113. ALDIZKARIA - 1998ko irailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

263/1998 FORU DEKRETUA, irailaren 7koa, Albiasuko errepideko espaloietarako eta Lekunberriko zeharbideko eta glorietarako obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapena egiteko, presakoa dela deklaratzen duena.

Lekunberriko Udalak 1998ko maiatzaren 14an egindako osoko bilkuran harturiko erabakiaren bidez, Albiasuko errepideko espaloietarako eta Lekunberriko zeharbideko eta glorietarako proiektuko obrak egiteko desjabetzapen prozedurari hasiera eman zitzaion eta ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zen hamabost egunez.

Jendaurreko epea alegaziorik aurkeztu gabe amaiturik, Lekunberriko Udalak, 1998ko abuztuaren 13an harturiko Erabakiaren bidez, behin betikoz onetsi zuen proiektu horrek ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda.

Obrak lehenbailehen egin beharra justifikatuta dago, izan ere, beharrezkoa da industrialdeko egungo trafikoa antolatzea Lekunberriko zeharbidera doan errepide batez baliatuz. Errepide horretan oinezko asko ibiltzen da eta horretaz gain trafikoak arazoak sortzen ditu bizilekuetan.

Nafarroako Gobernuak, Lekunberriko Udalak aurkeztutako arrazoiak ikusirik, erabaki du justifikatuta dagoela desjabetzapenak ukituriko ondasunen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko irailaren zazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Albiasuko errepideko espaloietarako eta Lekunberriko zeharbideko eta glorietarako proiektuko obrek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko irailaren zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9808326