37. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

32/1997 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak emana, Espainiako komunitateetan egoitza duten Nafar Txoko, Zentro eta Etxeei laguntzak, 1997koak, ematea arautzen duena.

Badira Espainiako zenbait komunitatetan kultur eta aisia elkarte batzuk, jatorriz nafarrak edo Nafarroatik joandakoak izanik, lan, familia edota bestelako arrazoiengatik beste komunitate horietan bizi direnendako biltzeko eta adiskidetzeko toki direnak. Nafarroarekin eguneroko lotura elkarte horien jardueren bitartez mantentzen dute.

Nafarroako Gobernuak badu etenik gabeko harremana Nafar Txoko, Zentro eta Etxe horiekin, eta hainbat laguntza eman ohi du erakunde horien funtzionamendua eta jarduerak gauzatu ahal izateko.

Aurreko urteetan bezala, komenigarria da laguntza horiek emateko arauak finkatzea, batetik elkarte bakoitzaren ohiko funtzionamendu gastuak eta, bestetik, kultur eta dibulgazio ekintzak antolatzekoak finantzatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Espainiako komunitateetan egoitza duten Nafar Txoko, Zentro eta Etxeendako eta horien Federazioendako laguntzak ezartzea, beren jarduerak sustatzeko asmoz, Foru Agindu honetako arauei jarraituz.

2. Honako hauek izanen dira aipatu laguntzen xede:

a) Nafarroako festak ospatzeko antolaturiko jarduerak, kultur, kirol nahiz josteta izaerakoak (San Frantzisko Xabierrekoa, Sanferminak, etab.) edo ohiko beste jarduera batzuk, 1997an burutuko direnak, edo aurreko urtean burututakoak.

b) Funtzionamendu gastuak, elkartearen egoitzako higigarriak berritzekoak eta finantzaziokoak.

3. Hurrengo dirulaguntzak ezarri dira:

a) 500.000 pezeta gehienez, entitate bakoitzeko, kultur, kirol eta josteta jardueren antolaketa finantzatzeko. Horretarako, honako jarduera hauen antolamenduagatiko gastuak izanen dira kontutan hartuko direnak: Foru Komunitateko talde artistikoen saioak edo Nafarroarekin zerikusia duten gaiei buruzko hizlariak (saioak, garraioa eta ostatua, publizitatea, lokalen alokairua eta abar ordaintzea), beste komunitate batzuetako nafar zentroetakoak diren talde artistikoen saioak, bestelako kultur jardueren gastuak, arte eta kirol taldeen gastuak eta kirol nahiz josteta lehiaketetako sariei dagozkienak.

b) 325.000 pezeta gehienez, entitate bakoitzeko, funtzionamenduko ohizko gastuak, elkartearen egoitzako higigarriak berritzekoak eta finatziaziokoak ordaintzeko. Kopuru horren barnean funtzionamenduko gastu gisa 100.000 pezeta arteko diru kopurua sar daiteke, ekitaldi sozialei, ordezkarien bidaiei eta abarrei dagozkien gastuetarako.

c) Aparteko dirulaguntzak, lehiaketak, erakustaldiak eta abar antolatzeko, edo finantza, inbertsio edo funtzionamenduko aparteko gastuei erantzuteko. Horietarako zenbatekoak aurrekontuetan dauden baliabideen arabera ezarriko dira.

4. Dirulaguntza hauek eskatu nahi dituzten Nafar Txoko, Zentro eta Etxeek edo federazioek ondotik zehazten diren baldintzok bete beharko dituzte:

a) Legez eraturiko Elkartea izan eta behar den Erregistro Ofizialean horrela inskribaturik egotea.

b) Behar den bezala onetsitako barne estatutuak izatea.

c) Entitatearen ordezkariak hautatzerakoan eta barne funtzionamenduan, parte hartze demokratikoa dutela bermatzea.

d) Bazkide aktiboen eta kuota ordaintzen dutenen kopurua 50etik goitikoa izatea, Federazioen kasuan izan ezik.

5. Dirulaguntza hauek eskuratu nahi dituzten Nafar Txoko, Zentro eta Etxeek Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Elkartea legearen arabera eratu dela eta Erregistro Ofizialean inskribatua dagoela egiaztatzen duen agiria.

-Indarra duten Estatutuak.

-Kuota ordaintzen duten bazkide aktiboen zerrenda, elkarteburuak edo idazkariak egiaztatua.

-Estatutuen arabera hautaturiko Zuzendaritza Batzordearen osaketa, elkarteburuak edo idazkariak egiaztatua, bertan zehaztuz zein egunetan eratu zen.

b) Funtzionamendu eta finantzazio gastuetarako laguntzak eskatzen dituzten zentroek, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

-1997rako gastu eta dirusarreren urteko ohiko aurrekontua.

-Aurrekontuan aipatzen diren kontzeptuak azaltzen dituen txostena.

c) Kultur, kirol eta josteta jarduerak egiteko laguntzak eskatzen dituzten zentroek, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

-1997an egin gogo den programazioa.

-Gastuen aurrekontu zehaztua.

d) Aparteko laguntzak eskatzen dituzten zentroek beren proiektua azaldu eta arrazoitzen duen txostena aurkeztu beharko dute. Txosten horretan proiektuaren aurrekontua eta eskaturiko laguntza ere adierazi beharko dute.

Agiri horiek guztiak Nafarroako Gobernuan aurkeztu beharko dira 1997ko maiatzaren 1a baino lehen.

6. Foru Agindu honen xede diren laguntzekin, nafar zentroek antolatzen dituzten jardueren programa, argitalpen, iragarki eta abarretan, azaldu beharko da Nafarroako Gobernuaren babesa izan dutela.

7. Eskabideak aztertu ondotik, behar diren laguntzak emanen dira.

Laguntza horien ordainketa egin aurretik, entitate eskatzaileak justifikatu egin beharko ditu egindako gastuak, horiei dagozkien jatorrizko ordainagiriak aurkeztuz.

8. Ematen diren laguntzak 1997ko Gastuen Aurrekontuko 600-0 lerroaren kargura finantzatuko dira.

9. Argitara eman bedi Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

10. Jakinaraz bekie Foru Agindu hau Nafar Txoko, Zentro eta Etxeei, Komunikabide Zerbitzuari eta Aurrekontuen Kudeaketa eta Kontabilitateko Bulegoari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko martxoaren hamabian.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9702378