I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
FORU AGINDUA, 1997ko martxoaren 14koa, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, toki entitateek interes orokor edo sozialeko obra eta zerbitzuetarako langile langabetuak kontratatzeko dirulaguntzak arautzen dituena.
Toki entitateei interes orokor edo sozialeko obra eta zerbitzuetarako langile langabetuak kontrata ditzaten laguntzak ematea da lan arloan eskumenak dituen Departamentuak 1996. urtean hartutako neurrietako bat, "Laneratze babestuaren programa berezia" izeneko kontusaila ezarri zuen Parlamentuko agindua betetzen duena.
Neurri hori eraginkorra dela ikusirik, komenigarria dela uste da jarduketa horrexetan jarraitzea, lanpostuak sustatuz nafar gizartean eragina duen langabeziaren arazo larria arindu ahal izateko. Horretarako 480 milioi pezeta jarri dira, "Laneratze babestuaren programa berezia" izeneko kontusailaren kargura, beti ere Lan Zuzendaritza Nagusiak 1997rako dituen Aurrekontuen barnean.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Gobernua arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak ematen didan ahalmena erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Xedea.
Agindu honen xedea da toki entitateendako laguntzak emateko araubidea zehaztea, interes orokor edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langile langabetuak kontrata ditzaten.
2. artikulua. Onuradunak.
Dirulaguntza hauek hartuko dituzte obra edo zerbitzua zuzenean nahiz kontratazio bidez egiten duten toki entitateek.
3. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzak erabiliko dira kontratatzen diren langile langabetuen lansariak ordaintzeko. Aplikagarri den hitzarmenean zehaztu lansaria eta Gizarte Segurantzari enpresak ordaindu beharreko kuota baino gehiago ez da ordainduko.
Interes orokor edo sozialeko obretan, ez da dirulaguntzarik emanen obra amaierako kalteordainerako.
Nafarroako Gobernuari gazte langabetuen informazio, orientabide eta laneratze programen kudeaketan laguntzen dioten entitateekin toki entitateek kontrataturiko interes orokor edo sozialeko zerbitzuetan, diruz lagundu ahalko dira, gainera, horien kudeaketa eta zuzendaritzak sortutako gastuak, bai eta horretarako kontrataturiko teknikarien joan-etorrietako gastuak ere.
4. artikulua. Obra edo zerbitzuetako baldintzak.
-Interes orokor edo sozialekoak izatea.
-Toki entitateek eginak izatea, zuzenean edo zeharka, 1997. urtearen barruan. Obrak egiteko azken eguna azaroaren 30a izanen da. Zerbitzuak abenduaren 31 arte luzatu ahalko dira.
-Gutxienez hilabete irautea.
-Hasiera eguna dirulaguntza eskaeran adierazitako egun bera izatea, behar bezala egiaztaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik.
-Obra edo zerbitzua eginen duen plantilako kopuru jakin bat langile langabetuek osatzea, %75 obra edo zerbitzu zuzena denean, eta %50 kanpoko kontratazioa denean.
5. artikulua. Hautatzeko irizpideak.
-Baldintza horiek betetzen dituzten obra edo zerbitzuetan hauek hautatuko dira:
-Interes orokor edo sozial handiena dutenak.
-Lanpostu gehien sortzen dituztenak.
-Langabetuen kopuru handieneko populazioak ukitzen dituztenak.
-Lanaren bidez, parte hartzen duten langileen prestakuntza eta lan praktikoa hobetzen laguntzen dutenak.
-Kontratu luzeenak eskaintzen dituztenak.
6. artikulua. Langileak hautatzeko irizpideak.
Derrigorrezko baldintza izanen da langilea langabezian egotea eta egoera horretan azaltzea INEMen.
Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
-Obra edo zerbitzua egin behar duen entitateak INEMi langileak eskatzea, lan eskaintza orokorra eginez, baina beti ere herriko langabetuei lehentasuna emanez.
-Egoera berean baldin badaude, lehentasuna izanen dute familiarekin erantzukizun handiena dutenek.
-Langileak lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituen kolektiboren batekoak izatea, hau da, 40 urtetik gorakoak, lehenbiziko lanaren bila dabiltzanak, emakumezkoak, 25 urtetik beherakoak, langabezian denbora luzea daramatenak eta antzeko egoeratan daudenak.
Administrazioak beharrezkoak diren txostenak eskatu ahalko dizkie erakunde eskudunei, artikulu honetan ezarritako hautapen irizpideak zuzen bete eta aplikatzen direla egiaztatzeko.
7. artikulua. Izapideak.
Toki entitateek Lan Zuzendaritza Nagusiko Enplegu eta Ekonomia Sozialaren Zerbitzuari eskatu beharko diote dirulaguntza, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen denetik hilabeteko epearen barnean, aipatu Zerbitzuan eskuratu ahalko dituzten inprimaki ofizialak erabiliz. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Dirulaguntza jaso dezakeen obra bakoitzaren banakako proiektu teknikoa, edo proiektu hori beharrezkoa duten obra faseei dagokiena.
-Eginen diren lanen memoria.
-Eskulanaren eta materialen aurrekontu kalkulatua.
-Iraupena eta kronograma.
-Egungo egoeraren argazki bidezko dokumentazioa.
-Toki entitatearen ziurtagiria, 1997. urtean egitekoak diren obra edo zerbitzuetarako jasotako eta/edo eskatutako dirulaguntza guztiak azalduko dituena.
-Toki entiteak obra edo zerbitzu hori egitea onartu duela adierazten duen ziurtagiria.
-Foru Agindu honek diruz lagunduko ez dituen kostuetarako diru aski dagoela adierazten duen ziurtagiria.
-Zerga beharkizunak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazteko ziurtagiria.
-Zenbat langile langabetu kontratatuko diren zehaztea eta horien ezaugarriak eta, halakorik bada, emanen zaien prestakuntza programa azaltzea.
8. artikulua. Ebazpena eta ordainketa.
1. Eskaerak Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ebatziko ditu, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean. Epe hori amaitu eta ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko da.
2. Dirulaguntza honela ordainduko da:
Hasierako %50, obra edo zerbitzua hasi dela justifikatu eta kontrataturiko langileen eta horien ezaugarrien zerrenda aurkeztu ondoren. Horrekin batera, lan eskaintza orokorrari eta Gizarte Segurantzako altei dagozkien agiriak eta lan kontratuen kopiak aurkeztu beharko dira.
Beste %25, hasierako %50ari dagozkion gastuak justifikatu ondoren.
Gainerako %25a, obra edo zerbitzua amaitu dela justifikatutakoan. Horretarako azken ordainketako ziurtagiriaren eta obra amaierako txostenaren inprimaki ofizialak erabiliko dira, eta gainera, aipatu txostenean eskatutako agiriak aurkeztu beharko dira.
Obra edo zerbitzuak 3 hilabetetik gorakoak ez direnean, bi ordainketa baizik ez dira eginen: hasierako %50a, gainerako obra eta zerbitzuetarako ezarritako baldintzak betetzean, eta gaineratiko %50a, obra edo zerbitzua amaitu dela justifikatu ondoren, aurreko lerroaldean ezarritakoari jarraikiz.
Dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Nafarroako Ogasunarekin dituen betebeharrak egunean izan beharko ditu, eta zenbatekoa erabili ahalko da zor galdagarriak konpentsatzeko, horiek antzinatasunaren arabera ordainduz. Antzinatasun hori zehaztuko da galdagarri zein egunetan izan ziren kontuan harturik.
9. artikulua. Bateraezintasuna.
Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eta beste administrazio edo entitate batzuek helburu eta kontzeptu berberetarako emandakoak bateraezinak izanen dira.
Dirulaguntzak hartzeko zehaztu diren baldintzak edo beharkizunak ez betetzeak haiek baliorik gabe uztea eta dirua itzuli beharra ekarriko du, horregatik ireki daitezkeen zehapen espedienteak deusetan galarazi gabe.
AZKEN XEDAPENA
Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko martxoaren hamalauan.-Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Ramón Bultó Llevat.
Iragarkiaren kodea: A9702469