100. ALDIZKARIA - 1998ko abuztuaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L U Z A I D E

Ordenantza fiskalaren behin betiko onespena

Luzaideko Udalak, 1998ko martxoaren 26an egin osoko bilkuran, besteak beste, erabaki zuen hasiera batez onestea irekitzeko lizentzien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Aipatu erabakia 1998ko maiatzaren 6ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara eta egun horretatik aitzinera 30 egun balioduneko epean egon da jendaurrean Udaletxeko iragarki oholean eta epe horretan zehar ez du inolako alegaziorik jaso. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa betez aipatu ordenantza behin betikoz onetsita gelditu da. Ondotik ematen da argitara testu osoa.

Luzaiden, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko ekainaren hogeita bederatzian. Alkatea, Ana Isabel Elizondo Ainciburu.

E R A N S K I N A

IREKITZEKO LIZENTZIEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 180. eta hurrengo artikuluetan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Zergagaia

2. art. Industri edo merkataritza establezimenduek, lasaitasun eta osasungarritasun baldintzak, hala nola haien funtzionamendu normala erregulatzeko indarra duten bertzelako arauetan ezarritako gainerakoak betetzen dituzten ala ez egiaztatzeko, irekitzeko lizentzia eman aurretik Udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboen ondorioa da zergagaia.

3. art. Aitzineko artikuluan aurreikusitako ondorioak bete daitezen, irekitzeko lizentzia kasu hauetan beharko da:

a) Jarduerak hasteko establezimendua berritik paratzea.

b) Establezimendua handitzea eta bertan ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzetan eragina duen bertze edozein aldaketa egitea, horren ondorioz baldintzak berriz egiaztatu beharko direla.

c) Jadanik irekiak dauden establezimenduei buruzko jarduera sailkatuetarako espedienteak legeztatzea.

4. art. Industri edo merkataritzako establezimendutzat hartuko dira bakarrik etxebizitza ez izateaz gain ondoko baldintza hauek betetzen dituzten eraikin edo instalazio guztiak, jendearendako irekiak izan edo ez:

a) Enpresa, fabrikazio, artisautza, eraikuntza, merkataritza edo zerbitzuetako jarduera bati lotua egotea.

b) Aipatu jarduera horiek egin gabe, haien lagungarriak edo osagarriak izatea, edo haietatik etekinak edo probetxamenduak ateratzea.

Salbuespenak

5. art. Ez da salbuespenik ez hobaririk onartuko ordenantza honetan araututako tasa ordainarazterakoan.

Subjektu pasiboa

6. art. Zergadun diren aldetik, tasaren subjektu pasiboak hauek dira: ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako establezimenduren bat zuzenean ustiatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat osatzen duten entitateak.

7. art. Zergadunaren ordezkoak izanen dira establezimendu edo lokal horien jabeak, eta horiek, behar balitz, egiten den edo egiteko asmo den jardueraren titularrei pasatzen ahalko dizkiete kuotak.

Tributu-kuota

8. art. Tributu-kuota zehazteko, ondoko tarifak aplikatuko dira:

1.-Berritik paratzen diren establezimenduak: 10.000 pezeta.

2.-Lokala tokiz aldatzea:

Berritik paratzen diren establezimenduen % 50 ordainduko dute.

3.-Handitzeak.

Establezimenduak berritik paratzeak eta jarduerak handitzeak tarifa berdinak izanen dituzte.

4.-Irekita dauden establezimenduak legeztatzeko, berritik paratzen direnen tarifa berberak izanen dituzte: 10.000 pezeta.

Sortzapena

9. art. Tasa eta ordaintzeko obligazioa sortuko dira zergagaia osatzen duen udal jarduera egiten denean.

10 art. Establezimendua behar den lizentzia eskuratu gabe irekitzen baldin bada, tasa sortuko da establezimenduak behar diren baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko udal jarduera egiten denean. Hori guztia, establezimendua irekitzeko baimena eman edo, irekiera baimendu ezina balitz, hura ixteko dekretatzeko ireki litekeen administrazio espedientea deusetan ukatu gabe.

Kudeaketa arauak

11. art. Lizentzia erdiesteko interesa duenak behar den eskabidea aurkeztuko du Herriko Etxean, egin beharreko jarduera(k) eta tokia zehaztuz. Eskabidearekin batean, jarduera sailkatuen kontrolari buruzko Foru Legeak eskatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du.

12. art. Lizentzia eman ondoren eta tasaren likidazioa eginda, interesatuak haren zenbatekoa borondatezko epean ordaindu beharko du, jakinarazpenaren egunetik hasita, bestela, premiamendu bidezko kobrantza eginen zaio inolako abisurik eman gabe.

Arau-hausteak

13. art. Arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian, ordenantza fiskal orokorrak eta, hori ez balitz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak eta harekin bat datozen arauek, ezarritakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordezko gisa, toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean hartuko du indarra eta erabateko eragin juridikoa sortuko.

Iragarkiaren kodea: A9806168