II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
T U T E R A
Behin betiko onespena, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantzarena
Udalak 1996ko urriaren 14an egin osoko bilkuran, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza onetsi zen hasiera batean, 1997ko urtarrilaren 1ean indarra har zezan. Horren iragarkia 1996ko urriaren 30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturik eta jendaurrean egoteko epea akiturik inork erreklamazio, enura eta ohartarazpenik aurkeztu gabe, ordenantza behin betikoz onetsirik gelditu da. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikulua aplikatuz, aipatu ordenantza osorik argitaratzeari ekin zaio. Hona hemen:
Oinarria
1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 167. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Izaera eta zergagaia
2. art. Zerga hau zeharkako tributua da eta haren zergagaia, berriz, udal mugapearen barnean edozein eraikuntza, instalazio edo obra egitea, horretarako beharrezkoa bada obra lizentzia edo hirigintza lizentzia hartzea, beti ere hura ematea edo kontzesioaren gaineko txostena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Tuterako Udalari badagokio.
Sujetu pasiboak
3. art. 1. Pertsona fisiko eta juridikoez gain, zerga honen sujetu pasiboak dira, zergadun baitira, jaraunspen banatugabeak, ondasunen komunitateak eta unitate ekonomikoa edo ondare banatua osatzen duten entitate izaera juridikorik gabeak, beti ere obraren jabeak badira.
2. Lizentziak eskatzen dituztenak edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak zergadunaren ordezko sujetu pasiboak izanen dira, zergadun ez izanagatik ere.
Zerga-oinarria
4. art. Eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren egiazko kostua, ken ordainsariak eta industri mozkina, horra zerga-oinarria.
Tributu-kuota
5. art. Kuota zerga-oinarriari karga-tasa aplikatuz aterako da.
Tarifen sortzapena eta dirubilketa
6. art. Eraikuntza, instalazioa edo obra hasten den unean izanen da zergaren sortzapena, behar den lizentzia jaso ez bada ere.
7. art. 1. Jaun alkateak edo zinegotzi eskuordeak ematen dituzten lizentziengatik, likidazioak behin betikoak izanen dira, egin daitezkeen ikuskapenak deusetan ukatu gabe. Ez da, hortaz, beharrezkoa izanen obra bukaerako aitorpenik aurkeztea.
2. Aldiz, bertzelako organoek ematen dituzten lizentziengatik, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, harik eta, eraikuntza, instalazioa edo obra burutu eta obra bukaerako aitorpena aurkeztutakoan, udal administrazioak frogatu arte horietarako deklaratu diren izaerarekin, ezaugarriekin eta kostuekin bat heldu direla.
8. art. Udal diruzaintzak eginen du zergaren dirubilketa.
Arau-hausteak eta zehapenak
9. art. Kostua egiazkoa baino ttikiagoa deklaratzea arau-hauste larritzat hartuko da.
10. art. Zehapenei dagokienez, "Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean" eta aplikatzen ahal diren xedapen guztietan xedatutakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, "Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean" eta aplikatzen ahal diren xedapen guztietan xedatutakoari jarraituko zaio.
Bigarrena.-Ordenantza honek 1997ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.
TARIFAK
Karga-tasa: %4.
Argitara ematen da orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua betetzeko asmoz, eta ohartarazten behin-betiko onespen honen aurka jotzen ahal dela bide hauetakoren bat erabiliz:
a) Administrazioarekiko helegitea paratuz zuzenean Nafarroako Auzitegi Nagusian, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
b) Gora jotzeko helegitea paratuz Nafarroako Administrazio Auzitegian, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Tuteran, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko urtarrilaren zazpian. Alkatea, sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea: