96. ALDIZKARIA - 1997ko abuztuaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 1997ko uztailaren 29koa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, I. ECEXNA Lehiaketarako (Kanpo Merkataritzan Adituak) 1997 deialdiko oinarriak onetsi, deialdia bera Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bertan aipatzen diren sariak emateko aurreikusten den gastua baimentzen duena.

Honako "I. ECEXNA Lehiaketa" hau, (Kanpo Merkataritzan Adituak), Nafarroako Enpresa Nazioarteratzeko Planean (PIEN) sartzen da, haren oinarrizko helburua delarik Foru Komunitateko Kanpo Merkataritza erabat garatzea, enpresa nafarrak kanpoaldeko merkatuetan ahalik eta gehien errotzeko xedearekin, batez ere, bai merkatu horietan fisikoki ager daitezen bultzatuz, bai esportazio ratioak handituz.

Lehiaketa hau sartzen da PIEN delakoaren programen barrenean, eta zehazkiago esanez Informazio eta Prestakuntza Programen artean, izanez ere aipatu bi xede horiek hartzen baititu bere baitan, haien edukia osatuz aldi berean, eta bere garaian diseinatu bazen ere, oraingoan alde praktikoari ematen zaio lehentasuna.

Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuaren txostena ikusi da.

Horiek horrela, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak,

AGINDU DU:

1. "I. ECEXNA Lehiaketa (Kanpo Merkataritzan Adituak) 1997" delakorako dei egitea, honako hauek direlarik

O I N A R R I A K

1. oinarria.-"I. ECEXNA Lehiaketa 1997" delakorako dei egiten da, Nafarroako Kanpo Merkataritzan adituei zuzendurik, Nafarroako Kanpo Merkataritzako adituen irudimena eta gaitasun teknikoa bultzatu eta saritzeko xedearekin.

2. oinarria.-Lehiaketa honetan parte har dezakete Nafarroako enpresa edo ekonomiaren esparruan irakaskuntza edo ikerketa arloan, eta beti ere kanpo merkataritzari dagokionez, jardun diharduten pertsona edo taldeek.

Ezin izanen dute parte hartu lehiaketa honetan Foru Komunitateko Administrazioko langileek.

3. oinarria.-Badaude bi aukera desberdin parte hartzeko:

a) modalitatea: kanpo merkataritzarako kasu praktikoak planteatzea.

b) modalitatea: kasu praktiko horietarako irtenbideak formulatzea.

Bi horien artean, a) aukeratzen dutenek nahi adina kasu aurkez ditzakete. Kasu praktikoaren planteamenduarekin batera, lehiatzaileek erantsi beharko dute, beste kartazal batean, hartarako irtenbide proposamen bat. Proposamen horiek ez dute parte hartuko lehiaketan, eta ez da saririk emanen haiengatik.

Beste aldetik, b) modalitateko partehartzaileek irtenbideak aurkezten ahalko dituzte (ez dago gehieneko kopururik) lehiaketan onartuak izan diren kasu praktikoetarako, kontuan hartuz ez dela onartuko kasu bakar baterako irtenbide bat baino gehiago ematea.

4. oinarria.-Lanak makinaz idatzirik aurkeztu beharko dira, lerroarte bikoitzean, DIN A4ko formatuan, gehienez ere hiru orrialdetako luzerarekin, eta zuzenketa, ezabapen edo karraskadurarik gabe.

Kasuak aurkeztu beharko dira (a modalitatea) deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, beti paraturik egilearen datu pertsonalak (izena, deiturak, N.A.N., helbidea eta telefonoa), Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Merkataritza Zerbitzuko Erregistroan, Blas de la Serna, 1, Fuerte del Príncipe II. eraikina, 4. solairua, 31005, Iruña.

Aurkezpenerako epe hori iragan ondoren, irtenbidea aurkeztuz lehiatu direnek (b modalitatea) hilabeteko epea izanen dute bulego horietan beretan beren proposamenak bildu eta aurkezteko.

5. oinarria.-Aurkezten diren lanak epaimahai batek aztertuko ditu. Hartan buru izanen da Ramón Bultó Llevat, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilari jauna, eta kanpo merkataritzan adituak diren sei hauek izanen dira mahaikide:

-Angel Sola Jimeno jauna, Merkataritza eta Turismo zuzendari nagusia.

-Ignacio Galañena Sanz jauna, idazkaria eta zuzendaria Nafarroako Merkataritza eta Industri Ganbara Ofizialeko Kanpo eta Enpresa Lankidetzako Departamentuan.

-Ramón Archanco de León jauna, META-Aholkulariak delakoko zuzendaria eta kanpo merkataritzan aditua.

-José Mª Buey Areso jauna, BBVko Atzerri Departamentuko burua.

-Jesús Guridi Bernardo jauna, Azcoyen S.A.ko Kanpo Saileko zuzendaria.

-Pedro Celaya Salcedo jauna, Nazioarteko Merkataritzako aholkularia.

6. oinarria.-Planteatzen diren hiru kasu praktiko hoberenentzat 250.000, 150.000 eta 75.000 pezetako sari bana emanen da, hurrenez hurren, bai eta diploma bana ere, epaimahaiko kideek boto eman eta gehiengoaren arabera erabakita.

Era berean, sari eta diploma berberak izanen dira, kopuru berekoak alegia, kasuetarako planteatzen diren hiru irtenbide hoberenentzat.

Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko du sariren bat edota sari guztiak.

Partehartzaile bakoitzak sari bakarra baino ez du jasotzen ahalko.

Sarien banaketa ekitaldi berezi baten barrenean izanen da.

7. oinarria.-Departamentu honek argitalpen bereziren bat prestatu eta kalera dezake, saritutako kasu eta irtenbideak bertan bilduta, horregatik inolako ordainik eman gabe egileei haien egile-eskubideen truke.

8. oinarria.-Deialdian parte hartzearekin bakarrik onartutzat jotzen dira, lehiatzaileentzat, bai oinarri hauek bai epaimahaiaren erabakiak. Epaimahaiak, bestalde, eskua du gertatzen diren gorabehera edo erreklamazio guziak ebazteko. Ebazpenak apelaezinak izanen dira.

2. Baimena ematea 1.000.000 pezeta-rainoko gastua egiteko, lehiaketako oinarrietan ezarritako sei sariak emateko, bai eta 330.000 pezeta-rainoko beste bat ere, publizitaterako, aurrekontuko 82110-2262-7621 (29560-5 lerroa) kontusailaren kargura: prestakuntza, informazio eta sustapeneko ekintza zuzenak.

3. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko uztailaren hogeita bederatzian.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.

Iragarkiaren kodea: A9707005