II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
C A S E D A
Deialdia, administrari-ofizial lanpostu bat oposizio lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko
1.-Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea administrari-ofizial lanpostu bat oposizio lehiaketa murriztuaren bidez betetzea da Casedako Udalaren zerbitzuko funtzionario plantilako langileekin, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatzen badituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluan aurreikusi moduan.
1.2. Hautapen probak gainditu ondoren administrari-ofizial lanposturako izendatzen den langilea C mailan sailkatuko da eta maila horretako ordainsariak jasoko ditu.
1.3. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta edozein unetan aldatu ahalko dute administrazio organo eskudunek.
1.4. Bere mailari eta kategoriari dagozkien eginkizunak beteko ditu. Orain arte betetzen zituenekin jarraitu beharko du, maila berriari dagozkienaz gain.
2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek baldintza hauek beharko dituzte bete eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean:
a) Casedako Udalaren zerbitzuko funtzionarioa, D mailakoa, izatea.
b) Eskatzen den titulazioa izatea, hau da, Goi mailako Batxilergoa, Lanbide Heziketa, 2. mailakoa, edo baliokideren bat eta D mailan gutxienez hamar urtez zerbitzu ematen aritu izatea.
c) Hautapen probak gainditzea.
3.-Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Casedako Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabide horiek deialdi honen I. eraskin gisa argitaratzen den ereduari beharko diote jarraitu. Eskabideari deialdiaren 2.1 oinarrian eskatu baldintzak frogatzen dituen dokumentazioa erantsiko zaio, baita lehiaketaldian baloratuko den dokumentazioa ere.
4.-Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dena.
4.2. Baztertutako izangaiek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALeko argitalpen horren ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egin ahalko dituzte eta, okerrik izan bada, haiek zuzendu.
4.3. Erreklamazio epea iragan eta haiek ebatzi ondoan, alkateak ebazpena emanen du, onartuen behin betiko zerrenda onetsiko duena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea aginduko du. Ebazpen berean zehaztuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.
5.-Epaimahai kalifikatzailea.
5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:
Mahaiburua: Andrés Basterra jauna, Casedako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Concha Solano andrea, Casedako Udaleko zinegotzia.
Mahaikidea: Jesús A. Esparza jauna, Casedako Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Alfredo Baztán jauna, Casedako Udaleko zinegotzia.
Mahaikidea: Santiago Remón jauna, Casedako Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Lorenzo Martínez jauna, Casedako Udaleko zinegotzia.
Mahaikidea: José Gabriel Ayesa jauna, Zangozako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Eugenio Martínez jauna, Zangozako Udaleko ofiziala.
Mahaikide-idazkaria: Fermín Ezquieta jauna, Casedako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Jesús Garde jauna, Oibarko Udaleko idazkaria.
Epaimahaiak hautapen probak hasi aurretik beharko du eratu.
5.2. Epaimahaiak ezin izanen du eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengorik gabe.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioarekin sor daitezkeen afera guztiak.
6.-Oposizio-lehiaketaren garapena.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketa aurrena eta oposizioa ondoren, oinarri hauetan adierazitako moduan.
7.-Lehiaketaldia.
7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko ditu, ondoko merezimendu baremoari jarraituz. Izangaiek dokumentu bidez beharko dituzte alegatu eta frogatu merezimendu guztiak jatorrizko agiriekin edo behar bezala konpultsatutakoekin, eskabidea aurkezten duten unean.
7.2. Merezimenduen balorazioa.
a) Administrazio publikoetan, administrari laguntzaile lanpostuan emandako zerbitzuak, puntu bat urte bakoitzeko, eta gehienez ere 6 puntu.
b) Bete beharreko lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza eta hobekuntza ikastaroetako titulu ziurtagiriak, 0,40 puntu bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.
7.3. Lehiaketaldiko puntuazioagatik ez da inor baztertuko.
7.4. Lehiaketaldia amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udaletxeko iragarki oholean, oposizioaldian onartutako izangaien zerrenda lehiaketan atera duten puntuekin.
8.-Oposizioaldia.
8.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu:
a) Lehen ariketa. Epaimahaiak erabakitzen dituen ariketa praktikoak izanen dira honako hauei buruz: datuak ordenadorean sartzea, epaimahaiak ezarritako moduan eta denboran, hardwarearen gaineko galderak, mikroordenadore baten osagaiak, testu prozesadore baten eginkizunak eta udal zerbitzuei buruzko aplikazio informatikoak, baita udal baliabide informatikoen aplikazioa ere biztanleen errolda, kontabilitatea, lurralde aberastasuna, jarduera ekonomikoen gaineko zerga eta ibilgailuen gaineko zerga tramitatzeko, beste zerga eta tasak kobratzeko kudeantza eta agirien erregistroa.
Gehienez, 90 minutu izanen dira ariketa hori egiteko.
b) Bigarren ariketa. Galdera teoriko praktiko batzuei erantzun beharko zaie idatzita, Administrazio Kudeaketari eta Zuzenbideari buruzko gai zerrenda honetatik:
-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea. Nafarroako Toki Entitateen antolakuntza, administrazioa eta funtzionamendua.
-Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea. Toki Ogasunen baliabideak.
-Udal zergak. Hirilur eta landalur aberastasunaren eta lizentzia fiskalaren erregistroak kudeatu eta mantentzea. Aplikazioko arautegia.
-Aurrekontua eta gastu publikoa.
-Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileak. Haien araubide juridikoaren gaineko oinarrizko ideiak.
-Udal ordenantzak. Kontzeptua, motak, onespena, tramitazioa eta aldakuntza.
Gehienez, 90 minutu izanen dira ariketa hori egiteko.
8.2. Baztergarriak diren oposizioko ariketen balorazioak gehienez ere 30 puntu izanen ditu, modu honetan banaturik:
Lehen ariketa: 15 puntu gehienez ere; 7 puntu beharko dira gutxienez ariketa gainditzeko, eta baztertuta geldituko dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak.
Bigarren ariketa: 15 puntu gehienez ere; 7 puntu beharko dira gutxienez ariketa gainditzeko, eta baztertuta geldituko dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak.
8.3. Mahaikide bakoitzak bere aldetik emanen du kalifikazioa. Kalifikazio guztien batezbesteko aritmetikoa izanen da ariketa horren puntuazioa.
8.4. Plika itxietan eginen dira probak eta deialdi bakarrarekin. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.
9.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda.
9.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Udaletxeko iragarki oholean erakutsiko du gainditzen dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenaturik, izangaiek lehiaketan zein oposizioan ateratako puntuazioak batu ondoren.
9.2. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio izendapen proposamena puntuazio handiena ateratzen duen izangaiaren alde, lanpostua bete dezan.
10.-Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Aipatu prozesua amaiturik, osoko bilkuran izendatuko da puntuazioa handiena ateratzen duen izangaia Casedako Udaleko administrari-ofizial eginkizunak bete ditzan. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
10.2. Izendatu izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik. Epe horretan, eta ezinbestekoak salbu, jabetzarik hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta gainditu dutenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da lanpostua.
11.-Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, bere oinarri eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat jar daiteke:
a) Administrazioarekiko errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik, aldez aurretik organoari errekurtsoa jartzeko asmoaren berri emanda, edo bestela,
b) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hau ere.
(1997ko apirilaren 23ko osoko bilkuran onetsitako deialdia).
I. ERASKINA
Administrari-ofizial lanposturako eskabidea
............ J/A-k, adinez nagusia, ..... N.A.N. izan eta .......... herriko ........ kalean helbidea duenak, zure aurrean agertu eta onartua izatea eskatzen du Casedako Udaleko administrari-ofizial lanpostu oposizio lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian.
Ez duela eritasunik, ezta akats fisiko edo psikikorik ere, karguan aritzea galarazten dionik.
Ez duela indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.
Eskabideak aurkezteko eman epea amaitzen den egunean, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela.
Casedan, 1997ko ........ aren ... (e)an.
(Sinadura)
Iragarkiaren kodea: A9704296