37. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

GALAR ZENDEA

Ordenantzen behin betiko onespena

Udal honek 1997ko urtarrilaren 6an eginiko bilkura berezian, besteak beste, ondoko erabakia hartu zuen:

1. Behin betikoz onestea irekitzeko lizentziaren tasak arautzen dituen ordenantza.

2. Behin betikoz onestea ordenantza fiskal orokorra.

3. Bi ordenantzen testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Getzen, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren bederatzian. Alkatea, Pedro José Erice Rípodas.

ORDENANTZA FISKALA, IREKITZEKO LIZENTZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 180. artikuluan eta hurrengoetan, hala nola Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da.

Zergagaia

2. art. Zergagaia industri edo merkataritza establezimenduek, lasaitasun eta osasungarritasun baldintzak, hala nola haien funtzionamendu normala erregulatzeko indarra duten bestelako arauetan ezarritako gainerakoak betetzen dituzten ala ez egiaztatzeko, irekitzeko lizentzia eman aurretik udalak egiten dituen jarduera tekniko eta administratiboen ondorioa da.

3. art. Aurreko artikuluan aurreikusitako ondorioak bete daitezen, irekitzea ondoko hauetan gertatuko da:

a) Jarduerak hasteko establezimendua lehen aldiz paratzean.

b) Establezimenduko jarduera aldatu edo handitzean, titularra aldatzen ez bada ere.

c) Establezimendua handitzean eta bertan ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzetan eragina duen beste edozein aldaketa egitean, horren ondorioz baldintzak berriz egiaztatu beharko direla.

4. art. Industri edo merkataritzako establezimendutzat hartuko dira bakarrik etxebizitza ez izateaz gain ondoko baldintza hauek betetzen dituzten eraikin edo instalazio guztiak, jendearentzako irekiak izan edo ez:

a) Enpresa, fabrikazio, artisautza, eraikuntza, merkataritza edo zerbitzuetako jarduera bati lotua egotea.

b) Aipatu jarduera horiek egin gabe, haien lagungarriak edo osagarriak izatea, edo haietatik etekinak edo probetxamenduak ateratzea.

Salbuespenak

5. art. Ordenantza honetan araututako tasaren ordainarazpenean ez da inolako salbuespen edo hobaririk emanen.

Sujetu pasiboa

6. art. Zergadun gisa tasaren sujetu pasiboak hauek dira: ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako establezimenduren bat zuzenean ustiatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat osatzen duten entitateak.

7. art. Zergadunaren ordezkoak izanen dira establezimendu edo lokal horien jabeak, eta horiek, behar balitz, egiten den edo egiteko asmo den jardueraren titularrei pasatzen ahalko dizkiete kuotak.

Zerga oinarria

8. art. Tasaren zerga oinarria da Jarduera Ekonomikoen gaineko zergan dagokion urteko kuotaren zenbatekoa.

Zerga kuota

9. art. Zerga kuota kalkulatzeko, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera dagokion tarifa aplikatuko zaio zerga oinarriari.

10. art. Zerga kuota zehazteko ondoko tarifak aplikatuko dira:

1. Jarduera lehen aldiz paratzea.

Jarduera ekonomikoen gaineko urteko kuotaren ehunenekoen arabera tributatuko dute, ondoko portzentaien arabera:

a) Barbatain, Cordovilla eta Ezkirotzen: %100.

b) Zendeako gainerako kontzejuetan: %80.

Eta gutxienez 8.400 pezeta.

2. Lekuz aldatzea:

Jarduera lehen aldiz paratzeari dagozkion kuoten %90.

3. Handitzeak edo sailkapenen aldaketak:

a) Handitzeak: merkataritzako jaduerak handitzeagatik ordaindu beharko dute jarduera lehen aldiz paratzeari dagozkion tarifa berberak.

b) Sailkapen aldaketak: jarduera berriari dagokion kuotaren eta ordurarteko jarduerari zegokionaren aldea ordaindu beharko dute, eta gutxienez 5.000 pezeta.

4. Negozioaren titulartasun aldaketak, lagapenak edo eskuz aldatzea:

Jarduera lehen aldiz paratzeari dagozkion tarifa berberak ordaindu beharko dituzte, salbu eta eskaera egiten bada ordurarteko titularrari Udalak lizentzia ematen dionetik sei hilabeteko epearen barrenean, orduan 5.000 pezeta ordaindu beharko baitira lizentzia emateko udal eskubideengatik.

Sortzapena

11. art. Tasa eta ordaintzeko obligazioa sortuko dira zergagaia osatzen duen udal jarduera egiten denean.

12. art. Establezimendua lizentzia eskuratu gabe irekitzen baldin bada, tasa sortuko da establezimenduak behar diren baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko udal jarduera egiten denean. Hori guztia, establezimendua irekitzeko baimena eman edo, irekiera baimendu ezina balitz, hura ixteko dekretatzeko ireki litekeen administrazio espedientea ezertan ukatu gabe.

Kudekaeta arauak

13. art. Lizentzia erdiesteko interesa duenak behar den eskabidea aurkeztuko du Udaletxean, egin beharreko jarduera(k) eta dagokion lizentzia fiskalaren epigrafea zehazten dituela; eskabidearekin batera, lokalaren alokairuaren kontratua edo erosketaren titulua, hala nola Zergen Kudeaketak likidazioa egiteko behar duen informazio guztia aurkeztuko du.

14. art. 1. Udalak lizentzia eman ala ez erabaki arte, interesatuek zilegi izanen dute atzera egitea eta kasu horretan ariela lizentzia eman balitz ordaindu beharko zatekeenaren %20koa izanen da. Lizentzia ematen ez bada, ariela berdina izanen da.

2. Lizentzia eman ondoren sei hilabete pasatzen baldin badira lokalak ireki gabe, edo ireki ondoren, berriz ixten badira sei hilabete baino denbora luzeagoz, lizentzia iraungitzat hartuko da.

Arau-hauste eta zehapenak

15. art. Iruzurtzat hartuko dira arau-hauste berezi hauek:

a) Lokalak irekitzea behar den lizentzia erdietsi gabe.

b) Zerga oinarria zehazteko behar diren datuak gezurrezkoak izatea.

Bestelako arau-hausteetarako, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, edo bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari eta harekin bat datozen arauei.

16. art. Arau-hausteei dagozkien zehapenak, ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat datozen arauetan erregulatzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordezko aplikazioa izanen dute toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorrak eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak.

Bigarrena.-Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

Getzen, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren seian. Alkate udalburua, Pedro José Erice Rípodas.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak (1995eko martxoaren 20ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

I. KAPITULUA

Oinarri orokorrak

1. artikulua. Honako Ordenantza Fiskal Orokor honen xedea da Udal honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken hauek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. art. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko sujetuak hartzen ditu bere esparruan, beti ere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren oinarriak aintzat hartuz (2/1995 Foru Legearen 56.a artikulua).

3. art. Galar Zendeako Udalak onetsitako ordenantza fiskalek bere udal mugape osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri entitate zerga-ordainarazlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik (2/1995 Foru Legearen 56.b artikulua).

4. art. Udal honek ordainarazten dituen toki-tributuen sujetu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari kasu bakoitzean dagokien tributu arloko erregimen, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, Administrazioari loturarik ezarriko ez diolarik.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren eskudun organoaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko betebeharrak betetzen dituen sujetu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3. artikuluak adierazten dituen baldintzak betetzen badira.

Interesatuek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero, erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legeko 63.4 artikulua).

5. art. Udal administrazioak indarrean diren ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.

Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada mugagabeko iraupena dutela ulertuko da (2/1995 Foru Legearen 14. artikulua).

II. KAPITULUA

Zerga erlazioaren elementuak

Zergagaia

6. art. Zergagaia izaera juridikoa edo ekonomikoa duen betebeharra da, ordainarazpen bakoitza finkatzeko behar den ordenantzan zehaztutakoa, eta hura gauzatzeak zerga ordaintzeko obligazioa sorrarazten du.

Ordenantza fiskal partikular bakoitzak zergagaia zehaztuko du eta horretarako, zerga ordaindu beharra zer baldintzatan sortzen den aipatuko.

7. art. Ez da analogia onartuko zergagaiaren edo salbuespen edo hobarien esparrua bere muga hertsietatik harata hedatzeko (2/1995 Foru Legearen 65. artikulua).

Sujetu pasiboa

8. art. a) Sujetu pasiboa pertsona natural edo juridikoa da, zeina, ordainarazpen bakoitzari buruzko ordenantza partikularrari jarraikiz, zergak ordaintzera beharturik baitago, zergadunaren nahiz haren ordezkari gisa.

Zergaduna pertsona natural edo juridikoa da, zeini ordainarazpen bakoitzaren ordenantzak zergagaiari darion tributu karga ezartzen baitio, bakarka edo beste batzuekin batera (2/1995 Foru Legean xedatutakoarekin bat).

Zergadunaren ordezkoa sujetu pasiboa da, zeina, ordenantzak hala beharturik eta haren ordez, behartuta baitago zerga betebeharren prestazio material eta formalak betetzera.

b) Sujetu pasibotzat hartuko dira, halaber, jaraunspen banatugabeak, ondasun komunitateak eta gainerako entitateak, zeinek, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko bat edo ezarpena jar dakiokeen berezitako ondare bat osatzen baitute.

Zerga harremanen aldaezintasuna

9. art. Sujetu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute udal administrazioan eraginik izanen, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak galarazi gabe.

Zerga oinarria

10. art. Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zergagaia zerga-modulutzat kalifikatzea, tributu zorra kopuru finkotan mugatzen denean.

b) Zergagaiaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu zorra zehaztera iristeko.

c) Zergagaiaren balorazioa diru unitatetan, Udalak kontutan hartutakoa. Horri buruz, eta kasu bada, indarra duen arautegiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, tasa egokia aplikatuko zaio tributu zorra zehaztera iristeko.

Zenbait ordainarazpenen kasuetan errolda, matrikula edo erregistroa eginen da, beren izaera dela eta zergagaiak iraun egiten duenean.

Likidazio oinarria

11. art. Likidazio oinarritzat hartzen da zerga-oinarrian ordainarazpen bakoitza arautzen duen lege edo ordenantzan ezarritako murrizketak, halakorik bada, egin ondoren geratzen den emaitza.

Karga-tasa

12. art. Karga-tasatzat hartuko dira izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeen eta likidazio oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak.

Kuotaren zehaztapena

13. art. Kuota honela zehaztuko da:

a) Ordenantzan zerga-modulu gisa seinalatutako kopuru finkoaren arabera.

b) Ordenantza partikularretan ezarritako tarifak karga-oinarriari aplikatuz.

c) Zerga-oinarriaren balioari dagokion karga-tasa proportzional edo progresiboa aplikatuz.

d) Oro har, kontribuzio berezietan, ordaintzera beharturik dauden guztientzat, interes partikularrari egozten zaizkion obra eta instalazioen kostuaren ehunekoaren arabera, kuota osoa sujetu pasiboen artean nork berea ordaintzeko banatuko da, dagokion ordenantzan finkatutako moduluei jarraikiz.

Salbuespenak eta hobariak

14. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsi edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Tributu zorra

15. art. Tributu zorra sujetu pasiboak Udalari zor dion diru kopurua da. Kopuru honetan tributu kuota sartzen da eta, hala behar denean, ondoko kontzeptuak gehitzen zaizkio:

a) Oinarrien edo kuoten gainean legez galdatzen ahal diren errekarguak.

b) Berandutzagatiko korritua, legean ezarria.

c) Gerorapen edo luzapen errekarguak.

d) Premiamenduko errekargua.

e) Zerga izaera duten diru-zehapenak.

Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna

16. art. 1. Legeak tributu zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, sujetu pasibo edo zordun nagusiekin batera, beste pertsona batzuk solidario edo subsidiarioki.

2. Kontrakorik agintzen duen legezko arau espresik izan ezean, erantzukizuna beti subsidiarioa izanen da.

3. Erantzukizuna tributu zor osoraino iristen da, zehapenak salbuetsirik.

Premiamenduko errekargua dirusarrera egiteko borondatezko epea bete eta ordaindu ez duenean bakarrik eskatzen ahal zaio erantzuleari.

17. art. Beti ere, tributu zorraren ordainketara behartzeko administrazio egintza erantzuleei iragan ahal izateko beharrezkoa da administrazio egintza bat zeinean, interesatuari entzun ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren norainokoa zein den zehaztuko den.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

18. art. Administrazio egintza erantzule subsidiarioei iragan ahal izateko nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren arreta neurriak hartzea galarazi gabe.

19. art. Zor baten erantzule solidario edo subsidiaroak bi edo gehiago baldin badira, zorra oso-osorik horietako edonori eskatzen ahal zaio.

Tributu zorraren iraungipena

20. art. Tributu zorra iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskripzio bidez.

c) Egiaztatutako ordainezintasunagatik.

d) Konpentsazio bidez.

21. art. Tributu zorren ordainketa Ordenantza honen 54tik 57ra bitarteko artikuluek, biak barne, arautzen dutenaren arabera eginen da.

22. art. Bost urteren buruan ondoko eskubide eta egintzek preskribatuko dute:

a) Sujetu pasiboen aldekoak:

-Tributu zorra likidazioaren bidez zehazteko udal administrazioak duen eskubidea, eskubide hori sortu zen egunetik kontatzen hasita.

-Likidatutako tributu zorrak ordain daitezen galdatzeko ekintza, borondatezko ordainketarako epea akitzen den egunetik kontatzen hasita.

-Tributu zehapenak ezartzeko ekintza, arau-hauste bakoitza egin zen egunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioaren alde, jaso behar ez ziren dirusarrerak itzultzeko eskubidea, sarrera egin zen egunetik kontatzen hasita.

23. art. Aurreko artikuluaren a) idazatiak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:

-Sujetu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, zergagai bakoitzagatik zorpidetutako ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskapena, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta dirubilketa erdiesteko egindako edozein egintza administratiboren eraginez.

-Edozein erreklamazio edo helegite paratzen bada; Udalak ezarritako epearen barnean ez badu ebazpenik ematen, Udalari berari egozten ahal zaion erruz, preskripzio aldia aipatu epe hori iragaten den egunetik aurrera hasiko da kontatzen.

-Tributu zorra ordaindu edo likidatzeko sujetu pasiboak egiten duen edozein jarduketagatik.

Aurreko artikuluko b) idazatiaren kasuan, preskripzio epea eten eginen da dirusarrera ez-zilegia itzultzea nahi duen sujetu pasiboaren edozein egintza fedemaileren bidez, edo Udalaren edozein egintza dela medio horrelakorik badela aitortzeko.

24. art. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, sujetu pasiboak eskatu edo salbuetsi beharrik gabe.

25. art. Sujetu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela eta, kitatu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungiak deklaratuko dira, preskripzio epearen barnean birgaitzen ez diren bitartean. Epe hori akiturik zorra birgaitzen ez bada, behin betiko iraungirik geratuko da.

IV. KAPITULUA

Tributuen arloko arau-hausteak eta haien kontrako zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak

26. art. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 93. artikuluari jarraikiz, tributuen arloko arau-hausteak lege horretan berean eta gainerako arau aplikagarrietan tipifikatzen eta zehatzen diren ekintza eta omisioak dira.

27 art. Arau-hausleak izanen dira legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioak egiten dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, eta bereziki ondoko hauek:

a) Tributuen sujetu pasiboak, zergadun ala ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten sujetu pasiboen legezko ordezkaria.

c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioari argibideak edo laguntza emateko obligazioa duten pertsona fisiko edo juridikoak.

28. art. Legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioetatik erantzukizunik ekarriko ez dutenak 2/1995 Foru Legearen 93. artikuluan aipatutakoak dira.

29. art. Arau-hausteak soilak edo larriak izan daitezke, egintza edo omisioak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluan kontzeptu batean edo bestean sartzen diren kontuan hartuz.

Zehapenak

30. art. Arau-hausteak isun finko edo proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

31. art. 1. Arau-hauste soil bakoitza 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitarteko isunarekin zehatuko da.

2. Eskumenak erabiliz egitekoak ikuskatzailetza-jarduketei zailtasunak edo aitzakiak jarri edo uko egiteagatik, 50.000 pezetatik 1.000.000 pezeta bitarteko isuna jarriko da.

3. Tributu arloko arau-hauste larriak kuotaren zenbatekoaren %50etik %150era bitarteko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.

4. Berandutza-korrituak galdatzen ahalko dira, borondatez ordaintzeko epea bukatzen denetik tributu egoera erregularizatzen duen likidazioa egiten den egunera arte igarotako denboragatik.

Zehapen prozedura

32. art. Zehapenak tributuen likidazio behin-behineko edo behin betikoak bideratzen dituzten egintza administratiboak diktatzen dituzten organoek erabaki eta ezarriko dituzte, beti ere interesatuari entzun eta aldez aurretik behar den espedienteari hasiera eman ondoren.

Tributu arloko arau-hausteetatik sortutako erantzukizuna

33. art. 1. Arau-hausteek ekarritako eratzunkizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.

2. Arau-hausleak hiltzen direnean, haien oinordeko edo legatu-hartzaileek jasoko dituzte tributu arloko betebeharrak, jaraunspena hartzeko legeria zibilak ezartzen duena deusetan galarazi gabe. Zehapenak ezin dira sekula transmititu.

3. Sozietate edo entitate desegin eta likidatuen kasuan, ordaindu gabeko tributu horiek kapitalean kide edo partaide direnei transmitituko zaizkie, eta haiek solidarioki erantzunen dute, bakoitzak esleitu zaion likidazio-kuotaren balioaren mugaraino.

V. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

34. art. Tributuen kudeaketari hasiera emanen zaio:

a) Sujetu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Toki entitateen organo administratiboen ikerketaren bidez.

Tributu aitorpena

35. art. a) Tributu aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo osagaiak agertu direla adierazi edo aitortzen duen agiri oro, bai halaber zergagai bat duen edo osatzen duen agiriaren aurkezpen hutsa ere.

b) Ez da inolaz ere eskatuko zerga aitorpenak zinpekoak izatea.

c) Aurkeztean interesatuei emanen zaie horren egiaztagiria, eta horretarako aitorpenaren kopia ere erabiltzen ahalko da.

d) Frogagiri bat aurkeztean interesatuek aurkezten ahalko dute, horrekin batera, kopia sinplea edo fotokopia, Udalak, erkatu ondotik, jatorrizkoa itzul dezan, prozedura behin betikoz ebatzi aurretik agiria itzuli behar ez dela erabakitzen ez bada, agiri pribatua izateagatik edo legezko beste arrazoiren batengatik.

36. art. Aitorpena aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean ezarritako epeen barnean, eta orokorrean, zergagaia ematen den unetik hasita ondoko hogeita hamar laneguneko epearen barnean. Epearen barnean ez aurkeztea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

37. art. Aitorpena toki entitate honetan aurkezteak ez du zergaren jatorria onartu edo aitortzen denik erran nahi.

Udal administrazioak aitorpenak eska ditzake eta hauek gehitzea ere bai, eta orobat nabari diren okerrak zuzentzea, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko lerroaldiak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

38. art. Epeak.

1. Ordenantza partikularretan izapide bakoitza egiteko bete beharreko epeak zein izanen diren adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedura amaitzen duen ebazpenaren eguna arteko denbora; beti ere hori galarazten duten behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Epe hori bi urtekoa izanen da ikuskapena denean.

2. Administrazioak epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du erran nahi administrazio ekintza iraungi egiten denik, baina, hala ere, interesatuei erreklamazioa aurkezteko baimena emanen die.

3. Izapidaketaren akatsen kontrako kexako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, eta bereziki, prozedura geraraztea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakartzatenak. Erreklamazioa ontzat hartzen bada, horretarako arrazoirik izanez gero, berarekin erantzukizuna duen funtzionarioaren kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

Ikerketa eta ikuskapena

39. art. Udal administrazioak ikertuko ditu zergagaia osatzen edo baldintzatzen dituzten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta egiaztatuko karga-oinarriaren balorazioa.

40. art. Ikerketa egiteko sujetu pasiboaren kontabilitate nagusiaren edo laguntzailearen agiriak, liburuak, fitxategiak, kontu-agiriak, frogagiriak eta oharpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den beste edozein informazio aurrekariren ikuskapena eginen da.

41. art. Sujetu pasiboek kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren beste dokumentuak eraman eta kontserbatzeko obligazioa dute, bai eta ikuskapen lanetan erraztasunak emateko ere, Administrazioari zergagaiarekin zerikusirik duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak eskuratuz.

42. art. Ikuskapenak sujetu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakar, diligentzia, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira.

Salaketa

43. art. 1. Toki entitateen ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioa laguntzeko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen helegite edo erreklamaziorik jartzeko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bestelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributu likidazioak

44. art. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du likidazioa eginez tributu zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

2. Behin betikoak honako hauek izanen dira:

-Zergagaiaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan ala ez.

-Preskripzio epearen barnean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, bermeak, partzialak edo osokoak badira ere.

45. art. a) Likidazioak egiterakoan Administrazioak egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza, elementu eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria haunditzen bada sujetu pasiboari jakinarazi behar zaio.

46. art. 1. Likidazioak sujetu pasiboei jakinaraziko zaizkie, hauek adieraziz:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, hauek jartzeko epeak, bai eta zein erakundetan jarri ere adieraziz.

c) Tributu zorra non, noiz eta nola ordaindu behar den.

2. Jakinarazpen akastunek eragina izanen dute sujetu pasiboak haren berri baduela espreski adierazten, dagokion helegitea jartzen edo tributu zorra ordaintzen duenetik hasita.

3. Sujetu pasiboei zuzenean emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, beste edozein baldintza aipatu ez badute, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko epe horretan behar bezalako protesta egin bada salbu.

Zergadunen erroldak

47. art. Ordenantza partikularrean berean zehaztutako kasuetan, Udalak, interesatuen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz, zergadunen erroldak prestatzeari ekinen dio. Zergadunen errolda horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta Udalak paratu nahi duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela, funtzionatuko du.

48. art. 1. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak ontzat eman beharko dira erreklama daitekeen administrazio egintzaren bidez, eta legeari jarraikiz sujetu pasiboei horien berri emanen zaie.

2. Erroldan zernahi alta, baja edo gorabeherarik sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak udal administrazioari, hura gertatu eta hogeita hamar laneguneko epean.

49. art. Zergadunen erroldak dokumentu fiskaltzat hartuko dira, zeina aipatu beharko baita kobratzeko zerrenda, ordainagiri eta beste dokumentuetan, dagokion ordainarazpena eskuratu ahal izateko.

VI. KAPITULUA

Dirubilketa

Oinarri orokorrak

50. art. Dirubilketaren kudeaketa, udal ogasunaren hartzekoa osatzen duten kreditu eta eskubideak burutzera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea da.

51. art. 1. Dirubilketa egin daiteke:

-Borondatezko aldian.

-Derrigorrezko aldian.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek, horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, indarra duen legeriari jarraikiz dirubilketa nahitaez eginen da premiamendu bidez, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere obligazioa betetzen ez badu.

52. art. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da udal diruzaintzaren kontuhartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa betetzen duela.

Zorren sailkapena, dirubilketari doakionean

53. art. 1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu zorrak, dirubilketari doakionean, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbestekoa da jakinarazpena igortzea, sujetu pasiboak tributu zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpenik gabeko zorrak dira banakako jakinarazpenik behar ez dutenak, zuzenean sujetu pasiboek ezagututako zergadun erroldetatik etortzeagatik, tributu zorra aldiro aldatzen bada ere, dagokion Ordenantzan aurretiaz zehaztutako errekargu edo tasa gehikuntzen aplikazioagatik.

4. Norberak likidatutakoetan sujetu pasiboak, efektu tinbratuen bidez edo aitorpen-likidazioa egitean, aldi berean tributu zorraren ordainketa egiten du.

Ordainketa egiteko tokia

54. art. Udal administrazioaren aldeko zorrak haren kutxan ordainduko dira, edo banku edo aurrezki kutxetan horretarako irekitako kontuetan, horien titulartasuna badu.

Ordainketa epeak

55. art. Tributu zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenetik hasita hogeita hamar laneguneko epearen barnean.

b) Ordainagiri bitartez aldian aldian ordaintzen direla-eta banakako jakinarazpenik behar ez duten tributu zorrak, aurreko letran ezarritako epe berdinean, ordaindu behar diren hiruhileko naturaleko lehen egunetik hasita.

c) Sujetu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitzaren ordenantza arau-emaileetan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zergagaia gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar lanegunen barnean.

Ordainketa egiteko modua

56. art. 1. Tributu zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Legezko dirua

b) Posta edo telegrafo bidezko igorpena

c) Banku txekea

d) Era berean, banku edo aurrezki kutxetan horretarako Udalaren alde irekitako kontuetan abonu edo transferentzi gutuna eginez ordain daiteke tributu zorra.

2. Aurreko atalean erranagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, azken hauek sujetu pasiboaren administratzaile lana eginen dutelarik honek baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da Udalaren diruzaintzari eta kreditu eta aurrezki entitateari aldez aurretik jakinaraztea helbideratze horiek zein tributuri dagozkion.

Gerorapenak eta zatikako ordainketak.

57. art. 1. Tributu zorra likidatzean Udalak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90etik 92ra bitarteko artikuluek, biak barne, xedatzen dutenari lotuko zaizkio.

VII. KAPITULUA

Helegiteak

58. art. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean izaera orokorrez ezarritako udal ebazpenen kontrako helegiteak aurkezten ahal dira.

59. art. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesatuen eskubidea Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra egiteko, Udalaren ebazpenen kontrako helegiteak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

60. art. Zergak ordaintzeko obligazioaren edo ordainarazpen bat dela eta likidatutako kuota baten zenbatekoaren aurka helegiteren bat jartzeko, galdatutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, interesatuak ez badu diruzaintzan likidazioaren zenbatekoa uzten; zenbateko horri ehuneko hogeita bost gehituko zaio sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onesten denean, eta ondorio juridiko osoak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara ematen denean sortuko ditu.

Bigarrena.-Ordenantza Fiskal Orokor hau, hala nola Udal honek onesten dituen ordenantza bereziak aldatzeko, onesteko egin diren izapide berdinak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko I. kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 1995eko 2/95 Foru Legea eta udal erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Getzen, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren seian.

Iragarkiaren kodea: A9701443