Iragarkia
37. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 26a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
A D I O T Z
Ordenantzen behin betiko onespena
Udalak, 1997ko otsailaren 19an egin osoko bilkuran, ondoko erabakia hartu zuen:
Udalak 96-10-31n egin osoko bilkuran ordenantza hauek onetsi zituen: kontribuzio bereziena, herrilurretako probetxamenduena (aldaketa) eta auzalan eta bidelanarena. Erabaki hori iragarki oholean eta 1996ko azaroaren 18ko 140. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen. Jendaurrean egoteko epea iraganik, ez da erreklamazio bakarrik ere aurkeztu. Horrenbertzez, ordenantza horiek behin betikoz onestea erabaki da, baita erabaki hau eta ordenantza horien testu osoa argitaratzeari ekin ere.
Adiotzen, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko otsailaren hogeita batean. Alkatea, Enrique Lamberto Goñi.
KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA
1. artikulua. Adiozko Udalak herrilanak egin edo zerbitzuak ezarri eta/edo handitzeagatik, kontribuzio bereziak arautzea da ordenantza honen xedea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean araututakoari jarraikiz.
Z e r g a g a i a
2. art. Kontribuzio berezien zergagaia zera da: sujetu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Adiozko Udalak toki entitatearen mailako herrilanak egitearen ondorioz edo bere esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.
3. art. Honakoak hartuko dira toki entitatearen mailako herrilan eta zerbitzutzat:
a) Adiozko Udalak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe den aldetik egiten dituenak.
b) Toki entitate honek bertze entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartu dituen zerbitzuak.
c) Udal honek dirulaguntza emanik bertze entitate publikoren batek edo haien esleipendunek egiten dituztenak.
Aurreko zenbakiko a) letran sartzen direnak toki entitatearen esparruko lan edo zerbitzutzat joko dira nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik toki entitatearena duten erakunde autonomo edo merkataritza sozietateak, edo toki entitateak dirulaguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.
Kontribuzio bereziengatik likidatutako eskubideek, zer obra edo zerbitzuren aldera eskatu ziren, harexen gastuak berdintzea, bertze helbururik ez dute izaten ahal.
Sujetu pasiboak
4. art. Kontribuzio berezien sujetu pasiboak pertsona fisikoak nahiz juridikoak dira, baita unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten nortasun juridikorik gabeko entitateak ere, baldin eta onura berezia hartzen badute toki entitatearen esparruan kontribuzioa ordaintzeko betebeharra sortzen duten herrilanak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik.
5. art. Onura bereziaren hartzailetzat hauek hartuko dira:
a) Kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten herrilanak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ondasun higiezin horien jabeak.
b) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondoriozko herrilanak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ustiategiaren jabe den pertsona edo entitate titularrAk.
c) Kontribuzio berezia sortzen bada su itzaltze zerbitzua handitzetik edo hobetzetik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo hartan lanean aritzen diren aseguru konpainiak, udal mugapearen barnean.
d) Kontribuzio berezia sortzen bada lurpeko galeriak egitetik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.
Zerga-oinarria
6. art. Gehienez ere, herrilanak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik toki entitateak jasaten duen kostuaren ehuneko 90k osatuko du kontribuzio berezien zerga oinarria.
7. art. Kostu hori honako kontzeptuok osatuko dute:
a) Peritu lan, proiektu idazte eta lan zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.
b) Egin beharreko lanen edo zerbitzu ezartze edo handitzearen zenbatekoa.
c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo toki entitateari dohainik eta nahitaez emandako lurrak edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Adiozko Udalari emandako eraikinak.
d) Eraikinak eraitsi eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalteordainak, baita suntsitu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.
e) Zerbitzu eta herrilanetan inbertitu den kapitalaren korritua, Udalak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo berdinduta ere kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.
8. art. Lan edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.
9. art. Lan edo zerbitzuak direlarik ordenantza honetako 3.c) artikuluak aipatzen dituenetakoak, edo artikulu berak aipatzen dituenetakoak, toki entitateak dirulaguntza emanda esleipendunek egindakoa alegia, kontribuzio berezien zerga oinarria finkatzeko, dirulaguntza horien zenbatekoa hartuko da kontutan; horrek ez du galarazten bertze administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexentzat bertze laguntzak ematerik. Dena dela, ordenantza honetako 6. artikuluak aipatzen duen muga begiratuko da, ehuneko 90 alegia.
10. art. Zerga oinarria finkatzeko, hauxe ulertuko da Udalak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zifrari Udalak erdiesten dituen dirulaguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.
Dirulaguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren sujetu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Dirulaguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, bertze sujetu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.
Kuoten zehaztapena
11. art. Sujetu pasibo bakoitzari ondoko artikulura bildutako banaketa-irizpideei jarraikiz zerga-oinarriaren atal bat egoztearen ondoriozko magnitudea da kontribuzio berezien kuota.
12. art. Kontribuzio berezien zerga-oinarria sujetu pasiboen artean banatuko da, lan eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:
a) Oro har, batera edo banaturik aplikatuko dira, banaketa moduluen gisara, higiezinen fatxadako metro linealak, duten bolumen eraikigarria eta lur kontribuzioari begira katastroan duten balioa.
b) Su itzaltze zerbitzua ezarri, handitu edo hobetzeko bada, eta, jabeekin batean, udal mugapeko ondasunen arriskua estaltzen duten aseguru entitateak aurkezten badira, denak sujetu pasibo gisa, entitate horiei dagokien kuota atala beraien artean banatzen ahalko da, aurre-aurreko urtean bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren heinean. Sujetu pasibo bakoitzari eskatzen ahal zaion kuota berak bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren % 5 baino handiagoa bada, gaindikina hurrengo ekitaldietara atzeratuko da harik eta erabat amortizatu arte.
c) Ordenantza honetako 5. artikuluko d) atalak aipatzen dituen lanen kasuetan, kontribuzio bereziaren zenbateko osoa obra hori erabiliko duten konpainia edo enpresen artean banatuko da, bakoitzarendako gordetako tokiaren arabera edo bakoitzak duen sekzio osoaren arabera, nahiz eta berehalakoan ez erabili.
13. art. Nazioarteko lege edo itunek onura fiskalik ematen badute, onuradunei egokitzen ahal zaizkien kuotak ez dira gainerako zergadunen artean banatuko.
Kuotaren sortzapena
14. art. Kontribuzio berezien sortzapena lanak egiten diren momentuan berean gertatzen da, edo zerbitzua ematen hasten denean. Lanak zatikagarriak baldin badira, lanaren tarte edo zati bakoitzari dagozkionak bukatu ondoan gertatuko da sortzapena.
Aitzineko atalean xedatutakoa ukatu gabe, Udalak eskatzen ahal du, aldez aurretik eta zerga ezarri eta ordaintzeko aginduaren erabaki zehatza onetsitakoan, kontribuzio berezien ordainketa, hurrengo urterako aurreikusitako gastuen zenbatekoaren arabera. Aitzinapena zer obratarako eskatzen zen, horiek burutu gabe ez da bertze urte-sari baten aitzinapenik galdatzen ahal.
Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke.
15. art. Pertsona fisiko edo juridikoek nahiz nortasun juridikorik gabeko entitateek dute ordaindu behar, mugatutako eremuan dauden eskubideen edo enpresa, lanbide edo merkataritza jardueren titular badira, eta horrela agertzen badira Erregistro Fiskalean edo Jabetzaren Erregistran, edo horrela ondorioztatzen bada bertze agiri edo frogetatik.
Jabetza horizontalaren kasuan, ordaindu beharra jabe elkartearena izanen da. Hala ere, jakinarazten badira jabe bakoitzari dagozkion datuak eta haren partaidetza koefizientea komunitatean, ordaindu beharra jabe bakoitzarena izanen da.
16. art. Kontribuzio berezien sortzapenaren unea kontutan hartuko da nork duen ordaindu behar zehaztu ahal izateko, ordenantza honen 4 eta 5. artikuluetan xedatutakoari jarrikiz, nahiz eta ordainketa agintzeko erabaki zehatzean sujetu pasiboa izanen den haren onespen egunean zena eta nahiz eta hark berak kuoten ordainketa aitzinatu, 14. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Ordainketa agintzeko erabaki zehatzean sujetu pasibo agertzen eta horren jakinarazpena duenak zergapetzea ekarri duten ondasun edo ustiapenen gaineko eskubideak eskualdatzen baditu, erabaki hori hartu zenetik sortzapena sortzen den arte Udalari eskualdaketaren kontu eman beharra izanen du, hilabeteko epean hura egin zuenetik, eta horrela egiten ez badu, Udalak kobratzeko ekintza zuzentzen ahalko du espediente horretan sujetu pasibo agertzen denaren aurka.
D i r u b i l k e t a
17. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 88 a) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza hau aplikatzearen ondoriozko tributu-zorrak hogeita hamar egun baliodunetan kitatu behar dira likidazioaren jakinarazpenetik edo aldez aurreko pagamenduaren erabakitik aitzina.
Borondatezko epean ordaintzen ez bada, premiamendu bidez ordainaraziko da.
Hala ere, sujetu pasiboak eskatzen badu, horien gerorapena edo zatikako ordainketa onar daiteke, gehienez ere 5 urtetan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 90. eta ondoko artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
Kudeaketa arauak
18. art. Kontribuzio bereziak ordainarazteko aurretik kasuan kasuko ezarpen erabakia hartu beharko da.
Kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko herrilanen bat egin edo zerbitzuren bat ezarri edo handitzeko erabakia betearazi aitzin, beharrezkoa izanen da horiek ordaintzeko agindu zehatza onestea.
Ordaintzeko agindua nahitaez hartu beharrekoa izanen da eta hartan finkatuko da aplikazioaren lurralde eremua, herrilan edo zerbitzuen kostu aurreikusia, onuradunen artean banatu beharreko zenbatekoak eta banaketaren irizpideak.
Aitzineko puntuak aipatu duen espedientea Udalak onetsiko du hasiera batean eta jendaurrean paratuko da hamabortz egunetan iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarrita.
Jendaurreko aldia iraganik eta, alegaziorik izan bada, horiek ebatzita, Udalak espedientea onetsiko du behin betikoz.
Behin betikoz onetsirik, banan-banan jakinaraziko zaie sujetu pasibo bakoitzari jakinaraziko zaio baldin sujetua edo haren helbidea ezaguna bada, eta bertzenaz ediktu bidez. Interesatuek zilegi izanen dute helegitea jartzea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluak aurreikusten duen bezala.
19. art. Toki entitate batek bere eskumeneko herrilanak edo zerbitzuak egiteko bertze toki entitate baten laguntza ekonomikoa erabiltzen badu, beti ere ordenantza honetan xedatutakoaren arabera kontribuzio bereziak ezartzen badira, lanak egitea edo zerbitzua ezartzea bere esku hartzen duen entitatea arduratuko da kudeaketaz eta bilketaz, baina, hori hala izanik ere, entitate bakoitzak bere eskumenari eutsiko dio, ezarri eta ordainketa agintzeko erabakiei dagokienez.
Entitate horietako batek ordaintzeko aginduaren erabaki zehatza onesten ez badu, jarduketa unitatea indarrik gabe geldituko da eta bakoitzak bere kasa hartuko ditu bidezkoak diren erabakiak.
20. art. Herrilan eta zerbitzuek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute noiznahi espedientea jendaurrean dagoen bitartean. Horrela eginez gero, bidez eratua egonen da zergadunen erabateko gehiengoak eskatzen badu eta horrek ukitutako jabetzaren bi herenak egiten baditu.
21. art. Zergadunen elkarteen jarduna eta eskumenak, beren estatutuek xedatutakora egokituko dira eta Udalak onetsi beharko ditu. Zernahi gisaz, ukitutako jabetzaren bi herenak ordezkatzen dituen zergadunen elkarteak erabateko gehiengoaz hartzen dituen erabakiak behartu eginen ditu gainerakoak. Baldin eta elkarte horrek, adierazitako quorumarekin, bere barrenean batzorde edo junta bat izendatzen badu, horrek hartutako erabakiak indarra izanen du interesatu guztiak behartzeko.
22. art. Zergadunen administrazio elkartea eratzeko, ukitutakoek gehiengo absolutua dutela hartu beharko dute horren erabakia. Beti ere, ordaindu beharreko kuoten hirutik bi bederen ordezkatu beharko dute edo, kuota horiek zehaztu gabe izatera, ukitutako jabetzaren hirutik bi.
23. art. Aurreko artikuluan finkatutako baldintzak betez geroz, ukitutako jabe edo titularrek, administrazio elkarte batean bildurik, beren ekinbidez herrilanak egin edo udal zerbitzuak ezarri, handitu eta hobetzea sustatzen ahal dute, baina konpromezua hartuko dute Udalak, bere finantza egoera dela eta, ezin ordaindu duen partea, beren gain hartzeko, herrilan edo zerbitzuaren izaeragatik dagokienaz gainera.
24. art. Zergadunen administrazio elkarteek eska diezaiokete Udalari herrilan eta zerbitzuak zuzenean eta osorik burutu ditzan.
25. art. Herrilan nahiz zerbitzuak zergadunen administrazio elkartearen bidez egiteko, ondoko baldintzak hartuko dira kontutan:
a) Udalak prestatutako proiektuaren epe eta baldintzak betez eginen dira, edo gutxienez, zergadunen administrazio elkarteak aurkeztu eta Udalak onetsitako proiektuaren arabera.
b) Nolanahi ere, Udalak izendatutako teknikarien zuzendaritzapean eginen dira.
c) Elkarteak interes publikoei nahiz pribatuei egin dakizkiekeen kalte eta galeren, baita egitean atzerapenik bada, haren erantzukizuna izanen du, eta orobat obra behin-betikoz jaso ondoko bortz urteetan ager daitezkeen ezkutuko akatsena ere.
d) Udalak onartzen edo baztertzen ahalko ditu zergadunen administrazio elkarteak egiten dituen proposamenak herrilan edo zerbitzuak egiteari dagokionez.
Arau-hausteak eta zehapenak
26. art. Ordenantza honen aurkako arau-hauste eta zehapenei dagokienean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 93. artikuluetan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.-Ezin izanen da inolaz ere kontribuzio berezirik ordainarazi, egin beharreko herrilanak Udalak une horretan indarra zuten arauak ez betetzeagatik edo axolagabe jokatzeagatik egin gabe gelditu ziren zerbitzu edo dotazioak paratzeko baldin badira.
Bigarrena.-Halaber, ezin izanen da kontribuzio berezirik ordainarazi herrilan batzuk lehen aldiz egiten direnean, indarra duen arautegiari jarraikiz, ukitutako etxebizitzen etxegileak edo sustatzaileak egin beharrak baldin baziren.
Hirugarrena.-Ordenantza honek egungo legerian aurreikusitako tramiteak eginik hartuko du indarra eta 1997ko urtarrilaren 1etik aitzina izanen du eragin ekonomikoa.
Laugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusita ez dagoen orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea eta horrekin bat datorren arautegia aplikatuko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.-Indarrik gabe gelditzen dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.
Adiotzen, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko urriaren hogeita bortzean. Alkatea, sinadura ulertezina.
ALDAKETA, HERRI ONDASUNEN PROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN
Udalak 1996ko urriaren 31n egin osoko bilkuran erabaki hau hartu zen aho batez:
-Herrilurreko probetxamenduak arautzen dituen ordenantza aldatzea, bere edukia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean ezarritakoari egokitzearren.
1. artikulua. Herrilurreko probetxamenduak, nekazaritza, oihan edo abeltzaintzakoa izan, urtebete baino gehiago irauten badu, urtero eguneratuko da lur- saria, nekazari eta abeltzainek jasotako kontsumorako prezioen aldaketan oinarrituz, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeen arabera.
2. art. Herri ondasunen hobekuntza: Adiozko Udalak eraginik gabe uzten ahalko du probetxamenduen adjudikazioa, ukitutako lurretan jarduketa hauetakoren bat egin gogo denean:
-Haien gaineko kargak kitatzea.
-Herrilurra hobetzea.
-Oihanberritzea.
-Proiektu sozialak egitea, haien beharra frogatzen duten herritarrak laguntzeko, egoera pertsonala, familiarra edo soziala ikusita.
Udalak edo herritarrek bultzatzen ahalko dituzte proiektu horiek eta lehentasuna izanen dute.
Hauxe da prozedura:
-Udalak proiektua onestea, baita hura arautuko duen erregelamendua ere.
-Hilabetez jendaurrean agertzea.
-Udalak aurkezten diren alegazioak ebaztea.
-Nafarroako Gobernuak onestea.
Nafarroako Gobernuaren onespenarekin indarrik gabe geldituko dira ukitutako herrilurretako adjudikazioak.
Adjudikaziodunek ez dute kalteordainerako eskubiderik izanen, adjudikazioa amaitu bitartekoa, ezta eginak izan ditzaketen hobekuntzengatik ere.
Belar probetxamenduen kasuan, lur-saria egokitu eginen da, txikiagoa eginen baita probetxamendutik kentzen diren lurren proportzioan, edo handitu, jarduketak dakarren hobekuntzaren arabera.
Probetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko proiekturik eginez gero, Udalak soilik onetsiko du jendaurrean gutxienez 15 egun egon eta alegazioak ebatzi ondoren.
3. art. Arau-hausteak eta zehapenak: jarduketa hauek arau-hauste administratiboak dira:
a) Probetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Probetxamenduaren lur-saria Udalak finkatu epeetan ez ordaintzea.
c) Herrilurreko probetxamendua nabarmen gaizki egitea edo ez osorik.
d) Herrilurraz adjudikazioak duen bertzelako helburu edo erabilerarako baliatzea.
e) Herrilurrean adjudikaziorik gabe laborantzan aritzea, inork lantzen ez badu ere.
f) Laborantza mota iraunkorretan aritzea Udalaren baimenik gabe.
g) Adjudikazioan ezarritako epean ez betetzea.
h) Indarra duen legerian xedatutakoa ez betetzea, herrilurraz baliatzen den aziendak osasun babesaz bete beharrekoa.
i) Hildako animaliak lurperatu gabe uztea.
j) Artzantza eremuak ez errespetatzea.
k) Ordenantzan eta herrilurreko probetxamenduei aplikatzen zaien arautegian xedatutakoaren aurkakoa den bertze edozein.
Aipatu arau-hausteak honela zigortuko dira:
a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteak, kontzesioa kenduz, Nafarroako Gobernuko organo eskudunak ezar dezakeen zehapena galarazi gabe.
e) eta g), herrilurreko larre edo lurren adjudikaziodun izateko gaitasuna kenduz.
Gainera, arau-hauste guztiek ekarriko dute egindako kaltea bortzetik hamar halakora ordaindu beharra; kaltea dirutan ezin bada baloratu, 10.000 eta 200.000 pezeta bitarteko isuna ezarriko da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditzen dira aldaketa honen aurkakoak diren udal xedapen guztiak.
Aldaketa honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Adiotzen, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko urriaren hogeita hamaikan. Alkatea, sinadura ulertezina.
AUZALANA ETA BIDELANA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Udalak, 1997ko otsailaren 19an egin osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:
-Auzalana eta bidelana arautzen dituen ordenantza behin betikoz onestea.
Indarraldia 97-1-1-etik aitzina jartzea.
Ordenantza honek Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 53.3 artikuluan ezarritakoan du oinarria.
1. artikulua. Tradiziozkoa da Udal honetan herriko bideen konponketa eta hobekuntza, karriken kontserbazioa, herriko garbiketa, udal eraikinak txukuntzea, e.a. auzalanean egitea; lan hori arautzearren onetsi da ordenantza hau. Auzalana:
2. art. Auzalana egin beharko dute Adiozko herrian bizi direnek, honako hauek salbu:
-18 urtetik beheitikoak.
-55 urtetik goitikoak.
-Ezindu fisiko, psikiko eta sentsorialak.
-Kartzeletako presoak.
-Mutilak, zerbitzu militarra edo ordezko zerbitzu soziala egiten duten bitartean.
3. art. Auzalana ez da 10 egun baino gehiagokoa izanen urtean, ezta 3 egun segidakoa baino luzeagoa ere, eta bertze pertsona egoki batek ordezkotza egiten ahal du, nahi badu.
4. art. Halaber, auzalanaren ordez lanbidearteko gutxieneko soldata halako bi ordaintzen ahal da.
5. art. Auzalana ordaindu gabe hura egitera agertzen ez bada, behar bezala frogatutako ezinbertzekoak salbu, haren balioa ordaindu beharko da, gehi bertze horrenbertzeko zehapena.
Bi kontzeptu horiek adierazitako epean ordaindu gabe utziz gero, premiamendu bidea erabiliko da.
6. art. Adiozko Udalak babestuko du auzalanean ari direnek duten istripu arriskua behar den asegurua kontratatuz. Bidelana:
7. art. Bidelana egitera behartuta daude udal mugape honetan, bertan kokatutako enpresa ustiategietarako, garraio elementuren bat duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak, Adiozko udalerrian bizi ala ez.
8. art. Bidelana ez da 5 egun baino gehiagokoa izanen urtean trakzio mekanikodun ibilgailuentzat, eta inoiz ere bi egun segidan.
Gainerako kasuetan, ez da urtean 10 egun baino gehiagokoa izanen ezta bi egun segidakoa baino luzeagoa ere.
9. art. Eskudirutan ordaintzen ahalko da bidelana, lanbidearteko gutxieneko soldata halako hiru, hai zuzen.
10. art. Bidelanean erabiltzen diren ibilgailuek behar duten erregaia Udalaren kontura izanen da.
11. art. Bidelana eta auzalana bateragarriak dira eta aldi berean aplikatzen ahalko dira. Hortaz, horrela gertatzen denean, bidelana egitera behartuek auzalana egin ahal izanen dute garraio elementuak erabiliz.
12. art. Udalerria batez ere nekazaritzara emana denez gero, ahal dela, lan handiko sasoia ez denean eskatuko dira auzalana eta bidelana.
Adiotzen, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko otsailaren hogeita batean. Alkatea, sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea: A9701895
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
