontzesioek (Barañaingo adarrak barne) bat egitea eskatu zuen, bera baita horien titularra. Halaber, kontzesio horretan berean Gorraitza beste adar bat egitea ere eskatu zuen.

1998ko apirilaren 15ean eman eta maiatzaren 22ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen 1439/1998 Foru Aginduaren bidez Iruña-Atarrabia kontzesioak (Orikaingo, Uharteko eta Olazko adarrak barne) eta Iruña-Zizur Nagusia-Gazolatz kontzesioak (Barañaingo adarra barne) bat egitea behin-behinean eta oinarri plegu aldatua hilabetez jendeaurrean paratzea onetsi zen.

Iruñeko Udalak, 1998ko ekainaren 22ko ofizioaren bidez eskatu zuen, espedientera agertutzat jotzea eta, bere eskumenak Foru Administrazioaren eskumenekin bat etorrarazi eta udalerri horretako hiri garraioko kontzesio-hartzailearen eskubideak babesteko, egoki ziren elkarrizketei ekin zekiela.

Ekainaren 30ean bilera bat izan zuten bi Administrazioen ordezkariek. Horren ondorioz, ekainaren 2an, Iruñeko Udalari Oinarri Plegua igorri zitzaion eta eskatu, Iruñean egin beharreko geralekuei buruz argibideak eman zitzala. Gaur arte ez da erantzunik hartu.

Alegazioetarako epean, ondoren eman eta erantzuten direnak aurkeztu dira:

-La Montañesa S.A.L.k eskatu du Oinarri Pleguan aldaketa zenbait egin daitezela, ordutegiei eta ibilbideei dagozkienak, eta ibilgailurik zaharrenak ordezteko eta gehigarriak jartzeko baimena eman dakiola.

Alegazio horiek onartu dira. Oinarri Pleguan behar ziren aldaketak sartu dira, pentsatzen baita egiten ari diren geraleku eta zerbitzuen gaurko errelitatearekin bat datozela.

-Cooperativa de Transportes Urbanos de Pamplona (COTUP) enpresak eskatu du egin nahi den bategitea bertan behera utz dadila, alegatzen duelarik:

1) Garraioa, Atarrabia eta Uhartetik Zizur Nagusi eta Zizur Txikira hirikoa denez, Nafarroako Gobernuak ez du eskumenik.

Alegatzaileak dioenaren aurka, bategitearen xede diren garraio zerbitzuak hiriartekoak dira eta, beraz, Foru Komunitateko Administrazioaren esku dira.

Bestaldetik, kontuan hartzekoa da, Iruñerriko bidaiari garraio erregularrari buruzko ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legeko Bigarren Xedapen Iragankorrak ezartzen duela, Iruñerriko Mankomunitateak hartan garraioari buruz arautzen diren eskumenak bere gain hartzen ez ditueneino, hori oraindik gertatu ez delarik, "Foru Legeak indarra hartu aurretik zegoen eskumen banaketak bere horretan segituko du, inolako aldaketarik gabe".

2) Oinarri Pleguan Iruñeko geraleku batzuk baimentzen dira eta COTUPek Iruñeko hiri garraioaren "monopolioa" duenez, trafiko horiek ez dira baimentzen ahal.

Horri dagokionez, esan beharra dago, hiriarteko lineak direnez, Foru Administrazioari dagokiola geralekuak zehaztea, bera baita zerbitzu publikoaren titularra.

Adierazi behar da, dena dela, kontzesio bategina arautzen duen oinarri pleguari 4. puntua gaineratu zaiola, espreski Iruñean hiri trafikoa debekatzen duena, hots, udalerri horretan bertara doazen bidaiariak hartzea. Halaber, geraleku batzuetan beste muga batzuk ere ezarri dira.

3) Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legea garatzen duen Erregelamendua arautzen duen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuko 75. artikuluak xedatzen duenez, "hiri lorzoruan edo urbanizagarrian egin beharreko geralekuak, ukituriko Udalaren txosten edo proposamenaren ondoren zehaztu eta aldatuko dira". Kasu honetan ez dago ez txostenik ez proposamenik.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legeko 75.1 artikuluan xedaturikoa betetzeko asmoz, 1998ko uztailaren 2ko ofizioaren bidez, Iruñeko Udalari kontzesioek bat egiteko oinarri plegua igorri zitzaion, udalerri horretan egin beharreko geralekuei buruz txosten bat luza zezan, baina ez dio inolako erantzunik eman Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari.

Arauzko izapidaketak eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak beterik, Departamentu honek ekainaren 27ko 150/1984 Foru Dekretuaren bidez eskuordeturik dauzkan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Iruña-Atarrabia kontzesioak (Orikaingo, Uharteko eta Olazko adarrak barne) eta Iruña-Zizur Nagusia-Gazolatz kontzesioak (Barañaingo adarra barne) bat egitea behin betikoz onestea.

Bigarrena.-Atarrabia-Iruña-Barañain bategitearen ondoriozko kontzesioa (Orikaingo, Uharteko, Olazko, Zizur Nagusiko, Gazolazko eta Gorraizko adarrak barne) La Montañesa, S.A.L.ri esleitzea (34. espedientea), Foru Agindu honen Eranskinean agertzen den oinarri pleguko baldintzen arabera.

Hirugarrena.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Laugarrena.-Foru Agindu hau Garraio Zerbitzuari, Iruñeko Udalari, La Montañesa, S.A.L.ri eta Cooperativa de Transportes Urbanos de Pamplona, COTUP-i jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko irailaren zazpian.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

ORIKAINGO, UHARTEKO, OLAZKO, ZIZUR NAGUSIKO, GAZOLAZKO ETA GORRAIZKO ADARRAK BILTZEN DITUEN ATARRABIA- IRUÑA-BARAÑAIN ERABILTZAILE GUZTIENTZAKO GARRAIO PUBLIKO ERREGULAR IRAUNKORREKO KONTZESIOA ARAUTZEN DUEN OINARRI PLEGU ALDATUA (34. ESPEDIENTEA)

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legeko 93. artikuluan xedaturikoaren arabera, gaur egun La Montañesa, S.A.L. enpresak ustiatzen dituen Iruña- Atarrabia kontzesioak (Orikaingo, Uharteko, Olazko eta Gorraizko adarrak barne) eta Iruña-Zizur Nagusia-Gazolatz kontzesioak (Barañaingo adarra barne) bat egiteko eta kontzesio bateginean Gorraitza beste adar bat egiteko espedienteari ekin dio, baldintza hauei jarraikiz:

1. Zerbitzuaren ustiapenari dagokionez, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko 16/1987 Legean eta hori garatzeko arauetan xedaturikoa beteko da.

2. Ibilbidea:

a) Orikaindik abiaturik, Arretik eta Atarrabiatik barna, Iruñera, N-121 errepidetik, eta Iruñetik abiaturik Barañaina, guztira 12,5 kilometro.

b) Olaztik Uhartera eta Uhartetik Iruñera, N-121 errepidetik barna, eta Iruñetik Barañaina, guztira 11,5 kilometro.

c) Iruñetik Zizur Nagusira, NA-111 errepidetik, guztira 5 kilometro.

d) Uhartetik Iruñera, N-121-A errepidetik, eta Iruñetik Barañaina, 10,5 kilometro guztira.

e) Gorraiztik Iruñera, C-135 errepidetik, 3 kilometro guztira.

3. Geralekuak:

-a) ibilbidea: Orikain (Aguirre hotela), Arre (Mundo Mueble), Atarrabia, Burlata, Iruña eta Barañain.

-b) ibilbidea: Olazko bidegurutzea, Iruña eta Barañain.

-c) ibilbidea: Iruña, Zizur Nagusia (herria), Zizurko auzoberria.

-d) ibilbidea: Uharte, Atarrabia, Burlata, Iruña eta Barañain.

-e) ibilbidea: Gorraitz, Iruña.

a), b) eta d) ibilbideetan toki hauek izanen dira geralekuak: Nafarroa Behereko etorbidea (Apaizgaitegiaren aurrean); Nafarroa Behereko etorbideko 14a; Yanguas y Miranda kalea (Intendentziako aparkalekua); Navas de Tolosa etorbidea (Tres Reyes hotela); Pio XII.a etorbidea (Urdazubiko Monastegiko bidegurutzea); Pio XII.a etorbideko 20a; Pio XII.a etorbidea (Unibertsitateko Klinika); Nafarroako Ospitalea; Bideko Ama Birjina Ospitalea; Barañaingo etorbidea (Kanpo Kontsulten Zentroaren aurrean). Itzulbidean Yanguas y Miranda kaleko eta Navas de Tolosa etorbideko geralekuen ordez Oliveto Kondea etorbideko 5ean izanen da geraleku bat.

4. Trafikoak: Iruñean hiri trafikoa (Iruñera doazen bidaiariak Iruñean hartu edo uztea) debeku da.

a), b) eta d) ibilbideetan, Burlatatik Barañaina, Nafarroa Behereko etorbideko geralekuetan ez da bidaiaririk hartzen ahalko eta Navas de Tolosa etorbideko, Pio XII.a etorbideko, Nafarroako Ospitaleko eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko geraleku guztietan ez da bidaiaririk uzten ahalko. Halaber, Barañaindik Burlatara, Bideko Ama Birjina Ospitaleko, Nafarroako Ospitaleko eta Pio XII.a etorbideko geraleku guztietan ez da bidaiaririk hartzen ahalko eta Nafarroa Behereko etorbidekoetan ez da uzten ahalko.

5. Egutegia, bidaiak eta ordutegia:

-a) ibilbidea: lau bidaia egunero, joan-etorrikoak.

-b) ibilbidea: Olaztik Iruñera.

.Astelehenetik ostiralera, lanegunetan, 16 bidaia, joan-etorrikoak.

.Larunbatetan: 7 bidaia, joan-etorrikoak.

.Igande eta jaiegunetan: 3 bidaia, joan-etorrikoak.

-c) ibilbidea: Iruñetik Zizur Nagusira.

.Astelehenetik ostiralera, lanegunetan, bidaia bat 15 minututik behin, 6:45etatik 22:15ak arte.

.Larunbatetan: bidaia bat 30 minututik behin, 6:45etatik 22:15ak arte.

.Igande eta jaiegunetan: bidaia bat 60 minututik behin 7:00etatik 14:00ak arte, eta 30 minututik behin 14:00etatik 22:15ak arte.

-d) ibilbidea: Uharte-Iruña-Barañain.

.Astelehenetik ostiralera, lanegunetan: bidaia bat Atarrabiatik Barañaina 7,5 minututik behin eta bidaia bat Uhartetik 15 minututik behin, 6:45etatik 21:00ak arte. 21:00etatik aurrera, Atarrabiatik Barañaina, 10 minututik behin izanen dira eta Uhartetik, 20 minututik behin 22:30ak arte.

.Astelehenetik ostiralera, eskola egunak ez badira, eta larunbatetan: bidaia bat 10 minututik behin, 6:45etatik 22:30ak arte.

.Igande eta jaiegunetan: bidaia bat 20 minututik behin, 18:00ak arte, eta 10 minututik behin, 18:00etatik 22:30ak arte.

-e) ibilbidea: Gorraiztik Iruñera:

.Astelehenetik ostiralera 10 bidaia eginen dira Iruñetik eta 9 Gorraiztik.

Egin beharreko bidaietako orduak Administrazioari jakinarazi beharko dizkio, horrek jakin eta onets ditzan.

6. Ibilgailuak: Kontzesio hau ustiatzeko hiriko motako 11 ibilgailu erabiliko dira, gehienez ere 12 urte izanen dituztenak. Autobus gehigarriak edo titularrak matxuraturik egoteagatik ordezten dituztenak zaharragoak izaten ahalko dira. Kontzesio-hartzaileak baimena eskatu beharko dio Administrazioari kontzesioan ibilgailuak atxikitzeko.

7. Instalazioak: kontzesioak ez du instalazio finkorik behar, baina, Administrazioak onartu ondoren, zehazten diren txarteldegiak eta itxarongelak erabiliko dira.

8. Tarifa araubidea: kontzesioaren ezaugarriak direla eta, tarifa hauek izanen dira:

.Txartel bakuna, abiapuntua edo helmuga Atarrabian, Burlatan eta Barañainen izanen duena: 80 pezeta.

.Txartel bakuna, abiapuntua edo helmuga Arren, Orikainen, Uharten edo Olatzen izanen duena: 85 pezeta.

.Joan-etorriko txartel murriztua, abiapuntua Atarrabian, Burlatan, Uharten eta Barañainen izanen duena, 9:00ak arte: 115 pezeta.

.Txartel bakuna, abiapuntua Gorraitzen izanen duena: 85 pezeta.

9. Bermea: Berme bat, eskudirutan, edo banku baten edo legez ezaguturiko finantza entitate baten abala, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren izenean, ezarri beharko da, 1.865.000 pezeta eginen duelarik.

10. Kontzesioko epea: Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legeko 2. Xedapen Gehigarriarekin bat, kontzesioko mugaeguna 2007ko irailaren 22a izanen da.

Iragarkiaren kodea: A9808416