37. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea

Deialdia, bi famili langile, lanaldi erdirako eta lan-kontratu finkoarekin, oposizio-lehiaketa bidez hartzeko

Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, 1997ko martxoaren 4an egin bilkuran, bi famili langile, lanaldi erdirako eta lan-kontratu finkoarekin, oposizio-lehiaketa bidez hartzeko deialdia onetsi zuen aho batez. Honako hauek dira oinarriak.

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitaterako bi famili langile, lanaldi erdirako eta lan-kontratu finkoarekin, oposizio-lehiaketa bidez hartzeko deialdia iragarri da.

1.2. Izendapenak izendatua lan araubideko langile finkoa bilakatuko du ondorio guztietarako.

1.3. Lanpostuak E mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, hau da, E mailari dagokion soldataren ehuneko 50aren parekoa izanen da lanpostuaren urteko ordainsari gordina, hori guztia xedapen aplikagarrietan xedatutakoari jarraikiz.

Izendatzen den izangaiak Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko nomina eta plantilako lan araubideko langile finkoendako egungo xedapenek zehaztutako eskubide ete betebeharrak izanen ditu.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta Mankomunitateak edozein momentutan alda dezake. Lanaldi erdiari dagokion ordutegia izanen du.

1.5. Izendatzen denak Mankomunitate hau osatzen duten herrietariko batean bizi beharko du.

2. oinarria.-Eginkizunak.

2.1. Izendatzen denaren lanaren xedea izanen da, beren egoera dela eta, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak zaindu behar dituen pertsona edo familiakideen familia eta etxea zaintzea, Zaraitzuko eta Nabaskozeko Mankomunitateak manatuta.

3. oinarria.-Izangaien beharkizunak.

3.1. Deialdi honetara onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea.

b) Espainiako edo Europako Batasuneko bertze edozein Estatutako nazionalitatea edukitzea.

c) Eskola ziurtagiriaren edo baliokideren jabe izatea.

d) B-1 motako ibilgailuak gidatzeko karnetaren jabe izatea eta bere karguari dagozkion egitekoak egiteko ibilgailua izatea.

e) Bere eginbeharrak betetzeko behar den gaitasun fisiko zein psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, ez eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ere.

3.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak arestiko baldintza horiek egiaztatu beharko ditu. Era berean, horien jabe izan beharko du hautapen prozesu osoan zehar, izendatua izan arte.

4. oinarria.-Eskabideak.

4.1. Eskabideak Mankomunitateko erregistroan, Ezkarozeko Udalaren idazkaritzan baitago, aurkeztu beharko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Epea azken eguneko eguerdiko hamabietan bukatuko da.

Eskabideak deialdi honetako I. eraskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio, eta haietan, eskabideak aurkezteko eman den epea akitzen denerako, eskatzen zaizkien baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute izangaiek.

4.2. Eskabidearekin batera N.A.N.aren kopia aurkeztuko da.

4.3. Izangaiek, oinarri hauen 3.1 puntuan galdatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agirien jatorrizkoak edo kopia kautotuak erantsi behar dizkiote eskabideari edo horri buruzko zinpeko aitorpena.

4.4. Izangaiek curriculum vitae-a erantsiko dute, baita baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak frogatzeko agiriak ere. Horiek jatorrizkoak nahiz notario edo administrazio bidez kautotuak izan daitezke.

4.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

5. oinarria.-Izangaien onarpena.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, mankomunitateburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, eskabidean edo aurkeztutako agirietan formazko okerrik bada, zuzendu.

5.3. Erreklamazio epea iraganik eta horiek ebatzitakoan, mankomunitateburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

Horrekin batean probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren ere argitaratuko da.

6. oinarria.-Epaimahaia.

6.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Juan Angel Contín Carlosena jauna, Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Juan José Ortiz Anaut jauna, Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruordea.

1. mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate Departamentuak izendatutako teknikaria. Departamentu berberak izendatuko du ordezkoa.

2 eta 3. mahaikideak: bi famili langile, Gizarte Laneko diplomadun eta Gizarte Laguntzaileen Elkargoak hautatuak, eta haien ordezkoak.

4. mahaikidea: etxez etxeko laguntza zerbitzu bateko famili langile bat, baita ordezko bat ere.

Idazkari lanetan, boto eskubiderik gabe, Ezkarozeko Udalekoa arituko da. Ordezkoa: Zaraitzu-Espartzako Udaleko idazkaria.

6.2. Hautapen probak hasi aurretik eratu beharko du epaimahaiak

6.3. Epaimahaia eratzeko, baita jarduteko ere, kideen gehiengo osoak bederen egon beharko du bertan.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulariak ekartzen ahal ditu proba guztietarako edo zenbaitetarako bakarrik. Aholkulari horiek beren arlo teknikoan aritzera mugatuko dira.

7. oinarria.-Oposizio-lehiaketaren garapena.

Oposizio-lehiaketa bi fasetan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, deialdi honetan zehazten den moduan.

7.1. Lehiaketaldia.

a) Izangaiek alegaturiko merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondoko baremoari jarraikiz. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Deialdia argitaratzen den egunean egiaztatzen diren merezimenduak baizik ez dira kontuan hartuko.

b) Epaimahaiak noiznahi eskatu ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak. Epez kanpo alegatu eta egiaztatzen diren merezimenduak ez aurkeztutzat joko dira.

c) Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak Ezkarozeko Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuko du izangaien zerrenda, lehiaketaldian bakoitzak lortu dituen puntuak adieraziz.

d) Merezimenduen baremoa:

a) Administrazio publikoetan famili langile izanik bete izandako lanpostuak: 2 puntu urte bakoitzeko eta gehienez ere 6 puntu. Erakunde ez-publikoen kasuan, puntu 1 urte bakoitzeko eta gehienez ere 2 puntu. Hilabeteei dagozkien zatikiak ere baloratuko dira.

b) Etxez etxeko languntza zerbitzuaren bitartez egin beharreko egitekoekin ikustekoa duten prestakuntza ikastaroak:

-20 ordu bitartekoak, puntu 1 ikastaro bakoitzagaitik eta gehienez ere 2 puntu.

-20 ordu baino gehiagokoak, 1,5 puntu ikastaro bakoitzagaitik eta gehienez ere 3 puntu.

c) Eskatua baino goragoko bertze titulazio akademikoengatik: 0,50 puntu titulazio bakoitzagatik, eta gehienez ere 2 puntu.

Lehiaketaldian gehienez ere 15 puntu emanen dira.

7.2. Oposizioaldia.

Oposizioaldia ondoko ariketek osatuko dute:

Lehenbiziko ariketa: ariketa teorikoa izanen da eta hartan II. eraskinetik zozketaz ateratzen den gaiaren gainean idatzi behar da gehienez ere bi ordutan. 15 puntu emanen dira gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira 7,5 puntu eskuratzen ez duten guztiak.

Bigarren ariketa: ariketa teoriko-praktikoa izanen da eta hartan epaimahaiak etxez etxeko laguntzaz hautatzen duen kasu baten gainean idatzi behar da gehienez ere bi ordutan. 15 puntu emanen dira gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira 7,5 puntu eskuratzen ez duten guztiak.

Hirugarren ariketa: izangaiek elkarrizketa egin beharko dute epaimahaiko kideekin, gizarte zerbitzuen gai orokorrez, egin beharreko lanaren gai zehatzez eta Mankomunitateak hartzen duen eskualdearen ezaugarri orokor eta arazoez. Gehienez ere 5 puntu emanen dira.

Proba horiek guztiak, elkarrizketa izan ezik, baztergarriak izanen dira eta horietako bat gainditzen ez dutenek hurrengoa egiteko eskubidea galduko dute.

Epaimahaiko kide bakoitzak bere aldetik eginen du kalifikazioa eta kalifikazio guztien banaz-bertzekoa izanen da kasuan kasuko ariketa atalaren puntuazioa.

Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak hurrengo ariketa noiz eta non eginen den baita zer kalifikazio erdietsi diren ere aditzera emanen du Ezkarozeko Herriko Etxeko bulegoetan.

Epaimahaiak ariketa batzuk edo guztiak egun berean egitea erabakitzeko ahalmena du.

Probak deialdi bakarrean eginen dira, eta hartara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela joan beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

8. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agiriak aurkeztea.

8.1. Merezimenduak baloratu eta oposizioaldiko ariketen kalifikazioa akiturik, epaimahaiak, probak gainditu dituztenen zerrenda emanen du aditzera Ezkarozeko Herriko Etxeko iragarki oholean, Mankomunitateko egoitza bertan baitago, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, eta Mankomunitateko Batzarreari puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamen loteslea helaraziko dio.

Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

8.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalen barnean, proposatzen den izangaiak ondoko agiriak ekarri beharko ditu Mankomunitateko idazkaritzara:

1. Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

2. Eskatutako tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

3. Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez dela izan dioena.

4. Interesatuak karguan aritzea galarazten dion eritasun edo akats psiko-fisikorik ez duela egiaztatzen duen agiri mediko ofiziala.

5. B-1 motako gidatzeko baimenaren jatorrizkoa edo fotokopia.

8.3. Ezarri epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbertzekoak salbu, interesatuak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezin izanen da kontratua sinatu eta baliorik gabe geldituko dira jarduketa guztiak, hasierako eskabidean faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

8.4. Aurreko atalekoa gertatuz gero, Mankomunitateak gainditu dutenen zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aitzineko ataletan zehaztu moduan jokatuko da.

9. oinarria.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

9.1. Mankomunitateko Batzarre Nagusiak epaimahaiak proposatu eta aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia izendatuko du lanpostuan aritzeko. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

9.2. Izangai izendatuak hilabetea izanen du izendapena jakinarazten denetik lanpostuaren jabetza hartzeko.

Aipatu epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbertzekoak salbu, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta deialdi honen 8.4. oinarrian erran bezala beteko da lanpostua.

10. oinarria.-Helegiteak.

Deialdi honen aurka, baita bere oinarri eta egintzen aurka ere, helegite hauetako bat jar daiteke:

a) Administrazioarekiko helegitea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailean, argitalpenaren edo jakinarazpenaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

b) Aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko helegitea Nafarroako Administrazio Auzitegian, argitara eman edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

Ezkarozen, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko martxoaren lauan. Mankomunitateburua, Juan Angel Contín Carlosena.

I. ERASKINA

Eskabide eredua

Izena:

N.A.N. zenbakia: ........

Jaioteguna:

Sorterria:

Probintzia:

Bizilekua:

Karrika:

Zenbakia: ...............

Telefonoa: ..............

Zure aitzinera agertzen da eta azaltzen du:

Zaraitzuko eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean bi famili langile, lanaldi erdirako eta lan-kontratu finkoarekin, oposizio-lehiaketa bidez hartzeko deialdian, ......ko ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, onartua izatea eskatzen duela.

Eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean, deialdian galdaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.

Horrenbertzez,

Eskatzen du eskabide hau onartzea eta, hortaz, aipatu lanpostua betetzeko deialdira onartua izan dadila.

.........(e)n, 199...eko ........aren ....(e)an.

(Sinadura)

II. ERASKINA

Gaiak

I.-Gizarte zerbitzu oinarrizkoak Nafarroan.

II.-Etxez etxeko laguntza zerbitzua gizarte zerbitzu oinarrizkoen ingurumarian.

III.-Famili langileak etxez etxeko laguntza zerbitzuan. Definizioa, egitekoak, bertze profesionalekiko harremanak.

IV.-Hirugarren adinaren ezaugarriak eta arazo nagusiak gorputzaren, adimenaren nahiz gizartearen aldetik.

V.-Osasuna. Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, soinketa, eritasunei aurre hartzea eta istripuak, errehabilitazioa, lehen sorospenak, osasun laguntza eta medikazioa.

VI.-Gizarte langilea etxez etxeko zerbitzuaren erabiltzaile ezberdinekin bere egitekoetan aritzerakoan.

Iragarkiaren kodea: A9702220