100. ALDIZKARIA - 1998ko abuztuaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

756/1998 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, "Bertsolaritza irakaskuntzan" programa sustatzeko laguntza teknikoa, 1998-1999 ikasturteko lehen hiruhilekorako, kontratatzeko Administrazio Klausula Partikularren Plegua eta Agindu teknikoak onesten dituena.

1998-1999 ikasturteko lehen hiruhilekoan egitekoa den "Bertsolaritza irakaskuntzan" programari buruz Euskara Zerbitzuak aurkeztu duen txostena aztertu da.

Kontuan izan behar da 1997-1998 ikasturtean Programa hau burutu dela eta jarduera hauek burutzen jarraitu nahi dela. Hona hemen jarduera hauen helburuak, garrantzi hurrenkeraren arabera:

a) Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Derrigorrezkoaren Ondoko Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean bertsozaletasuna bultzatzea.

b) Irakasleendako ikastaroak antolatzea, beraiek irakaslan hauek hartzen ez dituzten bitartean.

c) 1998-1999 ikasturteko Haur eta Gazteendako Bertso txapelketa antolatzea.

Apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak -36. artikuluaren c) eta d)- ematen dizkidan eskurantzak erabiliz, eta Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak emandako irailaren 30eko 398/1996 Foru Aginduak eskuordetzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Bertsolaritza irakaskuntzan" programa 1998-1999 ikasturteko lehen hiruhilekorako kontratatzeko Administrazio Klausula Partikularren Plegua eta Agindu teknikoak onestea.

2. Euskara Zerbitzuari agintzea behar diren urratsak eman ditzan programa hori kontratatzeko lehiaketa publikoaren bidez.

3. Programa finantzatzea, hots, 985.500 pta., 1998. urteko gastuen aurrekontuaren 41400-2269-4229 (13520-1 lerroa-Euskara sustatzea) kontusailaren kargu egitea.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontuhartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Euskara Zerbitzura eta Euskara Sustatzeko Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun laurogeita hemezortziko uztailaren hogeitahiruan.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

"BERTSOLARITZA IRAKASKUNTZAN" SUSTAPEN PROGRAMA KONTRATATZEKO ADMINISTRAZIO KLAUSULA PARTIKULARREN PLEGUA

Lehena.-Helburua

Administrazio klausula partikular hauen helburua "Bertsolaritza irakaskuntzan" sustapen programa egiteko zerbitzua kontratatzea da, 1998-1999 ikasturteko lehen hiruhilekorako; programa hau Nafarroako Ikastetxe Publiko eta Pribatu itunduetan ikasten duten Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Derrigorrezkoaren Ondoko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzentzen zaie.

Bigarrena.-Adjudikazio prozedura

Kontratua lehiaketa publikoaren bidez adjudikatuko da, apirilaren 25eko 161/1991 Foru Dekretuaren arabera, laguntza teknikoaren kontratuak arautzen dituena, eta maiatzaren 18ko 13/1995 Legearen arabera, Administrazio Publikoen kontratuak arautzen dituena.

Hirugarrena.-Aurrekontua

Aipatu den zerbitzu horren aurrekontu guztia 985.500 pta. da, BEZa barne.

Laugarrena.-Kontratuaren iraupena

Kontratuaren iraupena 1998ko urriaren 1etik 1998ko abenduaren 31 arte, eta automatikoki luzatu ahal izango da 1999ko ekainaren 30a arte, parte sinatzaileek ez badute salatzen gutxienez hilabete bat lehenago.

Bosgarrena.-Proposamenak

Proposamenak plegu itxian aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean, edo azaroaren 26ko 20/1992 Legeak, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoa eta Guztiendako Administrazio Prozedura arautzen duenak, bere 38.4 artikuluan aurreikusten dituen bideak erabiliz, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 26 egun naturalen barruan.

Gutunazal horren kanpoko aldean hitz hauek idatziko dira: "-Bertsolaritza irakaskuntzan- sustapen programa kontratatzeko proposamena"; eta barruan bi gutunazal itxi eta sinatuak edukiko ditu, eta batean 1 zenbakia eta bestean 2a idatziko dira.

1 gutunazalak "Dokumentuak" izena izango du, eta honako dokumentu hauek bilduko ditu:

a) Pertsona juridikoa bada, elkartearen eratze eskritura eta askiespen agiria, behar diren ondorioetarako, lekuan lekuko Erregistroan zuzen erregistratuak, eta ahaldunaren NANa. Hauek guztiak jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izango dira.

b) Pertsona fisikoa bada, NANa edo honen fotokopia konpultsatua.

c) Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzari behin-behineko bermea ordaindu zaiola egiaztatzen duen gordekina. Berme honen dirua lizitazioaren prezioaren % 2 izango da, dirutan, zor titulutan edo abala legezko eran, uztailaren 21eko 205/1998 Foru Dekretuak (abuztuaren 1eko 93. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) onetsitako ereduari jarraiki.

Bigarren gutunazalean "Eskaintza" idatziko da, eta ondoko hauek bilduko ditu:

a) Lan egiteko plana. Lan antolaketari buruzko alderdiak eta eskaintza justifikatzeko eta lan plana argitzeko interesgarri izan daitezkeen datuak.

b) Zerbitzua emango duen/ten pertsonaren/en titulu akademikoa/k.

c) Bertsolaritzari loturiko irakaslanetan duten esperientzia egiaztatzen duen ziurtagiria eta alor honetako argitalpenak.

d) Proposamen ekonomikoa, honekin batera doan ereduaren arabera.

Seigarrena.-Pleguak irekitzea.

Kontratazio mahaikideak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko honako hauek izango dira:

Euskara Zerbitzuko zuzendaria.

Eduardo Aldasoro Lecea jauna, Euskara Zerbitzuko teknikaria.

Soledad Erbiti Arbilla anderea, Euskara sustatzeko bulegoburua.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuko letratu bat.

Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen eskuhartzaile-eskuordetua.

Kontratazio mahaiak jendeaurreko ekitaldi batean irekiko ditu gutunazalak, proposamenak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita laugarren egun baliodunean, eguerdiko hamabietan, eta akta egingo da.

Zazpigarrena.-Adjudikazioa.

Euskara Zerbitzuak proposamen aurkeztuak baloratuko ditu eta honetaz egingo duen txostena gehi adjudikazio proposamena bideratuko eta Hezkuntza Zuzendari Nagusiaren esku utziko da, esleipenari buruz erabaki dezan.

Kontratazioa egiteko irizpideak honako hauek izango dira:

a) Eskaintza ekonomikoa: % 15.

b) Titulu akademikoak, orokorrak eta pedagogia arloko berariazkoak: % 25.

c) Bertsolaritzari loturiko irakaslanetan duten esperientzia: % 35.

d) Bertsolaritzari loturiko argitalpenak: % 10.

e) Lan plana: % 15.

Zortzigarrena.-Kontratua egitea.

Adjudikazioa hartzen duen enpresak, kontratua egin aurretik, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Zerga betebeharretan egunean dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren ziurtagiria. Bertan agertuko den data lehiaketa hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondorengoa izango da.

c) Behin betiko berme bat ordaindu izanaren ziurtagiria; berme honen dirua hileko esleipenaren prezioaren %4a bider 12 izango da, dirutan, Nafarroako Zor titulutan edo abala legezko eran. Kontratualdia amaituta eta hilabete bat geroago bermea kitatuko da, honek ez badu ondoriorik eragiten.

d) Zerbitzua egingo duten pertsonen izen-zerrenda; eta hauek izango dira, nahitaez, proposamenean ageri direnak, Administrazioak espreski ez badu aldaketaren bat baimentzen.

Enpresa adjudikazio hartzaileak aipatu den dokumentazioa aurkeztuko ez balu agindutako epeen barruan, kontratua ez litzateke egingo eta finkaturiko ondorioak ekarriko lituzke, eta honenbestez, zerbitzuaren esleipena hurrengo eskaintzarik hoberenari emango litzaioke, aurkeztu direnen artean eta gorago zerrendaturiko irizpideei jarraiki.

BETEBEHAR TEKNIKOAK

Bederatzigarrena.-Egin beharreko lanak

Koordinatzailearen lana, lehenengo, irakasleak prestatzea izango da, eta D hizkuntz eredua duten Nafarroako Ikastetxe Publiko eta Pribatu itunduetako ikasleei irakaslana ematea.

Bertsolaritza ikastaro bat egitea irakasleei zuzendua 1998-1999 ikasturteraren hasieran.

Ikastetxeetan irakaslan honetan diharduten irakasleen koordinazio lana egitea.

Bertsolaritzako metodo berriak ezagutaraztea eta irakaskuntza hauetarako plan orokorra egitea.

Material berriak sortzea, ikasturtean zehar ikusten diren beharrei erantzuteko.

Bertsolaritzako txapelketa antolatzea, Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen baitu.

Txosten bat prestatzea 1998ko abenduaren 31 baino lehen, 1998-1999 ikasturteko lehen hiruhileko jarduerak baloratuz.

Hamargarrena.-Ordaintzeko era

Hilean hilekoa ordainduko da, hila amaitutakoan, 1998ko azaroaren 1etik aitzinerat, aldez aurretik Gizarte Segurantzari ordaindu zaiolako edo ordainketa hori eguneratuta dutelako ziurtagiria aurkeztuta.

Hamaikagarrena.-Kontratua aldatzea.

Ez dago kontratuaren helburua aldatzerik, ezta baldintzak ere, Administrazio kontratuegileak ez badu horretarako onespenik ematen.

Hamabigarrena.-Kontratuak indarra galtzea.

Kontratuak indarra galduko du ebazpenaren bidez edo kontratualdia amaitzean.

Kontratuaren haustea ekarriko duten arrazoiak azaroaren 14ko 113/1986 Foru Legearen 58. artikuluan aipatzen dira. Lege honek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuak arautzen ditu.

Hamairugarrena.-Kontratua ez betetzea

Kontratua hartzen duenak kontratuko edozein baldintza ez betetzeak baimena ematen dio Administrazioari hura zehatz-mehatz bete dadin eskatzeko edo kontratua bukatzeko, behar diren zehapenak eta kalteordainak ezarriz.

Hamalaugarrena.-Kontratua lagatzea

Kontratua ezin da hirugarrenen esku utzi.

Hamabosgarrena.-Lege erregimena

Administrazio klausula hauen esanetara dagoen kontratu honek ondoko lege hauei jarraituko die: Plegu honi, apirilaren 25eko 161/1991 Foru Dekretuari (Nafarroako Foru Komunitateak eta bere Erakunde Autonomoek egiten dituzten laguntza teknikoko kontratuak arautzen dituena), azaroaren 14ko 13/1986 Foru Legeari (Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuak arautzen dituena) eta maiatzaren 18ko 13/1995 Legeari (Administrazio Publikoetako Kontratuak arautzen dituena) eta indarrean dauden bestelako lege-xedapenei.

Hamaseigarrena.-Kontratuaren interpretazioa

Plegu honetako zerbitzuaren kontratazio mota administratiboa da, hau dela-eta gerta daitezkeen gora-beherak, bai baldintza lanak egitearen ondorioz eta bai baldintza hauetako xedapenen interpretazioaren ondorioz, Administrazio kontratudunak ebatziko ditu, eta bere ebazpenen aurka errekurtso arrunta jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabete baten barruan jakinarazpena egiten denetik.

Iragarkiaren kodea: A9807386