96. ALDIZKARIA - 1997ko abuztuaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA. 1997ko ekainaren 18ko Erabakia, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gobernu Batzordeak hartua, erakunde autonomo horrek zuzenean edo zeharka kudeatzen dituen zerbitzuak emateko tarifak eta horiek aplikatzeko arauak onesten dituena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legeak, 5 f) artikuluan, tarifen erregimena arautu beharko dela xedatzen du, bai sektore publikoan, bai sektore pribatu laguntzailean.

Halaber, Gizarte Zerbitzuen arloko hitzarmenei buruzko urriaren 25eko 20/1985 Foru Legeak ezartzen du hitzarmenek hitzarturiko zerbitzuak darabiltzatenek ordaindu beharreko tarifen erregimena eduki beharko dutela.

Bestaldetik, abenduaren 18ko 596/1995 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua erakunde autonomoko estatutuetako 8. artikuluak ezartzen duenez, erakunde horretako erakunde autonomoko Gobernu Batzordeari, besteak beste, eskumen hau dagokio: "Zentro eta zerbitzu bereki nahiz hitzartuetan erabiliko diren tarifa eta prezioen erregimena onestea".

Eskuordeturiko eskumenak betetzeko asmoz, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gobernu Batzordeak,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak zuzenean edo zeharka kudeatzen dituen zerbitzuak, eraskinean agertzen direnak, emateko tarifak eta horiek aplikatzeko arauak onestea.

2. Erabaki hau Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentura eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutura igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

3. Honi aurka egiten dioten heinean, 1991ko urtarrilaren 8ko, 1992ko urriaren 2ko eta 1995eko martxoaren 9ko erabakiak indarrik gabe uztea.

4. Tarifek eta horiek aplikatzeko arauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko ekainaren hemezortzian.-Gobernu Batzordeko burua, Calixto Ayesa Dianda.

E R A S K I N A

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutua Erakunde Autonomoaren zerbitzu bereki nahiz hitzartuak emateko tarifak aplikatzeko xedapenak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Nafarroako Gizarte Ongizartearen Institutak erabaki honetan aurreikusiten diren tarifak eskatuko ditu bertan aipatzen diren zerbitzuen truk, bai zentro berekietan, bai entitate publiko edo pribatuekiko hitzartuetan.

2. artikulua. Zerbitzu motak.

Tarifaren xede izanen diren zerbitzuak:

2.1. Hirugarren Adinaren Arloa:

a) Egonaldiko laguntza:

-baliatzen diren pertsonendako plazak.

-pertsona lagunduendako plazak (psikogeriatrikoendakoak barne).

b) Baliatzen diren pertsonendako eta lagunduendako eguneko laguntza eguneko zentroetan edo egonaldiko zentroetan.

c) Ikuztegi, garbiketa eta janari zerbitzuak noizean behin ematea.

2.2. Gaigabeziak dituzten Pertsonen Arloa.

a) Egonaldiko laguntza.

b) Etxebizitza tutelatu edo funtzionaletako laguntza.

c) Eguneko laguntza eguneko zentroetan edo egonaldiko zentroetan.

2.3. Haur eta Gazte Arloa.

a) Haurtzaindegietako laguntza

b) Egoitza edo etxebizitza funtzionaletako laguntza.

2.4. Familia eta Komunitate Arloa.

a) Larrialdietarako zerbitzu telefonikoa.

b) Etxez etxeko telelaguntza (Zerbitzu horren ordez, 1998tik goiti, larrialdietarako zerbitzu telefonikoa ezarriko da).

3. artikulua. Ordaintzera behartuak.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak ematen dituen zerbitzuen zuzeneko onuradunak diren pertsona fisikoak egonen dira arauteria honetan ezarririko tarifak ordaintzera eta, beti ere, zerbitzua hartzen dutenak adinez txikiak edo gaigabetuak direnean, gai ez denaren ondarearen administratzaileak diren aldetik eta haien izenean horretara beharturik daudenak.

4. artikulua. Tarifak.

Ondoren ezartzen diren diru-kopuruak, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak xedatzen duenaren arabera, emaniko zerbitzuen truk ordaindu behar diren tarifak dira.

Diru-kopuru horiek ez dute behin ere zerbitzuek erakunde autonomo horri eragiten dioten kostu erreala haina egiten.

Tarifak ezartzeko kontuan hartu diren irizpide tekniko orokorrak hauexek dira:

1. Pertsona onuraduna bere giroan (gehienbat eguneko zentroetan) mantentzea xede duten prestazio guztien finantzaketa publikoa sustatzea.

2. Finantzaketa prezio publikoak dagozkien arloen arabera bereiztea, kontuan hartuz:

Hirugarren Adinaren Arloa: lortu nahi da prezio publikoak zerbitzuen prestazioaren benetako kostura hurbiltzea (eguneko zentroetan ezik), baliabide ekonomiko aski dituzten onuradunek ematen zaien zerbitzua ordain dezaten.

Gaigabezia Arloa: talde honek badu ezaugarri berezi bat, finantzaketa publikoaren ahalegin handiagoa justifikatzen duena. Gizarte Ongizatearen zerbitzuak darabiltzaten pertsonak, gazteak gehienak, baliabide horien menpe egonen dira bizitza guztian eta, horregatik, ezin eska dakieke, ez haiei, ez haien senideei, ahalegin ekonomiko bera. Gainera, gaigabezia fisiko eta psikikoak dituzten pertsonek aisaldiko eta denbora libreko jarduera gehiago egiten dituzte, bai bakarrik, bai taldeka, eta horregatik diru gehiago behar dute.

Haur eta Gazte Arloa: kontuan hartu behar da arlo honetako zentro eta zerbitzuak orokorrean epaileen edo administrazioaren neurrien ondorioz erabiltzen direla, adinez txikiak direnak gurasoen nahia aintzakotzat hartu gabe babesteko. Gainera, gaztetxoak gizarte zailtasun larriak, hala nola, baliabide ekonomiko urriak, dituzten familietakoak izaten dira.

Nafarroako Gizarte Ongizate Institutuari ordaindu beharreko tarifen zenbatekoa aipatzen den zerbitzu bakoitzerako diru-kopuru hauetan ezarririkoa izanen da.

4.1. Hirugarren Adinaren Arloa.

Baliatzen diren pertsonen egonaldia: 73.000 pezeta hilean.

Pertsona lagunduen egonaldia: 150.000 pezeta hilean.

Egonaldi psikogeriatrikoak: 186.000 pezeta hilean.

Baliatzen direnen eguneko laguntza: 35.000 pezeta hilean.

Pertsona lagunduen eguneko laguntza: 50.000 pezeta hilean.

Egonaldi psikogeriatrikoetako eguneko laguntza: 84.000 pezeta hilean.

Ez egoiliarren janaria: 500 pezeta egunean.

Ikuztegiko laguntza: 500 pezeta zerbitzua.

Bainu geriatrikoa: 500 pezeta zerbitzua.

4.2. Gaigabeziak dituzten pertsonen Arloa.

Egonaldiko laguntza: 18 urtetik goitikoendako (fisikoak): 150.000 pezeta hilean.

Egonaldiko laguntza: 18 urtetik goitikoendako (psikikoak): 130.000 pezeta hilean.

Egonaldiko laguntza: 18 urtetik beheitikoendako: 50.000 pezeta hilean.

Etxebizitza funtzionaletako laguntza: 50.000 pezeta hilean.

Eguneko laguntza: janariaren eta garraioaren benetako kostua, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Instituak hala erabakitzen duenean.

4.3. Haur eta Gazte Arloa.

Egoitza eta etxebizitza funtzionaletako laguntza: 30.000 pezeta hilean.

Haurtzaindegiak: tarifen taula arau-emailea.

0tik 20.000ra 0

20.001etik 35.000ra 7.200

35.001etik 40.000ra 9.200

40.001etik 45.000ra 10.500

45.001etik 50.000ra 11.900

50.001etik 55.000ra 14.500

55.001etik 60.000ra 17.200

60.001etik 65.000ra 19.800

65.001etik 70.000ra 22.500

70.001etik 80.000ra 26.400

80.001etik 90.000ra 33.100

90.001etik goiti 39.900

4.4. Famili eta Komunitate Arloa.

Larrialdietarako zerbitzu telefonikoa: 1.000 pezeta/erabiltzaile/hilabete.

Per capita errenta L.G.L.tik goitikoa denean.

Telelaguntza: orain arte erabiliriko taula,

<% 102,081 0 0 0 0

% 102,081 - % 120,141 6,5 0 0 0

% 120,142 - % 138,201 9,5 6,5 0 0

% 138,202 - % 156,262 13,5 9,5 6,5 0

% 174,324 - % 192,383 27,0 20,0 13,5 9,5

% 192,384 - % 210,443 40,0 27,0 20,0 13,5

% 210,444 - % 228,503 57,5 40,0 27,0 20,0

% 228,504 - % 246,565 77,0 57,5 40,0 27,0

% 246,566 - % 264,625 100,0 77,0 57,5 40,0

% 264,626 - % 282,685 100,0 100,0 77,0 57,5

% 282,686 - % 300,745 100,0 100,0 100,0 77,0

>% 300,745 100,0 100,0 100,0 100,0

Tarifa horiek, eskudun erakundeak aldatzen ez dituen bitartean, diru-ekitaldi bakoitza hastean eguneratuko dira, besterik gabe, Nafarroako Foru Komunitateak aurreko urtean izaniko K.P.I.aren aldaketari dagokionez. Orobat, erabiltzailearen esku utzi behar diren diru-kopuruak ere eguneratuko dira.

5. artikulua. Salbuespenak eta hobariak.

Ezarririko tarifetan salbuespenak eta hobariak aplikatzeko, oinarrizko zerbitzuak darabiltzatenak, haien legezko ordezkariak edo zerbitzu horiek eskatzen dituztenak beharturik egonen dira Nafarroako Gizarte Ongizatearen Instituari, gizarte zerbitzu oinarrizkoen bidez, famili unitateak urtean guztira dituen dirusarreren frogagiriak aurkeztera.

Gizarte Ongizatearen zerbitzuak darabiltzatenen gizarte eta ekonomi inguruabar guztiak baloraturik, ezarririko tarifei, orokorrean, hobari eta salbuespen hauek aplikatzen ahalko zaizkie:

5.1. Hirugarren Adinaren Arloa

5.1.1. Egonaldiko laguntza.

Zerbitzu hau darabiltenek, tarifa osoa ordaintzeko haina dirusarrera ez dituztela frogatzen dutenean, hileroko eta hein bateko ordainketa gisa, hileroko per capitako errentaren %90 aplikatzaren ondoriozko diru-kopurua ordaindu beharko dute.

Portzentaia hori aplikaturik, urtean ez dira behin ere 120.000 pezeta baino gutxiago egoiliarren esku geldituko, pertsona lagunduak badira, ez eta 180.000 pezeta baino gutxiago, bakarrik baliatzen badira.

Egoiliarraren ezkontidea bere etxean bizi bada, hileroko per capita errenta kalkulatzeko, dirusarrera guztietatik 200.000 pezeta kenduko dira.

5.1.2. Eguneko laguntza, eguneko zentroetan edo egonaldiko zentroetan.

Zerbitzu hau ibiltzen dutenei, tarifa gisa, hileroko per capita errentaren %50 aplikatuko zaie, hirugarren pertsonarendako laguntza kanpoan utzita.

5.2. Gaigabeziak dituzten pertsonen Arloa.

5.2.1. Egonaldiko laguntza.

5.2.1.1. 18 urtetik goitikoak.

Zerbitzu hori ibiltzen dutenek, tarifa muga dela, hileroko per capita errentaren %90 ordainduko dute.

Horretarako, pertsona erabiltzailaren dirusarreratzat joko da haren familiak seme-alaba minusbaliatu bat izateagatik har dezakeen edozein prestazio ekonomiko, dirusarrera horiek hartzen dituztenak beste famili unitate batekoak badira ere.

Portzentaia hori aplikaturik, urtean ez dira behin ere 200.000 pezeta baino gutxiago egoiliarren esku geldituko, gaigabetu fisikoak edo burmuineko paralisiak joak badira, ez eta 180.000 pezeta baino gutxiago, gaigabetu psikikoak badira.

Egoiliarraren ezkontidea bere etxean bizi bada, hileroko per capita errenta kalkulatzeko, dirusarrera guztietatik 200.000 pezeta kenduko dira.

5.2.1.2. 18 urtetik beheitikoak.

Zerbitzu hau ibiltzen dutenek, tarifa muga dela, hileroko per capita errentaren %90 ordainduko dute.

Horretarako, pertsona erabiltzailearen dirusarreratzat joko da familiak minusbaliagatik har dezakeen edozein prestazio ekonomiko.

5.2.2. Etxebizitza tutelatu edo funtzionaletako laguntza.

Zerbitzu hau darabiltenek, tarifa osoa ordaintzeko haina dirusarrera ez dituztela frogatzen dutenean, hileroko eta hein bateko ordainketa gisa, hileroko per capitako errentaren %50 aplikatzearen ondoriozko diru-kopurua ordaindu beharko dute.

Portzentaia hori aplikaturik, urtean ez dira behin ere egoiliarraren esku 200.000 pezeta baino gutxiago geldituko.

5.3. Haur eta Gazte Arloa.

5.3.1. Egoitza edo pisu funtzionaletako laguntza.

Ezarririko tarifa ezin ordaindu duten pertsona erabiltzaileek arloko balorazio bartzorde teknikoan frogatu beharko dute. Horrek erabateko edo hein bateko hobariari buruz txosten-proposamena eginen dio Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

Lehen ezarririkoa ez da aplikatzekoa izanen adinez txikiak direnendako, egoitzetan bizi badira eta Nafarroako Gobernuak tutelatzen baditu edo haien barnerapena epaileen neurri baten ondoriozkoa bada.

Salbuespen gisa, erabateko edo hein bateko salbuespenak egiten ahalko dira, orokorrean aurreikusirik ez daudenak, txosten teknikoen eta behar diren agiri ekonomikoen bidez zerbitzuen ordainketaren eraginez egoera ekonomiko larrian bizi direla frogatzen dutenendako.

II. KAPITULUA

Tarifen sortzapena eta ordainketa

6. artikulua. Sortzapena

Arautegi honetako tarifak ordaintzeko beharra 2. artikuluan aipatzen den edozein zerbitzu edo jarduera ematen denean sortzen da.

7. artikulua. Ordaintzeko garaia.

Tarifak edo hilabetero ordaindu beharreko partea ordaindu behar duen pertsonari kobratzeko gordekina aurkezten zaionean ordainduko dira.

8. artikulua. Zorraren aitorpena.

Egoitzetan eten gabe emaniko zerbitzuak ordaindu behar dituzten pertsonek, behar adina dirusarrera ez izateagatik banan-banako prezioak ezin ordaindu badituzte, zorra aitortzen duen agiri bat izenpetu beharko dute, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren alde, tarifaren eta benetan ordaindu denaren arteko aldeagatik.

Zorra aitortzeko konpromisoa zentroan sartu baino lehen egin beharko da eta ulertuko da, hala egiten ez badu, horri uko egiten diola.

Zerbitzua erabiltzen duenari dagokio zorra aitortzeko agiria izenpetzea edo, hala bada, haren legezko ordezkariari, erabiltzailearei legez dagozkion ondasunen bidez.

Zorra aitortzeko konpromisoak berarekin dakar erabiltzailearen ondasunak ez besterentzeko beharra, ez eta ekonomiako edo ondareko eskubideei uko ez egiteko ere, zorra kitatu arte. Hori ez betetzeak ordaintzeke dagoen diru guztia ordaindu beharra dakar.

Zorra, lehengo lerroaldean aurreikusia deustan galarazi gabe, orokorrean, zerbitzuak ematetik gelditzen denean kobratuko da, salbu eta, kasuko inguruabarrak kontuan harturik, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak hori gertatu aitzin edo ondoren ordaindu behar dela erabakitzen duenean.

Gaigabeziak dituzten pertsonek daukaten zorra izanez gero, hura ordaintzeak famili unitateko gainerako pertsonei arazo ekonomiko larriak eragiten ahal badizkie, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, txosten teknikoak baloratu ondoren, zor hori hein batean edo osorik barkatzen ahalko du edo geroratzen.

Zorra kobratzeko, ordaindu behar duen pertsonaren ondasunen ondareko exekuzioa erabili behar den kasuetan, exekuzioa ez da etxebizitzaren gainean burutuko, norberak kanporapenagatik erabiltzeko beharrezkoa denean edo ezkontidearen eta beste famili unitaterik osatzen ez duten seme-alaben etxe bakarra denean, haren traba edo bahikuntza deustan galarazi gabe, hala bada.

9. artikulua. Ez ordaintzea.

Behin eta berriro eta arrazoirik gabe ordaintzen ez bada, entitate kudeatzaileak eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak berak hala jakinarazi ondoren, erabiltzailea hartzen ari zen zerbitzuak eteteko espedienteari ekiten ahalko zaio.

III. KAPITULUA

Kudeatzeko arauak

10. artikulua. Organo eskuduna.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari dagokio arauteria honetan arauturiko tarifak kudeatu eta likidatzea, horrek entitate hitzartuei eskuordetzen dizkien eginkizun eta eskumena eta Nafarroako Gobernuko Ekonomi eta Ogasun Departamentuari dagozkionak deustan galarazi gabe.

11. artikulua. Banan-banako prezioak ezartzea.

Banan-banako prezioak ezartzeko, lanaren, pentsioen edo sorospenen ondoriozko dirusarrerak ez ezik kapital higigarri edo higiezinetan sortuak ere hartuko dira kontuan.

Ondasun higigarri edo higiezinetatik haien benetako atarramenduak hartuko dira kontuan. Horrelakorik ez badago, ondasun horiek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako arauen arabera baloratuko dira, erabiltzailea normalean bizi deneko etxebizitza ezik.

Lehengo lerroaldeetan ezarririko ondorioetarako, zerbitzua hartzen duen pertsonak kasuan kasuko zerbitzua erabili baino 5 urte lehenagotik bere ezkontideari, bere ondorengoei eta oinordekoei dohaineko titulu gisa eskualdaturiko ondasun eta eskubideen atarramenduak ere hartuko dira aintzakotzat.

12. artikulua. Famili unitatea.

Arauteria honetan ezarririko ondorioetarako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko arauteriak zehazten duena eta erabiltzailea sarturik dagoena izanen da famili unitatea. Famili harrera arauturik daukaten famili unitateen kasuan, arauteria honen ondorioetarako, harturiko txikia famili unitateko kidetzat joko da.

13. artikulua. Hileroko per capita errenta.

Arauteria honetan ezarririko ondorioetarako, hileroko per capita errenta famili unitateak kontzeptu guztiengatik guztira eskuraturiko dirusarrera garbiak zati hamabi hilabete eta zati bertako pertsona kopurua izanen da.

14. artikulua. Banan-banako prezioak berriro aztertzea.

Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institututak edo entitate hitzartuek emaniko zerbitzuengatik ordaindu beharreko banan-banako prezioak organo kudeatzaileak berraztertuko ditu, ofizioz, edo pertsona interesatuak edo haren ordezkariak eskaturik, tarifa aldatzera behartzen ahal duen edozein betebehar aldatzen denean.

15. artikulua. Hartzaileen eginbeharrak.

Arauteria honetan aipatzen den edozein zerbitzu eta prestazio hartzen duten pertsonak beharturik daude jakinaraztera, gertatu eta gehienez ere hogeita hamarreko epearen barrenean, elkarbizitza egoera, egoera zibila, egoitza, baliabide ekonomiko berekiak edo, elkarbizitzagatik egozten ahal diren baliabide arrotzak eta ezarririko tarifetan eragina izan dezaketen inguruabar guztiak aldatu direla.

16. artikulua. Erregimen iragankorra.

Arauteria berriak indarra hartzen duenetik, tarifa guztiak erabiltzaile bakoitzaren ondareko egoeraren arabera eguneratuko dira. Erabaki hau aplikatzeagatik egiten ari zen diru-ekarpenaren ehunekoa handitu behar baldin bada, ezartzen diren tarifa berriak erabakiak indarra hartzen duen egunetik aurrera aplikatuko dira.

Hala ere, baliatzen diren pertsonendako eta pertsona lagunduendako eguneko laguntza zerbitzuengatik eta egoitza psikogeriatrikoetan Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari ordaindu beharreko tarifak kasuan kasuko zerbitzua ematen hasten den egunera atzera eraginen dira.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko ekainaren hemezortzian.

Iragarkiaren kodea: A9706441