Iragarkia
31. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 12a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
T U T E R A
Behin betiko onespena, kontribuzio berezien ordenantza orokorrarena
Udalak 1996ko urriaren 14an egin osoko bilkuran, Kontribuzio berezien ordenantza orokorra onetsi zen hasiera batean, 1997ko urtarrilaren 1ean indarra har zezan. Horren iragarkia 1996ko urriaren 30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturik eta jendaurrean egoteko epea akiturik inork erreklamazio, enura eta ohartarazpenik aurkeztu gabe, Kontribuzio berezien ordenantza orokorra behin betikoz onetsi zuen Udalak 1996ko abenduaren 27an egin soko bilkuran. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikulua aplikatuz, aipatu ordenantza osorik argitaratzeari ekin zaio. Hona hemen:
KONTRIBUZIO BEREZIEN ORDENANTZA OROKORRA
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 117.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Tuterako Udalak ordenantza hau onestea erabaki du, tributu honen bidez egiten diren ezarketa guztiei dagozkien alderdiak arautzeko.
Zergagaia
2. art. Kontribuzio berezien zergagaia zera da: sujetu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Udal honek toki entitatearen mailako herrilanak egitearen ondorioz edo bere esparruan zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.
3. art. Aitzineko artikuluak aipatzen dituen herrilanak egin nahiz zerbitzuak ezarri edo handitze hutsa izanen da kontribuzio berezietarako oinarria, eta haien ordainarazpenean ez da kontutan hartuko sujetu pasiboek batzuk eta bertzeak erabiltzen dituzten ala ez.
4. art. 1. Aitzineko artikuluan ezarritakoari doakionean, honakoak hartuko dira Udalaren herrilan eta zerbitzutzat:
a) Udalak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe den aldetik egiten dituenak.
b) Udalak bertze entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta bertze batzuk ere, haien titulartasuna, legeari jarraikiz, bere gain hartu badu.
c) Udalak dirulaguntza emanik bertze entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.
2. Aitzineko zenbakiko a) atalean sarturik dauden herrilan eta zerbitzuak Udalarenak izanen dira beti, honako hauek eginak edo ezarriak izanagatik ere:
a) Udalaren erakunde autonomoak edo merkataritza sozietateak, haien kapital sozialaren titular bakarra Udala baldin bada.
b) Esleipen-hartzaileak, Udal honen ekarpenak dituztenak.
c) Zergadunen elkarteak.
3. Udalaren kontribuzio bereziak tributu helburudunak dira. Hortaz, haien dirubilketaren emaitza, oso-osorik, zer herrilan egiteko edo zer zerbitzu ezarri edo handitzeko eskatu diren, gastu haiexek berdintzeko izanen dira.
5. art. 1. Udalak kontribuzio bereziak eskatzen ahal ditu ondoko obra eta zerbitzuengatik, beti ere betetzen badira zergagaia zertzean ordenantza honetako 2. artikuluan ezarritako baldintzak:
a) Karrika eta plazak irekitzea, eta galtzadei lehen aldiz zorua ematea.
b) Ur-hornidura, estolderia eta hustuketa sareak paratu, berritu edo ordeztea.
c) Herriko argiak paratu eta ordeztea, eta argindarra banatzeko sareak paratzea.
d) Lehendik irekitako karrika eta plazak zabaldu eta haietan lerrokadura berriak egitea, baita sestrak aldatzea ere.
e) Hiriko eremu publikoetako galtzada, espaloi, isurbide eta ureztaketa ahoak ordeztea.
f) Su-itzaltze zerbitzuak ezarri eta handitzea.
g) Urtegiak eta ubideak eraikitzea eta finkak ureztatzeko bertzelako lanak egitea.
h) Ura hartu, urtegiratu, biltegiratu, bideratu eta arazteko lanak, ur hornidurarako.
i) Hondakin uren araztegiak eta kolektore nagusiak, biztanleria guztiarendako ez badira.
j) Karrika eta plazetan arbolak aldatzea, parkeak eta lorategiak eraiki eta hobetzea, halako auzo, alde edo sektore batendako interesa badute.
k) Lurrerauzketak, betelanak eta eustormak egitea.
l) Lehortze eta saneamendu lanak, lurrak uberroen eta uholdeen kontrako babestekoak, baita ur-tirak erregulatu eta desbideratzekoak.
ll) Lurpeko galeriak egitea, ura, gasa, argindarra eta bertzelako isurkiak banatzeko sareak eta hodiak paratzeko, eta komunikazio eta informazio zerbitzuen sareetan erabiltzeko.
m) Bertzelako lanak egin nahiz zerbitzuak ezarri edo handitzea.
n) Bertzelako obra edo zerbitzuak egitea, ordenantza honetako 2. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen badira.
Salbuespenak eta hobariak
6. art. 1. Kontribuzio bereziei dagokienez, ez da bertze onura fiskalik onartuko lege mailako xedapenek edo nazioarteko itun eta hitzarmenek ezarritakoak baizik.
2. Aitzineko atalak aipatzen dituen kasuetan egon eta onura fiskala eskuratzeko eskubidea izan uste duenak Udalari agertuko dio, bere eskubidea zein aginduk gerizatzen duen espreski aipatuz.
3. Kontribuzio berezietan onura fiskalik onartzen bada, onuradunei egoki zekizkiekeen kuotak edo, halakorik bada, hobarien zenbatekoa, ez dira gainerako sujetu pasiboen artean banatzen ahalko.
Sujetu pasiboa
7. art. 1. Kontribuzio berezien sujetu pasiboak pertsona fisikoak nahiz juridikoak dira, baita jaraunspen banatugabeak, ondasun komunitateak eta zergapetzen ahal den unitate ekonomikoa edo ondare banatua osatzen duten entitate nortasun juridikorik gabeak ere, baldin eta onura berezia hartzen badute kontribuzioa ordaintzeko betebeharra sortzen duten herrilanak edo udal zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik.
2. Aitzineko artikuluan ezarritakoari doakionean, onura bereziaren hartzailetzat hauek hartuko dira:
a) Kontribuzio berezia sortzen bada enpresa ustiapenen ondoriozko herrilanak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, haien jabe den pertsonak edo entitate titularrak.
b) Kontribuzio berezia sortzen bada ondasun higiezinak ukitzen dituzten herrilanak edo zerbitzuak egitetik, ezartzetik edo handitzetik, ondasun higiezin horien jabeak.
c) Kontribuzio berezia sortzen bada su itzaltze zerbitzua handitzetik edo hobetzetik, ondasun ukituen jabeez gain, arlo horretan eta Tuterako udal mugapearen barnean lanean aritzen diren aseguru konpainiak.
d) Kontribuzio berezia sortzen bada lurpeko galeriak egitetik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.
8. art. Ordenantza honetako "Sortzapena" izeneko atalean ezartzen dena deusetan ukatu gabe, Jabetzaren Erregistroan ondasun higiezinen jabe edo edukitzaile agertzen diren pertsona natural edo juridikoek ordaindu beharko dituzte kontribuzio bereziak, edo, bertzenaz, Merkataritza Erregistroan edo jarduera ekonomikoen gaineko zergaren matrikulan herrilanek edo zerbitzuek ukitutako ustiategi edo negozioen titular agertzen direnek, lanak bukatzeko egunean edo zerbitzuan ematen hasten direnekoan.
2. Jabetza horizontalaren erregimenaren kasuetan, jabe elkartearen ordezkaritzak Udalari jakinaraziko dizkio jabekideen izenak eta haien partaidetza koefizientea elkartean, kuoten igorpena banan-banan egin ahal izateko.
3. Finkak edo lurrak, eskualdaturik ala ez, eta edukitzailea nornahi izanda ere, erantzukizunari loturik egonen dira bortz urtez ordaindu beharra sortzen denetik aitzina, eta kuota esleituak baina ez ordainduak egiazko karga izanen dira ondasun higiezinentzat, Udalaren aldeko legezko hipoteka ekarriko baitute, Hipotekari buruzko Legearen 194. artikuluan eta xedapen osagarrietan ezarri bezala.
Zerga-oinarria
9. art. 1. Gehienez ere, lanak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik toki entitateak jasaten duen kostuaren %90k osatuko du kontribuzio berezien zerga-oinarria.
2. Kostu hori honako kontzeptuok osatuko dute:
a) Peritu lan, proiektu idazte eta lan zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.
b) Egin beharreko lanen edo zerbitzu ezartze edo handitzearen zenbatekoa.
c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo toki entitateari dohainik eta nahitaez emandako lurrak edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Tuterako Udalari emandako eraikinak.
d) Eraikinak eraitsi eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalteordainak, baita suntsitu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.
e) Zerbitzu eta herrilanetan inbertitu den kapitalaren korritua, toki entitateak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo berdinduta ere kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.
3. Lan edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izanen da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.
4. Lan edo zerbitzuak direlarik ordenantza honetako 4.1.c) artikuluak aipatzen dituenetakoa, edo ordenantza honetako 4.2.b) artikuluko aipatzen dituenetakoa, toki entitateak dirulaguntza emanda esleipen-hartzaileek egindakoa alegia, kontribuzio berezien zerga oinarria finkatzeko, dirulaguntza horien zenbatekoa hartuko da kontutan; horrek ez du galarazten bertze administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexentzat bertze laguntzak ematerik. Dena dela, artikulu honetako lehen atalak aipatzen duen muga begiratuko da, %90 alegia.
5. Zerga oinarria finkatzeko, hauxe ulertuko da Udalak bere gain hartutako kostuaz: osotarako kostuaren zifrari toki entitateak erdiesten dituen dirulaguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.
6. Dirulaguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren sujetu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Dirulaguntzaren zenbatekoak kuotari gainez egiten badio, gaindikina, hainbana partiturik, bertze sujetu pasiboen kuotak gutxitzeko erabiliko da.
10. art. Antolamendu erabaki bakoitzean, Udalak zehaztuko du herrilan bakoitzaren kostuan berak bere gain hartuko duen portzentaia, hura izanen baita, kasu zehatz bakoitzean, kontribuzio bereziaren zerga-oinarria, beti ere aitzineko artikuluak aipatzen zuen %90ko muga duela.
Tributu-kuota
11. art. Kontribuzio berezien zerga-oinarria sujetu pasiboen artean banatuko da, lan eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:
1. Oro har, batera edo banaturik aplikatuko dira, banaketa moduluen gisara, eraikinen fatxadako metro linealak, duten bolumen eraikigarria eta lurraren gaineko kontribuzioari begira katastroan duten balioa.
2. Su itzaltze zerbitzua ezarri, handitu edo hobetzeko bada, eta, jabeekin batean, udal mugapeko ondasunen arriskua estaltzen duten aseguru entitateak aurkezten badira, denak sujetu pasibo gisa, entitate horiei dagokien kuota atala beraien artean banatzen ahalko da, aurre-aurreko urtean bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren heinean. Sujetu pasibo bakoitzari eskatzen ahal zaion kuota berak bildutako aseguru-sarien zenbatekoaren %5 baino handiagoa bada, gaindikina hurrengo ekitaldietara atzeratuko da harik eta erabat amortizatu arte.
3. Ordenantza honetako 5.ll) artikuluak aipatzen dituen lanen kasuetan, kontribuzio bereziaren zenbateko osoa obra hori erabiliko duten konpainia edo enpresen artean banatuko da, bakoitzarendako gordetako tokiaren arabera edo bakoitzak duen atal osoaren arabera, nahiz eta berehalakoan ez erabili.
12. art. Obra mota guztietan, herrilan edo zerbitzuaren zati, tarteune edo sekzio ezberdinetan unitate-kostuaren arteko aldeari ez badagokio gisa bereko aldea interesatuendako erabilgarritasun edo onura mailan, planaren atal guztiak osotasun batean hartuko dira banaketari doakionean, eta, beraz, banako bakoitzaren kuotak zehazteko ez zaio bakarrik begiratuko zergadun bakoitzari dagokion tarteune edo sekzioaren kostu bereziari.
2. Kontribuzio berezien zenbateko osoa eraikinetako fatxadako metro linealak kontutan harturik banatuz gero, bide publikora jotzen duten fatxadadun finkatzat hartuko dira, ez bakarrik etxemultzoko kanpo lerrokadurarekin bat eraiki direnak, baita bloke isolatuetan eraikiak ere baizik, edozein dela ere haren kokaera etxemultzoa mugatzen duen eta herrilanen helburu den bide publikoaren aldera. Hortaz, halako kasuetan, fatxadaren luzera finkako orubearena izanen da, eraikuntza, atzeraemanguneak, patio irekiak, berdeguneak edo eremu irekiak eta bertzelako gorabeherak kontutan hartu gabe.
3. Bi fatxaden arteko topaguneak alaska bat osatzen badu edo kurba bat osatuz batzen bada, fatxadaren luzera neurtzeko, alaskaren luzeraren erdia edo kurbaren garapenaren erdia hartuko da kontutan, eta hori aldameneko fatxaden luzerei gehituko.
Sortzapena
13. art. 1. Kontribuzio berezien sortzapena lanak egiten diren momentuan berean gertatzen da, edo zerbitzua ematen hasten denean. Lanak zatikagarriak baldin badira, lanaren tarte edo zati bakoitzari dagozkionak bukatu ondoan gertatuko da sortzapena.
2. Aitzineko artikuluan xedatutakoa ukatu gabe, Udalak eskatzen ahal du, aldez aurretik eta ezartze eta antolatze erabaki zehatza onetsitakoan, kontribuzio berezien ordainketa, hurrengo urterako aurreikusitako gastuen zenbatekoaren arabera. Ez da bertze urte bateko aurrerakinik eskatzen ahal, lehenago zein lanetarako eskatu zen aurrerakina, horiek jadanik burutu ez badira. Aurrerakin horiek premiamendu bidez eska daitezke.
3. Kontribuzio bereziak ordainarazteko unea kontutan hartuko da nork duen ordaindu beharra zehazteko, ordenantza honetako 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, nahiz eta antolatze erabaki zehatzean agertzen den sujetu pasiboa hura onesteko egunean zen agertzen den bera izan eta nahiz eta horrek berak kuoten ordainketa aurreratu, artikulu honetako 2. atalari jarraikiz. Antolatzeko erabaki zehatzean agertzen den sujetu pasiboak, horren jakinarazpena hartu badu, eta zerga ekarri duten ondasun edo ustiategien gaineko eskubideak eskualdatzen baditu erabaki hura hartzen denetik eta sortzapena gertatzen den bitartean, toki entitateari eskualdaketaren berri eman beharko dio, eta horretarako hilabeteko epea izanen du hura egiten denetik. Horrela jokatzen ez badu, entitateak kobratzen ahalko dio aipatu espedientean agertzen zen sujetu pasiboar.
4. Herrilanak partez edo osorik bukatutakoan, edo zerbitzua hasitakoan, behin-betiko sujetu pasiboak, oinarriak eta bakoitzaren kuotak zehaztuko dira, eta bidezko diren likidazioak igorpenduko dira, eta ordainketa aurreraturik egin bada, behar diren likidazioak eginen dira ordainketa horien kontura. Zerga paratu duen entitateko organo eskudunek zehaztuko dute hori guztia, kasuan kasuko herrilan edo zerbitzurako tributua antolatzeko erabaki zehatzean onetsi ziren arauei jarraikiz.
5. Ordainketa aitzinatuak egin dituztenak ez badira sujetu pasibo tributuaren sortzapen egunean edo ordainketa horiek dagozkien behin-betiko kuota baino handiagoak badira, toki entitateak behar den dirua itzuliko die ofizioz.
Kudeaketa arauak
14. art. 1. Tuterako Udalak Kontribuzio bereziak ordainarazteko aurretik kasuan kasuko ezarpen erabakia hartu beharko da.
2. Ezartze erabaki hori nahitaez hartu beharko da eta hauek finkatuko ditu: herrilanen eta zerbitzuen kostu aurreikusiaren zehaztapena, onuradunen artean banatu beharreko zenbatekoa eta banaketarako irizpideak.
3. Ezartze erabakia ordenantza honetara bidal daiteke.
4. Erabaki hori jendaurrean paratu beharko da 20 egun baliodunetan Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, kontribuzio bereziek ukituek zergadunen administrazio elkartea sortu ahal izateko bakarrik, Udalarekiko lankidetzan aritzeko tresna kolektiboa izan dezaten.
15. art. Partez edo osorik kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko herrilanen edo zerbitzuren bat egiteko erabakia betearazi aitzin, kontribuzio horien aplikazioa onetsi beharko da.
16. art. Behin kontribuzio bereziak antolatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak zehaztu, sujetu pasibo bakoitzari emanen zaizkio aditzera kuota horiek baldin sujetua edo haren helbidea ezaguna bada, eta bertzenaz ediktu bidez. Interesatuek zilegi izanen dute helegitea jartzea Udalen ebazpen eta erabakien kontra jotzeko ezarritako prozedura orokorrari jarraikiz.
17. art. 1. Ordaindu beharreko kuota zehaztutakoan, Udalak, zergadunak eskaturik, horren zatikatzea edo geroratzea erabaki dezake gehienez ere bortz urtetarako.
2. Ordainketa zatikatu edo geroratzeko "Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean" xedatutakoari jarraituko zaio.
Herritarren lankidetza
18. art. 1. Herrilanek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute eta toki entitateak herrilanak egin edo zerbitzuak ezarri edo handitu ditzan bultzatu, Udalaren finantza egoerak horretarako aukerarik ematen ez badio, horri dagokion partea, bere gain hartzeko hitza emanez, obra nahiz zerbitzuaren nolakoa, horren ariora beraiei dagokienez gainera.
2. Halaberean, Udalak sustatutako herrilan edo zerbitzuak egin, ezarri edo handitzearen ondorioz ukituak gertatzen diren jabe edo titularrek zergadunen administrazio elkartea eratzen ahal dute kontribuzio bereziak antolatzeko erabakia jendaurrean egon bitartean, Udalak erabakitako obran edo zerbitzuan laguntza emanik parte hartu ahal izateko.
3. Zergadunen elkarteen jardunbideaz, eskumenez, estatutuen onespenaz eta kontratazioaz den bezainbatean, beren estatutuek diotenari jarraituko zaio. Horiek Udalak onetsi behar ditu. Beti ere, zergadunen elkarteak hartzen dituen erabakiek, erabateko gehiengoaz hartu badira eta horiek ondasun ukituen bi herenak badira, bertzeak behartuko dituzte. Elkarte horrek, aipatu quoruma duela, bere barnean zuzendaritza batzorde bat izendatzen badu, horrek hartzen dituen erabakiek interesatu guztiak behartzeko indarra izanen dute.
4. Zergadunen administrazio elkarteek obrak edo zerbitzuak egin ahal izateko, baldintza hauek hartuko dira kontutan:
a) Proiektuaren baldintza eta epeei jarraikiz egin beharko dira, izanik proiektu hori Udalak prestatua edo elkarteak aurkeztua eta Udalak onetsia.
b) Beti ere Udalak izendatutako teknikarien zuzendaritzapean egin beharko dira.
c) Elkartea interes publiko nahiz pribatuei egiten ahal zaizkien kalte-galeren erantzule izanen da, baita atzerapenen eta behin-betiko harreraren ondoko bortz urteetan agerian jartzen ahal diren izkutuko akatsen.
d) Udalak ahalmena izanen du elkarteek obra eta zerbitzu horiek egiteko egiten dituzten proposamenak onartu edo baztertzeko.
e) Udalak ekarpenik egin nahi badie obra eta zerbitzuei, behin-betiko harrera egin ondo-ondotik ordainduko da.
Arau-hausteak eta zehapenak
19. art. 1. Tributu arloko arau-hausteei eta haien kalifikazioari dagokien orotan, baita bidezko diren zehapenei dagokienez ere, "Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean" xedatutakoari jarraituko zaio.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.-Indarrik gabe uzten da "Kontribuzio bereziak arautzen dituen ordenantza fiskala", Udalak 1985eko azaroaren 19ko osoko bilkuran onetsi zuena eta organo berean gero hartutako zenbait erabakiren bidez aldatua.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, "Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean" eta aplikatzen ahal diren xedapen guztietan xedatutakoari jarraituko zaio.
Bigarrena.-Ordenantza honek 1997ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.
Argitara ematen da orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua betetzeko asmoz, eta ohartarazten behin-betiko onespen honen aurka jotzen ahal dela bide hauetakoren bat erabiliz:
a) Administrazioarekiko helegitea paratuz zuzenean Nafarroako Auzitegi Nagusian, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
b) Gora jotzeko helegitea paratuz Nafarroako Administrazio Auzitegian, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Tuteran, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko urtarrilaren zazpian. Alkatea, sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea:
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
