96. ALDIZKARIA - 1997ko abuztuaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 1997ko uztailaren 30ekoa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 1998ko asteguneko jaiak zein diren zehazten duena.

Uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. artikuluan, irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarrean xedatutakoak indarrean segiarazten duen azaroaren 3ko 1346/1989 Errege Dekretuak emandako aipatu artikuluaren idazketaren arabera, ezarrita dago nazio esparruko asteguneko jaiak, ordaintzekoak baina errekuperatu behar ez direnak, legezko agindu berberean jasotakoak izanen direla, lau ataletan, a), b), c) eta d), banaturik, eta Komunitate Autonomoek aukeratu ahal izanen dutela San Jose edo Santiago Apostoluaren artean zein jai ospatu. Halaber, ezartzen du d) atalean datozen jaiak tradiziozkoak dituzten beste batzuekin ordezkatzen ahal direla, eta igandearekin diren jai nazionalengatiko asteleheneko atsedenaldiaren truk Komunitate Autonomoan tradizioa duten beste jai batzuk jartzen ahal direla.

Aurreko zerrenda horri, aipatu Errege Dekretuaren 46. artikuluak dioen bezala, eta Nafarroako Foru Komunitate osorako, erantsi beharko zaio abenduaren 3a, Nafarroaren eguna, San Frantzisko Xabierkoaren jaia baita.

Lan arloan Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera zerbitzuak eskualdatzeari buruzko apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuaren bidez, uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuak aipatzen duen esparru lokaleko asteguneko jaiak zehazteko eta jaiak ordezkatzeko eskumena eskualdatu da, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentua horren kargu egiten delarik, irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuaren indarrez.

Horren ondorioz, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak,

EBATZI DU:

Lehendabizi.-Honako hauek izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatuko ez diren jaiak, 1998. urtean:

Urtarrilak 1: Urte Berri

Urtarrilak 6: Errege eguna

Martxoak 19: San Jose

Apirilak 9: Ostegun Santua

Apirilak 10: Ostiral Santua

Apirilak 13: Bazko Biharamuna

Maiatzak 1: Langileen eguna

Uztailak 25: Santiago Apostolua

Abuztuak 15: Ama Birjinaren Jasokundea

Urriak 12: Espainiako Jai Nazionala

Abenduak 3: San Frantzisko Xabierkoaren jaia, Nafarroaren eguna

Abenduak 8: Ama Birjina Sortzez Garbiaren jaia

Abenduak 25: Eguberri eguna

Bigarren.-Herrietako jaiak Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariaren Aginduaren bidez finkatuko dira, Udal bakoitzak proposamena eginik.

Hirugarren.-Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko uztailaren hogeita hamarrean.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.

Iragarkiaren kodea: A9707080