31. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 1997ko otsailaren 17koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, graduatuentzako lau beka sortzen dituena.

Ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zerbitzuak graduatuentzako lau beka sortzeko egin duen proposamena, haietako bi Landare Biologiako Laborategian eta beste bi Abeltzaintzako Laborategian aritzeko.

Kontuan harturik bekadunen esku uzten diren azterketak eta lanak Departamentu honentzat eta oro har Nafarroako nekazaritzarentzat baliagarriak izan daitezkeela, baita bekadun horientzat beraientzat ere, horrela lan esperientzia interesgarria lortzeko aukera izanen baitute.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zerbitzuak proposaturik,

XEDATU DUT:

1. Landare Biologiako Laborategian eta Abeltzaintzako Laborategian aritzeko lau beka sortzea, honela banaturik eta eduki hauek dituztela:

-2 beka Landare Biologiako Laborategian, nekazaritza- ingeniari edo nekazaritzako ingeniari tekniko direnentzat, landareen osasunarekin, haziekin eta mintegiko landareekin zerikusia duten lanetarako.

-2 beka Abeltzaintzako Laborategian, laborategiko laguntzaile tekniko direnentzat edo antzeko titulazioa dutenentzat, abereen osasunarekin zerikusia duten lanetarako.

2. Aipatu Bulego horiek bekadunen eskura utziko dituzte lanak ongi egiteko beharrezkotzat jotzen diren dokumentazioa eta gainerako baliabide materialak.

3. Azterketak eta bestelako lanak laborategiak hautatuko duen tutoreak zuzendu eta gainbegiratuko ditu. Tutoreak zehaztu eta aginduko ditu egitekoak, ordutegiak finkatu eta bekadunek beren eginbeharrak betetzen ote dituzten begiratuko du.

4. Izangaiek gehienez ere hiru urteko antzinatasuna duten tituluen jabe izan beharko dute, Nafarroan bizi beharko dute deialdi hau egiten denean eta 28 urtetik beherakoak izan.

5. Deialdi honetako bekak Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman ondoko hamabost egun naturalen barrenean eskatzen ahalko dira.

6. Eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan aurkeztuko beharko dira, Iruñeko Tutera kaleko 20.ean, ondoko agiriokin batera:

a) Parte hartzeko eskabidea.

b) Curriculum vitae, bertan adierazita egindako ikasketak eta jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak eta aipagarritzat jotzen dituen merezimendu guztiak.

c) Espediente akademikoaren ziurtagiria, kurtso bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espreski aipatuz.

d) Lortu dituen titulu eta diplomen fotokopia konpultsatua.

e) Jaiotagiria edo nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

f) Familiaren bizitokia Nafarroan dela frogatzen duen ziurtagiria.

7. Bekadunen hautaketa egiteko eratuko da Batzorde bat, Departamentu honetako funtzionario hauek osatuko dutena:

Batzordeburua: Augusto Echeverría Sesma jauna.

Idazkaria: María Luisa Borruel Olano andrea.

Batzordekideak: Sagrario Pérez Gómez andrea, Blanca Plaza Campistegui andrea eta María Isabel Inza Elía andrea.

8. Foru Agindu honetako 7. puntuan aipatu bezala eratzen den Batzordeak aurkezten diren eskabideak aztertu eta baloratuko ditu eta izangaiei bekak eman dakizkien proposatuko du, lehentasun ordena adierazita, eta zerrenda hori jendaurrera aterako du hamar eguneko epearen barrenean.

9. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren Foru Aginduaren bidez emanen dira bekak.

10. Onuradunek hamar eguneko epearen barrenean hasi beharko dute lanean, kontzesioaren jakinarazpenetik hasita. Horrela egiten ez badute, bekari uko egin diotela ulertuko da.

11. Emandako bekari uko egiten bazaio, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari eman beharko zaio horren berri.

12. Edozein arrazoirengatik beka bati uko egiten bazaio, Batzordeak ezarritako lehentasunezko zerrendan hurrengo denari emanen zaio.

13. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ebatziko ditu oinarri hauek aplikatzean sor daitezkeen auzi guztiak.

14. Beka bakoitza 760.000 pezetakoa izanen da, urte osorako, eta hiruhilero 190.000 pezeta (edo denbora zatiari dagokiona) ordainduz kitatuko da.

Beka hau ezin jasoko da beste beka batekin batera.

15. Bekek gehienez ere 12 hilabete iraunen dute eta 1998ko martxoaren 31n amaituko dira. Dena den, beste 12 hilabetez luzatzen ahalko dira, Nekazaritzako eta Abeltzaintza Zerbitzuko zuzendariak hala eskatzen badu.

16. Bekadunek aipatu laborategien egoitzan jardunen dute, astean 30 orduz gehienez.

17. Bere gain utzitako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, ardurarik jartzen ez badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko galduko du bekadunak, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zerbitzuko zuzendariak proposatu eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hala erabakita, eta horrekin batera denbora-zatiari dagokiona galduko du dotazio ekonomikotik.

18. Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea izanen.

19. Bekadunek ez dute eskuratuko inolako lan harremanik edo administratiborik, ez eta beste eskubiderik ere, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarekin.

20. Foru Agindu honetan aurreikusitakoa aurrera eramateko 3.040.000 pezetatako gastua onetsi da. Horietako 2.280.000 pezeta 1997ko aurrekontuaren kargura, eta 760.000 pezeta 1998ko aurrekontuaren kargura.

1997. urteari dagozkion ordainketak 71110-4809-5313 kontusailaren kargura eginen dira, 26390-8 lerroa.

21. Foru Agindu honen berri Departamentuko Nekazaritzako Ekoizpen eta Merkatuen Atalari, Abeltzaintzako Ekoizpen eta Merkatuen Atalari, Landare Biologiaren Bulegoari, Abeltzaintzako Laborategiaren Bulegoari, Ekonomi Aferetarako Bulegoari eta izangaiak hautatzeko Batzordeko kideei ematea.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hamazazpian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A9701790