31. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T U T E R A

Behin betiko onespena, beren ezaugarri teknikoak direla-eta matrikulaziorik behar ez duten ibilgailu trakzio mekanikodunen (ziklomotoreak) gaineko zerga arautzen duen ordenantzarena

Udalak 1996ko urriaren 14an egin osoko bilkuran, beren ezaugarri teknikoak direla-eta matrikulaziorik behar ez duten ibilgailu trakzio mekanikodunen (ziklomotoreak) gaineko zerga arautzen duen ordenantza onetsi zen hasiera batean, 1997ko urtarrilaren 1ean indarra har zezan. Horren iragarkia 1996ko urriaren 30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturik eta jendaurrean egoteko epea akiturik inork erreklamazio, enura eta ohartarazpenik aurkeztu gabe, ordenantza behin betikoz onetsirik gelditu da. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262.2 artikulua aplikatuz, aipatu ordenantza osorik argitaratzeari ekin zaio. Hona hemen:

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 159. artikulua zehazteko eta itxuratzeko ezarri da ordenantza hau, eremu publikoetan zirkulatzeko diren baina Probintziako Trafikoko Buruzagitzako erregistroetan inskribaturik agertzen ez diren ibilgailu trakzio mekanikodunei dagokienez, hala nola ziklomotoreak.

Zergagaia

2. art. Zerga honen xede dira bi gurpileko ibilgailuak, motorea 50 c.c.tik beheitiko zilindradakoa dutenak, ziklomotore izenaz ezagutzen direnak.

Sujetu pasiboak

3. art. Pertsona fisiko eta juridikoez gain, ibilgailu trakzio mekanikodunen gaineko zerga ordaintzera behartuak daude jaraunspen banatugabeak, ondasunen komunitateak eta unitate ekonomikoa edo ondare banatua osatzen duten entitate izaera juridikorik gabeak, eremu publikoan zirkulatzeko den ziklomotorea haien izenean badago.

Tarifak

4. art. 1. Nafarroako Gobernuak onesten dituenak dira zerga ordainarazteko aplikatu beharreko tarifak.

2. Ziklomotorea identifikatzeko plakak dira ordenantza honetako tarifetan zehazten den kuotaren sortzaile.

Tributu-kuota

5. art. Karga-oinarriei dagozkien tarifak aplikatzetik aterako da tributu kuota.

Tasen sortzapena eta dirubilketa

6. art. 1. Zergaldiak, orokorrean, urte naturalarekin bat eginen du.

2. Berritik erosiz gero, zergaldia erosketa egiten den egunean hasiko da.

3. Zergaldiko lehen egunean izanen da zergaren sortzapena.

4. Zergaren kuotaren zenbatekoa hiruhileko naturaletan hainbanatuko da ibilgailua berritik erosten denean nahiz baja ematen zaionean.

5. Plakengatik, kuoten sortzapena udal bulegoetan biltzen diren une berean izanen da.

Salbuespenak eta hobariak

7. art. 1. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 160. artikuluak aipatzen dituenak daude zerga honetatik salbu.

2. Plakaren kostuaren pagamenduan ez da salbuespenik izanen.

Kudeaketa arauak

8. art. Ziklomotoreei plaka bat emanen zaie, eta bakoitzak bere zenbakia izanen du ibilgailua identifikatzeko balioko duena. Hura ziklomotorearen gibelaldean paratuko da, parrilako ertzean nahiz lohi-babesari konturik, ederki irakurtzeko maneran.

9. art. Ziklomotore berrien jabeek Herriko Etxean beharko dute agertu, hari alta emateko, ibilgailua erosi eta ondoko hamar egunen barrenean, ezinbertzeko baldintza baita zirkulatzeko baimena emateko. Ziklomotorearen dokumentazioa ekarri beharko dute eta jabearen nortasun agiri nazionala edo identifikazio fiskalaren kodea ere bai.

10. art. Ibilgailu erabiliak direnean, jabe berriak erosketaren aitorpena egin beharko du, erosi eta ondoko hamar egunen barrenean, baita ere, ibilgailu berri baterako behar diren agiri berberak eta aurreko jabeak zergarekin zorrik ez duela frogatzen duen gordekin edo frogagiriarekin batera. Azken puntu hori ez frogatuz gero, transferentziaren urteko zerga ordaindu beharko du.

11. art. Ziklomotoreen bajak Udalari jakinaraziko zaizkio hura gertatu eta ondoko hamar egunen barrenean, eta jabe berriaren izen eta helbidea adierazi, baja transferentziagatik bada; eta ibilgailuaren plaka eta dokumentazioa aurkeztu haiek baliogabetzeko, behin betiko baja bada, eta txartela soilik transferentzia Tuteratik kanpora egiten bada.

12. art. Ez da ez baja ez transferentziarik izapidatuko ibilgailuak zergaren kuoten ordainketak eguneratuak ez baditu.

Arau-hausteak eta zehapenak

13. art. Zehapenei dagokienez, "Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean" eta aplikatzen ahal diren xedapen guztietan xedatutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe uzten da "Beren ezaugarri teknikoak direla-eta matrikulaziorik behar ez duten ibilgailuen (ziklomotoreak) gaineko zerga arautzen duen ordenantza", Udalak 1985eko azaroaren 19ko osoko bilkuran onetsi zuena eta organo berean gero hartutako zenbait erabakiren bidez aldatua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, "Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean" eta aplikatzen ahal diren xedapen guztietan xedatutakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.-Ordenantza honek 1997ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

TARIFAK

-Ziklomotoreendako plakak: 1.150 pezeta/unitatea".

Argitara ematen da orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikulua betetzeko asmoz, eta ohartarazten behin-betiko onespen honen aurka jotzen ahal dela bide hauetakoren bat erabiliz:

a) Administrazioarekiko helegitea paratuz zuzenean Nafarroako Auzitegi Nagusian, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

b) Gora jotzeko helegitea paratuz Nafarroako Administrazio Auzitegian, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Tuteran, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko urtarrilaren zazpian. Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: