113. ALDIZKARIA - 1998ko irailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

266/1998 FORU DEKRETUA, irailaren 7koa, Nafarroako Errege Bardeako Natur Baliabideak Antolatzeko Plana behin betikoz onesten duena.

Irailaren 9ko 320/1996 Foru Dekretuaren bidez, Natur Baliabideak Antolatzeko Planak prestatzeko prozedura ezarri zen. Foru Dekretu horren 2. artikulua toki entitate eskudunen ekinbidez izapidatzen diren Antolamendu Planez ari da, Nafarroako Errege Bardeako Komunitateak izapidatu duen hau bezalakoez, hain zuzen.

Nafarroako Errege Bardeako Komunitateak, 1997ko ekainaren 27an egindako Batzar Nagusi berezian, aho batez erabaki zuen Bardeako Natur Baliabideak Antolatzeko Planaren Aurrerapena hasiera batez onestea. Erabaki hori 1997ko uztailaren 23ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen eta jendaurrean egoteko bi hilabeteko epea finkatu zen.

Horren ondotik, 1998ko martxoaren 14an harturiko erabakiaren bidez, Bardeako Komunitatearen Batzar Nagusiak hasiera batez onetsi zuen Natur Baliabideak Antolatzeko Planaren Proiektua. Onespen hori 1998ko martxoaren 16ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren, jendaurrean egoteko beste epe bat ireki zen.

Horrekin batean, Erabakia Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari igorri zitzaion, bidezko txostena eman zezan.

Alegazioak, horien balorazioa eta Planaren proiektua Nafarroako Ingurugiro Kontseilura igorri ziren. Kontseiluak proiektuarekiko adostasun txostena eman zuen, 1998ko uztailaren 1ean egindako bilkuran.

Bardeako Batzar Nagusiak, 1998ko uztailaren 23an egindako osoko bilkuran, behin-behineko onespena eman zion proiektuari eta 1998ko irailaren 3an Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura bidali zuen, horrek Nafarroako Gobernuari igorri ziezaion. Hortaz, ezarrita dauden prozedura tramite guztiak bete direnez gero, bidezko da Bardeako Natur Baliabideak Antolatzeko Plana behin betikoz onestea.

Horrenbestez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko irailaren zazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Errege Bardeako Natur Baliabideak Antolatzeko Plana behin betikoz onestea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ahalmena ematen zaio Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari Foru Dekretu hau betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko irailaren zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A9808329