100. ALDIZKARIA - 1998ko abuztuaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 1998ko abuztuaren 11koa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, 40 urtetik gorako langabetuak, denbora luzeko langabetuak, emakumeak eta 25 urtetik beherako gazteak laneratzeko 1998. urtean egiten diren prestakuntza ekintzetarako laguntzak arautzen dituena.

Lanerako lanbide prestakuntza edo etengabeko prestakuntza arautu zuen otsailaren 13ko 31/1995 Foru Dekretuaren asmorik behinena da egun lan merkatuak eskatzen duenerako lanbide kualifikazio eskasa edo ez- egokia duten pertsonak laneratzeko bideraturiko prestakuntza ekintza guztiak arautzea. Bertan aipatzen diren programak adibide edo aholku gisa eman ziren.

Aipatu Dekretuan adierazitakoarekin bat, beharrezkoa da deialdi bat egitea aipatu kolektiboak lanaren munduan sartzeko bideraturiko prestakuntza ekintza horiek antolatzeko eta dagozkien laguntzak jasotzeko baldintzak ezartzeko. Izan ere, Dekretu hartan ahalmena ematen zitzaion deialdiak egin behar dituzten departamentuetako kontseilariei dekretuaren edukia garatzeko behar diren xedapenak emateko.

1998ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan kontusail berezi bat finkatu da gastu horretarako, 83200-4810-3221 kontusailaren 31080-1 lerroa hain zuzen, "40 urtetik gorakoak, denbora luzeko langabetuak, emakumeak eta 25 urtetik beherako gazteak laneratzea" izena duena.

Aipatu Dekretua ikusirik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluan egin beharreko tramitea egin delarik, apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuan ezarrita dagoen bezala, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak,

AGINDU DU:

1. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak dirulaguntzak eman ahalko ditu 1998. urtean egiten diren prestakuntza ekintzetarako, bertan parte hartzen dutenei lana emateko konpromisoa hartzen badute.

2. artikulua. Ekintza horietan parte hartzen dutenek honako langabetuen kolektiboetakoak beharko dute izan: 40 urtetik gorakoak, denbora luzeko langabetuak, emakumeak eta 25 urtetik beherako gazteak.

3. artikulua. Aurreko artikuluan adierazitako kolektiboei zuzendurik antolatzen diren ekintza diruz lagungarriak honakoak izan daitezke:

-Lan kontratazioa egin aurretik beharrezko diren prestakuntza ekintzak.

-Prestakuntza eta orientazio ekintzak, bertan parte hartzen duten langabetuen % 50 lanean jartzeko benetako konpromisoa baldin badago.

4. artikulua. Deialdian zehazten diren laguntzak honako hauek eskatu ahalko dituzte:

-Aipatu kolektiboen prestakuntzaz arduratzen diren enpresak, ondoren plantilan sartzeko konpromisoa hartzen badute.

-Aipatu kolektiboek lana aurkitzeko prestakuntza eta orientazio programak garatzen dituzten prestakuntza entitateak.

-INAFRE Fundazioaren bitartez eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, prestakuntza tailerrak antolatzen dituzten enpresa batasunak, bukatutakoan langabetuak kontratatzeko konpromisoa hartzen badute.

5. artikulua. Laguntza eskaerak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epearen barruan.

6. artikulua. Prestakuntza ekintza hauetarako 135.000 pezeta bitarteko laguntza eman ahalko da, orientazio- prestakuntza ordu bakoitzeko.

Dirulaguntza zehazteko, onar daitezkeen gastuak honakoak dira:

-Ekintzan parte hartzen duten adituen lansariak, gizarte kostuak eta bidai gastuak.

-Ekintzarako behar den material didaktikoa eta kontsumokoa.

-Tresna txikiak.

-Instalazioen alokairua.

-Zuzendaritza, kudeaketa eta administrazio gastuak.

-Ekintzaren onuradunen asegurua.

-Gastu orokorrak.

-Bestelako gastuak, zehaztu beharko direnak.

Salbuespen gisa, 4. artikuluko hirugarren idazatian zehaztu prestakuntza tailerren kasuan, prestakuntza ekintza ordu bakoitzeko kostu erreala bateragarria izanen da FIP Plana aplikatzearen ondorioz legokiokeen moduluarekin eta, beraz, horrekin osatu ahalko da, ekintza horiek, eskuarki, laneratzea helburu dutelako.

Salbuespen hori bera eginen da prestakuntza ekintzako ikasleei behin betiko kontratua egiten dieten enpresei.

7. artikulua. Eskaera 5. artikuluan adierazi epean aurkeztu beharko da, honako agiri hauekin batean:

A.-Dokumentazio orokorra.

-Enpresa, erakunde edo entitatearen nortasunaren dokumentazioa. Horretarako, eraketa eskrituraren, estatutuen edo erregistroko idazpenaren kopia aurkeztu beharko da, salbu eta dokumentazio hori lehendik Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren esku baldin badago.

-Entitate eskatzailearen legezko ordezkarien datu pertsonalak eta, horrelakorik bada, horien ahalorde agiriak eta, halaber, eskatzen diren ekintzen arduradunaren izena eta helbide bat, jakinarazpenak egiteko.

-Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

-Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, behar bezala betea, dirulaguntza ematen bada bertan sartu ahal izateko.

-Entitatea Nafarroako Ogasunarekiko tributu arloko beharkizunetan egunean dagoela egiaztatzen duen agiria.

B.-Ekintza bakoitzaren dokumentazio berariazkoa. Horretarako Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emanen dituen inprimakiak behar bezala bete beharko dira.

8. artikulua. Diruz laguntzen diren ekintzetan parte hartzen dutenen zerrendak, ahal bada, hasi aurretik aurkeztuko dira eta, edozein modutan, ekintza hasi eta hurrengo hamabost eguneko epearen barruan. Prestakuntza ekintzotan 10 langabetuk parte hartuko dute gutxienez, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak baimentzen dituen kasu berezietan izan ezik.

9. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, eskatzaileek aurkezten dituzten datuak azterturik, ebazpen bidez, erabakiko du zein ekintzari emanen zaion dirulaguntza, horretarako kontusaileko baliabideen mugara arte.

10. artikulua. Ematen den dirulaguntzaren % 50 ekintza hastean ordainduko da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, eskumena duen zerbitzuak aldez aurretik adostasun txostena emanik.

Dirulaguntzaren gainerako % 50a ekintza bukatutakoan ordainduko da, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudetzailearen ebazpenaren bidez, arautegi honetako 11. artikuluak adierazten diren agiriak aurkeztu ondoren.

Aurkezten diren eskaeren espedienteei buruzko ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaera egiten denetik hasita, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela hartu beharko da.

11. artikulua. Ematen diren dirulaguntzen azkeneko ordainketa jasotzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

-Gastuen deklarazioa eta azkeneko likidazioa, ordainketen egiaztagiriekin batera.

-Partehartzaileen hasierako eta bukaerako zerrenda.

-Diruz lagunduriko ekintzen memoria-ebaluazioa, laguntza hartu zuen entitateak prestatu beharrekoa, ekintzen ondorioz lorturiko lan kontratuen fotokopiekin batera.

-Eskatzailea Nafarroako Ogasunarekiko tributu beharkizunetan egunean dagoela egiaztatzen duen agiria.

12. artikulua. Hasieran proposatu eta onetsitako ekintzetan aldaketarik egiten bada, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, onespena eman dezan. Abisatu ezean eta Enplegu Zerbitzuak funtsezko aldaketa dela iritziz gero, dirulaguntza bertan behera utzi ahalko da.

13. artikulua. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egoki juzkatzen dituen agiri osagarriak eskatu ahalko ditu, diruz laguntzen diren ekintzen segimendua eta kontrola egiteko. Entitateak hamabost eguneko epea izanen du agiri horiek aurkezteko.

Errekerimendua eginda, agiriak aurkezten ez badira, hasiera batean, onetsitako dirulaguntza baliogabetuko da eta, errekerimendua berriz eginda zehazten den epean erantzuten ez badu, bertan behera utziko da laguntza.

Aipatu Zerbitzuak noiznahi egin ahalko ditu segimendu eta kontrol lanak, laguntzen diren ekintzak behar bezala burutzen direla eta dirulaguntza behar bezala erabiltzen dela ikuskatzeko. Horrez gainera, kontu-ikuskapenak egin ahalko dizkie prestakuntza zentroei, lagundu diren ekintzen gastuen ziurtagiriak egiaztatzeko.

14. artikulua. Eskatzen diren agiriak ekartzen ez badira, edo egiaztatzen bada lagunduriko ekintza ez dela egin edo dirulaguntza eman zen helbururako ez, beste batzuetarako erabili dela, interesatuari entzunaldia eman ondoren, onartutako dirulaguntzaren zati bat edo osorik bertan behera utziko da eta, halaber, entitateak eskatu dituen beste laguntza batzuk ezetsi ahalko dira.

15. artikulua. Diruz laguntzen diren ekintzen publizitate eta zabalkundean adierazi beharko da Nafarroako Gobernuko Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren lankidetza.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko abuztuaren hamaikan.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.

Iragarkiaren kodea: A9807592