31. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

39/1997 FORU DEKRETUA, otsailaren 24koa, Osasunbidea- Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileek igande eta jaiegunetako gaueko txandan lan egiteagatik izanen duten diru konpentsazioa zehazten duena.

1995eko abenduaren 1ean Administrazioak eta sindikatuek Nafarroako Administrazioaren modernizazioari eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan-baldintzei buruzko akordioa sinatu zuten, 1996-1999 urteetarako.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileei dagokienez, beste gauza batzuen artean, akordio horretan adierazten da jaiegunetan lan egiteagatik eman ohi den diru konpentsazioa eta gaueko txandan aritzeagatik ematen dena bateragarriak direla, biak batera aplikatzeko kasua denean.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileentzako neurriei buruzko uztailaren 2ko 11/1996 Foru Legearen bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautu zuen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 14.1 artikulua aldatu da, jaiegunetan zein gaueko txandan lan egiteagatik ematen diren diru konpentsazioak metatu ahal izateko.

Irailaren 9ko 315/1996 Foru Dekretuaren bidez, 1996. urterako konpentsazioa zehaztu zen.

Kontuan harturik, 1995eko abenduaren 1eko Akordio horren azken klausulak ezartzen duela akordioan adierazitakoa aplikarazteko Administrazioak kasuan kasuko arau mailako xedapena emanen duela, bidezko da, beraz, 1997. urterako diru konpentsazioaren zenbatekoa finkatzen duen honako Foru Dekretu hau onestea.

Horrenbestez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hogeita lauko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Foru Dekretu honetan xedatutakoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileei aplikatuko zaie.

2. artikulua. Igandeetan edo jaiegunetan lan egiteagatik ematen den diru konpentsazioa eta gauez lan egiteagatik ematen dena bateragarriak izanen dira, biak hartzeko kasua denean, arau hauei jarraikiz:

A) Gauez lan egiteagatik ematen den diru konpentsazioa erregelamenduz ezarrita dagoena izanen da.

B) Igande edo jaiegunetan lan egiteagatik 1997. urtean emanen den diru konpentsazioa, gauez lan egiteagatik ematen denarekin batera hartu behar den kasuetan, ondoko hau izanen da, langilearen mailaren arabera:

B 3.555 pezeta

C 3.267 pezeta

D 2.961 pezeta

E 2.961 pezeta

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.-Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza eta Barne kontseilariari Foru Dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hurrengo egunean hartuko du indarra, eta eragin ekonomikoak 1997ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi ziren.

Hirugarrena.-Irailaren 9ko 315/1996 Foru Dekretua indarrik gabe gelditzen da eta, oro har, Foru Dekretu honen aurka diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hogeita lauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9701796