66. ALDIZKARIA - 1997ko ekainaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

63/1997 FORU AGINDUA, apirilaren 24koa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, 1996ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 artean hasitako ekitaldietako Sozietateen gaineko Zergaren aitorpen-likidazioaren eredua onetsi eta aitorpena aurkezteko arauak ematen dituena.

Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboak, Foru Diputazioak 1980ko maiatzaren 29an hartutako erabakiari jarraituz, beharturik daude Zergaren aitorpena aurkeztera, haren likidazioa eta dirusarrera egiteko behar diren agiriekin batean. Hortaz bada, beharrezkoa da horren eredua onestea aipatu betebehar hori betearazteko.

Horren ondorioz,

AGINDU DUT:

Lehenbizikoa.-Aitorpen-likidaziorako S-90 eredua onestea.

Onetsi egiten da Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenerako S-90 eredu berria, Foru Agindu honen I. Eraskinean agertzen baita, 1996ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 artean hasitako ekitaldietarako.

Aipatu ereduaren 18. orrialdea estatistikarako izanen da soilik.

Bigarrena.-Aitorpena egitera behartuak daudenak.

1. Sozietateen gaineko Zergako xedapenen testu bateginaren 27. artikuluan aipatzen diren subjektu pasiboak dira S-90 ereduari jarraituz aitorpena egitera behartuak daudenak.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa Hitzarmen Ekonomikoaren 17. artikuluan aurreikusitakoaren arabera Foru Komunitateko Administrazioaren zergapeko diren subjektu pasibo guztiei aplikatuko zaie.

Hirugarrena.-Aurkezteko tokia eta epea, eta ordaindu edo itzultzeko modua.

1. Foru Agindu honen bitartez onetsitako aitorpen- likidaziorako eredua Nafarroako Gobernuaren Ekonomi eta Ogasun Departamentuan aurkeztu beharko da edo posta ziurtatuaz bertara igorri, beste Administrazio batzuetan aurkeztu behar diren aitorpenak galarazi gabe, hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz gain beste baten zergapeko izanez gero.

Martxoaren 25eko 157/1996 Foru Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, entitate laguntzaileetan ere aurkeztu ahalko da.

2. Subjektu pasiboek epe hauetan aurkeztu beharko dute aitorpen-likidazioa:

a) Nafarroako foru arautegia aplikatu behar denean, ekitaldiko behin betiko balantzea legez onetsi eta ondoko hogei egunetan.

b) Estatuko arautegia aplikatu behar denean, ekitaldiko behin betiko balantzea legez onetsi eta ondoko hogeita bost egun naturaletan.

c) Entitateek Foru Agindu honek indarra hartu baino lehen onetsi badituzte ekitaldiko kontuak, aurreko letretan ezarritako epea Foru Aginduak indarra hartzen duen egunetik hasita kontatuko da.

d) Beti ere, Zerga sortu edo balantzea ixten den egunetik kontuak onetsi gabe sei hilabete iraganez gero, hurrengo lehenbiziko egun baliodunean amaituko da aitorpen-likidazioa aurkezteko epea.

3. Subjektu pasiboak, aitorpen-likidazioa aurkezten dutenean, beharturik izanen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Ogasun Publikoaren lankide den edozein finantza entitatetan sartzera. Dirusarrera egiteko 912 "Ordain gutuna" eredua erabiliko da.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, zein entitate eta kontutan ordaindu behar den adierazi beharko da aitorpenak horretarako duen atalean.

Laugarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Subjektu pasiboek, aitorpen-likidazioarekin batean, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Konturako atxikipen edo dirusarrerak aitortzen direnean: ordaintzaileak luzatutako ziurtagiria, gutxienez datu hauek jasoko dituena:

-Etekinen ordaintzailearen izen-deiturak edo sozietatearen izena, helbidea eta IFZ edo IK eta etekinen zenbatekoa.

-Hartzailearen sozietatearen izena, IK eta helbidea.

-Konturako atxikipen edo dirusarreraren zenbatekoa, horrelakorik egin bada.

Etekinak gordailu edo kudeaketako entitateen bidez ordaintzen badira, aurreko ziurtagiriaren ordez entitate horiek interesatuei ematen dizkieten komunikazioak aurkezten ahalko dira, zenbat ordaindu eta zenbat atxiki zaien adieraziz.

b) Inbertitu eta lana sortzeagatik kuotan egindako kenkariak egiaztatuko dituen dokumentazioa. Maiatzaren 12ko 3/1988 Foru Legean kenkarietarako aurreikusitako araubide berezia aplikatu behar denean, Nafarroako Gobernuak horren gainean hartutako erabakiaren kopia aurkeztu beharko da.

c) Subjektu pasiboak azaroaren 15eko 12/1993 Foru Legearen 19. artikuluan aurreikusitako hobarira jotzen duenean, Nafarroako Gobernuak emandako baimenaren kopia.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa ezertan ukatu gabe, martxoaren 8ko 85/1993 Foru Dekretuan, ordainagiriak nola luzatu eta gastu eta kenkariak nola egiaztatu arautzen duen hartan aurreikusitako moduan eginen da justifikazioa.

3. Aurreko zenbakietan aurreikusitakoa betetzen ez bada, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak bidezko den behin-behineko likidazioa egin ahalko du, tributua kudeatzeko organoen bitartez.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko apirilaren hogeita lauan.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, José María Aracama Yoldi.

Iragarkiaren kodea: a9704442