100. ALDIZKARIA - 1998ko abuztuaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

Z I O R D I A

Deialdia, Ziordiko Liburutegi Publikoko arduraduna oposizio bidez hartzeko

Udalaren erabakiaren bidez onetsi da Ziordiko Liburutegi Publikoko arduradun lanpostu bat, oposizio- lehiaketa bidez, lan araubidean eta lanaldi ez-osoan, urtebeterako, luzatu badaiteke ere, betetzeko deialdia.

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdia honen xedea Liburutegi Publikoko arduraduna hartzea da, nola eta oposizio-lehiaketa bidez, lanaldi partzialean eta lan-kontratuarekin, zenbat eta urtebeterako, edo gehiagorako, luzapena izaten ahal baita.

1.2. Izendatzen denak hamabost eguneko probaldia igaro beharko du, kontratua sinatzen denetik aitzina.

1.3. Kontratatuaren eginkizunak Udal baten liburutegiaren arduradun batek berezko dituenak izanen dira, hezkuntza eta kultura arloko beste jarduketa batzuekin batera.

1.4. Lanaldia astean 20 ordukoa izanen da. Haietatik, 10 liburutegia ireki eta jendeari harrera egiteko izanen dira, eta gainerakoak hezkuntza eta kultura arloko jarduketak antolatzeko.

1.5. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legean ezarritako C maila oinarritako harturik, kontratatutako lanaldiari proportzionalki dagokiona izanen da lanpostuaren lansaria.

2. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea akitzen den egunean, baldintza hauek beharko dituzte bete:

a) Europako Batasuneko herritarra izatea.

b) Adinez nagusi izatea.

c) L.H.II titulua, goi mailako batxilergoa edo haien baliokide bat izatea.

d) Eginbeharrekoak egitea eragozten duen eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez edukitzea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta edozein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte aurreko baldintzak, deialdi honetan aurreikusitako moduan eta epean, eta eskabideak aurkezteko epea akitzen zenean jadanik beteak izan beharko zituzten. Eta haien jabe izan beharko dute hautatzeko prozedurak dirauen bitartean, izendapena egin arte.

3. oinarria.-Eskabideak.

3.1. Eskabideak Ziordiko udal bulegoetan aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasi eta hogeita hamar egun naturaleko epean, 8:00etatik 11:00etara eta azken eguneko 11:00ak baino lehen, balioduna bada, edo baliodun den hurrengo egunean. Aipatu eskabideak deialdi honetan I. eranskinean argitaratutako ereduari beharko zaizkio lotu, eta bertan izangaiek azaldu beharko dute eskatutako baldintza guzti guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean.

3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) N.A.N.aren edo identifikatzeko agiri baliokide baten fotokopia konpultsatua.

b) Interesatuak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agiriak, jatorrizkoak edo behar bezala izapidatutakoak. Baloratzerakoan ez da kontuan izanen behar bezala ziurtatu gabeko merezimendurik.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea akiturik, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALen argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, behin behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunetan, eta akatsik baldin bada, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioen epea iraganik, eta horiek ebatzita daudela, Ziordiko alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Ziordiko Udaleko alkatea, Miguel Casas Pérez jauna.

Ordezkoa: Ziordiko Udaleko alkateordea, Patxi Bengoetxea jauna.

Mahaikidea: Ziordiko Udaleko zinegotzia, Iñaki Gastaminza jauna.

Ordezkoa: Ziordiko Udaleko zinegotzia, Oskar Otxoa jauna.

Mahaikidea: Asunción Maestro Pegenaute, Nafarroako Liburutegi Sarearen Bulegoko burua.

Ordezkoa: legez ordezkatzen duena.

Mahaikidea: Maite Iparraguirre Astiz andrea, Sakanako Plangintza Orokorrerako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko teknikaria.

Ordezkoa: Yolanda Olasagarre Mendinueta andrea.

Idazkaria: María Carmen Garmendia andrea, Ziordiko Udaleko idazkari titularra.

Epaimahaia hautapen probak hasi aurretik eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa, gutxienez, ez badago bertan.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauek ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izaten ahalko du, proba guztietan nahiz batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta laguntza emanen diote epaimahaiari.

6. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren garapena.

Izangai onartu eta baztertuen zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira frogak hasteko tokia, eguna eta ordua.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi aldi izanen ditu. Lehenbizi lehiaketaldia izanen da eta ondoren oposizioaldia, oinarri hauetan zehazten den bezala.

6.2. Lehiaketaldia:

Lehiaketaldian 20 puntu eskuratuko dira, gehienez ere.

Alegatutako merezimenduengatik ondoko baremoaren arabera emanen dira puntuak:

6.2.1. Esperientzia liburuzain lanean, urte bakoitzeko 3 puntu, eta gehienez ere 12 puntu.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, kasuan kasuko administrazioaren ziurtagiriak behar dira, eta benetan egindakoak onartuko dira, nolanahi izanda ere kontratazio bidea edo lankidetza hitzarmena. Batera egindakoak izanez gero, puntuaziorik hoberena lortzeko eskubidea ematen dutenak baizik ez dira baloratuko.

Frogatutako esperientzia aldiak urte osoak egiten ez baditu, edo lana lanaldi osoan egin ez bada, behar den proportzionaltasuna aterako da.

6.2.2. Hobekuntza ikastaroak lanpostuarekin ikusteko duten gaietan, gehienez ere 8 puntu.

20 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 3 puntu.

20 ordu eta gutiagoko ikastaro bakoitzeko: 1,5 puntu.

Epaimahaiak lehiaketako puntuazioak argitaratuko ditu Udaletxeko iragarki oholean.

6.3. Oposizioaldia:

Oposizioaldiak ondoko ariketak izanen ditu:

Lehen ariketa:

a) Euskara proba: bi ariketa izanen dira, bat ahozkoa eta bestea idatzia, eta baztergarria izanen da, bazterturik geldituko baitira "gai" kalifikazioa eskuratzen ez dutenak.

Bigarren ariketa:

a) Proba teorikoa: deialdi honetako II. eranskineko gai-zerrendatik hautatutako bi gairi erantzun beharko zaio, idatziz erantzun ere. Ariketa hau egiteko, gehienez ere, 2 ordu daude. Ariketa honen puntuazioa 0tik 35era bitartekoa izanen da.

Hirugarren ariketa:

a) Proba praktikoa:

Hau izanen da:

1.-5 lanen katalogazioa (lanak epaimahaiak proposatuko ditu), "Reglas de Catalogación. I. Monografias y Publicaciones Seriadas" (Madrid. Direccion General del Libro y Bibliotecas) izeneko liburuan adierazitakoaren arabera; oposiziogileek arau horien ale bat erabiltzen ahalko dute.

2.-a) 5 lanen sailkapena (lanak epaimahaiak proposatuko ditu), Hamarkako Sailkapen Unibertsalean (C.D.U.) oinarriturik. Oposiziogileek taula horiek erabiltzen ahalko dituzte.

b) Lan horietako gai-izenburuak idaztea, eta horretarako behar diren zerrendak erabiltzen ahalko dira.

Ariketa honen puntuazioa 0tik 35 puntura bitartekoa izanen da, honela banatuak: probaren zati bakoitzeko 17,5 puntu.

Laugarren ariketa:

a) Elkarrizketa:

Izangaiek elkarrizketa eginen dute epaimahaiarekin, egin beharreko lanen inguruko gai orokorrez. Gehienez ere 10 puntu emanen dira, eta proba hau ez da baztergarria izanen.

6.4. Dei bakarra izanen da probak egiteko, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak baztertuta geratuko dira.

Oposizio-lehiaketaren azkeneko kalifikazioa bi aldietan izangaiak lortutako puntuazioak batuta lortuko da.

7. oinarria.-Gainditu dutenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

7.1. Proba guztiak egin eta kalifikatu ondoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, egin eta puntuaziorik altuena lortutako izangaien aldeko izendapen proposamena igorriko dio Udalari. Proposamen hori Udaletxeko iragarki oholean argitaratu beharko da, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

8. oinarria.-Agirien aurkezpena.

8.1. Proposatutako izangaiek, zenbait agiri aurkeztu beharko dituzte Mankomunitatearen bulegoetan hogeita hamar egun naturaleko epean, proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina. Hona aipatutako agiriak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) 2. oinarrian galdatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura luzatzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko desgaituta edo gabetuta ez dagoela, eta edozein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez dela izan adierazten duena.

d) Txosten medikoa, interesatuak lanpostuan normaltasunez aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.

8.2. Interesatuak aipatutako agiriak aurkezten ez baditu ezarritako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduerak oro baliogabetuta geratuko dira, hasierako eskabidean faltsukeria egiteagatik etor dakiokeen erantzukizuna ukatu gabe.

8.3. Aurreko idazatian aurreikusitako kasuan, Udalak 7. oinarrian aipatutako zerrendan jarraian agertzen diren izangaiekin beteko du lanpostua.

9. oinarria.-Izendapena.

Hautapen prozedura bukatu eta izangaiak arestiko 7.2 oinarriak aipatzen dituen agiriak ekarrita, Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Ziordiko Udaleko denbora baterako lan-kontratudun izendatuko du, liburuzain ari dadin.

9.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatuak hilabeteko epea izanen du, izendapena jakinarazten zaionetik, bere lanpostuaz jabetzeko. Epe horren barrenean, eta ezinbesteko kasuak salbu, lanpostuaz jabetzen ez bada, eskubide guztiak galduko ditu Ziordiko Udaleko denbora baterako lan-kontratudun bilakatzeko. Horrela gertatuz gero, 7.4 oinarrian adierazi bezala jokatuko da.

10. oinarria.-Helegiteak.

Deialdiaren kontra, haren oinarri eta horien aplikazio egintzen kontra ere, helegite hauek paratzen ahal dira:

a) Administrazioarekiko helegitea, zuzenean Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua. Horretarako bi hilabeteko epea dago Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Hautara, gora jotzeko helegitea Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzenduan. Horretarako hilabeteko epea daho Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ....................., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia: ........ bizilekua: ..................., (...........) kalea: .............. zenbakia: ........, posta kodea: ........., telefonoa: ...........

Honako hau dio:

Ziordiko Udaleko liburuzaina, oposizio-lehiaketa bidez, hartzeko deialdira onartua izatea eskatzen duela.

Karguaren eginkizunak betetzea eragozten dion akats fisiko, psikiko edo eritasunik ez duela.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezgaitasun bakarrik ere ez duela.

Inongo administrazio publikoren zerbitzutik disziplinazko espediente bidez ez dela baztertua izan, eta eginkizun publikoetarako ezgaitua ez dagoela.

Deialdiaren 2. oinarrian aipatzen den titulazioaren jabe dela.

Eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Horrenbestez,

Ziordiko Udaleko liburuzaina, oposizio-lehiaketa bidez, hartzeko deialdira onartua izatea eskatzen duela.

1998ko ..........aren .......(e)an.

II. ERANSKINA

Proba teorikoaren gai-zerrenda

1. gaia.-Liburutegien historia laburra.

2. gaia.-Liburua Antzinatean eta Erdi Aroan. Idazteari lotutako materialak.

3. gaia.-Inprentaren sorrera eta zabalkundea. Inprenta Nafarroan, XV. eta XVI. mendeetan batik bat.

4. gaia.-Bibliografia. Bibliografi bildumak. Nafarroako bibliografia.

5. gaia.-Liburu, liburutegi eta liburutegietako langileei buruzko legeak Espainian.

6. gaia.-Liburutegi motak. Liburutegi nazionalak. Liburutegi publikoak. Unibertsitateko liburutegia. Liburutegi bereziak eta espezializatuak.

7. gaia.-Liburutegi publikoa: kontzeptua eta eginkizunak. UNESCO eta liburutegi publikoak. Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarea.

8. gaia.-Fondo bibliografikoen sarrera. Hautapena, erosketa, trukaketa.

9. gaia.-Fondo bibliografikoen antolaketa. Erregistroa, katalogazioa eta sailkapena.

10. gaia.-Fondo bibliografikoen bilketa eta kontserbazioa.

11. gaia.-Liburutegietako zerbitzu publikoak: irakurketa, mailegua, informazio bibliografikoa, ikusentzunezkoak, erreprodukzioak.

12. gaia.-Irakurketa bultzatzea. Irakurleak erakartzeko kanpainak. Haurra eta liburutegia.

13. gaia.-Ordenadorea liburutegian. Liburutegiko zerbitzuen mekanizazioa.

14. gaia.-Katalogazio arauak (ISBD).

15. gaia.-Hamarkako sailkapen unibertsala.

Iragarkiaren kodea: A9806792