32. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Emakumearen Udal Kontseiluaren Erregelamendua behin betikoz onestea

Iruñeko Udalak, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hamalauan eginiko osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

"Emakumearen Udal Kontseiluaren Erregelamendua hasiera batez onesteko espedientea jendaurrean agertzeko epea iraganik eta horri buruzko bi alegazio aurkeztu direlarik, erabaki da:

1.-Aurkeztu diren alegazioak ezestea.

2.-"Emakumearen Udal Kontseiluaren Erregelamendua" behin betikoz onestea, emakumeen partaidetza udal aferetan bideratzeko eta gainerako helburuetarako balio dezan.

3.-Espedientea Udal Administrazioari buruzko Foru Legearen 324. artikuluan eta ondokoetan aurreikusitako tramitazio bidean jartzea."

Ebazpen honen kontra errekurtso hauetakoren bat para daiteke aukeran:

a) Administrazioarekiko errekurtsoa, Nafarroako Justizi Auzitegi Nagusian dagokion Sailean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epearen barnean, errekurtsoa jartzeko asmoa ebazpena eman duen organoari aldez aurretik jakinarazi ondotik, edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, ebazpena jakinarazten den egunetik hilabeteko epearen barnean.

EMAKUMEAREN UDAL KONTSEILUAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Emakumearen Udal Kontseilua, udal administrazioaren organo aholkuemaile gisa eratzen da, emakumeei zuzendutako udal gestioaz aholku emateko, informatzeko eta kontrolatzeko, beti ere Iruñerriko mugen barruan.

Kontseiluaren helburu funtsezkoak hauexek dira:

a) Libreki atxikitzeko bide bat eskaintzea, Iruñeko politika, gizarte, lan, ekonomi eta kulturaren aldeko garapenean emakumeen partaidetza bultzatzeko.

b) Benetako berdintasuna ahalbideratzen duten baldintzak zaintzea, bai eta emakumeen eskubideak eta interesak defendatzea ere.

II. KAPITULUA

Eginkizunak eta osaketa

2. art. Kontseiluak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Emakumeei zuzendatutako udal politikaz informatzea, organo aholkuemaile den aldetik.

b) Emakumeei bereziki zuzendatutako udal jarduketez aldian-aldian informazioa jasotzea.

c) Emakumeak bereziki inplikatzen direneko udal jarduketen programak proposatzea eta horietaz informazioa ematea.

d) Aukera Berdintasunerako udal plana betetzeaz arduratzea eta debateak, jardunaldiak, ikerlanak eta era guztietako jarduketak, Iruñeko hiritarren jarrera emakumeen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunaren aldeko izatera iritsi dadin.

e) Udal politikari dagokionez Iruñean emakumearen egoerarekin ikustekorik duten salaketa eta ekimenak, pertsonek nahiz erakunde sozialek eginak, bildu eta bideratzea.

f) Kontseiluaren eginkizunekin zerikusia duten arloetan proposamenak eta ekimenak aurkeztea.

3. art. Osaketa:

Kontseilukide izanen dira, hizpidea izateko eta botoa emateko eskubide osoarekin:

Kontseiluko lehendakaria, emakumearen politikaz arduratzen den zinegotzia.

-Korporazioan ordezkaririk duten talde politikoen zinegotzi bana.

-Aukera Berdintasunerako planaren arloko teknikari bat, hizpidez baina botorik gabe.

-Emakumeari Laguntza emateko udal zerbitzuko teknikari bat, hizpidez baina botorik gabe.

-Legez eratutako eta helbidea edo jarduketa esparrua Iruñean duten emakumeen elkarteetako sei ordezkari.

-Udal esparruan ordezkariak dituzten sindikatuetako bi ordezkari, beren baitan emakumeen sekzio organizatuak badituzte.

-Idazkari lanetan arituko da, hizpidez baina botorik gabe, Udaleko idazkariak izendatzen duen udal letratua.

Kontseiluko lehendakariak pertsona bat hautatuko du zinegotzien artean lehendakariorde izateko, eritasuna edo legezko beste edozein arrazoirengatik lehendakaria ez dagoenean haren eginkizunez ardura dadin.

Ordezkotzaren ondorioetarako emakumeen elkarteek ondoko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu behar dute.

a) Legez eratutako elkarteak edo hurrengo letran adierazten denarekiko autonomia funtzionala duten elkarteen sekzioak izatea.

b) Beren helburuen artean, emakumeen eskubide eta aukera berdintasuna defendatzeko jarduerak garatzea izatea.

c) Dirua irabazteko asmorik gabekoak izatea.

4. art. Kontseiluaren bileretara joaten ahal dira, hizpideaz baina botorik gabe, horretarako eskaera lehendakariari legezko bideak erabiliz egiten dion pertsona oro, bere izenean edo talde bat ordezkatuz, beren ezagupenak direla edo udalerrian garatzen dituzten jarduerak direla eta, kontseilu honen eginkizunekin ikustekoa duten gaiez kezka nabaria erakusten dutenak.

Halaber, kontseiluaren bileratara joaten ahal dira, hizpidez baina botorik gabe, lehendakariak gonbidatutako teknikariak, eguneko gai zerrendan jorratu beharreko gaien arabera egokitzat jotzen direnak.

5. art. Kontseilukideak alkateak izendatuko ditu bai eta kargutik kenduko ere, kasuan kasuko entitate, elkarte, instituzio eta talde politikoek proposatuta.

III. KAPITULUA

Funtzionamendua

6. art. Lehendakariari dagozkio:

a) Bilkuretarako deia egitea, haiek zuzendu eta bukatutzat ematea, bai eta debateen moderatzaile izatea ere.

b) Kontseiluaren legezko ordezkari izatea.

c) Karguari dagozkion eginkizunak.

Idazkariari dagozkio:

a) Bilkuren akta prestatzea.

b) Lan batzordeen eginbeharrak koordinatzea.

c) Kontseiluaren erabakiak betetzea.

d) Kontseiluaren idazkariari dagozkionak.

7. art. Kontseiluak hiru hiletik behin bederen bilkura arrunta eginen du, eta lehendakariaren ekimenez edo kideen herenak eskatuta bilkura berezia.

Deialdia idazkari lanetan diharduen pertsonak eginen du, lehendakariak eskatuta, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago, eta gaien zerrenda zehaztuko da, bai eta adieraziko ere bilkura non, noiz eta zer ordutan eginen den.

8. art. Bilkuraren deialdiarekin batera kontseilukide bakoitzari aintzineko bilkuraren aktaren zirriborroa igorriko zaio. Jatorrizko akta, behin onetsi ondoren, kontseiluaren idazkaritzan gordeko da.

9. art. Kontseiluaren bilkuretan parte hartzeagatik ez da inolako lansaririk jasoko.

10. art. Kontseiluak lehendakariaren edo kontseilukide gehienen ekimenez, batzordeak sortaraz ditzake bere eskumeneko gaietan azterlanak eta txostenak egiteko.

11. art. Kontseiluak gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak.

12. art. Kontseilukideren bat hiru bilkuratara jarraian eta arrazoirik gabe agertzen ez bada, kontseilutik kanporatu eginen dute eta ondoren haren ordezko bat hautatuko da.

Hautetsiek kargua uzten ahal dute eta haien ordezkoak paratzen ahal dira haiek hautatzeko erabili zen bide bera erabiliz.

13. art. Elkarte eta sindikatuetako ordezkari diren Emakumearen Udal Kontseiluko kideak bi urtez egonen dira karguan eta berriro ere hautatuak izan daitezke, hautatuak izan zirenean partaide zireneko entitate edo elkarteetan segitzen badute, beti ere.

AZKEN XEDAPENA

14. art. Funtzionameduari dagokionez, kontseilua ondokoek arautuko dute: honako Erregelamendu honek; azaroaren 28ko 2568/1986 E.D. bidez onetsitako Toki Korporazioen Antolakuntza, Funtzionamendua eta Araubide Juridikoaren Erregelamenduak; Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legeak eta aplikagarri diren gainerako administrazio xedapenek.

15. art. Erregelamendu hau hein batean nahiz osorik aldatzeko, bai eta Emakumearen Udal Kontseilua desegiteko ahalmena Udalaren osoko bilkurak du, Udal Kontseiluaren irizpena aditu ondoren.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hogeian. Alkatea, Javier Chourraut Burguete.

Iragarkiaren kodea: A9701644