37. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L O D O S A

Ordenantza fiskalen behin betiko onespena

Udalak sei ordenantza fiskal onetsi zituen hasiera batean 1996ko abenduaren 9an, eta horren iragarkia 1996ko abenduaren 18ko 153. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Jendaurrean egoteko aldia atzo bukatu zen, ereklamazio, enura eta ohartarazpenik inork aurkeztu gabe. Hortaz, ordenantzak data hori dutela gelditu dira behin betikoz onetsirik eta ondotik ematen dira osorik. Hona hemen:

1.-Ordenantza fiskal orokorra.

2.-Udal agiri eta espedienteak luzatu eta izapidatzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

3.-Lurzoru, hegalkin eta zorupeko probetxamendu berezien prezio publikoak arautzen dituen ordenantza.

4.-Udalaren kirol eta kultur eraikin eta instalazioak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza.

5.-Udal hilerrian nitxoak erabiltzeko prezio publikoa arautzen duen ordenantza.

6.-Udal hiltegia erabiltzeko prezio publikoa arautzen duen ordenantza.

Lodosan, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko otsailaren bortzean. Alkatea, Fermín Remírez Elías.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

O i n a r r i a

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak (1995eko martxoaren 20ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIAL) xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

I. KAPITULUA

Oinarri orokorrak

1. artikulua. Honako Ordenantza Fiskal Orokor honen xedea da udalerri honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken hauek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. art. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko sujetuak hartzen ditu bere esparruan, beti ere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren oinarriak aintzat hartuz (2/1995 Foru Legearen 56.a. artikulua).

3. art. Oteitzako Udalak onetsitako ordenantza fiskalek bere udal mugape osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri entitate zerga-ordainarazlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik (2/1995 Foru Kegearen 56.b artikulua).

4. art. Udal honek ordainarazten dituen toki-tributuen sujetu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari kasu bakoitzean dagokien tributu arloko erregimen, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, Administrazioari loturarik ezarriko ez diolarik.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren eskudun organoaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko betebeharrak betetzen dituen sujetu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3. artikuluak adierazten dituen baldintzak betetzen badira.

Interesatuek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero, erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legeko 63.4 artikulua).

5. art. Udal honek indarrean diren ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.

Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada mugagabeko iraupena dutela ulertuko da (2/1995 Foru Legearen 14. artikulua).

II. KAPITULUA

Zerga erlazioaren elementuak

Zergagaia

6. art. Zergagaia izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzak zergagaia zehaztuko du eta horretarako, zerga ordaindu beharra zer baldintzatan sortzen den aipatuko.

7. art. Ez da analogia onartuko zergagaiaren edo salbuespen edo hobarien esparrua bere muga hertsietatik harata hedatzeko (2/1995 Foru Legearen 65. artikulua).

8. art. Sujetu pasiboa

a) Sujetu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularrari jarraikiz, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadunaren nahiz haren ordezkari gisa.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, zeini ordainarazpen bakoitzaren ordenantzak (2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuz) zergagaiari darion tributu karga ezartzen baitio, bakarka edo bertze batzuekin batera.

Zergadunaren ordezkoa sujetu pasiboa da, zeina, ordenantzak hala beharturik eta haren ordez, behartuta baitago zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera.

b) Sujetu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen banatugabeak, ondasun komunitateak eta gainerako entitateak, zeinek, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko bat edo ezarpena jar dakiokeen berezitako ondare bat osatzen baitute.

9. art. Zerga erlazioaren aldaezintasuna

Sujetu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute udal administrazioan eraginik izanen, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak galarazi gabe.

10. art. Zerga-oinarria

Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zergagaia zerga-modulutzat kalifikatzea, tributu zorra kopuru finkotan mugatzen denean.

b) Zergagaiaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu zorra zehaztera iristeko.

c) Zergagaiaren balorazioa diru unitatetan, udal administrazioak kontutan hartutakoa. Horri buruz, eta kasu bada, indarra duen arautegiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, tasa egokia aplikatuko zaio tributu zorra zehaztera iristeko.

Zenbait ordainarazpenen kasuetan errolda, matrikula edo erregistroa eginen da, beren izaera dela eta zergagaiak iraun egiten duenean.

11. art. Likidazio oinarria.

Likidazio oinarritzat hartzen da zerga-oinarrian ordainarazpen bakoitza arautzen duen lege edo ordenantzan ezarritako murrizketak, halakorik bada, egin ondoren geratzen den emaitza.

12. art. Karga-tasa.

Karga-tasatzat hartuko dira izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeen eta likidazio oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak.

13. art. Kuotaren zehaztapena

Kuota honela zehaztuko da:

a) Ordenantzan zerga-modulu gisa seinalatutako kopuru finkoaren arabera.

b) Ordenantza partikularretan ezarritako tarifak karga-oinarriari aplikatuz.

c) Zerga-oinarriaren balioari dagokion karga-tasa proportzional edo progresiboa aplikatuz.

d) Oro har, kontribuzio berezietan, ordaintzera beharturik dauden guztientzat, interes partikularrari egozten zaizkion obra eta instalazioen kostuaren ehunekoaren arabera, kuota osoa sujetu pasiboen artean nork berea ordaintzeko banatuko da, dagokion ordenantzan finkatutako moduluei jarraikiz.

14. art. Salbuespenak eta hobariak

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsi edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Tributu zorra

15. art. Tributu zorra sujetu pasiboak udal administrazioari zor dion diru kopurua da. Kopuru honetan tributu-kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutzagatiko korritua, legean ezarria.

c) Gerorapen edo luzapen errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Zerga izaera duten diru-zehapenak.

Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna

16. art. 1. Legeak tributu zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, sujetu pasibo edo zordun nagusiekin batera, bertze pertsona batzuk solidario edo subsidiarioki.

2. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.

3. Erantzukizuna tributu zor osoraino iristen da, zehapenak salbuetsirik.

Premiamenduko errekargua dirusarrera egiteko borondatezko epea bete eta ordaindu ez duenean bakarrik eskatzen ahal zaio erantzuleari.

17. art. Beti ere, tributu zorraren ordainketara behartzeko administrazio egintza erantzuleei iragan ahal izateko beharrezkoa da administrazio egintza bat zeinean, interesatuari entzun ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren norainokoa zein den zehaztuko den.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

18. art. Administrazio egintza erantzule subsidiarioei iragan ahal izateko nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren arreta neurriak hartzea galarazi gabe.

19. art. Zor baten erantzule solidario edo subsidiaroak bi edo gehiago baldin badira, zorra oso- osorik horietako edonori eskatzen ahal zaio.

Tributu zorraren iraungipena

20. art. Tributu zorra iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskripzio bidez.

c) Egiaztatutako ordainezintasunagatik.

d) Konpentsazio bidez.

21. art. Tributu zorren ordainketa ordenantza honen 54tik 57ra bitarteko artikuluek, biak barne, arautzen dutenaren arabera eginen da.

22. art. Bortz urteren buruan ondoko eskubide eta egintzak preskribatuko dira:

a) Sujetu pasiboen aldekoak:

-Tributu zorra likidazioaren bidez zehazteko udal administrazioak duen eskubidea, eskubide hori sortu zen egunetik kontatzen hasita.

-Likidatutako tributu zorrak ordain daitezen galdatzeko ekintza, borondatezko ordainketarako epea akitzen den egunetik kontatzen hasita.

-Tributu zehapenak ezartzeko ekintza, arau-hauste bakoitza egin zen egunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioaren alde, jaso behar ez ziren dirusarrerak itzultzeko eskubidea, sarrera egin zen egunetik kontatzen hasita.

23. art. Aurreko artikuluaren a) atalak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:

-Sujetu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, zergagai bakoitzagatik zorpidetutako ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskapena, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta dirubilketa erdiesteko egindako edozein egintza administratiboren eraginez.

-Edozein erreklamazio edo helegite paratzen bada; udal administrazioak ezarritako epearen barnean ez badu ebazpenik ematen, udal administrazioari berari egozten ahal zaion erruz, preskripzio aldia aipatu epe hori iragaten den egunetik aurrera hasiko da kontatzen.

-Tributu zorra ordaindu edo likidatzeko sujetu pasiboak egiten duen edozein jarduketagatik.

Aurreko artikuluko b) atalaren kasuan, preskripzio epea eten eginen da dirusarrera ez-zilegia itzultzea nahi duen sujetu pasiboaren edozein egintza fedemaileren bidez, edo udal administrazioaren edozein egintza dela medio horrelakorik badela aitortzeko.

24. art. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, sujetu pasiboak eskatu edo salbuetsi beharrik gabe.

25. art. Sujetu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela eta, kitatu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungiak deklaratuko dira, preskripzio epearen barnean birgaitzen ez diren bitartean. Epe hori akiturik zorra birgaitzen ez bada, behin betikoz iraungirik geratuko da.

IV. KAPITULUA

Tributuen arloko arau-hausteak eta zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak

26. art. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 93. artikuluari jarraikiz, tributuen arloko arau-hausteak lege horretan berean eta gainerako arau aplikagarrietan tipifikatzen eta zehatzen diren ekintza eta omisioak dira.

27 art. Arau-hausleak izanen dira legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioak egiten dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, eta bereziki ondoko hauek:

a) Tributuen sujetu pasiboak, zergadun ala ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten sujetu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioari argibideak edo laguntza emateko obligazioa duten pertsona fisiko edo juridikoak.

28. art. Legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioetatik erantzukizunik ekarriko ez dutenak 2/1995 Foru Legearen 93. artikuluan aipatutakoak dira.

29. art. Arau-hausteak soilak edo larriak izan daitezke, egintza edo omisioak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluan kontzeptu batean edo bertzean sartzen diren kontuan hartuz.

Zehapenak

30. art. Arau-hausteak isun finko edo proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

31. art. 1. Arau-hauste soil bakoitza 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitarteko isunarekin zehatuko da.

2. Eskumenak erabiliz egitekoak ikuskatzailetza- jarduketei zailtasunak edo aitzakiak jarri edo uko egiteagatik, 50.000 pezetatik 1.000.000 pezeta bitarteko isuna jarriko da.

3. Tributu arloko arau-hauste larriak kuotaren zenbatekoaren % 50etik % 150era bitarteko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.

4. Berandutza-korrituak galdatzen ahalko dira, borondatez ordaintzeko epea bukatzen denetik tributu egoera erregularizatzen duen likidazioa egiten den egunera arte igarotako denboragatik.

32. art. Zehapen prozedura.

Zehapenak tributuen likidazio behin-behineko edo behin betikoak bideratzen dituzten egintza administratiboak diktatzen dituzten organoek erabaki eta ezarriko dituzte, beti ere interesatuari entzun eta aldez aurretik behar den espedienteari hasiera eman ondoren.

33. art. Tributu arloko arau-hausteetatik sortutako erantzukizuna.

1. Arau-hausteek ekarritako erantzukizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.

2. Arau-hausleak hiltzen direnean, haien oinordeko edo legatu-hartzaileek jasoko dituzte tributu arloko betebeharrak, jaraunspena hartzeko legeria zibilak ezartzen duena deusetan galarazi gabe. Zehapenak ezin dira sekula transmititu.

3. Sozietate edo entitate desegin eta likidatuen kasuan, ordaindu gabeko tributu horiek kapitalean kide edo partaide direnei transmitituko zaizkie, eta haiek solidarioki erantzunen dute, bakoitzak esleitu zaion likidazio-kuotaren balioaren mugaraino.

V. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

34. art. Tributuen kudeaketari hasiera emanen zaio:

a) Sujetu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Toki entitateen organo administratiboen ikerketaren bidez.

Tributu aitorpena

35. art. a) Tributu aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo osagaiak agertu direla adierazi edo aitortzen duen agiri oro, bai halaber zergagai bat duen edo osatzen duen agiriaren aurkezpen hutsa ere.

b) Ez da inolaz ere eskatuko zerga aitorpenak zinpekoak izatea.

c) Aurkeztean interesatuei emanen zaie horren egiaztagiria, eta horretarako aitorpenaren kopia ere erabiltzen ahalko da.

d) Frogagiri bat aurkeztean interesatuek aurkezten ahalko dute, horrekin batera, kopia sinplea edo fotokopia, udal administrazioak, erkatu ondotik, jatorrizkoa itzul dezan, prozedura behin betikoz ebatzi aurretik agiria itzuli behar ez dela erabakitzen ez bada, agiri pribatua izateagatik edo legezko bertze arrazoiren batengatik.

36. art. Aitorpena aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean ezarritako epeen barnean, eta orokorrean, zergagaia ematen den unetik hasita ondoko hogeita hamar laneguneko epearen barnean. Epearen barnean ez aurkeztea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

37. art. Aitorpena toki entitate honetan aurkezteak ez du zergaren jatorria onartu edo aitortzen denik erran nahi.

Udal honek aitorpenak eska ditzake eta hauek gehitzea ere bai, eta orobat nabari diren okerrak zuzentzea, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

38. art. Epeak.

1. Ordenantza partikularretan izapide bakoitza egiteko bete beharreko epeak zein izanen diren adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedura amaitzen duen ebazpenaren eguna arteko denbora; beti ere hori galarazten duten behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Epe hori bi urtekoa izanen da ikuskapena denean.

2. Toki entitate honek epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du erran nahi administrazio ekintza iraungi egiten denik, baina, hala ere, interesatuei erreklamazioa aurkezteko baimena emanen die.

3. Izapidaketaren akatsen kontrako kexako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, eta bereziki, prozedura geraraztea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakartzatenak. Erreklamazioa ontzat hartzen bada, horretarako arrazoirik izanez gero, berarekin erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

Ikerketa eta ikuskapena

39. art. Toki entitate honek ikertuko ditu zergagaia osatzen edo baldintzatzen dituzten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta egiaztatuko karga-oinarriaren balorazioa.

40. art. Ikerketa egiteko sujetu pasiboaren kontabilitate nagusiaren edo laguntzailearen agiriak, liburuak, fitxategiak, kontu-agiriak, frogagiriak eta oharpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den bertze edozein informazio aurrekariren ikuskapena eginen da.

41. art. Sujetu pasiboek kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren bertze dokumentuak eraman eta zaintzeko obligazioa dute, bai eta ikuskapen lanetan erraztasunak emateko ere, Administrazioari zergagaiarekin zerikusirik duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak eskuratuz.

42. art. Ikuskapenak diligentzia, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira sujetu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakarte.

43. art. Salaketa.

1. Toki entitateen ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioa laguntzeko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen helegite edo erreklamaziorik aurkezteko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributu likidazioak

44. art. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du likidazioa eginez tributu zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

2. Behin betikoak honako hauek izanen dira:

-Zergagaiaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin- behineko likidaziorik izan ala ez.

-Preskripzio epearen barnean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, bermeak, partzialak edo osokoak badira ere.

45. art. a) Likidazioak egiterakoan toki entitate honek egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada sujetu pasiboari jakinarazi behar zaio.

46. art. 1. Likidazioak sujetu pasiboei jakinaraziko zaizkie, hauek adieraziz:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, hauek jartzeko epeak, bai eta zein erakundetan jarri ere adieraziz.

c) Tributu zorra non, noiz eta nola ordaindu behar den.

2. Jakinarazpen akastunek eragina izanen dute sujetu pasiboak haren berri baduela espreski adierazten, dagokion helegitea jartzen edo tributu zorra ordaintzen duenetik hasita.

3. Sujetu pasiboei zuzenean emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza aipatu ez badute, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko epe horretan behar bezalako protesta egin bada salbu.

Zergadunen erroldak

47. art. Ordenantza partikularrean berean zehaztutako kasuetan, udal administrazioak, interesatuen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz, zergadunen erroldak prestatzeari ekinen dio. Zergadunen errolda horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta Udalak paratu nahi duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela, funtzionatuko du.

48. art. 1. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak ontzat eman beharko dira erreklama daitekeen administrazio egintzaren bidez, eta legeari jarraikiz sujetu pasiboei horien berri emanen zaie.

2. Erroldan zernahi alta, baja edo gorabeherarik sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar laneguneko epean.

49. art. Zergadunen erroldak dokumentu fiskaltzat hartuko dira, zeina aipatu beharko baita kobratzeko zerrenda, ordainagiri eta bertze dokumentuetan, dagokion ordainarazpena eskuratu ahal izateko.

VI. KAPITULUA

D i r u b i l k e t a

Oinarri orokorrak

50. art. Dirubilketaren kudeaketa, toki entitatearen ogasunaren hartzekoa osatzen duten kreditu eta eskubideak egitera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea da.

51. art. 1. Dirubilketa egin daiteke:

-Borondatezko aldian.

-Derrigorrezko aldian.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, indarra duen legeriari jarraikiz dirubilketa nahitaez eginen da premiamendu bidez, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere obligazioa betetzen ez badu.

52. art. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da diruzaintzaren bidez. Han, kontuhartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa beteko du.

53. art. Zorren sailkapena, dirubilketari doakionean.

1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu zorrak, dirubilketari doakionean, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbertzekoa da jakinarazpena igortzea, sujetu pasiboak tributu zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpenik gabeko zorrak dira banakako jakinarazpenik behar ez dutenak, zuzenean sujetu pasiboek ezagututako zergadun erroldetatik etortzeagatik, tributu zorra aldiro aldatzen bada ere, dagokion ordenantzan aurretiaz zehaztutako errekargu edo tasa igoeren aplikazioagatik.

4. Norberak likidatutakoetan sujetu pasiboak, efektu tinbratuen bidez edo aitorpen-likidazioa egitean, aldi berean tributu zorraren ordainketa egiten du.

54. art. Ordainketa egiteko tokia

Toki entitate honen aldeko zorrak Udalbatzaren kutxan ordainduko dira, edo banku edo aurrezki kutxetan horretarako irekitako kontuetan, horien titulartasuna badu.

55. art. Ordainketa epeak.

Tributu zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenetik hasita hogeita hamar laneguneko epearen barnean.

b) Ordainagiri bitartez aldian aldian ordaintzen direla-eta banakako jakinarazpenik behar ez duten tributu zorrak, aurreko letran ezarritako epe berdinean, ordaindu behar diren hiruhileko naturaleko lehen egunetik hasita.

c) Sujetu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitza arautzen duen ordenantzan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zergagaia gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar lanegunen barnean.

56. art. Ordainketa egiteko modua.

1. Tributu zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Legezko dirua

b) Posta edo telegrafo bidezko igorpena

c) Banku txekea

d) Era berean, banku edo aurrezki kutxetan horretarako toki entitatearen alde irekitako kontuetan abonu edo transferentzi gutuna eginez ordain daiteke tributu zorra.

2. Aurreko atalean erranagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, azken hauek sujetu pasiboaren administratzaile lana eginen dutelarik honek baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da toki entitatearen diruzaintzari eta kreditu eta aurrezki entitateari aldez aurretik jakinaraztea helbideratze horiek zein tributuri dagozkion.

57. art. Gerorapenak eta zatikako ordainketak.

1. Tributu zorra likidatzean toki entitateak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90etik 92ra bitarteko artikuluek, biak barne, xedatzen dutenari lotuko zaizkio.

VII. KAPITULUA

H e l e g i t e a k

58. art. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean izaera orokorrez ezarritako udal ebazpenen kontrako helegiteak aurkezten ahal dira.

59. art. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesatuen eskubidea Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra egiteko, Udalaren ebazpenen kontrako helegiteak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

60. art. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka helegiteren bat paratzeko, galdatutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, interesatuak ez badu diruzaintzan likidazioaren zenbatekoa uzten; zenbateko horri ehuneko hogeita bortz gehituko zaio sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onesten denean, eta ondorio juridiko osoak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara ematen denean sortuko ditu.

Bigarrena.-Ordenantza fiskal orokor hau, hala nola Udal honek onesten dituen ordenantza bereziak aldatzeko, onesteko egin diren izapide berdinak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko I. kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 1995eko 2/95 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

UDAL AGIRIAK ETA ESPEDIENTEAK LUZATU ETA IZAPIDATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Z e r g a g a i a

2. art. Alderdi batek eskaturik, udal administrazioak edo udal agintariek beren eskumeneko dokumentuak eman edo izapidatzeagatik sortu udal jarduerak eratzen du zergagaia.

Ordaindu beharra

3. art. Ordaindu beharra sortzen da norberaren intereserako, udal administrazioak edo udal agintariek euren eskumenekoak diren edo izan behar duten edozein agiri edo izapide ematea eskatu hutsarekin.

Sujetu pasiboa

4. art. Udal administrazioak edo udal agintariek ematen dituzten edo beren eskumenekoak dituzten agiriak eskatu, sortarazi edo haien onura jasotzen duten pertsona natural nahiz juridikoak dira sujetu pasiboak.

Kudeaketa eta dirubilketarako arauak

5. art. 1. Tasa sortutzat joko da Udalaren erregistro orokorrean eskabidea aurkeztearekin eta udal bulegoetan ez da eskabiderik ez agiririk onartuko, berari loturiko zerbitzu batengatik, aldez aurretik ordainketaren izapidea bete ez bada, une horretan zenbatekoa jakina izanez gero.

2. Tasaren zati finkoa jakina izanik bertze bat aldakorra bada (txostenak, aurrekinen emaitzak, etab. luzatzeagatik), eskabidearekin batean zati jakina baizik ez da galdatuko, eta zati aldakorra jakiten denean likidatuko da.

3. Tasa honen ordainketa behar duen agiririk ez da emanen, horren ardura duen funtzionarioak likidazioa egin ez badu eta eskatzaileak ordaindu ez badu.

4. Aurrekinak bilatzeko eskaera orok tasa sortuko du emaitza negatiboa bada ere.

6. art. Udal administrazioaren dokumentu eta berriemateen Sarrera eta Irteera Erregistro Orokorraren ardura duten langileek emanen dituzten udal zigiludun agiri guztiak zenbatuko dituzte eta udal gordailuzaintzan egunero dirusarrerak, dagozkien likidazioekin eginen dituzte.

Arau-hausteak eta zehapenak

7. art. Iruzurrik bada, udal administrazioaren dokumentu eta berriemateen Sarrera eta Irteera Erregistro Orokorraz axolatzen diren funtzionarioak eta udal gordailuzaintzaren ardura duten langileak izanen dira erantzuleak, eta hura indarra duten xedapenetan aurreikusten den gisan zehatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

TARIFEN ERASKINA

Ordenantza hau arautuko duten tarifak hauek dira:

1.-Eskabideak eta agiriak.

a) Edozein eskabide edo agiri aurkeztu dela frogatzen duten gordekin edo kopiengatik. 100 pezeta bakoitzeko.

b) Alderdi batek eskaturik luzatzen den agiri bakoitzeko, Lodosako Herriko Etxean artxibaturiko dokumentaziotik eskuratu bada, eta konpultsarik edo ziurtagiririk eskatu gabe, kopia eta fotokopien hurrengo ataleko tarifa aplikatuko da, hiru urte baino gehiago dituen dokumentazioa izan ezik, zaharragoa baldin bada tarifak bider lau eginen baitu bigarren hirurterako (4, 5 eta 6. urtea), bider zortzi hirugarren hirurterako (7, 8 eta 9. urtea) eta hamargarren urtetik aitzina, urte bakoitzeko unitate bat gehiago (hamargarren urtean tarifa bider bederatzi, hamaikagarren urtean tarifa bider hamar, eta berdin ondoz ondo).

c) Partikularrek ekartzen duten edozein agiriren kopia eta fotokopia, konpultsarik ez ziurtagiririk behar ez badu. Din A4 edo ttikiagoko orrialde bakoitzeko, 25 pezeta.

d) Eskatutako dokumentazioa udal planeamendurako arau subsidiarioetakoa baldin bada eta ez badira A4 edo A3 tamainako fotokopia soilak (horrela izanez gero kopia eta fotokopien aitzineko atalari jarraikiko baitzaio), Udalak hirigintzako aholkularitza daraman talde teknikoari eskatuko dio eta horrek kobratzen duen kontua edo faktura adineko tasa likidatuko da gehi mila pezeta izapidaketa gastuengatik, euskarri informatikoak, planoak, kopia masiboak edo bertzelakoak izan. Interesatuak eskatzen badu, talde teknikoaren faktura zuzenean eskatzailearen izenean luza daiteke, eta orduan Udalak mila pezetako tasa baizik ez du likidatuko izapideengatik.

Udalak erabakirik ditu kanpoko hirigintza zerbitzuen hurrengo ekitaldirako prezioak, eskatzen dizkiotenei egotziko baitizkie. Hona hemen:

A.S.en plano eta dokumentuen erreprodukzioa:

Jatorrizkoa landare-paperean: 350 pezeta gehi BEZa.

Jatorrizkoa plotterrean: 350 pezeta gehi BEZa.

Jatorrizkoen kopiak: 220 pezeta gehi BEZa.

Testu bateginaren dokumentu osoa: 12.130 pezeta gehi BEZa.

e) Alkatetzak edo fede-emaile publiko batek partikularren intereserako baimendu edo berrikusi behar duen bertze edozein agiri. A4 orrialde bakoitzerako, 325 pezeta.

2.-Ziurtagiriak, konpultsak eta txostenak.

a) Udal bulegoek bere esku dituzten agiri edo datuen gainean luzatzen dituzten ziurtagiriak, A4 orrialde bakoitzeko:

-Azken hirurtekoa bada, 325 pezeta.

-Aitzineko hirurtekoa bada, 500 pezeta.

-Sei urtetik aitzina, iragaten den urte bakoitzeko, 100 pezeta gehiago (zazpigarren urtekoak 600 pezeta, zortzigarren urtekoak 700 pezeta, eta berdin ondoz ondo).

b) Finken hirigintza egoeren ziurtagiriak, katastro finka edo haren zati bakoitzeko, 500 pezeta.

c) Egindako dirusarreren ziurtagiriak, ondasunen titular eta ekitaldi ekonomiko bakoitzeko, 325 pezeta.

d) Bertzelako ziurtagiria, A4 orrialde bakoitzeko, 325 pezeta.

e) Edozein agiriren konpultsa, frogapenak egin eta erkaketa-zigilua ezartzeagatik, inongo fedemaile publikoren sinadurarik gabe, A4 orrialde bakoitzeko, 100 pezeta.

f) Txostena, alde batek eskatua, ziurtagiriz hornitua nahiz gabe, plantilako langileek bertze inork parte hartuz egina bada, 2.000 pezeta bakoitzeko; kanpoko teknikari edo nolanahiko erakundeek parte hartu behar badute, Udalari haien kontua edo faktura pasatuko diote, eta haren zenbatekoa likidatuko zaio interesatuari, gehi mila pezeta izapidaketa gastuengatik. Interesatuek eskatzen badu, kanpoko talde teknikoaren faktura zuzenean eskatzailearen izenean luza daiteke, eta orduan Udalak mila pezetako tasa baizik ez du likidatuko izapideengatik.

Oharrak:

1. Kanpoko zerbitzuen txostena eskatuko da alderdi batek eskaturik hirigintzako antolamendu eta kudeaketaren gainean egiten diren espediente guztietan, Udalaren obra lizentzien espedienteetan (beren kalkulurako edo zuzendaritzarako inolako teknikari tituludunen baharrik ez dutenetan salbu), ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuen lizentzienetan eta lurrak zatitzeko edo banatzeko udal lizentzienetan.

2. Agertarazten denez, Udalak hirigintzari buruzko argibide zerbitzu bat eskaintzen du, dohainik gaur egun, eta horretarako udal planeamendurako gaurko arau subsidiarioak prestatu dituen lan-taldeko arkitekto bat izaten dela hamabortz egunetik behin Herriko Etxean. Berez edo bere teknikarien bitartez, edozein interesatuk jo dezake harengana, aitzinetik hitzordua eginda udal bulegoetan. Aipatu zerbitzu orokorrez aparte eskatzen diren txostenen kostua eskatzaileari egotziko zaio.

3. Udalak erabakirik ditu kanpoko hirigintza zerbitzuen hurrengo ekitaldirako prezioak, eskatzen dizkiotenei egotziko baitizkie. Hona hemen:

Aholkularitza eta txostenak:

Balorazioen gaineko txostena: 35.000 pezeta gehi BEZa.

Obra ttikien gaineko txostena: 8.000 pezeta gehi BEZa.

Hirigintzako txostena: 20.000 pezeta gehi BEZa.

Joan-etorria Lodosara: 3.000 pezeta gehi BEZa.

Prezioa orduko: aholkularitza edo ikuskapena: 5.390 pezeta gehi BEZa.

Aurreikusi gabeko gainerako eskuhartzeek eskatzaileari egozteko printzipio bera izanen dute arau. Hark aukera izanen du txostenaren kostu taxutuaren berri aitzinetik izateko, baita kanpoko teknikariak horren zenbatekoa zuzenean fakturatzeko ere.

4. Ziurtagiriak, konpultsak eta txostenak luzatzeko tarifen kasu guztietan, horiez gain, behar diren fotokopiak egiteagatik sortzen direnak ere likidatuko dira.

3.-Hirigintzako espedienteak.

a) Alderdi batek eskaturik hirigintza antolatu eta kudeatzeko edozein bitarteko izapidatzeko eskatzen denean, hura berria nahiz geroko aldaketa izan eta Udalaren esku dauden fase guztietan, edo beterikoetan, oraindik behin betikoz onetsirik ez egonagatik ere, eskatzaileak beharrezko den dokumentazio tekniko guztia ekarri behar du, eta orduan, luzatzen den txosten bakoitzeko tarifaz gain (2.f atala), iragarki ofizialen zenbatekoa kobratuko zaio eskatzaileari (testu osoaren argitalpena barne) baita hirugarrenei ordaindu beharreko guztiak ere, eta honela gehiturik izapidaketagatik:

-Udal planeamendurako arau subsidiarioen aldaketa puntuala, exekuzio unitatearen mugapena, xehetasun azterlana, hamar mila pezeta gehiago.

-Plan partzialak edo bereziak, hogeita hamar mila pezeta gehiago.

-Espediente bategina exekuzio unitate bakoitzeko konpentsazio sistemagatik (jarduketarako oinarriak, batzarrearen estatutuak, konpentsazio proiektua eta urbanizazio proiektua barne), edo borondatezko birzatiketa bat baldin bada, lur guztiak jabe bakarrarenak izateagatik, hogei mila pezeta gehiago. Fase edo agiri ezberdinetan eskatzen bada, aurreko izapidaketetako bakoitzagatik, hamar mila pezeta gehiago.

b) Udalaren jarduera lizentzia, ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuen espedienteari dagokiona, emateko eskatzen denean, herritarrei horren berri emateko eta jendaurrean paratzeko izapideetan, edo Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko txostenarenean, edo jadanik beterikoetan lizentzia, hondarrean, ematen ez bada ere, eskatzaileak beharrezko den dokumentazio tekniko guztia ekarri behar du, eta orduan, luzatzen den txosten bakoitzeko tarifaz gain (2.f atala), iragarki ofizialen zenbatekoa kobratuko zaio eskatzaileari (lizentzia ematearen argitalpena barne) baita hirugarrenei ordaindu beharreko guztiak ere, eta hamar mila pezeta gehiago.

c) Udalaren obra lizentzia emateko eskatzen denean, luzatzen den txosten bakoitzeko tarifak (2.f atala) kobratuko dira, honela gehiturik izapidaketagatik:

-Beharrezkoa bada Foru Komunitateko administrazioari igortzea (bizigarritasunaren gaineko txostena egiteko edo hiri lurzorutik kanpoko eraikuntzak izateagatik), bortz mila pezeta gehiago.

-Udal administraziotik kanpora aldez aurreko izapiderik behar ez badu, mila pezeta gehiago.

Oharrak:

1. Obrak materialki egiteko aurrekontuak berrehun mila pezetatik goiti egiten ez badu, mila pezetako tarifa bakarra aplikatuko da.

2. Lizentzia jarduera lizentzia eskuratu duen espediente baten gainekoa bada eta haren barnean babesten diren obrak ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuen espedientean baldin bada, udal administraziotik kanpora inolako izapiderik behar ez balu bezala jokatuko da.

d) Lurrak zatitu edo banatzeko udal lizentzia emateko eskatzen denean, luzatzen den txosten bakoitzeko tarifak (2.f atala) kobratuko dira, eta mila pezeta gehiago izapidaketagatik, zatiketaren ondorioz hiru lurzati edo gutiago ateratzen badira, eta mila pezeta gehiago ateratzen den lurzati bakoitzagatik hiru baino gehiago badira.

e) Eraikinak lehen aldiz okupatzeko edo ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuen espedienterik behar ez duten jardueretan aritzeko udal lizentzia emateko eskatzen denean, luzatzen den txosten bakoitzaren tarifa (2.f atala) gehi mila pezeta izapidaketagatik.

f) Irekitzeko udal lizentzia, ingurugiroa babesteko jarduera sailkatuaren espedienteei dagokiena, emateko eskatzen denean, eraikuntzak eta muntadurak jarduera eta obra lizentzien eskakizunen araberakoak direla frogatzeko izapidean, eskatzaileak beharrezko den dokumentazio tekniko guztia ekarri behar du, eta orduan, luzatzen den txosten bakoitzeko tarifaz gain (2.f atala), hirugarrenei ordaindu beharreko guztiak ere kobratuko zaizkio eskatzaileari, eta bortz mila pezeta gehiago.

4.-Lehiaketak eta enkanteak.

a) Langileenak: plantilako lanpostuetarako lehiaketa eta oposizioetan parte hartzeko eskabide bakoitzagatik, 2.000 pezeta.

b) Obra eta zerbitzuena: obra, hornidura eta zerbitzuen kontratazio publikoan parte hartzeko proposamen bakoitzagatik, 2.000 pezeta.

c) Botereak askiestea, udal administrazioaren aitzinean ondorioak sorrarazteko, komunitate autonomoko eskudun erakundeek izapide horietara behartu dituztenik ageri ez denean, 10.000 pezeta.

5.-Hirigintzako bertzelako zerbitzuak.

a) Eraikinen ikuskapena egiteko alderdi batek eskatzen duenean, luzatzen den txosten bakoitzeko tarifak (2.f atala) kobratuko dira, eta mila pezeta gehiago izapidaketagatik.

b) Lerrokaduren eta sestren seinalamendua: norabide bakarrean 3.000 pezeta; norabide gehiago bakoitzagatik, 1.000 pezeta.

Lodosan, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko abenduaren bederatzian.

EREMU PUBLIKOKO ETA HERRILURRETAKO ZORU, HEGALKINA ETA ZORUPEKO PROBETXAMENDU BEREZIEN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikuluan, Nafarroako Entitateen Ondasunei buruz urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduaren 93. eta ondoko artikuluetan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen 28. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

2. art. 1. Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegaldura eta zorupean ondoko probetxamendu edo erabilera pribatiboetarik edozein egitea da zergagaia:

1. Erabilera publikoko lurren zorupea okupatzea.

2. Erabilera publikoko lurrak salgai, material edo gisako muntaduren bidez okupatzea.

3. Soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo gaien sarrera eman ahal izateko eremu publikoko zoladura edo espaloietan kokatutako lukana, arnasbide, ate, karga-aho edo gisako elementuak, bai eta argi-sare publikotik egindako hartunea ere.

4. Eremu publikoaren gainean dauden edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren markesina, olana edo gisako instalazioak, eraikinaren berezko egituraren elementuak ez direnean.

5. Eremu publikoaren gainean edo haren hegalduran kokatuta dauden burni-barra, aldamio eta gisakoak, kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, baskulak, salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

6. Irabazteko xedearekin mahaiak eta kadirak paratuz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

7. Eremu publikoan kioskoak paratzea.

8. Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak, kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa.

9. Erakusleiho eta beirarasak.

10. Balkoi eta terrazak kristalez ixtea.

3. art. Ondoko hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako prezio publikoak ordaintzera:

a) Udal lizentzia edo kontzesioen titularrak eta probetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentziarik edo kontzesiorik gabe, ordenantza honen xede diren probetxamenduak egiten dituztenak.

c) Probetxamenduaz gehiago baliatu gabe ere toki entitatean haren baja aurkezten ez dutenak.

d) Eremu publikoan ezartzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrak edo probetxamenduaz baliatzen direnak. Zergadunaren ordezkotzat edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira.

4. art. Ordenantza honetako prezio publikoaren zenbatekoa finkatzeko, probetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren probetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera hartuko da kontutan, honen eraskinean xedatzen denari jarraikiz.

5. art. Toki mailako zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira prezio publikoen ordainarazpenetik.

6. art. 1. Erabilera pribatiboak edo probetxamendu bereziak berekin badakar toki entitatearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere, deusetan ukatu gabe prezio publikoaren ordainketa.

2. Kalteak konponezinak badira, onuradunak desegindako ondasunek zenbait balio duen edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa, horrenbertze emanen dio ordainetan toki entitateari.

Toki entitateak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalteordainak eta diru itzulerak.

7. art. Prezio publikoa ordaindu beharra probetxamendua onartzen denean sortzen da, edo probetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.

8. art. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe probetxamendua hasten bada, behar den prezio publikoa pagatzeak ez ditu egindako probetxamenduak legeztatuko eta, beraz, kalteordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

9. art. 1. Ordenantza honetan araututako prezio publikoei lotutako probetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira.

2. Erabilera publikoko lurrak, irabazi asmoz, mahai eta kadirekin okupatzeari dagokionez, toki entitateak baimena bere osotasunean balio gabe utz edo aldi baterako ken dezake arrazoi bidezkoren bat baldin bada, hala nola trafikoaren handia, edo kirol, besta nahiz erlijio gertakizunak, obrak edo konponketak. Halakoetan, kobratutako prezio publikoaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago, beti ere baimendutako erabilpenaren epea hiru hilabetetik goitikoa baldin bada.

3. Balkoi eta terrazak kristalez ixteari dagokion prezio publikoaren sortzapena lizentzia ematen den unean izanen da.

10. art. 1. Iruzurtzat hartuko da behar den lizentziarik gabe probetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bertzelako arau-hausteei dagokienean eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, Ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak lizentzia edo baimenik gabeko muntadurak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta muntadura hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den bertze edozergatik sortutako tasak eta gastuak jabearen kargu geldituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei egintzak edo erabakiak baliorik gabe uzteko errekerimendua egiteko duen ahalmena bete dezan dagoen epea iraganik.

E R A S K I N A

I. epigrafea.-Zoru gaineko probetxamendu bereziak

I.1. Mahaiak, kadirak eta mahaitxoak:

Metro karratu bat baino azalera ttikiagoa duen mahaia eta jarleku bakarreko lau kadira, edo zatikia, halako bakoitzeko 5.100 pezetako kuota bakarra urte natural osorako, denbora guttiagorako hainbanaketarik egin gabe.

Mahai handiagoak erabiltzen badira edo kadira gehiago mahai bakoitzeko, dagokion proportzionaltasuna bilatuko da.

I.2. Merkatu ttikiak, metro karratu edo zatiki bakoitzeko:

-Mota guztietako produktuen salmenta, merkatu ttikia astean behin eginez, egunean edo zatiki bakoitzean 195 pezeta.

-Urteko erreserba, halako ordu batera arte, egiazki titularrak bakarrik okupatzea barne, egiazki zenbat egunetan erabiltzen den kontutan hartu gabe: urtean 9.300 pezeta.

I.3. Azoka ttikiak.

-Edozein produktu motaren salmenta, besta, erromeria, edo kirol gertakizuna dela-eta baimendutako edozein egunetan, egunean edo zatiki bakoitzean 195 pezeta.

I.4. Bertze probetxamendu batzuk, egun bat baino gehiago irauten dutenak.

-Kioskoak:

-Denboraldiko okupazioa (eta hura kendu bukatzean), gehienez ere lau metro karratuko azalera:

Prentsa edo liburuak saltzeko, hilabetean edo zatiki bakoitzean 1.000 pezeta. Metro edo zatiki gehiago badira, bakoitzeko 500 pezeta hilabete edo zatiki bakoitzeko.

Bertze edozein gauza saltzeko, hilabetean edo zatiki bakoitzean 2.500 pezeta. Metro edo zatiki gehiago badira, bakoitzeko 1.250 pezeta hilabete edo zatiki bakoitzeko.

-Urte osoko okupazio iraunkorra, gehienez ere lau metro karratuko azalera:

Prentsa edo liburuak saltzeko, urtean 7.200 pezeta. Metro edo zatiki gehiago badira, urtean 3.600 pezeta bakoitzeko.

Bertze edozein gauza saltzeko, urtean 18.000 pezeta. Metro edo zatiki gehiago badira, urtean 9.000 pezeta bakoitzeko.

I.5. Okupazioa salgaiak, eraikuntzako materialak, obra-hondakinak, hesiak, zurkaitzak, aldamioak eta gisako muntadurak erabiliz:

Metro karratu bakoitzeko, materialak, obra-hondakinak, hesiak eta bertzelako muntadurak erabiliz, egunean 20 pezeta.

Atzineko ataleko erabilera berak, behar bezala hesiturik badaude, metro karratu bakoitzeko egunean 15 pezeta.

Salgaiak edo eraikuntzarekin ikustekorik ez duten bertze edozein material, metro karratu bakoitzeko egunean 25 pezeta.

Aitzineko ataleko material berak, okupazio baimendua iraunkorra bada, hamar metro karratu arte, 58.000 pezeta urte natural bakoitzean. Metro karratu edo zatiki gehiago badira, bakoitzeko 6.000 pezeta urte naturalean.

I.6. Karabana, atoi eta automobilak ez diren gainerako ibilgailuak, espreski baimentzen direnean, tasa ordaintzeak baimena dagoela erran nahi ez duelarik.

Egun edo zatiki bakoitzeko, hamar metro karratu arte, 200 pezeta. Metro karratu edo zatiki gehiago badira, bakoitzeko 25 pezeta.

I.7. Lur publikoetatik materialak ateratzea, espreski baimenduak badira, tasa ordaintzeak baimena dagoela erran nahi ez duelarik:

Harea obretan edo industrian erabiltzeko, metro kubiko bakoitzeko, 300 pezeta.

Harea nekazaritzan erabiltzeko, metro kubiko bakoitzeko, 50 pezeta.

Harrikaskailuak, legarrak, igeltsu gordina, harria edo harerik gabeko lurra, metro kubiko bakoitzeko, 100 pezeta.

II. epigrafea.-Hegalkineko probetxamendu bereziak

-Hariak edo kondukzio hodiak, elektrikoak izan ala ez, metro lineal bakoitzeko urtean 5 pezeta.

-Bertze edozein erabilera, metro karratuko 50 pezeta.

III. epigrafea.-Zorupeko probetxamendu bereziak

-Hariak edo kondukzio hodiak, elektrikoak izan ala ez, metro lineal bakoitzeko urtean 5 pezeta.

-Harnasbideak edo ukiezinezko bertzelako erabilerak, metro lineal bakoitzeko urtean 50 pezeta.

-Pasabideak, garajeak edo iraganbidea libre utzi beharreko bertzelako erabilerak, metro karratu bakoitzeko urtean 100 pezeta.

ORDENANTZA, UDALAREN KIROL ETA KULTUR INSTALAZIOAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honen prezio publikoa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da.

2. art. Igerilekuak, pilotalekua, kiroldegia, kultur etxea eta gainerako kirol edo kultur instalazioak erabiltzen dituzten pertsona naturalak daude ordainarazpen hauek ordaintzera behartuak (ikastetxe publikoaren kasuan, eskola-ordutik kanpora).

3. art. Instalazioen eremura sartuz edo aldez aurreko izen-emateak gauzatuz hasten den erabilerarekin batean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.

4. art. Pertsona naturalak nahiz zerbitzuez baliatzen diren pertsona juridikoei gordetako banan-banako plazak hartuko dira ordainarazpen honen oinarritzat.

5. art. Eraskinean agertzen diren tarifaren araberakoak izanen dira eskubideak hartzeko tasak.

Udal igerilekuei dagokienez, arau hauei jarraikiko zaie:

1.- Lau urtez beheitiko haur guztiak sartzen ahal dira hemezortzi urte baino gehiagoko larri batekin badoaz. Bi eta hiru urteko haurrek abonua eskuratu behar dute, Herriko Etxean dohainik emanen baitiete.

2.-Bi sarrera mota daude: arrunta eta merketua (azken hori erretiratu edo pentsiodunendako).

3.-Eskatzen den eguneko abonua edo sarrera arrunta ordainduko da beti, tarifa hauen ariora sarrera merketurako eskubidea ematen duen gorabehera pertsonala jatorrizko agiriaren edo maneran konpultsatutako kopiaren bidez egiaztatu ezik (pentsiodun eta erretiratuaren Gizarte Segurantzako txartela).

4.-Abonua galtzen bada duplikatuak eginen dira 300 pezetaren aldera.

6. art. Instalazioetara sartzeko Udalaren baimena edo sarrera eskuratzen denean edo izen-ematea edo matrikula gauzatzean sortzen da ordenantza honetan arautzen den prezio publikoa ordaindu beharra.

7. art. Erabiltzaileek aldioro egin beharko diete men udal eremu bakoitzean portaeraz eta erabileraz ikusgai paratzen diren arauei.

8. art. Instalazioen ardura duten langileek sarrerak eskatu eta ez aurkezteak udal eremutik kanporatzea izan dezake zehapen.

9. art. Iruzurtzat hartuko da udal instalazioetara behar den sarrerarik, baimenik edo matrikularik gabe sartzea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

TARIFEN ERASKINA

a) Udal igerilekuak:

-Denboraldiko abonua:

16 urtetik goiti: 5.850 pezeta.

Merketua: 4.260 pezeta.

15 urte arte: 2.925 pezeta.

-Hileko abonua:

16 urtetik goiti: 4.260 pezeta.

Merketua: 3.180 pezeta.

15 urte arte: 2.130 pezeta.

-Hamabostaldi naturaleko abonua:

16 urtetik goiti: 2.925 pezeta.

Merketua: 2.385 pezeta.

15 urte arte: 1.460 pezeta.

-Eguneko sarrera:

Asteguna (astelehenetik ortziralera):

16 urtetik goiti: 370 pezeta.

15 urte arte: 185 pezeta.

-Larunbata, igandea edo jaieguna:

16 urtetik goiti: 635 pezeta.

15 urte arte: 320 pezeta.

b) Udal pilotalekua:

-Kantxa erabiltzeagatik, ordu bakoitza: 300 pezeta.

-Argiteriako fokoa erabiltzeagatik, ordu bakoitza: 50 pezeta.

-Dutxa erabiltzeagatik, bakoitza: 100 pezeta.

c) Udal kiroldegia:

-Kantxa erabiltzeagatik, argiak eta dutxa barne, ordu bakoitza: 3.000 pezeta.

-Kanpoko pilotalekuan bi argi sail erabiltzeagatik, dutxak erabiltzea debekatua dagoela, ordu bakoitza: 700 pezeta.

d) Musika eskola. Solfeo ikastaroa eta musika-tresnena (Udalaren edozein eraikinetan eman eta ere).

-Ikasgai bakoitzagatik, ikastaro osorako, 30.000 pezeta. Plaza deialdian ordainketa modu berariazkoak ezartzen ahalko dira.

Lodosan, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko abenduaren bederatzian.

ORDENANTZA, UDAL HILERRIAN NITXOAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza honen prezio publikoa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da.

2. art. Udalak bere hilerrian eraiki dituen nitxoen erabilpena edo erreserba eskatzen duten pertsona natural edo juridikoak daude ordainarazpen hauek ordaintzera behartuak. Berez edo hirugarrenek aginduta eskaria egiten duten horiek, nitxoaren titular agertuko denaren izena agertaraziko dute, baita hartan ehortziko den hila ere.

3. Nitxoen esleipena eskatzen denetik sortzen da ordaindu beharra, berehala okupatu beharrekoak ala, salbuespenez, erreserban esleitzekoak izan.

4. art. Ordainarazpen honen oinarritako hartuko da Udalak eraikitako nitxo bakoitza; horiek zenbaki ordenaren ariora esleituko dira, eskabidea noiz egin den, horri begiratuta. Bi nitxo eskatzen badira (biak berehala erabiltzekoak izan, nahiz horietariko bat erreserban gelditzeko izan) eta lerroan bat baizik ez bada hutsik, batera esleitzen ahalko da hurrengo lerroko aldamenekoa.

5. art. Eskabideak hartzeko tasak tarifa honi egokituko zazkio: esleitutako nitxo bakoitzagatik, berehala okupatzekoa nahiz erreserban gelditzekoa izan, 53.100 pezeta.

6. art. Nitxoen esleipena eskatzen den unean sortzen da ordenantza honetan arautzen den prezio publikoa ordaindu beharra.

Bakarrik udal bulegoak itxita egonez gero heriotzetik ehorzketara doan tartean erabiltzen ahalko da tokatzen den nitxoa, bulegoak jendearendako irekitzen diren lehen istantean eskatu behar bada ere haren esleipena, baita ezarritako prezioa ordaindu ere. Hilerrian ehorzketa egiten duen hileta-enpresa erantzule subsidiarioa izanen da tramite hori egin eta prezioa ordainduko duela.

7. art. Nitxoen titularrek nitxoen beren eta udal hilerriaren eremuaren erabilera, garbitasuna eta zainketa direla-eta arautegi aplikagarrian eta udal agintariek ematen dituzten gainerako arauei men egin beharko diete aldioro.

8. art. Udal hilerrian leku mugatua denez, nitxoak jendea hiltzean esleituko dira eta Lodosan bizi diren edo bertan sustraiak dituzten pertsonak ehorzteko. Aldameneko nitxoa, oso kasu arrazoituetan baizik ez da emanen erreserban, istripu, eritasun larri edo adinean aitzin- aitzinean izanez gero, eta familiako zuzen eta bizikidea hobiratzean. Nitxo hori itxirik geldituko da eta Udalaren ehorzketa erregistroan, toki honetan nitxoa erreserban dagoela idatziko da, eta biek (okupatua eta erreserbatua) titular bera izanen dute.

Udal hilerrian nitxoen esleipena funtsatzeko eskatzen diren datuak faltsutzeak haren deuseztapena ekar dezake. Horretarako espedientea ireki beharko da aldez aurretik, eta horren ondorioz erreserban zeuden nitxoak bertze eskatzaile batzuei esleituko zaizkie. Halaber, okupatuak hustuko dira aplika daitezkeen erregelamenduek uzten duten eperik ttikienean, eta Udalaren esku geldituko dira eta ez dira ordaindutako diru-kopuruak itzuliko.

9. art. Ezarritako prezioaren ordainketaren gordekinarekin, esleipen agiria eskuratu gabe Udalaren nitxoak erabiltzea iruzurtzat hartuko da.

10. art. Udal hilerriarekin ikusteko izanik zehazten ahal diren gainerako zerbitzuak (hilotzak eramatea, ehorzketak, hilotzak hobitik ateratzea eta lekualdatzeak, gorpuzkinen garbiketa eta bilketa, etab.), hileta zerbitzuen jarduera ekonomikoan aritzeagatik behar diren erregistro fiskaletan inskribaturik agertzen diren enpresa edo partikularrekin kontratatu beharko dira. Pertsona edo enpresa horiek, berez edo beren kontratatuen bitartez, lan guztiak eginen dituzte eta beren erantzukizuna izanen dute aplika daitezkeen arauak betetzea, horiek baizik ez baitira udal hilerrian aritzen ahal. Zerbitzu arrunt eta nahitaezkorako, erran nahi baita, ehorzketetarako (Udalaren nitxoan, nitxo pribatuan, panteoian edo bertzetan egiten den, zailtasunaren ariora bereiziz), prezio berdinak izanen dituzte denendako eta Alkatetzari jakinaraziko dizkiote errekerimendu egiten dioten guztietan. Hartara, haien aldaketa kontsumoaren gaineko prezio indizearen bilakaeraren proportzio zuzenaren ariokoa baizik ez da izanen.

Eraikuntzak edo jadanik eraikien berrikuntzak, horretarako esleitutako lurretan, enpresariek baizik ez dituzte egiten ahal, eta eraikuntza arloan behar diren erregistro fiskaletan izen-emanda badaude, eta hirigintzako lizentziei eta behar diren tasei men egiten badiete.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

Lodosan, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko abenduaren bederatzian.

ORDENANTZA UDAL HILTEGIA ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza honen prezio publikoa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da.

2. art. Nork erabiltzen dituen udal hiltegiko instalazioak edo noren kontura, pertsona natural edo juridiko haiexek daude ordaintzera beharturik. Animaliak eta kanalak haien langileek edo kontratatuek gobernatu eta maneiatuko dituzte.

3. art. Hiltzera ekartzen diren animaliak instalazioko eremuan sartzen direnetik, une horretan sortzen da ordaindu beharra.

4. art. Udal hiltegian hil eta maneiatutako animalien kopurua eta mota izanen da ordainarazpen honetako oinarria.

5. art. Eskubideak eskuratzeko tasa tarifa honi lotuko zaio. Haren emaitza harakinekin ezarritako lankidetza hitzarmenari jarraikiz likidatuko da, 1996ko uztailaren 11n onetsi baitzuen Udalak osoko bilkuran.

Eremua Europako osasun arloko arautegiari egokitzeko lanen ondorioz, hiltegian ardiak baizik ez dira hilko, eta, beraz, tarifa hori arautzen da. Hala ere, edozein momentutan bertze xede bat ematea komenigarria ote den, behar den proportzionaltasuna ezarriko da. Horretarako, biderketa eginen da ardi buruaren tarifaren eta koefiziente hauen artean: zerri bakoitzagatik bider bi eta erdi, eta behi buru bakoitzagatik bider sei.

Tarifa: hiltzen den ardi, bildots edo antxume bakoitzagatik, 225 pezeta.

Oharra: prezio hau gaur egun Udalak gobernatzen duen hiltegiaren gastuei aurre egiteko baizik ez da. Edozein momentutan Foru Komunitateak edo bertze administrazio batek kobrarazten badu nolanahiko tasa, prezio edo bertze ordainarazpenik, erabiltzaileari pasatuko zaio, aipatu udal prezio publikoaren gainetik.

6. art. Osoko nahiz partez, udal hiltegia azienda hiltzeko erabiltzen denean sortzen da ordenantza honetan arautzen den prezio publikoa ordaindu beharra.

7. art. Erabiltzaileek aldioro egin beharko diete men udal eremuan portaeraz eta erabileraz ikusgai paratzen diren arauei.

8. art. Instalazioen ardura duten langileek justifikanteak betetzeko edo datuak emateko eskatu eta horri uko egiteak edo datuak faltsutzeak, edo instalazio horiek oker erabiltzeak (ezarritako arauen aurka), udal hiltegia erabiltzeko edo horra sartzeko debekua izan dezake zehapen.

9. art. Iruzurtzat hartuko da udal instalazioak hildako azienden kontaketa egiteko ezarritako estadiloak edo kontrol mekanismoak bete gabe erabiltzea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

Lodosan, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko abenduaren bederatzian.

Iragarkiaren kodea: A9701279