37. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

AEZKOAKO BATZARRE NAGUSIA

Aezkoako Batzarre Nagusiaren herrilurretako larreak probetxatzeko ordenantzak

I. KAPITULUA

Belagaien deskripzioa

Aezkoako Batzarre Nagusiaren herrilurretan alde hauek daude belagaitako:

-Larre hesi gabeak: ez dute itxitura berezirik eta azienda mota guztiek dute harako sarbidea horretarako zehazten diren aroetan eta baldintzetan. Kategoria honen barnean dermio hauek daude: Nabala, Azpegi, Idopil, Sobar, Orion, Mendizar, Iron, Egurgio eta Abodi.

-Garazirekiko partzuergoaren aldean dauden larreak: Garaziko Sindikatarekin sinatutako belagaikidetasun hitzarmenaren barnean sarturiko larreak daude eta horietara dute sarbide Garaziko Sindikata osatzen duten hogei udalerrietako aziendek, delako hitzarmenean edo, bertzenaz, bi ibarren arteko belagaikidetasun historikoan zehaztutako kuotetan eta heinetan. Halaber, Aezkoako aziendak Garaziko lurretara sartzeko baldintzak agiri beretan zehazten dira.

-Zerrakurak: larretako bereziki mugatutako barrutiak dira: Nabala, Sariozar eta Abodi. Zerrakura hauetara aziendak nola sartu aitzinago zehaztuko da.

II. KAPITULUA

Larreen probetxamenduen onuraduna

(Ordenantzen 6. artikulua)

1. artikulua. Probetxamenduen onuradun izateko, oro har, famili unitatearen titularrak ondoko baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea edo adinez ttiki burujabea.

b) Bederatzi Udaletariko bateko erroldan herriko biztanle gisa inskribatua izatea, guttienez urtebeteko antzinatasunaz.

c) Kasuan kasuko udalerrian urtean bederatzi hilabetez, bederen, egiazki eta jarraian bizitzea, usadioko artzain trashumanteak izan ezik.

d) Ibarreko kuotak eta tasen ordainketa eta Nekazaritzako Gizarte Segurantzarena eguneratuak izatea.

e) Pertsona juridikoa edo elkartea izanez gero, haren osakideek aitzineko baldintzak bete behar dituzte.

f) Halako batzuek, aitzineko baldintzak bete eta aziendak bere izenean inskribaturik izanagatik ere, ez baldin badira nagusiki abeltzain, gehienez ere 10 aziendaburu larri (U.G.M.) eramaten ahal dituzte ibarreko larreetara.

III. KAPITULUA

Larreen probetxamenduak

2. art. Aziendak lur hesi gabe nahiz hesituetan larratuko dira. Kasu bakoitzean, larreen probetxamenduan arau hauei jarraikiko zaizkie:

Zerrakurak:

Abodiko zerrakuraren barnean behiak eta behorrak alhatuko dira, eta Batzarreak, urte bakoitzean ukituriko abeltzainekin batean, gehieneko behor kopurua ezar dezake izena emandako azienda guztien artean. Guttienez ere 80- 90 buru izanen dira; gehieneko muga urteoro ezarriko da, belagaiak nola dauden eta horrela. Debeku izanen da martxotik ekainaren 1a arte, behar bezala identifikatutako aziendak sartuko baitira larratzera. Urriaren 12tik aitzina, langak ireki eta alde honetan nahi adina azienda alhatzen ahalko da, ardi latxak kenduta.

Abodiko lur hesi gabea haragitarako ardi txurrendako baizik ez da izanen, eta gehienez ere 1.500 ardi izanen dira. Batzarreak urtero erabakiko du sartzen diren ardien kopurua eta kopuru horretatik goiti egiten badute portzentaia beheititu beharko da. Kupoa betetzen ez bada, azienda larria sartzen ahalko da dagokion mugaraino.

Sariozarko zerrakuran behiak eta behorrak baizik ez dira alhatuko, eta Batzarreak, urte bakoitzean ukituriko abeltzainekin batean, gehieneko behor kopurua ezar dezake izena emandako azienda guztien artean. Debeku izanen da apirilaren 15etik maiatzaren 20a arte, behar bezala markatutako aziendak sartuko baitira larratzera. Urriaren 12tik aitzina, alde honetan nahi adina azienda sartzen ahalko da.

Nabalako zerrakuran behiak eta behorrak baizik ez dira alhatuko, eta Batzarreak, urte bakoitzean ukituriko abeltzainekin batean, gehieneko behor kopurua ezar dezake izena emandako azienda guztien artean. Debeku izanen da apirilaren 15etik maiatzaren 20a arte, behar bezala markatutako aziendak sartuko baitira larratzera. Urriaren 12tik aitzina, alde honetan nahi adina azienda sartzen ahalko da.

3. art. Urte bakoitzeko apirilaren 1a baino lehen, zenbat aziendaburu eta non nahi duten horiek alhatzea eskatuko die Batzarreak abeltzainei.

Azienda guztiak bakoitza bere Udaleko katastroan sarturik egonen dira, eta osasun gida eguneratua izanen dute.

Alderen batean gehiegizko eskaria badago, Batzarreak animalia kopurua mugatuko du ukituriko abeltzainekin batean. Horretarako portzentaia apalduko du.

4. art. II. kapituluko baldintzak betetzen dituzten erretiratuek gehienez ere 20 aziendaburu larri (UGM) sartzen ahalko dituzte. Gainerako abeltzainendako muga 100 UGM izanen da osotara.

Muga hauek famili unitateei dagozkie, edo bazkide bakoitzari, abeltzain elkarteen kasuan.

Halako abeltzain batzuek muga horiek gainditzen badituzte, Batzarreak horiek handitzea azter dezake, eskariaren inguruabarrak kontutan harturik.

5. art. Artzain bakoitzak etxola baterako eskubidea izanen du. Mantenimendua edo eraikuntza haren kontura izanen da eta Batzarreak baimena eman beharko du lehenik. Erretiroa edo bertze edozein arrazoi dela eta, jarduera uzten badu, Batzarreak etxola bertze artzain bati lagatzen ahalko dio. Kasu horretan, aurreko erabiltzailearen ondorengo edo jendakiek izanen dute lehentasuna bertzeen aitzinean, saldoarekin segitzen badute.

Artzain berri batek saldoa paratu nahi badu, Batzarreari etxola eskatzen ahalko dio, librerik gelditzen bada, edo, bertzenaz, paratzeko toki bat. Batzarreak bi toki proposatuko ditu, artzainak hauta dezan.

6. art. Etxolak erabiltzeagatik ez da alokairurik bat ere kobratuko. Erabiltzaileek, berriz, zainketa egoera ezin hobean atxiki behar dituzte, eta artzantzan baizik ez erabili. Ez diote, beraz, bertze inori errentan uzten ahal, ezta bertzelako erabilerarik ematen ahal ere.

7. art. Abeltzain beraren azienda saldo edo taldeak, larre-aroaren hasieran halako alde baterako baziren, larratzeko alde horretan berean geldituketuko dira, saldoak bertze aldeetara mugitzeak bertan dauden aziendei kalte egin ez diezaien.

IV. KAPITULUA

Larre-sariak

8. art. Bizirik itzultzen diren animaliengatik ordainduko zaizkie larre-sariak Aezkoako Batzarre Nagusiari. Animalia bat ibarreko belagaietan hiltzen bada, buru horri dagokion dirua itzuliko zaio jabeari.

9. art. Larre-sari bakarrak izanen dira urte osorako:

Abodi, Sariozar eta Nabalako zerrakuretan (larre naturala), behi bakoitzeko larre-saria izanen da: ...... pezeta.

Lur hesi gabeetan, zerrakuretan behiendako ezarritako prezioaren erdia izanen da.

Bi kasuetan behorrengatik behiengatik baino % 20 gehiago ordainduko da, eta ardiengatik, berriz, behien zazpirena.

10. art. Amarekin dauden potto eta aretxengatik, eta arkazteengatik ez da saririk ordainduko.

11. art. Larrazkenean zerrakurak ireki aitzin, abeltzain batek animaliak alde hesi gabera ateratzen baditu, bi larre-sariak ordainduko beharko ditu.

V. KAPITULUA

Zehapenak

12. art. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke eta dagozkien zehapenak dakartzate:

-Arau-hauste arintzat hartzen da: azienden izen-ematea epeetatik kanpora egitea eta aziendak markatzeko ez ateratzea.

-Arau-hauste larritzat hartzen da: debekuen datak ez errespetatzea; aziendak larratzen aritzea markatu gabe edo mendizainari adierazi gabe; arau-hauste arinak metatzea; zakurren bidez edo bertze nolanahi bertze abeltzain baten aziendari traba egitea, horren ondorioz kalte larririk egiten ez bazaio.

-Arau-hauste oso larritzat hartzen da: arau-hauste larriak behin eta berriz egitea; animaliei kalte egitea nahitara tratu txarrak emateagatik.

13. art. Arau-hauste horiengatik honelako zehapenak ezarriko dira:

-Arau-hauste arinetarako: 1.000tik 10.000 pezeta bitarteko isuna.

-Arau-hauste larrietarako: 10.000tik 100.000 pezeta bitarteko isuna, eta ohartaraziko zaio aziendak ez zaizkiola ibarreko larretara onartuko hurrengo kanpainian.

-Arau-hauste oso larrietarako: 100.000 pezetatik goitiko isuna eta larreetatik eta bertzelako probetxamenduetatik baztertua izatea 1etik 5 urte bitartean.

Iragarkiaren kodea: A9701668