100. ALDIZKARIA - 1998ko abuztuaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

285/1998 FORU AGINDUA, uztailaren 22koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, 1998/99 ikasturterako Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak emateko deia egiten duena.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, 1998-99 ikasturterako Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak emateko deialdia onestea proposatzeko. Deialdi honen xedea honakoa da bekei dagokienez: Hezkuntza Bereziko Ikastetxeetan ikasketak egiteak sor ditzakeen gastuak ordaintzen laguntzea. Laguntzei dagokienez, berriz, helburu hauek dituzte: Haur Hezkuntzaren, Lehen Hezkuntzaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren mailetako ikasleek ikastetxetik kanpo, beren ikastetxean laguntzea ezinezkoa den hezkuntza behar berezien kasuetan, sortzen dituzten gastuak ordaintzen laguntzea.

Horren ondorioz eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluaren c) eta d) idazatiek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 1998/99 ikasturterako Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak emateko deialdia onestea, Eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

2. Deialdi hau Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak ebatz dezan eta ematen diren Beka eta Laguntzen ordainketa, 1998ko Gastuen Aurrekontuaren 41530-4809-4225 kontusaila, 13240-7 lerroa, "Hezkuntza Berezirako Beka eta Laguntzak" izenekoaren kargura egin dadin baimentzea.

3. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza eta Kultura Departamentuan duen kontuhartzaile delegatu jaunari, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Hezkuntza Sustapen eta Hedapenaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Hezkuntza Bereziko Unitate Teknikora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko uztailaren hogeita bian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

E R A N S K I N A

Oinarriak

Lehena.-Deitzen diren Beka eta Laguntza motak.

1. Deialdi honetan agertzen diren Hezkuntza Bereziko Beken xedea, hala behar duten eskatzaileei, 1998-99 ikasturtean Hezkuntza Bereziko Ikastetxeetan edozein maila edo gradutako ikasketak hartzeagatik sortzen diren gastuak ordaintzen laguntzea da.

Beka hauek ondoko kontzeptuengatik eskatzen ahal dira:

a) Jantokia.

b) Garraioa.

Beti ere zerbitzu hauek beste Entitate edo Erakunderen batek diruz laguntzen ez baditu.

2. Deialdi honetan agertzen diren Hezkuntza Bereziko Laguntzen xedea hala behar duten izangaiei Haur Hezkuntzaren, Lehen Hezkuntzaren eta DBHko mailetan eskolatutako eta hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleendako laguntzak, Ikastetxetik kanpo eta 1998-99 ikasturtean zehar, sortutako gastuak ordaintzen laguntzea da, ikastetxean bertan curriculuma moldatuz tratatzeko aukerak dituen arazo oro deialditik kanpo gelditzen direlarik.

Laguntza hauek ondoko kontzeptuengatik eskatzen ahal dira:

a) Hezkuntza behar berezietarako laguntza.

b) Garraioa.

Bigarrena.-Deitutako Beka eta Laguntzen hartzaileak.

1. Hezkuntza Bereziko Bekak ezintasun fisiko, psikiko nahiz sentsoriala duten ikasleendako eskatzen ahalko dira, beti ere hurrengo baldintza hauek betez gero:

a) Eskabidea egiten denean familiaren egoitza Nafarroan izatea.

b) Hiru urte beteak izan eta 1999ko urtarrilaren 1ean hogeitik gora ez edukitzea.

c) Hezkuntza Bereziko Ikastetxe batean barneko, pentsio-erdiko edo kanpoko plaza izatea.

2. Hezkuntza Bereziko Laguntzak Haur Hezkuntzaren, Lehen Hezkuntzaren eta DBHko mailetan eskolatutako umeendako eskatzen ahalko dira, beti ere honako baldintza hauek betez gero:

a) Eskabidea egiten denean familiaren egoitza Nafarroan edukitzea.

b) Hiru urte beteak izan eta 1999ko urtarrilaren 1ean hamazazpitik gora ez edukitzea.

c) Ezindua izateari loturiko hezkuntza behar bereziak izatea, adituek lagundu beharrekoak eta eskolatuta dagoen ikastetxean ezin direnak burutu.

d) Laguntza hori ikastetxetik kanpo jasotzea.

e) Eskatu den laguntza ez jasotzea aldi berean ikastetxean.

3. Zein beketarako, zein laguntzetarako nahitaezko baldintza izanen da 97/98 ikasturtean eskatutako ziurtagiriak aurkeztuak izatea deialdi horretan beka edo laguntza jaso bazen, eta aurreko ikasturteetako beketako edo laguntzetako zenbatekoak itzuli beharrean ez izatea.

Hirugarrena.-Baldintza ekonomikoak.

1. Beka edo Laguntza eskatzeko baldintza izanen da eskatzailearen famili unitateak 1997. urteari dagokion Pertsona Fisikoen gaineko Errentaren Zerga aitortzera behartuta ez egotea edo, egonez gero, familiaren 1997ko per capita errenta 900.000 pezetatik beheitikoa izatea. Baldintza hau bete beharko da balorazioa egin aitzin.

2. Per capita errenta honela ateratzen da: famili unitateko partaideen errenta aitorpenen oinarri zergagarriak gehi pentsio planetarako edo gizarte aurreikuspenerako ekarpen alternatiboak, zati famili unitatea osatzen duten kideak, gehi, hala baldin bada, P.F.E.Z.ean kenkariaren eskubidea duten seme-alabak.

3. Aitortu beharrari dagokionez eta aurreko atalak aipatzen dituen kontzeptuetarako, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

4. Eskabidea aurkezterakoan deklaratu diren 1997. urteko sarrera ekonomikoak asko murriztu baldin badira, famili unitatearen kideren bat hil edo lanerako ezintasun nahiz langabezi egoeran sartu delako, eskatzaileak espresuki adieraziko du eskabideari erantsitako orri batean eta, horrekin batera, egoera hori egiaztatzen duten agiriak aurkezteko beharturik egonen da, deialdia ebazteko izendatuko den Batzordeak baloratu ahal izateko.

Laugarrena.-Beka eta Laguntzen gehieneko zenbatekoak.

Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak, kontzeptu eta gehieneko zenbateko hauetan ematen ahalko dira:

1. Hezkuntza Bereziko Beketarako:

a) Jantokia (pentsio erdiko erregimenean): gehienez ere 45.000 pezeta.

b) Garraioa: zerbitzu honen erabileraren ondorioz sortutako gastuaren arabera zehaztuko da.

Ikasketak egitera ikastetxera egunero joaten diren izangaiendako garraio beka eskatzen ahalko da.

2. Hezkuntza Bereziko Laguntzetarako:

a) Hezkuntza behar berezietarako laguntza: gehienez ere 15.000 pezeta, hilero.

b) Garraioa: gehienez ere 8.000 pezeta hilero.

Izangaiek, laguntza zer zentrotan hartzen duten, haraino joan behar baldin badute, garraio laguntza eskatzen ahalko da, beti ere zentroa familiaren egoitza dagoen herritik kanpo eta gutxienez 8 kilometrotara baldin bada.

Hezkuntza Bereziko Baliabide zentroko Ekipoek agindutako CREENAko laguntza anbulatorioen kasuan, haiek bereziak baitira, garraio laguntzetarako ez zaio arestiko atalean ezarritakoari lotuko, eta laguntzaren zenbatekoa benetako gastuaren arabera finkatuko da.

Onartutako beka eta laguntzek aurrekontuan deialdi honetarako jarritako kontusaileko dirua baino zenbateko handiagoa egiten badute, aipatu kopurua zenbat izan den handiago, hainbatean gutxituko dira beken eta laguntzen kopuruak.

Bosgarrena.-Eskabideen aurkezpena.

Hezkuntza Bereziko Bekak nahiz Laguntzak eskuratzeko eskabideak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide Bulegoan (Santo Domingo aldapa, z.g.) banatuko dira, eta eskatzen diren zehaztasun guztiak eman beharko dira eskabidea kontuan hartua izan dadin.

1. Hezkuntza Bereziko Bekak nahiz Laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera hurrengo agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Laguntzaren ordainketa zein banku edo aurrezki kutxatako libretan egin nahi den, haren lehenengo orriaren fotokopia. Libreta horrek familiburuaren izenean egon behar du.

b) Famili Liburuaren fotokopia osoa. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, eskabidea egin duenaren menpe dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen famili unitateko kide guztiek aurkeztu dituzten 1996ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenen fotokopia osoa.

d) Eskabide egilearen famili unitateak, legez beharturik ez egoteagatik, 1997. urteari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egin ez badu, eskabideari ondokoa erantsi beharko zaio:

-Besteren menpeko langileen, pentsiodunen edo langabetuen kasuan, 1997an jasotako sarreren egiaztapena, behar den enpresa edo erakundeak emandakoa.

-Enpresari, nekazari eta lanbide liberalen kasuan, 1997an izandako sarrera gordinen aitorpena.

2. Jantoki ala garraio, laguntza zer kontzeptutarako (jantokia edo garraioa) eskatzen den, bakoitzagatik familiak, urteoro eta hilabeteoro, ordaintzen duena agertzen duen egiaztagiria erantsi beharko zaie Bekak eskuratzeko eskabideei.

3. Laguntzak eskuratzeko eskabideei, gainera, honakoa erantsi beharko zaie:

a) Eskabide egilearen ikastetxeak eskola orientatzailea edukiz gero, ikastetxeko orientatzailearen txostena, laguntza zein hezkuntza behar berezitarako eskatu den, laguntza zein helburuk bideratu behar duten eta hura ohiko ikastetxetik kanpo egiteko arrazoiak zein diren zehaztuko dituena.

Eskabide egilearen ikastetxean eskola orientatzailerik ez baldin bada, txostena behar bezala kreditaturiko edozein psikologok edo pedagogok eginen du. Era berean, bigarren kasu honetan, ikastetxearen txostena gehituko da, tratamendua handik kanpo egin beharra egiaztatzeko.

b) Eman beharreko laguntzaren aurrekontua, burutuko duen zentroak egiaztatua.

c) Laguntza burutu behar duen zentroko txostena. Bertan programaren laburpena eta dagokion ikastetxearekiko koordinazioa aipatuko dira. p.d) Laugarren oinarriaren 2.b) atalean aipatzen den garraio laguntza eskatzen bada, zerbitzu horren hileroko kostua, erabili behar den egun kopuruaren arabera. p.4. Hezkuntza Bereziko Baliabide zentroko ekipoek gindutako laguntza anbulatorioen kasuan, honakoa erantsi beharko da:

a) Agindua ematen duen ekipoko orientatzailearen txostena, laguntzarako beharra arrazoitzen duena.

b) Garraioaren aurrekontua eta haren hileroko kostua, erabili behar den egun kopuruaren arabera.

5. Eskatzaileei, betebeharrak justifikatzeko beharrezko jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie.

Seigarrena.-Eskabideen aurkezpena: lekua eta epea.

1. Eskabideak eta bosgarren oinarrian zehazten diren agiriak, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren Erregistroan (Santo Domingo aldapa, z.g., 31001 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorb., 2, 31002 Iruña) edo Administrazioen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bitartekoen bidez aurkeztu beharko dira.

2. Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak emateko deialdi honetako eskabideak egiteko epea irailaren 15ean hasiko da eta urriaren 21ean akituko, biak barne.

Zazpigarrena.-Deialdia ebaztea.

1. Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak Hezkuntza zuzendari nagusiak adjudikatuko ditu, Hezkuntza Bereziko Laguntzetarako Batzordeak aztertu, baloratu eta proposamenak egin ondotik. Batzordeko kideak ondokoak dira:

a) Batzordeburua: Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendaria edo honen eskuordea.

b) Batzordekideak:

-Hezkuntza Sustapen eta Hedapenaren atalburua.

-Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoko burua.

-Hezkuntza Bereziko koordinatzailea.

-Eskola Orientazioaren Unitate Teknikoko aholkulari.

-Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoari atxikitako gizarte laguntzaile bat.

-Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoari atxikitako eskola orientatzaile bat.

-Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko ordezkari bat.

2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak eskabide espedienteen ikuskaketa xedatzen ahalko du edozein unetan, haietan agertu eta Beka edo Laguntza emateko oinarri gisa erabilitako datuen benetakotasuna egiaztatzeko.

3. Bekadunaren familiak ikerketan lagundu nahi ez badu, edo eskatutako informazioa eta agiriak aurkezten ez baditu, onuradunari baja emanen zaio berehala eta Beka edo Laguntza gisa jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira.

4. Eskabide egile bati deialdi honen bidez beka edo laguntza ematen bazaio eta, kontzeptu berberengatik zenbateko bera edo handiagoko beste beka edo laguntza bat jaso badu beste erakunde publiko nahiz pribatu batengandik, deialdi honen bidez eskuratutakoan onuradunari baja emanen zaio berehala. Zenbatekoa txikiagoa izanez gero, diferentzia emanen zaio.

Zortzigarrena.-Erreklamazioak.

Hezkuntza zuzendari nagusiak deialdiaren behin-behineko ebazpenaren onespena arrazoizko ebazpenaren bidez emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Emandako eta ukatutako beka eta laguntzen zerrenda Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide eta Dokumentazio Bulegoan paratuko da (Santo Domingo aldapa, z.g.). Prentsa bitartez iragarriko da noiztik paratuko den zerrenda jendaurrean.

Deialdia behin-behinekoz ebazten duen Ebazpena Hezkuntza eta Kultura Departamentuan paratzen den egunetik kontaturik, 15 egun naturaleko epea izanen da, eskatzaileren batek deialdi honen arauak gaizki aplikatzeagatik bere eskubideak baztertu egin direla iritziz gero, Hezkuntza Bereziko Laguntzen Batzordean ukatutako beka eta laguntzak eta haien zenbatekoak berraztertzea eskatzeko.

15 egun horiek iragandakoan, berraztertzeko eskabiderik izan ez duten kontzesio eta ukazioek behin betikotasuna hartuko dute, Batzordeak ofizioz berraztertzea erabaki ezik.

Aurreko atalean aipatzen diren behin-behineko kontzesio eta ukazioek behin betikotasuna hartzen duten egunetik kontaturik, hilabeteko epea izanen da interesatuek errekurtso arrunta Nafarroako Gobernuari zuzentzeko.

Ofizioz edo interesaturen batek eskaturik berraztertu diren laguntzek Hezkuntza zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez hartuko dute behin betikotasuna.

Ebazpen hori interesatuei banaka jakinarazio zaie eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara. Haren kontra errekurtso arrunta paratzen ahalko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik kontaturik hilabeteko epean.

Bederatzigarrena.-Beka eta laguntzen ordainketa.

Hezkuntza Bereziko beken eta laguntzen ordainketa zuzenean eginen zaio onuradunaren familiburuari bi epetan: %50 behin betiko ebazpena eman ondotik, eta gainontzekoa 1999ko uztailean, aurretik, ekainaren 15a baino lehen, honako frogagiri hauek aurkeztu ondoren:

-Beken kasuan, ikastetxean ikasturtea akitu arte egon eta behar diren zenbatekoak ordaindu izanaren ziurtagiria.

-Laguntzen kasuan, dagokion laguntza jaso den zentroak luzatutako ziurtagiria, bertan azalduko delarik zein laguntza eman den, zenbat saio egin diren, saio bakoitzak zenbat iraun duen, zenbat hilabetez luzatu den eta kontzeptu horrengatik zenbat ordaindu behar den.

Aipatu ziurtagiria ez aurkezteak bigarren epea ordaintzeari uko egitea eta jasotako zenbatekoak, jusitifikatu gabeak, itzuli beharra ekarriko du.

Lehenbiziko epean ordaindutako zenbatekoari dagokion gastua ez justifikatzeak justifikatu gabeko zenbatekoa itzuli beharra ekarriko du eta bigarren epea ordaintzeari uko egitea.

Laguntzaren xedea den jarduera ez egiteak familiburuak jasotako zenbatekoak itzuli beharra ekarriko du.

Hamargarrena.-Laguntzak kentzea.

Bekadunek hartutako laguntzak edozein unetan gal ditzakete, eskabidean laguntza horiek emateko oinarritzat adierazitako datuen benetakotasuna frogatzeko espedientea ireki ondoan. Espediente horri Hezkuntza eta Kultura Departamentuak emanen dio hasiera eta ebazpena.

Espedientearen ondorioz laguntza kentzeak berarekin ekarriko du hartutako diru kopuruak itzuli beharra, eskabide egileak izan litzakeen erantzunbehar administratibo, zibil eta penalak galarazi gabe.

Laguntzak kentzen dituen ebazpena interesatuei banaka jakinaraziko zaie.

Hamaikagarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita haren oinarri eta aplikazio egintzen kontra ere, errekurtso arrunta paratzen ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik kontaturik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: A9807013