32. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

60/1997 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, euskaraz idatzi nahiz euskaratutako literatur lanak argitaratzeko laguntzetarako deia egiten duena.

Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunen artean euskararen sustapena dago. Hori egiteko modu bat sorkuntza literarioa nahiz beste hizkuntzetan idatzitakoaren itzulpena bultzatzea da. Horrenbestez, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuaren proposamena eta Kontuhartze delegatuaren adostasuna ikusirik,

AGINDU DUT:

1. Euskaraz idatzi nahiz euskaratutako literatur lanak argitaratzeko laguntzen deialdia onestea. Deialdia arautuko duten oinarriak Foru Agindu honen eraskinean agertzen dira.

2. 3.500.000 pezetako gehieneko gastua onestea, "Euskarazko argitalpenak bultzatzeko programak" izeneko 1997ko gastuen Aurrekontuko 43100-4810-4551 kontusailaren 14940-4 lerroaren kargura.

3. Foru Agindu honen berri Programazio eta Ikerketa Zerbitzuari eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari ematea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogei eta hamazazpiko martxoaren hiruan.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

E R A S K I N A

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea jatorriz euskaraz idatzi nahiz bertze hizkuntzetatik euskaratutako literatur lanak argitaratzeko laguntzen banaketa arautzea da.

2. Betebeharrak.

a) Lan horiek antzerki, poesia edo narratibazkoak izan beharko dute.

b) Obren lehenengo argitalpenak, ez bigarrenak zein ondorengoak edo berrargitalpenak, izaten ahalko dira dirulaguntzaren xede.

c) Emanen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko beharrezkoa izanen da ISBNa, Legezko Gordailua, egile eskubideak eta gainerako legezko baldintzak bete izatea.

d) 1996ko azaroaren 1etik 1997ko urriaren 31 bitarte argitaratzen diren liburuek bakarrik biltzen ahalko dute dirulaguntza.

3. Eskatzaileak.

a) Deialdi honetako laguntzak, Nafarroan kokatutako argitaletxeek eta beren lanak Foru Komunitatean argitaratzen dituzten idazleek nahiz, kasuan-kasuan, itzultzaileek eskuratzen ahalko dituzte, behar diren legezko baldintzak betetzen badituzte.

b) Eskatzaile bakoitzak egoki iritzi adina sortze edo itzulpen lan aurkez dezake.

4. Laguntzen zenbatekoa.

Salmentarik gabeko edizioek sortutako kostuen % 50eko dirulaguntza bilduko dute gehienez, eta jendeari saltzekoek, berriz, % 20koa gehienez; horien zenbatekoa horretarako propio dauden aurrekontu kontsignazioen mugak eta aurkeztutako eskabideak zehaztuko dute eta kontutan hartuko dira Foru Agindu honen 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak.

5. Eskabideak aurkeztea.

Eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Karlos III.a etorbidea, 2, 31002 Iruña), 1997ko azaroaren 15a baino lehenago, eredu normalizatua erabiliz.

6. Dokumentazioa.

Eskabideak ondoko dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira:

a) Sortze lanetarako:

1.-Nortasuna frogatzeko dokumentazioa:

-Eskatzailea pertsona juridikoa izanez gero, eraketa eskritura aurkeztuz edo, behar denean, aldaketa eskritura, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribaturik.

-Eskatzailea pertsona fisikoa baldin bada, Nortasun Agiri Nazionala edo arauz hori ordezkatzen duena aurkeztu beharko da nahitaez.

2.-Eskabidea beste pertsona edo elkarte baten izenean aurkezten baldin bada, aipatu ordezkaritza egiaztatzen duen ahalmen notariala erantsi beharko zaio.

3.-Egilearen curriculum vitae-a, ikasketak, lanbidea eta lehenago burututako literatur lanak zehaztuko dituena.

4.-Laguntza zein lanetarako eskatzen den, bakoitzaren txosten zehatza, ondoko inguruabarrak aipatuko dituena: liburu mota, xedeak, litezkeen irakurleak, argitalpenaren kostua, salneurria, salmentarako edizioa den, eta eskatzaileari egoki iduritzen zaizkion gainerako guztiak.

5.-Zerga betebeharrak eguneratuak ditueneko egiaztagiria.

6.-Gizarte Segurantzaren Lurraldeko Diruzaintzak luzatutako ziurtagiria, kuoten ordainketak eguneratuak dituela egiaztatzen duena.

7.-Halakorik balitz, eskatu eta erdietsitako bertze laguntzei buruzko aitorpena.

b) Itzulpen lanetarako:

1.-Aurreko a)ataleko 1, 2, 4, 5, 6 eta 7 zenbakietan zehaztutako dokumentazioa.

2.-Itzultzailearen curriculum vitae-a eta bere ikasketak, lanbidea eta itzulpengintzan duen esperientzia.

3.-Itzulpenaren eta jatorrizko testuaren kopia bat.

4.-Itzulgai den liburuaren fitxa bibliografiko osoa.

7. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskatzaileek deialdi honetan aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, notarioak edo administrazioak behar bezala legeztutako fotokopiak.

8. Batzorde Kalifikatzailea.

Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak emateko, Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia buru izanen duen Batzorde Kalifikatzailea eratuko da.

9. Balorazio irizpideak.

Batzorde Kalifikatzaileak, bertzeak bertze, ondoko irizpideak hartuko ditu kontutan:

a) Lanaren kalitatea.

b) Itzulpen lanetan, obraren luzea eta zailtasun maila.

c) Nafar irakurleendako izan dezakeen interesa.

d) Zabalgarritasuna, bai Nafarroako bai kanpoko irakurleen artean.

e) Argitalpenaren ale kopurua.

f) Eskatzaileak bertze finantzabideetara jotzeko zailtasun frogatua ote duen.

10. Ebazpena.

Eskabideak aurkezteko epea akituta, Batzorde Kalifikatzaileak aztertuko ditu eta, bertzeak bertze aitzineko atalean ezarri irizpideak aintzat harturik, ebazpen proposamena eginen dio Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiari. Honek deialdia ebatzi eta hartzaile bakoitzari jakinaraziko dio esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

11. Dirulaguntzen ordainketa.

Esleipena eginik, dirulaguntzak erabat ordaintzeari ekinen zaio, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira hamar ale igorri ondotik (Programazio eta Ikerketa Zerbitzua. Navarreria kalea, 39, 31001 - Iruña).

Onuradunek beren jabetza eskubideak gordetzeko ahalmena galarazi gabe, argitalpen horretako ale guztietan azaldu beharko da Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako argitalpena dela.

12. Jarraipena.

Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak beharrezko iruditzen zaizkion kontrol guztiak egiten ahalko ditu laguntzen erabilpen zuzena bermatu beharrez, eta onuradunak deialdi honetan ezarri edozein arau betetzen ez badu, eskuratutako zenbatekoa erabat edo hein batean itzultzea galdatzen ahalko du.

ESKABIDE EREDU NORMALIZATUA

(Izen-deiturak) ............................. jaun/andrea, ......... N.A.N., .................(e)n sortua, .................. probintzian, helbidea ................... karrikan, ..... zenbakian, ....... solairuan duena, .......... P.K. eta ............. telefono zenbakia dituena, bere izenean edo ................. ordezkatuz (kendu behar ez dena) Lehendakaritza kontseilariak 1997ko .....aren .....(e)an eman eta 1997ko ..............aren ......(e)ko ....... garren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu Foru Aginduari loturik, zure aurrean agertu eta

Eskatzen du:

Euskaraz idatzi nahiz euskaratutako literatur lanak argitaratzeko laguntza bat eman dakion (behar ez dena ezabatu).

Iruñean, 1997ko ....................aren ....(e)an.

Iragarkiaren kodea: A9702020