37. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1366/1997 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, espeleologi jardueretako dirulaguntzen 1997ko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Herrilan Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean aditzera eman du, Foru Komunitatean helburu zientifikoekin egiten diren espeleologi jarduerak sustatu eta hobetu nahirik, 1997ko ekitaldian aipatu jarduerak partzialki finantzatzeko dirulaguntzak emateko deialdia arautuko duten oinarriak prestatu dituela.

Horrenbestez, Herrilan Zerbitzuak aditzera eman eta proposatutakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 36.2 artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 1997ko ekitaldian Foru Komunitatean helburu zientifikoekin egiten diren espeleologi jarduerak finantzatzeko dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea.

2. Aipatu oinarri horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

3. Foru Agindu hau Herrilan Zerbitzura, Idazkaritza Teknikora (Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa) eta Ogasuneko Kontuhartzailetza Delegatura igortzea.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko martxoaren lauan.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

ESPELEOLOGI JARDUERETAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Foru Komunitatean helburu zientifikoekin egiten diren Espeleologi jarduerak hobetu eta sustatu nahi ditu, aipatu jarduerak finantzatzeko dirulaguntzak emateko lehiaketa publikora deituz. Hauek dira lehiaketaren

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea dirulaguntzak ematea da Nafarroako Foru Komunitateko mendiguneetan miaketa kanpainak partzialki finantzatzeko, alde jakin batean helburu zehatzetarako egiten diren lanak edo ondoko espezialitate lanak aurrera eramateko:

-Barrunbe jakinen batzuk miatzea, interesa duten zenbait lekutan.

-Zenbait mendigunetako barrunbeen miatu, inbentarioa egin eta katalogatzea.

-Haitzulo jakinen bat aztertzea, haren sorkuntza, morfologia, tektonika eta estratigrafiari helduz, eta mendigunearen barrenean orokorrean nola kokatzen den aztertuz.

-Lur azpiko sarearen klimari buruzko azterketa, aire- ur-harri elementuekin duen zerikusia aipatuz, eta kanpoko aldaketek hartan duten eragina.

-Lur azpiko urei buruzko azterlanak, karstean uraren zirkulazioa erregulatzen duten fenomeno fisiko-kimikoak.

-Hidrokimika, litologia, paleontologia eta abarrei buruzko azterlanak.

-Topografia, lur azpiko barrunbeen neurri eta formei buruzko azterlanak, Nazioarteko Espeleologi Elkartearen ikurrak erabiliz, baita espeleologi arloan honen berariazko garapena osatzen duten lan eta azterketa guztiak ere.

2. Dirulaguntzaren xede diren jarduerak 1997. urtearen barnean egin beharko dira, beraz, ez zaie dirulaguntzarik emanen 1997. urtearen aurretik eta ondoren egiten diren funtzionamendu gastu eta jarduketei.

3. Betebeharrak:

Deialdi honen laguntzak jaso ahalko dituzte hurrengo betebeharrak betetzen dituzten pertsona edo taldeek:

3.1. Zein jardueratarako eskatzen den laguntza, hari berez dagokion ikasketa titulazioaren jabe izatea, edo, hori gabe, laguntza eskuratzeko dituen merezimenduak frogatzea.

3.2. Xede berbereko beste laguntzarik denbora berean ez izatea.

4. Prozedura:

4.1. Epeak: eskaerak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Erregistroan (San Inazio etorbidea, 3, 4. solairua) aurkeztuko dira, Herrilan Zerbitzura zuzenduak, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

4.2. Dokumentazioa: eskariarekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

a) Laguntzaren xede den jarduera edo proiektua deskribatzen duen txostena, lanen kostu zehatza eta lekuaren eta denboraren gorabeherak espreski azalduta.

b) 3. oinarrian eskatutakoaren frogagiriak. 3.2. atalean aipatzen dena zinpeko aitorpenaren bidez frogatu beharko da.

c) Transferentzia bidezko ordainketaren eskaria, norbanakoa edo elkartea izan, NAN edo IFZ aipatuz.

d) Ereduaren araberako eskabidea.

e) Eskarietan, aipatu dokumentazioari egokitzat jotzen diren gauza gztiak erantsi ahalko zaizkio, merezimenduak hobeki frogatu eta eskariak hobeki baloratu ahal izateko.

4.3. Balorazioa:

a) Aurkezten diren eskariak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Herrilan Zerbitzuak baloratuko ditu, eta kontseilariari igorriko dio laguntza eman edo ukatzen duen proposamena.

b) Balorazioan kontutan hartuko dira aurkeztutako proiektuaren ezaugarriak, partaide kopurua eta haien gaitasuna, eta Foru Komunitaterako duen interes eta errentagarritasun soziala.

c) Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Herrilan Zerbitzuak, ekarritako informazioa gehitzea eskatu ahalko du, baita eskatzailea bera agertzea ere, bere erabakia hobeki oinarritzeko.

4.4. Adjudikazioa:

a) Dirulaguntza eskatzen duten proiektuek, deialdi honetako oinarrien arabera, gehienez ere, 500.000 pezetako dirulaguntza izan ahalko dute.

b) Abonatzeko modua, kontzesio bakoitzean adierazi eginen dena, honako hau izanen da: bi epetan, % 50 kontzesioaren une berean eta gainerako % 50 bukatu ondotik, gastuak frogaturik eta behar den txostena aurkeztua dela.

5. Betebeharrak:

Laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

5.1. Herrilan Zerbitzuak datuak eta jarduerak egiazta ditzan onartzera beti prest egotea.

5.2. Proiektuaren edukia edo kostua aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea Herrilan Zerbitzuari, gertatzen den une berean. Aldaketa horrek ez dio inongo konpromisorik ekarriko Nafarroako Gobernuari, non ez duen espreski bere gain hartzen.

5.3. Informazio guztietan, jarduera Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren laguntzaz egiten dela agertaraztea.

5.4. Egindako jardueraren txostena eta izandako gastuen egiaztapena Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Erregistroan aurkeztea (San Inazio etorbidea, 3, 4. solairua) 1997ko azaroaren 30a baino lehen, Herrilan Zerbitzuaren izenean. Txostenean barrunbe miatuen topografi planoak jasoko dira, tolestu gabeko landare paperean, zein sistema angeluar, hirurogeitarra edo ehundarra, erabili den adierazita. Topografi lanak horien negatiboez eta fotografi papereko kopiez hornituko dira. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bere gogora erabili ahalko ditu aurkezten zaizkion material eta dokumentuak, egilea aipatuz, beti ere.

5.5. Proposamenaren ezaugarriak direla eta, ezartzen den beste edozein eginbehar betetzea.

6. Ez-betetzea:

Oinarri hauetan jasotako eginbeharrak betetzen ez badira, laguntza kendu eginen da, eta dirurik jaso bada, itzuli egin beharko da.

ESKABIDE EREDUA

Jaun txit argia:

......................... j/a-ak helbidea ..............(e)ko ............................ kale edo plazako ........ zenbakian duenak, .......... NAN edo IFZren jabe, bere izenean edo .............. ordezkatuz, zure aurrean

Azaltzen du:

Espeleologi arloko jarduerei dirulaguntza emateko, Departamentu horrek sustatu eta 1997ko .............aren ...(e)ko ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturiko deialdian eskatzen diren beharkizun guztiak betetzen dituela uste duela, aipatu deialdiko oinarriak goitik behera onartzen dituela eta jarduera horrexetarako beste inongo dirulaguntzarik ez duela jasotzen aitortzen duela eta horretarako eskatzen den dokumentazioa aurkeztu du; horregatik, .................... pezetako dirulaguntza horietakoren bat eman dakion eskatzen du (zenbaki eta letraz adierazi eskatutako diru kopurua), ................ izena duen jarduera finantzatzeko.

Horrenbestez,

Eskatzen du:

Eskaera hau onar dezazun eta erantsita doazen gainerako dokumentuak hautesbidean jar ditzazun.

(Data eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: A9702150