31. ALDIZKARIA - 1997ko martxoaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

37/1997 FORU DEKRETUA, otsailaren 24koa, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura txandaka ari diren langileek, jaiegunetan eta gauez lan egiteagatik izanen duten diru konpentsazioa zehazten duena.

Nafarroako Administrazio Publikoen Langileen Estatutuko 53. artikuluak ezartzen duenez, funtzionarioek lana txandaka, gauez edo jaiegunetan egin behar baldin badute dirutan edota ordutan hartuko dute ordaina, beti ere erregelamendu bidez ezarriko diren arauei jarraikiz.

1995eko abenduaren 1ean, Administrazioak eta sindikatuek sinatu zuten Administrazioaren modernizazioari eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen lan-baldintzei buruzko akordioa, 1996-1999 eperako.

Aipatu akordioak ezartzen du, besteak beste, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuan lana txandaka edo jaiegunetan egiteagatik langileek hartzen dituzten diru konpentsazioak arian-arian aplikatuko zaizkiela Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen gainerako langileei, eta jaiegunetako diru konpentsazioa gaueko lanagatik hartzen den konpentsazioari metatuko zaiola, horiek biak egun berean gertatuz gero.

Urtarrilaren 29ko 86/1996 Foru Dekretuaren bitartez, 1996rako diru konpentsazioak finkatu ziren.

Kontutan hartuz 1995eko abenduaren 1eko Akordioaren azkeneko klausulak ezartzen duela Administrazioak arauaren lerruna emanen diola Akordio honen atal bakoitzari, horrenbestez bidezko da 1997. urteko diru konpentsazioen zenbatekoak finkatzen dituen Foru Dekretu hau onestea.

Horiek horrela, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hogeita lauko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Foru Dekretu hau aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileei salbu, horiek bere arauteria berezia baitute.

2. artikulua. Txandaka aritzen diren langileek, hau da hiruhileko baten lanegun guztien heren batetik gorakoetan lanorduak aldatuak dituztenek, 1997. urtean jasoko duten diru konpentsazioa izanen da euren mailako hasierako soldataren % 3 gehiago.

Arestiko idazatian xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko langileek jarraituko dute orain arteko konpentsazioak hartzen.

3. artikulua. Igandeetan eta jaiegunetan aritzen diren langileek, mailaren arabera, ondoko diru konpentsazioak hartuko dituzte:

A 7.109 pezeta

B 7.109 pezeta

C 6.533 pezeta

D 5.921 pezeta

E 5.921 pezeta

4. artikulua. Gauez aritzen diren langileek, gaua lanegun nahiz jaiegun izan, mailaren arabera, ondoko diru konpentsazioak hartuko dituzte:

B 443 pezeta

C 361 pezeta

D 315 pezeta

E 315 pezeta

Hilabete baten barrenean langile batek gauez hirurogeita hamar ordu baino gehiago sartuko balitu, zenbaki horretatik gora dauden orduengatik 261 pezeta hartuko lituzke ordu bakoitzeko, euren maila edozein izanda.

Diru konpentsazio honen ordainketaren ondorioetarako, gaueko lanaldia dela ulertuko da arratseko hamarretatik biharamuneko goizeko zortziak arte egiten bada, izaera orokorrez ezarrita dagoen lanaldia egiten duten langileak honetan sartzen ez direlarik, horiek ez baitute inolaz ere konpentsazio hori hartuko.

5. artikulula. Igandeetan edo jaiegunetan lana egiteagatik hartzen den diru konpentsazioa gaueko lanagatik hartzen den konpentsazioari metatuko zaio, horiek biak egun berean gertatuz gero, eta honela banatuko dira:

A) Gaueko lanagatik hartuko den diru konpentsazioa arestiko artikuluan ezarritakoa izanen da.

B) Igandeetan edo jaiegunetan lan egiteagatik 1997. urtean hartuko den diru konpentsazioa, gaueko lanaldiari ere lotzen zaionean, mailaren araberakoa izanen da eta ondoko zenbatekoetan:

A 3.555 pezeta

B 3.555 pezeta

C 3.267 pezeta

D 2.961 pezeta

E 2.961 pezeta

6. artikulua. Arestiko artikuluetan finkatutako diru konpentsazioetan, baita erregelamendu bidez ordutan hartzen direnetan ere, bilduak daude lanpostu guztietan gerta daitezkeen gorabeherak eta berezitasunak oro; besteak beste, txandako lanaldiak, txanden arteko informazio ematea, etab.

7. artikulua. Arestiko artikuluetan xedatutakoagatik ukituak gelditzen diren langileek urte bakoitzaren bukaeran, oporraldiko lansariak direla eta, gauez eta jaiegunetan lan egiteagatik aurreko urtean hartutakoaren batezbestekoa hartzeko eskubidea izanen dute.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizi.-Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau betetzeko eta aurrera eramateko behar diren xedapen guztiak emateko.

Bigarren.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra eta eragin ekonomikoa 1997ko urtarrilaren 1etik aitzinera sortuko du.

Hirugarren.-Urtarrilaren 29ko 86/1996 Foru Dekretua indarrik gabe gelditzen da, bai eta Foru Dekretu honen aurka doazen lerrun bereko nahiz bajuagoko xedapen guztiak ere.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko otsailaren hogeita lauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9701794