I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
FORU AGINDUA, 1997ko otsailaren 17koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, graduatuentzako bi beka sortzen dituena.
Ikusirik, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Ataleko laborategian erabiliko liratekeen bi beka sortzeko egin duen proposamena.
Kontuan harturik bekadunen esku uzten diren azterketak eta lanak Departamentu honentzat baliagarriak izan daitezkeela, baita bekadun horientzat beraientzat ere, horrela lan esperientzia interesgarria lortzeko aukera izanen baitute.
Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuak proposaturik,
XEDATU DUT:
1. Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Ataleko laborategian aritzeko bi beka sortzea, Kimika Aplikatuan edo II. mailako Lanbide Heziketan (Laborategiko Teknikaria-Kimika adarra) graduatuentzat, elikagaietan aurkitzen diren hondakinekin zerikusia duten lanak egiteko.
2. Laborategiak bekadunen eskura utziko ditu lanak ongi egiteko beharrezkotzat jotzen diren dokumentazioa eta gainerako baliabide materialak.
3. Azterketak eta bestelako lanak laborategiak hautatuko duen tutoreak zuzendu eta gainbegiratuko ditu. Tutoreak zehaztu eta aginduko ditu egitekoak, ordutegiak finkatu eta bekadunek beren eginbeharrak betetzen ote dituzten begiratuko du.
4. Izangaiek gehienez ere hiru urteko antzinatasuna duten tituluen jabe izan beharko dute, Nafarroan bizi beharko dute deialdi hau egiten denean eta 28 urtetik beherakoak izan.
5. Deialdi honetako bekak Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman ondoko hamabost egun naturalen barrenean eskatzen ahalko dira.
6. Eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan aurkeztuko beharko dira, Iruñeko Tutera kaleko 20.ean, ondoko agiriokin batera:
a) Parte hartzeko eskabidea.
b) Curriculum vitae, bertan adierazita egindako ikasketak eta jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak eta aipagarritzat jotzen dituen merezimendu guztiak.
c) Espediente akademikoaren ziurtagiria, kurtso bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espreski aipatuz.
d) Lortu dituen titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.
e) Jaiotagiria edo nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.
f) Familiaren bizitokia Nafarroan dela frogatzen duen ziurtagiria.
7. Bekadunen hautaketa ondoko hauek osatzen duten Batzorde batek eginen du:
Batzordeburua: Augusto Echeverría Sesma jauna, Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Ataleko burua.
Idazkaria: Pablo Fraile Jiménez de Maquirriain jauna, Analisi Instrumentaleko Bulegoko burua.
Batzordekideak: Beatriz Taramelli Carro andrea, Roncesvalles Linzoain Belzarena andrea eta María Carmen Aznárez Landirivar andrea, Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Atalari atxikitako funtzionarioak.
8. Batzordeak aurkezten diren eskabideak aztertu eta baloratuko ditu eta izangaiei bekak eman dakizkien proposatuko du, lehentasun ordena adierazita, eta zerrenda hori jendaurrera aterako du hamar eguneko epearen barrenean.
9. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren Foru Aginduaren bidez emanen dira bekak.
10. Onuradunek hamar eguneko epearen barrenean hasi beharko dute lanean, kontzesioaren jakinarazpenetik hasita. Horrela egiten ez badute, bekari uko egin diotela ulertuko da.
11. Emandako bekari uko egiten bazaio, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari eman beharko zaio horren berri.
12. Edozein arrazoirengatik beka bati uko egiten bazaio, Batzordeak ezarritako lehentasunezko zerrendan hurrengo denari emanen zaio.
13. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ebatziko ditu oinarri hauek aplikatzean sor daitezkeen auzi guztiak.
14. Beka bakoitza 840.000 pezetakoa izanen da, urte osorako, eta hilabetero 70.000 pezeta (edo denbora zatiari dagokiona) ordainduz kitatuko da.
Beka hau ezin jasoko da beste beka batekin batera.
15. Bekek gehienez ere 12 hilabete iraunen dute eta 1998ko martxoaren 31n amaituko dira. Dena den, beste 12 hilabetez luzatzen ahalko dira, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuko zuzendariak hala eskatzen badu.
16. Bekadunek Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Ataleko laborategian jardunen dute, astean 30 orduz gehienez.
Bekadunek oporretarako 30 egun natural izanen dituzte.
17. Bere gain utzitako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, ardurarik jartzen ez badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko galduko du bekadunak, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuko zuzendariak proposatu eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hala erabakita, eta horrekin batera denbora-zatiari dagokiona galduko du dotazio ekonomikotik.
18. Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea izanen.
19. Bekadunek ez dute eskuratuko inolako lan harremanik edo administratiborik, ez eta beste eskubiderik ere, laborategiarekin edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarekin.
20. Foru Agindu honetan aurreikusitakoa aurrera eramateko 1.680.000 pezetatako gastua onetsi da. Horietako 1.260.000 pezeta 1997ko aurrekontuaren kargura, eta 420.000 pezeta 1998ko aurrekontuaren kargura.
1997. urteari dagozkion ordainketak "Bekak" izeneko 71210-4809-5431 kontusailaren kargura eginen dira, orain indarra duten gastuen aurrekontuetako 28080-2 lerroa.
21. Foru Agindu honen berri Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Atalari eta Ekonomi Aferetarako Bulegoari ematea, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hamazazpian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Martínez Alfaro.
Iragarkiaren kodea: A9701791