32. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

59/1997 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako idatzizko komunikabideetan, irrati eta telebistetan euskara erabiltzeko dirulaguntzetarako deialdia onesten duena.

Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen 27. artikuluak Nafarroako Administrazio Publikoak premiatzen ditu, euskarak gizartearen komunikabide publiko zein pribatuetan gero eta agerpen haundiagoa izan dezan.

Beste aldetik, euskararen sustapena da Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunetako bat, eta hura betetzeko komunikabideen alorra da lehentasuna dutenetakoa.

Horrenbestez, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuaren proposamena eta Kontuhartze delegatuaren adostasuna ikusirik,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako idatzizko komunikabideetan, irrati eta telebistetan euskara erabiltzeko dirulaguntzetarako deialdia onestea. Deialdia arautuko duten oinarriak Foru Agindu honen eraskinean agertzen dira.

2. 25.000.000 pezetako gastua onestea, "Euskara komunikabideetan sustatzeko programak" izeneko 4310-4810- 4551 kontusaileko 14930-7 lerroaren kargura.

3. Foru Agindu honen berri Programazio eta Ikerketa Zerbitzuari eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari ematea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko martxoaren hiruan.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

E R A S K I N A

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honek xedea du Nafarroako komunikabideetan - prentsa, irratia eta telebista- euskara erabiltzeko laguntzak arautzea.

2. Eskatzaileak.

2.1. Honako hauek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan arautzen diren laguntzak:

a) Nafarroan diren edo Foru Komunitate honetarako edizio berezia duten egunkari edo aldizkariak argitaratzen dituzten pertsona fisiko zein juridikoek.

b) Nafarroan kokaturik egonda, emititzeko lizentzia indarrean duten irrati-emisoreen enpresa titularrek.

Halaber, udal titulartasuneko irrati-emisoreak legeztatzeko espedienteari ekin dioten eta baimenaren zain dauden toki erakundeek ere aukera izanen dute (abenduaren 21eko 431/1992 Foru Dekretua).

c) Nafarroan kokaturik egonda, emititzeko lizentzia indarrean duten telebista-emisoreen enpresa titularrek.

Halaber, 1995eko urtarrilaren 1a baino lehenagotik lurreko uhinen bitartez emititzen duten tokiko telebista- emisoreek, hots, lurreko uhinen bidezko tokiko Telebistari buruzko abenduaren 22ko 41/1995 Legearen xedapen iragankor bakarrak aipatzen dituen telebista- emisoreek ere aukera izanen dute.

d) Titulartasun publikoa duten komunikabideek.

2.2. Baztertuak:

Honako hauek ez dute laguntzarik jasotzen ahalko:

a) 1994ko martxoaren 15eko Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten Toki Entitateen menpeko udal komunikabideek, dirulaguntza zuzenean jasotzen dutelako Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmenaren bitartez. Udalen informazio boletinek ere ez dute laguntzarik jasoko.

b) Nafarroako Gobernuko Departamentuek, eta haien menpeko sozietate publiko, erakunde autonomo edo antzekoek argitaratutakoek.

c) Alderdi politiko, xede politikoa duten elkarte, sindikatu edo lanbide elkargoek argitaratutakoek.

d) Elkarte, fundazio edo antzekoek euren bazkideen artean bakarrik banatzeko argitaratutakoek.

e) Edukina hezkuntza arloari hurbiletik loturik duten argitalpenek.

3. Denbora mugak.

Deialdi honi jarraikiz emanen diren dirulaguntzak 1997ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarteko denboraldirako izanen dira.

4. Eskabideak: epea eta proiektua.

Deialdi honen laguntzak jaso nahi dituztenek eskabidea aurkeztu beharko dute erregistro orokorrean (Karlos III.a etorb., 2) deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hilabetean, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira zuzendurik, deialdiaren izena aipatuz eta ondoko dokumentazioa gehituz:

1.-Eskatzailearen nortasun juridikoa edo fisikoa akreditatzen duena.

2.-Euskararen erabilerari buruzko proiektu zehatza, honako xehetasun hauekin emana:

a) Arlo honetan 1996. urtean egindako lana eta eskatutako laguntzarekin sortuko den jarduerak ekar ditzakeen berrikuntzak.

Enpresa sortu berriak edo gauzatu gabeko proiektuak izanez gero, geroan jorratuko duten jarduera nagusiaren berri eman beharko dute, bai eta, laguntzen xedea den aldetik, euskarak bertan izanen duen agerpenaren berri ere.

b) Euskarazko esparruen ezaugarriak, eta bereziki, ondoko hauek:

1.-Komunikabide idatziek aipatu beharko dituzte orrialde kopurua, ezartzeko lekua, aldirokotasuna, argitaratzeko egunak, gaia, maketazio egitura eta mota, eta proiektuaren nondik norakoak zehazki jakiteko behar diren elementu guztiak.

2.-Laguntzak irrati edo telebistarako eskatzen dituztenek adierazi beharko dituzte saioen iraupena, egunak, orduak eta gaiak, haren programazioaren egitura eta proiektuaren nondik norakoak zehazki jakiteko behar diren elementu guztiak.

c) Araututako denboraldian izanen diren gastuen aurrekontu zehatza, euskarazko lanak egiteko espreski kontratatutako langile eta laguntzaileen gastuak bereziki aipatuz.

d) Proiektu berbera gauzatzeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo haietatik jasotako laguntzak zehatz-mehatz aipatu.

e) Zerga betebeharretan eguneratuak daudela frogatu behar dute.

5. Laguntzak emateko irizpideak.

1.-Aurkezteko epea akitutakoan, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak, hilabeteko epean, eskariak aztertu eta laguntzak banatuko ditu, ondoko irizpide hauei jarraikiz:

a) Proiektuaren izaera eta ezaugarriak. Eskualde edo eremu geografiko zabal baterako proiektu bateratuek lehentasuna izanen dute.

b) Nafarroako hiritarren artean duen hedapena: aldirokotasuna, argitalpen bakoitzaren batezbesteko aleak, izan litezkeen hartzaileak, orrialde kopurua, saioaren aldirokotasuna eta iraupena, e.a.

c) Lehenagotik laguntza hauei atxikitako programen aldean izanen dituzten gehikuntza eta berrikuntzak.

d) Euskaltzaindiak ezarritako arauei atxikiz, euskara batua edo Nafarroako euskalkietako bat zuzen eta modu egokian erabiltzea.

2.-Eskaerak baloratzeko Batzorde Tekniko bat sortuko da eta hark aztertuko ditu eta proposamena eginen dio Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiari, honek ebatz ditzan.

Batzorde Teknikoko kideak honakoak izanen dira:

-Programazio eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu izanen dena.

-Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko goi mailako euskara teknikari bat, idazkari lanetan arituko dena.

-Lehendakaritza Departamentuko Prentsa Bulegoko kazetari bat.

-Toki entitateen ordezkari bat.

-Euskarazko komunikabideen alorreko pertsona bat.

6. Laguntzen zenbatekoa.

a) Dirulaguntzak, gehienez ere, ez du aurkeztutako proiektuaren gastuen aurrekontuaren % 70 gaindituko. Ez dira kontuan hartuko komunikabidearen ustiapen gastu orokorrak.

b) Deialdi honen dirulaguntza beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzekin bateraezina izanen da baldin eta laguntza guzien diru zenbateko osoa proiektuaren kostua baino haundiagoa bada.

c) Dirulaguntzen zenbatekoa beti ere horretarako erabiltzen den aurrekontuko kontusaileko zenbatekoak ezarritako mugei egokituko zaie, hura ezin gaindituko baita.

7. Dirulaguntzen ordainketa eta aurkeztu beharreko agiriak.

Dirulaguntzak ordaintzeko, onuradunek, hiruhilabetero, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusian:

a) Ikus-entzunezko komunikabideek, hiruhilabetean gauzatutakoaren xehetasun guziak biltzen dituen txostena

b) Idatzizko komunikabideek, argitaratutako aleak.

c) Gastuen frogagiriak.

d) Langileak kontratatuz gero, dirulaguntzak hiruhilabeteko bakoitza bukatu ondoan ordainduko zaizkio onuradunari, hari dagozkion ordainketak frogatu eta gero. Langileei egindako ordainketa honako hauek aurkeztuz egiaztatuko da: soldaten ordainagirien fotokopiak, bai eta langileen kotizazio boletin ofizialenak eta izenen zerrendarena ere (TC/1, TC/2 eta TC2/1 ereduak), kuotak ordaindu direneko bulego dirubiltzaileak behar bezala zigilatuak.

Kasu horretan, proiektuak gauzatzeko kontratatutako langileek E.G.A. titulua edo honen baliokideren bat izan beharko dute, salbu eta arlo horretan gaitasun hori nabarmenki frogatua baldin badago.

e) Kolaboratzaileei egindako ordainketa, interesatuak sinatutako ordainagiriak aurkeztuz justifikatuko da.

Baldintza eta epe hauek ez betetzeak edo agiriak ez aurkezteak dirulaguntza bertan behera uztea ekarriko du.

8. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskatzaileek deialdi honetan aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, notarioak edo administrazioak behar bezala legeztatutako fotokopiak.

9. Gainbegiratzea.

Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak bere esku izanen du egoki juzkatzen dituen kontrol eta egiaztapenak egitea, emandako laguntzak jasotzeko baldintzak eta beharkizunak betetzen direnentz jakiteko. Baldintza horiek ez betetzeak jasotako diru kopurua itzuli beharra ekarriko du berekin.

Iragarkiaren kodea: A9702019