144. ALDIZKARIA - 1997ko abenduaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

SAN ADRIAN

Ordenantzen behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eskaturiko beharkizunak beterik, San Adriango Udalak, 1997ko urriaren 9an egindako osoko bilkura berezian, ondoren agertzen diren udal ordenantzak behin betikoz onestea erabaki zuen aho batez:

LABORANTZAKO HERRILURRETAKO PROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. San Adriango udal mugapeko herri ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskurapen eta probetxamendu egintzak erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Herri ondasunak herri honetako bizilagun guztiek probetxatu eta erabil ditzaketenak dira.

3. art. Herri ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek probetxatu edo erabiltzeko era.

4. art. Herri ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea eta haien erregelamenduzko xedapenak, ondasunen erregelamendua (urriaren 18ko 280/90 Foru Dekretua), Nafarroako Administrazio Zuzenbidea, honako herrilurrei buruzko ordenantza eta, bestela, Nafarroako Zuzenbide Pribatua, beti ere ezertan ukatu gabe Nafarroako Foru Araubidea Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalak xedatutakoa.

5. art. Laborantzako herrilurren probetxamenduak dira Ordenantza honek arautzen dituen probetxamenduak:

6. art. 1.-Orokorrean, herrilurretako probetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea eta ezkondua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea 10 urteko antzinatasunez.

c) San Adrianen urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bizi izatea.

d) San Adriango Udalarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

2.-Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu San Adriango Udalak osoko bilkuran batzarturik eta aldez aurretik Nekazaritza Batzordeak txostena eginen duela.

7. art. Herrilurretako onuradunek ordaindu beharreko kanona, probetxamendu honi dagokionez, Udalak epe bakoitzerako erabakitzen duen huraxe izanen da eta, hala balitz, ordenantza honi eraskin gisa itsasiko zaio.

8. art. Herrilurretako lurzatiak onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte, eta ezin izanen dute errentan eman edo ustiatu lan pertsonala ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek Ondasunen Erregelamenduko 158. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

Esleipena hartzeko eskubidea duen famili unitate bakoitza lurzati bakar baten esleipen-hartzailea izan daiteke.

Lurzatiari uko egiterakoan, debekaturik dago han izan daitezkeen zuhaitzak moztea.

Esleipen hartzaileen artean lurzatiak trukatzen badira, lurzati berria guttienez ere urtebeterako edo bitarako hartuko da eta ezin izanen da landu gabe utzi. Horrela egiten ez bada, Udalak baimena ezeztuko du.

9. art. Ordenantza honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, esleipen-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 6. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, San Adriango Udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epearen barrenean jakinaraziko zaio Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Udalaren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiten ahal ez bada, 10. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

10. art. San Adriango Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzkatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Onuradunek beren laborantza banatu edo bertze batzuei lagatzen badiete, kendu eginen zaizkie herrilurretako lurzatiak esleipen epea amaitu bitarte.

Udalak irekitako espedientearen bidez kenduko dira lurzatiak, interesatuari entzutea eman ondoren.

11. art. San Adriango Udalak egoki juzkatzen dituen egiaztaketak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Lurrak zuzen eta pertsonalki lantzen ez direla, eta beraz lehentasunezko probetxamendua izateko eskubiderik ez dutela kontsideratuko da, Nekazaritza Batzordearen ustetan, esleitu herrilurretako lurzatiak, ordenantza honetako 8, 9, eta 10. artikuluetan xedatzen den bezala, zuzen eta pertsonalki lantzen ez direnean.

12. art. San Adriango Udalak laborantzarako herrilurren azalera osoaren % 5 gainditzen ez duen eremu bat gordeko du, onuradun berriei esleitzeko.

Probetxamenduak

13. art. San Adriango Udalak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten famili unitateetako titularrei erregu bateko edo biko baratzeak, baldintza hauekin:

a) Landaketa zuzenean eta pertsonalki egin behar da 8, 9, 10 eta 11. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

b) Kanona Udalak ezarriko du urtero eta behar denean eraskin gisa azalduko da.

c) Landaketak intentsiboa behar du izan, hau da, baratzeetan egin ohi dena.

d) Landu gabe urtebete utziz gero, arrazoirik eman gabe, hartaz baliatzeko eskubidea galduko da.

e) Lehentasuna emanen zaio 10 esleipen-hartzailek osatutako taldeari, proiektu bateratu bat burutzeko eratzen denari. Besteak beste hauek izan daitezke: ura ekartzea, drenajea, ubideak, haize-hesiak eta beste instalazio batzuk egitea.

f) Hobekuntzarako proiektuak Udalari aurkeztu behar zaizkio esleipen eguna baino 40 egun lehenago, honek onespena eman eta jendaurrean para ditzan, Nekazaritza Batzordeak txostena egin ondoren.

g) Esleipen-hartzaileak zuhaitz bat landatuko du esleitzen dioten lotean, lehenago landatu ez badu.

i) Landaketa zuzenean eta pertsonalki egin behar da 13 eta 14. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

j)Esleipena bizialdi osorako izanen da eta titularra hiltzen bada, haren ondorengoek hartu ahalko dute, gutxienez ere 2. ahaidetasun-mailakoak badira.

Esleipena egiteko modua

14. art. Eskabideekin batera, honakoei buruzko zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da:

a) San Adriango herritar izatea, 10 urteko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabete herrian bizitzea.

b) Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

15. art. Esleipena zozketa bidez eginen da, herritarren arteko zuzeneko esleipenetarako. Honelaxe:

1.-Zenbaki bat emanen zaie onartuen zerrendetan dauden guztiei.

2.-Herrilurretako lurzatiei ere zenbaki bat emanen zaie.

3.-Ondotik eta ohiko moduan, poltsatik aterako dira zenbaki bat eskatzaileari dagokiona eta beste bat lurzatiari dagokiona.

Zozketaren eta esleipenaren egunak: Udalak zehaztuko ditu Gobernu Batzordea biltzen delarik.

Probetxamendua bizialdi osorako esleituko da eta gurasoek seme-alabei eskualdatu ahalko diete.

16. art. Herrilurretako lurzatiak sobran geldituko balira, hau da eskatzaileen kopurua baino handiagoa balitz lurzatien kopurua, Udalak esleituko ditu.

Herri ondasunen bertze probetxamendu batzuk

17. art. Ondareko uren esleipena, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den bertze edozein probetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako San Adriango Udalak prestatzen dituen baldintza pleguek gobernatuko dituzte. Horrez landara, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

Herri ondasunen hobekuntzak

18. art. 1. San Adriango Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu probetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurra hobetzea.

b) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrak laguntzeko.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) San Adriango Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren probetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabete batez jendaurrean paratzea eta San Adriango Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioen gainean.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sortarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

19. art. Probetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak baizik ez ditu onetsi beharko, aldez aurretik 15 egunez jendaurrean paratu eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondotik.

Arau-hausteak eta zehapenak

20. art. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Probetxamenduaren kanonak ez ordaintzea Udalak finkatzen dituen epeetan.

c) Herrilurraren probetxamendua nabarmen gaizki edo osoki ez egitea.

d) Bide nahiz altxonbideetan harriak edota bestelako materialak botatzea.

e) Bideak eta altxonbideak goldatzea.

f) Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

g) Herrilurrari esleipeneko erabilpena ez dena ematea.

h) Lurrak lantzea Udalak esleipenik egin gabe, nahiz eta lur horiek landu gabeak edo larre utziak izan.

i) Herrilarreak probesten dituzten abereen osasun babesari buruz Foru Legean edo Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

j) Hildako abereak lurperatu gabe uztea.

k) Alatze eremuak eta aroak ez errespetatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.

21. art. Arau-hauste guzti horiek zehapen hauek izanen dituzte: a), b), c), g), e) eta i) arau-hausteengatik esleipena kenduko da, nahiz horrek ez duen galarazten Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

Gainerako arau-hausteen zehapena, egindako kaltearen balioa halako bortz eta hamar bitartean ordainaraziz zehatuko dira. Balio hori zehazterik ez bada, gehienez ere 25.000 pezetako zehapena ezarriko da.

Kanonak

Honako kanon hauek ezarri dira erregu eta urte bakoitzeko:

Marinal alderdia:

15 almutadako lurzatia: 4.000 pezeta urtean.

Erregu bateko lurzatia: 4.250 pezeta urtean.

2 erreguko lurzatia: 8.000 pezeta urtean.

Plantio, Bergal, Sotillo, Pontigón eta Presa alderdiak

Erregu bateko lurzatia edo txikiagoa: 2.500 pezeta urtean.

8 almutadako lurzatia: 1.250 pezeta urtean.

Lehorreko herrilurretako laboreak:

Mahastiak eta almendrondoak: 924 pezeta erregu bakoitzeko urtean; 48 pezeta almutada bakoitzeko urtean.

Laborantzako lurra: 624 pezeta erregu bakoitzeko urtean; 39 pezeta almutada bakoitzeko urtean.

Belarrak edo antzekoak lantzeko erabiltzen diren lurzati guztietan 1.000 pezetako tasa kobratuko da ureztatze bakoitzeko, nahiz eta lehenengo hiru ureztatzeak ez diren kobratuko.

Marinaleko ureztapenak erabiltzen dituzten finka partikularrei 2.000 pezetako tasa kobratuko zaie erregu bakoitzeko.

ORDENANTZA, UDALAREN KIROL INSTALAZIOAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza honen prezio publikoa Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da.

2. art. Igerilekuak, eta gainerako kirol instalazioak, baita Kultur Etxea ere erabiltzen dituzten pertsona naturalak daude ordainarazpen hauek ordaintzera behartuak.

3. art. Kirol instalazioen eremura sartuz hasten den erabilerarekin batean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.

4. art. Pertsona naturalak nahiz zerbitzuez baliatzen diren pertsona juridikoei gordetako banan-banako plazak hartuko dira ordainarazpen honen oinarritzat.

5. art. Honakoak dira eskubideak izateko tasak:

1.-Udal igerilekuak

a) Denboradiko abonuak

6tik 11 urtera bitarteko haurrak: 1.850 pezeta.

Jubilatuak (65 urtetik goiti): 1.850 pezeta.

Gazteak (12tik 16 urtera bitarte): 2.725 pezeta.

Helduak (17tik 64 urtera bitarte): 5.125 pezeta.

Senar-emazteak: 6.900 pezeta.

Seme-alabak: 1.850 pezeta.

b)Takila irekia.

Egun baliodunak, larunbatak eta jaiegunak:

Haurrak (6tik 11 urtera bitarte): 100 pezeta 125 pezeta.

Jubilatuak (65 urtetik goiti): 100 pezeta 125 pezeta.

Gazteak (12tik 16 urtera bitarte): 150 pezeta 250 pezeta.

Helduak (17tik 64 urtera bitarte): 250 pezeta 300 pezeta.

c)Igeriketa ikastaroak:

Hastapenak, hobekuntza eta lehiaketa, helduendako, e.a.: 2.500 pezeta, laguneko eta ikastaro bakoitzeko.

d) Tenis ikastaroak:

2.500 pezeta, laguneko eta ikastaro bakoitzeko.

2.-Kiroldegia

Pista estalia alokatzea

Prezioa, orduko: 1.750 pezeta.

Gehigarria, dutxa hartzeagatik: 1.750 pezeta.

3.-Luyber pabilioia

Legez eraturiko elkarteak dira erabiltzeko baimena duten bakarrak.

Fidantza: 25.000 pezeta.

4.-Kultur Etxea

Areto Nagusia edo gelak irabazi asmoko jardueretarako alokatzea:

Areto Nagusia: ordubetetik 3 ordura bitarte: 5.000 pezeta.

Gelak: ordubetetik 3 ordura bitarte: 3.000 pezeta.

6. art. Kirol instalazioetara sartzeko Udalaren baimena edo sarrera eskuratzen denean sortzen da ordenantza honetan arautzen den prezio publikoa ordaindu beharra.

7. art. Erabiltzaileek aldioro egin beharko diete men udal kiroldegiko eremuan portaeraz eta erabileraz ikusgai paratzen diren arauei.

8. art. Instalazioen ardura duten langileek sarrerak eskatu eta ez aurkezteak udal kiroldegiko eremutik kanporatzea izan dezake zehapen.

9. art. Iruzurtzat hartuko da udal kiroldegiko eremura behar den sarrerarik edo baimenik gabe sartzea.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

EREMU PUBLIKOKO ETA HERRILURRETAKO ZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEKO PROBETXAMENDU BEREZIEN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikuluan, Nafarroako Entitateen Ondasunei buruz urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduaren 93. eta ondoko artikuluetan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen 28. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

2. art. Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupean ondoko probetxamendu edo erabilera pribatiboetarik edozein egitea da zergagaia:

1) Erabilera publikoko lurren zorupea okupatzea.

2) Erabilera publikoko lurrak salgai, material edo gisako muntaduren bidez okupatzea.

3) Soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo gaien sarrera eman ahal izateko eremu publikoko zoladura edo espaloietan kokatutako lukana, arnasbide, ate, karga-aho edo gisako elementuak, bai eta argi-sare publikotik egindako hartunea ere.

4) Eremu publikoaren gainean dauden edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren markesina, olana edo gisako instalazioak, eraikinaren berezko egituraren elementuak ez direnean.

5) Eremu publikoaren gainean edo haren hegalkinean kokatuta dauden burni-barra, aldamio eta gisakoak, kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, baskulak, salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

6) Irabazteko xedearekin mahaiak eta kadirak paratuz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

7) Eremu publikoan kioskoak paratzea.

8) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak, kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa.

9) Erakusleiho eta beirarasak.

10) Balkoi eta terrazak kristalez ixtea.

3. art. Ondoko hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako prezio publikoak ordaintzera:

a) Udal lizentzia edo esleipenen titularrak eta probetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentziarik edo esleipenik gabe, ordenantza honen xede diren probetxamenduak egiten dituztenak.

c) Probetxamenduaz gehiago baliatu gabe ere toki entitatean haren baja aurkezten ez dutenak.

d) Eremu publikoan ezartzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrak edo probetxamenduaz baliatzen direnak. Zergadunaren ordezkotzat edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira.

4. art. Ordenantza honetako prezio publikoaren zenbatekoa finkatzeko, probetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren probetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera hartuko da kontutan, honen eraskinean xedatzen denari jarraikiz.

5. art. Toki mailako zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira prezio publikoen ordainarazpenetik.

6. art. 1.-Erabilera pribatiboak edo probetxamendu bereziak berekin badakar toki entitatearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere, deusetan ukatu gabe prezio publikoaren ordainketa.

2.-Kalteak konponezinak badira, onuradunak desegindako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa, horrenbertze emanen dio ordainetan toki entitateari.

Toki entitateak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalteordainak eta diru itzulerak.

7. art. Prezio publikoa ordaindu beharra probetxamendua onartzen denean sortzen da, edo probetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.

8. art. Udalak behar den lizentziarik edo esleipenik eman gabe probetxamendua hasten bada, behar den prezio publikoa pagatzeak ez ditu egindako probetxamenduak legeztatuko eta, beraz, kalteordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

9. art. 1.-Ordenantza honetan araututako prezio publikoei lotutako probetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira.

2.-Erabilera publikoko lurrak, irabazi asmoz, mahai eta kadirekin okupatzeari dagokionez, toki entitateak baimena bere osotasunean balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake arrazoi bidezko, obra, konponketa, etabarrik badago, eta kobratutako prezio publikoaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago.

3. Balkoi eta terrazak kristalez ixteari dagokion prezio publikoaren sortzapena lizentzia ematen den unean izanen da.

10. art. 1.-Iruzurtzat hartuko da behar den lizentziarik gabe probetxamendua edo erabilera hastea.

2.-Bertzelako arau-hausteei dagokienean eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, Ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak lizentzia edo baimenik gabeko muntadurak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta muntadura hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den bertze edozergatik sortutako tasak eta gastuak jabearen kargu geldituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean eta iragaten denean Estatuko edo Foru Komunitateko administrazioek duten epea toki entitateei erabakiak deuseztatu ditzaten errekerimendu egitekoa.

I. EPIGRAFEA.-Lurzoru gaineko probetxamendu bereziak

I.1. Mahaiak, aulkiak eta mahaitxoak, metro karratu edo zatiki bakoitzeko:

Eguna: 35 pezeta metro karratuko.

Hilabetea: 860 pezeta metro karratuko.

Hiruhilekoa: 2.300 pezeta metro karratuko.

Urtea: 6.900 pezeta metro karratuko.

I.2. Bestelako probetxamenduak, metro karratu edo zatiki bakoitzeko:

-Eguna: 35 pezeta metro karratuko.

-Hilabetea: 860 pezeta metro karratuko.

-Hiruhilekoa: 2.300 pezeta metro karratuko.

-Urtea: 6.900 pezeta metro karratuko.

I.5. Aldamioak: aurreko epigrafean adierazitako zenbatekoen ehuneko berrogeita hamar.

Urbanizazio bidean dauden eremuetan tarifek ehuneko hirurogeita hamabosteko beherapena izanen dute.

I.7. Ibilgailu-tabernak:

Festetako astea: 58.000 pezeta, izozkien furgoneta.

II. epigrafea.-Gutxieneko eskubideak

Aurreko epigrafeen ondorioz likidatu beharreko zenbatekoak ez badira gutxieneko kopuruetara iristen, honako hauek ordainduko dira:

Aldamioak. 500 pezeta.

Hesiak......

Bestelako probetxamenduak......

Jarduera merkataritzakoa bada......

UR HORNIDURAREN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da.

Zergagaia

2. artikulua. 1. Edateko uraren hornidura zerbitzua erabilgarri izan edo benetan erabiltzeagatik eratzen da zergagaia.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Sujetu pasiboak

4. artikulua. Zergadun gisa ordainarazpen honen sujetu pasiboak hauek dira: pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren hornidura zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Zergadunaren ordezkotzat hartuko dira higiezinen jabeak, eta hauek, behar balitz, onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak.

Tarifak

5. artikulua. Zerbitzuaren tarifak honako kontzeptuengatik izanen dira:

a) Ur-hornidura zerbitzua izan eta haren mantenimenduarengatik, 85 pezeta metro kubikoko eta gutxienez ere 10 metro kubiko.

b) Etxebizitzetarako, industrietarako edo ureztatzeko erabilera, gutxieneko kopurutik gora kontsumitzen den metro kubiko bakoitzeko, 50 pezeta.

Bi ataletan kanona eguneratu eginen da araztegian trataturiko uraren kostuaren gaineko txostena egindakoan.

c) horniduraren hartunea paratzeagatik 10.000 pezeta (kuota finkoa eta behin bakarrik ordaindu beharrekoa, hartunearen diametroaren arabera).

d) Hartuneak eta kontagailuaren mantenimendua:

1.-Kontagailuak: ansa tasa.

2.-Hartuneak: ansa tasa.

e) Hustubiderako hartunea paratzeagatik: 10.000 pezeta.

Likidatu beharreko kuota

6. artikulua. Likidatu beharreko kuota aurreko artikuluko tarifak aplikatzearen emaitza izanen da, aipatzen diren kontzeptuen arabera.

Sortzapena

7. artikulua. Prezio publikoa eta ordaindu beharra kontzeptu hauengatik sortzen da:

a) Zerbitzua erabilgarri izateagatik eta horren mantenimenduagatik, hornidura-sarera lotzen den unean.

b) Kontsumoagatik, hasten den une beretik.

c) Ur-hartunea jartzeagatik, ur hartunearen irekidura egin edo lizentzia edo baimena ematen den unean.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Kontagailua erosteko gastuak eta hura jartzeko behar diren materialak eta eskulana sarera lotzea edo hornidura eskatzen duenari kobratuko zaizkio.

9. artikulua. Prebentzio moduan, etxe edo instalazio barrenean ur-galera dakarten aberiak dituen ur- hartunearen titularrari ur-hornidura mozten ahalko zaio.

10. artikulua. Erabiltzaileak ez dauka inondik ere beste inor uraz hornitzerik, ez eta eskubidea ez duenari hartzen uzterik ere. Gainera, galarazi beharko du bere axolagabekeriaz gertatzen ahal den iruzurra. Halakorik bada, erabiltzailea izanen da erantzule bakarra.

11. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko aberia baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

12. artikulua. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak esaten dituen jarraibideak betetzea.

13. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren kontzeptuetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo beste zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

Dirubilketa

14. artikulua. 1.-Arestiko 5. artikuluko a), b) eta c) ataletan aurreikusitako ordainarazpenak lauhilean behin izanen dira.

2.-Artikulu bereko d) atalean aurreikusitako ordainarazpena erabiltzaileak egin beharko du sortzapena gertatzen den unean.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Honako hauek hartzen dira iruzur motako arau-haustetzat:

a) Toki entitateko langile behar bezala kreditatuek egiten dituzten bisitak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikustekoa duten konprobazioak galaraztea.

c) Toki entitateak jarritako zigilu, sarraila edo aparatuak aldatzea.

d) Toki entitateak neurgailuak edo kontsumo-aparatuak aldatzeari buruz emandako jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa espres aldatzeko asmoz baimenik gabeko mekanismoak erabiltzea.

16. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen gainerako aspektuei dagokienez Ordenantza Fiskal Orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat heldu diren arauetan xedatutakoari lotuko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa. Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena. Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du.

ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Zakurrak

1. artikulua. Zakur guztiak Udalaren zentsuan inskribatu beharko dira. Alta edo bajarik izanez gero, jabeak hori gertatu eta hogeita lau orduko epearen barrenean jakinarazi beharko du. Alta izanez gero, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak txertatu eta aztertuko du, agiriak eta identifikatzeko xafla emanen dizkiolarik. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta nola ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.

2. art. Jabe guztiek beren zakurrak urtero eraman beharko dituzte txertatzera, eta identifikazioa frogatzen duen xafla emanen zaie. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta nola ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.

3. art. Amorruaren kontrako txertoa urtero eman behar denez eta hura ezartzea errazagoa izan dadin, Alkatetzak multzoka txertatzeko lekua, ordua eta epea adieraziko ditu, baita haien tasak ere.

Parada horretaz baliatuko da Nafarroako Gobernuko Osasun eta Albaitaritza Zerbitzua zakurren egoera orokorra eta bizkarroirik ote duten aztertzeko. Zerbitzu horrek agintzen duen tratamendua bete beharko dute jabeek.

4. art. Animaliarengan eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurren jabeak albaitaria azal dadila eskatzera beharturik egonen dira, eta hogeita lau ordu baino lehen, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute.

Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakarrik utziko da, udal zakurtegian, zuzpertu arte.

5. art. Debeku da zakurrak hirigunean barna eta gurpildun ibilgailuetarako karrika edo errepideetan deslai ibiltzea. Alde horietan, zakurrek hede edo katea batetik arduradun bati loturik ibili behar dute.

6. art. Biziguneen inguruan hiri lurzorutzat harturik dauden aldeetan, zakurrak ibili ahal izanen dira muturrekoa ezarrita, hede edo katearik gabe, arduradunarekin joanez gero.

7. art. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurrak idunekorik edo urtean urteko identifikagarririk edo xaflarik gabe ibiltzea.

8. art. Udal mugapeko alde guztietan, aitzineko hiru artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta Udaltzaingoak bildu eta zakurtegira eramanen ditu, beti ere albaitariaren ikuskaritzapean.

9. art. Zakurtegira eraman eta gero zakurraren jabea nor den jakiterik ez badago, edo eta zakurra harrapatu eta hiruretan hogeita hamabi orduko epearen barnean jabeak eskatzen ez badu, animalia saldu, hil edo ikerketak egiteko eman ahal izanen da. Gero ez da izanen erreklamaziorik egiteko eskubiderik.

10. art. Bildutako edozein zakur zakurtegitik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da albaitari batek luzatutako osasun ziurtagiria aurkeztea, eta txertoaren gaineko betebeharrak eta ordenantzak zakurren ibilaldiez ematen dituen arauak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

11. art. Eritasun kutsakor edo nardagarririk badela susmatzen denean, bertze zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean zakurrak zakurtegira eraman beharko dira, albaitari batek azter ditzan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dagoen arauen ariora jokatuko du.

12. art. Debeku da zakurrak edozein saltoki edo ibilgailu publikotan sartzea, katea eta muturrekoa ezarriagatik ere eta arduradunarekin badoaz ere. Eraikinetan igogailua erabiltzea ere debeku da. Nola nahi ere, arau horrek baditu salbuespenak, itsuen zakur gidariak, kasu, berariaz baimena beharko dutenak.

13. art. Jabego partikularreko barrutietako zakur zaindariak libre egon ahal izanen dira, baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

14. art. Zakurren jabeek behar dituzte animaliek egiten dituzten zaunka eta asotsak isilarazi, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gerta litezkeenak, eta behin gertatuz gero neurriak hartuko dituzte handik goiti auzoek gisa horretako eragozpen izan ez dezaten.

II. KAPITULUA

Ukuiluak eta abelazkuntza

15. art. Debekaturik dago edozein animalia ukuiluan edukitzea hirigunetzat hartzen diren alderdietan, baita hirigunean barna taldean eramatea ere, abelbide eta gisako pasabide baimenduetan izan ezik.

16. art. Legeztatzeko lizentzia eskatu ondoren, Ordenantza honek indarra hartu eta bi hilabeteko epearen barrenean aurkeztu beharko dena, "iraungitzeko" baldintzapean onartuko dira Ordenantza honek indarra hartu baino lehen diren instalazioak, oilo, untxi eta usoak haztekoak izanez gero, haiek ekoizten dutena familian hartzekoa dela frogatuz gero, hirigunearen inguruan eta gutienez jabearen etxetik 5 metrora eta beste batzuen etxetik hamar metrora egonez gero eta Nafarroako Gobernuko Albaitarien Osasun Zerbitzuak adostasun txostena luzatuz gero.

17. art. Hiri lurzorutzat eta urbanizagarri programatutzat hartutako alderdietan beste haztegi edo ukuilurik paratzea debekaturik dago.

18. art. Hegaztiak, untxiak eta beste edozein abere hazteko ustiategi industriala urbanizaezintzat edo programatugabetzat hartutako eremuan paratzeko eskatuz gero, Nafarroako Gobernuko Albaitarien Osasun Zerbitzuak gutieneko betebeharrak ezarriko ditu, lizentzia eman aitzineko baldintza gisa. Haatik, orokorrean ez da lizentziarik emanen, baldin eta barrutiak betebehar hauek ez baditu: zoladura iragazkaitza, garbi daitezkeen materialez egindako paretak eta sabaiak, arketa sifonikoz hornitutako hustubideranzko malda, gutienez 2'5 metro libre altuerako sabaia eta abere nagusi bakoitzeko 20 metro kubikotik goiti duen barrutia.

Ustiategiak gorotz eta euri saneamenduz horniturik egon beharko du, bilketa-hodi orokorrari lotua. Jabeak hondakin solidoak egunero bildu beharko ditu, pilatu ez daitezen. Orobat, eskatzaile titularrak abereen higiene eta osasunari buruz ezarritakoa zaintzen eta betetzen arduratzen den albaitari batek sinatutako kontratua eraman beharko du. Albaitari horrekiko kontratua deseginez gero, beharturik egonen da berehalaxe beste albaitari bat izendatzera.

III. KAPITULUA

Etxeko animaliak saltzea

19. art. Konpainia, ornamendu nahiz jostetarako diren zakur, katu, txori, arrain, urtxintxa, dordoka eta antzeko animaliak, saltzen dituzten dendei dagokie kapitulu hau.

20. art. Debekaturik dago animalia horiek saltzea etxebizitzak izatekoak diren lokaletan, eraikin horietako merkataritza-etxabeetan baizik ezin ezar daitezkeelarik.

21. art. Jarduera mota horren baimena jaso aitzin, abereen higiene eta osasunari buruz indarra duten legeetan ezarritakoa betetzen arduratzen den albaitari batek sinatutako kontratua eta Nafarroako Gobernuko Albaitarien Osasun Zerbitzuaren adostasun txostena aurkeztea ezinbestekoa izanen da. Albaitari horrek ardura hori uzten badu beste bat izendatu beharko da berehala.

22 art. Nafarroako Gobernuko Albaitarien Osasun Zerbitzuko titularrek indarra duten legeekin bat etorriz kasuan-kasuan ezar litzaketen baldintzak aintzakotzat hartu gabe, merkataritza-jarduera mota hori egiteko lekuak, merkataritza-lokaletarako ezarritakoaz gain, ezaugarri hauek izan beharko ditu: zorua iragazkaiztua eta pareta garbigarriak, aireztapena teilatura eramana izatea, sabaia 2 metro eta erdi libre altu izatea eta sabaiak eta paretak behar bezala hosgabetzea. Proiektuak Nafarroako Gobernuko Albaitarien Osasun Zerbitzuaren aldeko txostena beharko du.

23. art. Animalien kaiolak zehatz-mehatz garbitu beharko dira, egunean bitan, hondakinak eta gorotzak meta ez daitezen.

24. art. Gutienez urtean bitan albaitariak ikuskapena eginen du, eta, halakorik behar balitz, desinfekzio eta desintsektazio lanak berehala egitea agin dezake.

IV. KAPITULUA

Zehapenak

25. art. Alkatetzak Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 5.000tik 20.000 pezetara bitarteko isunak paratuko dizkie, eta horrek ez du galarazten erantzulei garbiketa eta konponketa gastuak bidezko den moduan eskatzea eta, behar denean, salaketa paratzea, agintari judizialaren aurrean, bidezko ondorio guztietarako.

EREMU PUBLIKOAREN TXUKUNTASUNARI BURUZKO ORDENANTZA

Xedapen Orokorra

1. artikulua. 1.-Ordenantza honek arautzen du hiribide, pasealeku, kale, plaza, herriko esparru, zubi, parke, lorategi, iturri eta San Adriango dermioan dauden gainerako udal-ondasun publikoen erabilera komuna eta pribatiboa.

2.-Eremu publikoaren polizi eginkizunaren pean sartuko dira orobat pasabide partikularrak, etxarteak eta lur gaineko zerbitzu publikoa egiten duten ibilgailuak.

3.-Ordenantza honetan xedatutakoa ulertu behar da, bertan araututako hainbat gairen gainean Estatuko Administrazioari dagozkion ahalmenak ukatu gabe.

I. TITULUA

I. KAPITULUA

Errotulazioa eta zenbakikuntza

2. art. Eremu publikoak ezagutu eta bereiztuko dira bakoitzari izen desberdina emanez. Eraikin eta kaleen errotulazioa eta zenbakikuntza arlo horretako legeriari jarraikiz eginen da.

3. art. Zerbitzu Publikoko edo entitate ofizialetako eraikinak, monumentu artistikoak eta arkeologikoak, elizak, ikastetxeak, etab., iturri publikoak eta azalera handiko parkeak: denek agirian erakutsi behar dute beren izena, erabilera edo xedea.

4. art. 1.-Eraikinen jabeak behartuak daude dagozkien menpekotza administratiboak onartzera eta bide-errotulazioa, zirkulazio-arauak edo zerbitzu publikoaren izaera adierazten duten elementuak instalatzen uztera.

2.-Menpekotza hau doakoa izanen da eta ofizioz ezartzen ahalko da, beraren berri jabe interesatuari emanez eta indemnizazio bakarra obrak eragindako kalteen adinakoa izanen da. Eta Udal Administrazioaren obligazioa izanen da udal-lizentziarekin burututako aldaketetara edo eraikuntza berrietara menpekotza hori egokitzea.

3.-Kale-izenen plaka adierazlerik aurrealdean duen eraikin higiezinen bat inork eraitsiko balu, bere obligazioa da halakoak hartu eta Udaletxera eramatea.

II. KAPITULUA

Eremu publikoen zainketa

5. art. 1.-Udalerriko kale eta plazak, hiri-altzariak eta eremu publikoetako elementu estrukturalak eta apaingarriak zainduak izan daitezen begiratzea, San Adriango Udalari dagokio. Hortaz, lizentziarik gabe bederen, ezin izanen du inork elementu horiek zaharberritzeko edo konpontzeko lanik egin.

6. art. 1.-Etxegile, sustatzaile eta ondasun higiezinen jabeei dagokie eraikinen kanpoaldeko urbanizazio lanak egitea, lan hauek beti ere Udalak onetsitako proiektuaren arabera eginez.

2.-Eremu publikoan obrak egiteko baimena duten enpresak behartuak daude zoladura, espaloiak eta pasabideak lehen bezala uztera, beti ere indarrean dagoen hirigintzako planeamenduak ezartzen duen bezala.

3.-Hirian eraikin higiezinak eraikiko dituzten enpresak behartuak daude dagokien bide-menpekotza onartzera eta argindar, telefono, telebista, etab., eroateko kableak instalatzen uztera, eta bai horretarako behar diren euskarri eta elementu guziak ere.

4.-Eraikinen fatxadetan diren babes bereziko elementuen mantenimendua begiratuko da.

II. TITULUA

I. KAPITULUA

Eremu publikoaren garbiketa

7. art. 1.-Eremu publikoaren garbiketa San Adriango Udalak berak eginen du edo zerbitzu hori adjudikatua daukan empresa batek.

2.-Erribera Garaiko Hiri Hondakin Solidoen Mankomunitateak eginen du hiri hondakin solidoen bilketa, San Adriango Udala Mankomunitate horretako kidea baita.

8. art. Eremu publikoa garbitu eta zaborra biltzeko zerbitzua nola egin erabakitzeko, hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen duen Mankomunitate horren ordenantzak agintzen duenari eginen zaio kasu.

9. art. Debeku da eremu publikoan eremu publikoaren garbiketari buruzko ordenantzako 9. artikuluko egintzak egitea eta gainera beste hauek:

a) Eremu publikoan hormigoia garraiatu beharko da hormigoi-ibilgailuak ahoa itxita duela, eremu publikoan hormigoirik erortzea eragotziz. Dagokion zehapenaz gain, hormigoi-ibilgailuaren enpresa jabeak eremu publikoa garbitzeagatik eragindako lanaren kostua ordaindu beharko dio Udalari.

b) Obrako materiala (legarra, harea, e.a.) garraiatzeko, karga ongi estali behar da olanez, edota eremu publikora deus ere ez erortzeko moduan antolaturik eraman behar da.

II. KAPITULUA

Eremu publikoaren erabilera

10. art. Debekatuak daude:

a) Eremu publikoa erabiltzea, kotxe, zurgintza, mekanika, iturgintza, bizikleta, eta abarrekin zerikusia duten lanetarako.

b) Eremu publikoan arras zikin dauden ibilgailuak uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeelako.

c) Eremu publikoan edariak kontsumitzea, edalontziak eta botilak lurrera botaz.

11. art. Kalez kaleko salmenta merkataritza ez-egonkorreko Ordenantzaren arabera egin beharko da.

12. art. Eremu publikoan mahaiak, aulkiak eta obretako hesiak paratzeko, eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegaldura eta zorupeko probetxamendu berezien prezio publikoak arautzen dituen Ordenantzan ezarritakoa bete beharko da.

13. art. Finkak edo lorategiak hesitzeko San Adriango Planeamenduko A.S.etako zehaztapenak bete beharko dira eta debekaturik dago burdin hari arantzaduna erabiltzea.

14. art. Herriko festa, feria edo udaldietan, eremu publikoan diren arbolak instalazio eta ornamendu elektrikoen euskarri gisa erabiltzeko baimena ematen ahalko zaie establezimenduetako jabeei, baina inork inolako ezbeharrik izan ez dezan segurtasun neurri egokiak hartu beharko dira.

15. art. Publizitatea egiten ahalko da eremu publikoan, edo horretarako baimendutako tokietan, dagokion Ordenantza fiskalak ezarritako ezaugarriak dituela, edo propaganda banatuz. Lizentzia eskatzerakoan iragarkiaren jatorrizko alea edo kopia aurkeztu beharko da.

16. art. Pasabideak eta zamalanetarako leku-erreserbak, arloko ordenantzaren arabera arautuko dira.

17. art. Debekaturik dago, begi bistakoak diren osasuneko arrazoiak direla eta, kalez kaleko salmentarako kamioiak paratzea. Izozkiak saltzeko kioskoak baino ez dira baimenduko eta bakar-bakarrik udan eta Alkatetzak zehazten dituen tokietan.

III. TITULUA

I. KAPITULUA

Herritarren jokabidea

18. art. 1.-Jendeak eremu publikoan izan behar duen portaera, ondoko arau hauetara moldatuko da:

a) Jendeak gizalegea erakutsiko du, hitz edo oihu itsusirik egin gabe eta moralaren edo aztura onen kontrako ekintzak burutu gabe.

b) Jendeak zintzo beteko ditu hiritarren jokabideaz Alkatetzak emandako eta Bandoetan adierazitako xedapenak.

c)) Udaltzaingoari salatuko dizkio eremu publikoan ikusitako lege-urrapenak.

II. KAPITULUA

Zaratak

19. artikulua.-1.-Eremu publikoan zaratarik sortzea, hiritarren elkarbizitzako mugen barruan begiratu behar da. Eraikin eta langintza desberdinetan sortzen den zarata Jarduera Sailkatuen legeriak arautuko du.

2.-Debeku da:

a) Eremu publikoan edo zerbitzu publikoko ibilgailuetan ozenkiegi kantuz edo oihuz aritzea.

b) Sobera altu kantatzea edo solas egitea eraikin partikularren barnean, baldin eta ezarritako soinu-neurriak gainditzen badira.

c) Pisuetan musika-instrumentuak ibiltzea eta jotzea baldin erabilitako gela edo lokala behar adina intsonorizatu gabe badago.

d) Patioetan edo galerietan, beren zarata eta oihuekin auzokideak aztoratzen ahal dituzten animaliak edukitzea.

e) "Garibaldi" petardoak erabiltzea eta, oro har, suziriak botatzea.

20. art. Irrati, telebista, transistore eta abarren jabeek, Jarduera Sailkatuetan baimendutako soinu-neurriak gaindituko ez dituen bolumena erabili beharko dute.

III. KAPITULUA

Ibilgailuen zaratak

21. art. Eremu publikoan dabiltzan ibilgailuen motore eta ihes-tutuek ezin izanen dute Ordenantza hauen eraskinean agertutako mugak hausteko moduko zaratarik atera, eta gainera aplikatzen ahalko dira, kasuan-kasuan, hala beharko balitz, baimendutako soinu-muga berriak.

IV. KAPITULUA

Etxegabeak eta eskaleak

22. art. 1.-Debeku da udal mugapean, eremu publikoan, eskean ibiltzea.

2.-Agintaritzaren agenteak behar den udal egoitzara eramanen dituzte eskaleak, Udal honetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak zaindu eta lagundu ditzan.

23. art. Auzoek ez dute eremu publikoan erremusinarik emanen. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak baditu baliabideak arazo horri aurre egiteko.

V. KAPITULUA

Hordikeria

24. art. Eremu publikoan nabarmen mozkorturik dabiltzanak, Agintaritzako agenteek lagundu eta eramanen dituzte behar den tokira.

VI. KAPITULUA

Haurren eta zaharren babesa

25. art. 1.-Eremu publikoetan ibiltzeko laguntza eman behar zaie haurrei, zaharrei, itsuei eta elbarriei. Haurrei ez zaie utziko laguntzarik gabe espaloietatik jaisten.

2.-Debeku da haurrak gaizki tratatzea eta joku arriskutsuetan aritzen uztea.

VII. KAPITULUA

Etxeko animaliak edukitzea

26. art. Etxeko animaliak edukitzeko arauek Udal honek hartarako ematen duen Ordenantza eta Kaleko Garbitasunari buruzko Ordenantza izanen dituzte gobernabide.

VIII. KAPITULUA

Iturri publikoak

27. art. Iturri publikoak dira bide edo landa-bazterretan izanik jende guztiak erabiltzen ahal dituenak. Ur Legeetan ezarritakoak arautuko ditu iturburuak.

28. art. Iturri publikoetan debeku da:

a) Arropa, fruta, barazkiak edo beste inolako objeturik garbitzea.

b) Inor bainatzea edo zakurrak nahiz bestelako animaliak bainatzea.

c) Tututik edo kanilatik zuzenean edatea.

IX. KAPITULUA

Parkeak eta lorategiak

29. art. 1.-Udalaren eskuduntza da eremu publikoetako parke eta lorategietan landaketak egitea eta horiek zaintzea. Arbolak denok errespetatu beharrekoak dira eta kalterik ekar liezaiekeen egintza oro saihestu behar da. Parke edo lorategietako arbolak nahikeriaz bota edo mozten dituenak, kaltetu edo botatako arbola bakoitzeko beste lau arbola landatzeko gastuak ordaindu beharko ditu. Landaketa horiek Udal Zerbitzuek eginen dituzte.

2.-Ez dago lorategiak eta finka pribatuak burdin hari arantzadunez hesitzerik.

30. art. Debeku da:

a) Ageriko seinaleez mugatutako berdeguneak zapaltzea.

b) Zuhaitzetara igotzea.

c) Txoriak ehizatzea eta hiltzea.

d) Banku publikoetan etzan eta gauez lo egitea.

e) Berdegunetan hondakinak botatzea, paperontziak eta zakarrontziak erabili gabe.

f) Lorategietan sua piztea edo egitea.

g) Kanpadendak zabaltzea.

h) Lorategietan taldekako otorduak antolatzea.

i) Abereak sartzea bertan bazkatzera.

j) Nolanahiko ibilgailuen zirkulazioa debekatzen duten zirkulazio-seinaleetako arauak haustea.

k) Kalez kaleko salmentan aritzea, udal-baimenik gabe.

l) Zakurrak lotu gabe eramatea..

m) Soropilean nolanahiko ibilgailuz zirkulatzea (autoak, motozikletak, bizikletak, e.a.).

31. art. Debeku da pixa egitea eta iraizkinez edozein eremu publiko edo jende guztiak erabiltzekoak diren lekuak zikintzea. Halakorik egiten duena eta aitzakitako eritasunen bat duela frogatzen ez duena, zehatua izanen da.

X. KAPITULUA

Zehapenak

32. art. 1.-Ordenantza honetako arauak hausten dituztenei 5.000 eta 25.000 pezeta bitarteko isunak jarriko dizkie Alkatetzak, eta gainera, erantzuleei erreklamatzen ahalko zaie, egoki den moduan, garbiketako eta konponketako gastuak ordaintzea eta, hala beharko balitz, auzitara eramanak ere izan litezke, bidezko diren ondorio guztietarako.

HERRIKO EREMUEN GARBIKETARI BURUZKO ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen Orokorrak

1. art. Ordenantza honen helburua da honako ekintzak eta jarduerak arautzea San Adriango Udalaren eskumenen barrenean eta haren mugapean:

1.-Eremu Publikoaren garbiketa, herritarren erabilera komun orokorrari dagokionez eta baita Udalaren orubeak garbitzea ere. Horrez gain, orube publiko nahiz pribatuak ikuskatzea eta subsidiarioki garbitzea.

2.-Kalean egindako manifestazio publikoek herriari dakarkioten zikintasuna galaraztea eta Udalaren ondasunak garbi edukitzea haien erabilera komun berezi eta pribatiboari dagokionez.

2. art. Aurreko artikuluan aipatzen diren jarduerak, haien garapenean San Adriango Udalari dagozkion eskumenen barrenean, Udalak berak kudeatuko ditu.

3. art. Ordenantza honetako arauak, analogiaz, arautu gabeko kasuei ere aplikatuko zaizkie, izaeraz haien aplikazio eremuan sartzen badira.

4. art. 1.-San Adriango bizilagun guztiek obligazioa dute, herriaren garbitasunari dagokionez, zikinkeria galarazi eta eragozteko portaera izateko.

2.-Halaber, Udal Agintariei salatu behar dizkiote garbitasun publikoaren kontrako lege-hauste guztiak, berek ikusi edo dudarik gabe jakiten dituztenak.

3.-Udalak bere burua behartzen du herritarren erreklamazio, denuntzia eta sujerentziei kasu egitera, kasuan-kasuan tokatzen diren ekintzak burutuz.

5. art. 1.-Herritar guztiek zintzo kunplitu behar dute Ordenantza hau, herriaren estetikak noiznahi agintzen duen apainkera publikoa mantenduz, edo Udalak bere eskumenak erabiliz zerbitzu horiek emateko agintzen dutena.

2. Udal agintariek edozein momentutan zilegi dute arau hauek bete daitezela eskatzea, hondamenen bat egin duena behartuz hondamen hori konpontzera, tokatzen den zehapena ezartzea galarazi gabe.

3. Alkatetzak zehatu eginen ditu, "Garbitasun arauak haustearen Zehapen Taula" eraskinak xedatzen duenarekin bat, arau hauen kontrako portaera izaten duten guztiak, beti ere beharrezko zehapen espedientea tramitatu ondoren.

6. art. 1.-Udal Zerbitzuak, edo herriaren garbiketa adjudikatua duen enpresak, zilegi izanen du subsidiarioki egitea arau hauen arabera zuzenean herritarrek egin behar lituzketen garbitze lanak; zerbitzu horien kostua haien bizkar izanen da Ordenantza Fiskalekin bat eta kasuan-kasuan tokatzen diren zehapenak eta bide zibiletik eska litezkeenak galarazi gabe.

2.-Udal Zerbitzuak, edo herriaren garbiketa adjudikatua duen enpresak, zilegi izanen du, hala behartzen den guztietan, eremu publikoa garbitzea edo haren egitura elementuak, eraikinen elementuak eta kanpoko parteak konpondu eta garbitzea eta abandonatutako hondakin gaiak kargatu, erretiratu, garraiatu eta suntsitzea.

3.-Udal Zerbitzuak, edo herriaren garbiketa adjudikatua duen enpresak, garbiketa zerbitzuak emateko, unean unean Herriaren intereserako komenigarritzat hartzen diren prozedura teknikoak eta kudeatze modukoak erabiliko dituzte.

7. art. 1.-Udalak, bere ahalmenaren barrenean, zilegi izanen du egoki iruditzen zaizkion laguntzak eratzea, herritarrei portaera irakasteko herriaren garbitasunari buruz.

2.-Partikularren ekimenak garatzen dituen ekintzak, eremu publikoaren garbitasunari buruzkoak, bultzatu eginen dira, bizimodu kalitatea hobetzeko asmozkoak.

II. TITULUA

Eremu publikoaren garbiketa

I. KAPITULUA

Eremu publikoaren garbiketa, hartaz hiritarrak komunzki baliatzen direlakoz

8. art. Garbiketari begira, eremu publikotzat hartzen dira: hiribideak, pasealekuak, kaleak, plazak, espaloiak, zeharkaleak, bideak, lorategiak eta berdeguneak, lurguneak, zubiak, tunelak eta zuzenki hiritarren erabilera komun orokorrerako diren gainerako erabilpen publikoko ondasunak.

9. art. 1.-Debeku da eremu publikoan nolanahiko hondakin solido, likido eta gaseosoak botatzea eta uztea. Tamaina txikiko hondakin solidoak, paperak, poltsak eta antzekoak, horretarako instalatutako paperontzietan bota beharko dira, debekatzen delarik horietan bestelako hondakinak eta zaborpoltsak botatzea.

2.-Hondakin-gaiak bolumen handikoak edo tamaina txikikoak izan arren kantitate handia osatzen badute, bilketa berezian eramanen dituzte horretarako antolatutako zerbitzuek, halako hondakinak eremu publikoan uztea debeku delarik.

3.-Debeku da paperontzietan zigarroak, puruak, zigarro-muturrak edo piztutako beste edozer botatzea. Beti ere, itzalita bota beharko dira.

4.-Debeku da, halaber, ibilgailuetatik inolako hondakinik botatzea lurrera, ibilgailua martxan egon nahiz geldirik.

5.-Ez da zilegi izanen arropa eta alfonbrak eremu publikoan astintzea ez eta balkoi eta terrazetatik ere, Alkatetzak kasu bakoitzean finkatzen dituen orduez landara. Nolanahi ere astintze horiek inori eta ezeri trabarik ez egiteko moduan eginen dira goizeko 8etatik 10etara.

6.-Ez da zilegi izanen eraikinen kanpoaldean diren landareak ureztatzea baldin horren ondorioz eremu publikora edo haren elementuetara isurkinak edo zipristinak joaten badira. Ureztatzea Alkatetzak unean-unean finkatzen dituen orduetan eginen da eta beti ere behar bezain kontuz, trabarik ez egiteko herritarrei ez eta oinezkoei ere; gaur egun, gaueko 12etatik goizeko 7etara bitartekoak dira ureztatzeko orduak.

7.-Debeku da, halaber, animalia hilak abandonatzea eremu publikoan, horiek bilketa berezi batean jasoko baitira, hartarako antolatzen diren zerbitzuen bidez.

8.-Ez da zilegi izanen eremu publikoan animaliak inola garbitzea edo ibilgailuak garbitu eta konpontzea.

10. art. 1.-Partikularrei dagokie espaloiak, pasabide partikularrak, etxarteak, etxesaileko barne patioak, orube partikularrak, galeria komertzialak eta antzekoak garbitzea.

2.-Udalak, Udal Zerbitzuaren bidez, kontrolatu eta ikuskatuko du aurreko 1. zenbakiko elementuen garbitasuna, eta zilegi izanen du haien ardura duen pertsona garbitzera bortxatzea, hartarako ematen diren jarraibideen arabera.

3.-Udal Zerbitzuari edo kudeaketa hori adjudikatzen zaionari dagokio galtzada, zirkulazio bizkorreko bideen barrengune eta espaloi ertzak, hormak, lurrazpiko nahiz gaineko pasabideak, zuhaitz zuloak, lurguneak eta paperontziak garbitzea, nahiz horrek ez duen galarazten inguruabar berezietan zerbitzuaren aldaketak erabakitzea.

11. art. 1.-Espaloien garbiketa, egin ezean Udal Administrazioaren aurrean erantzule direla, ondoko hauek egin beharrekoa da:

a) Eraikinaren jabeak, espaloiak beren fatxadei badagozkie, eraikin horien erabilera edo xedea edozein izanik ere.

b) Negozioaren titularrak, saltokiak edo dendak etxabean badaude, eta espaloi-zatia beren aurrealdeak hartzen duena izanen delarik.

c) Titular administratiboak, espaloiak erakin publikoei dagozkienean.

d) Jabeak, eraiki gabeko orubeei dagozkien espaloiak direnean.

2.-Espaloirik oraindik egin ez zaien eremu publikoetan, garbitzeko obligazioa eraikinetatik hurbilen dagoen puskari dagokio, gutxienez hiru metroko zabaleran, aurreko 1 zenbakian seinalatu den erantzukizun banaketarekin bat.

3.-Partikularrek eremu publikoa erratzatu eta garbitzearen ondorioz sortutako hondakinak ezingo dira, inoiz ere, eremu publikoan utzi. Aitzitik, ontzi homologatuetan jasoko dituzte edo, bere pisu eta neurriagatik hala beharko balitz, etxez-etxeko zaborbilketako zerbitzuaren esku jarri beharko dira.

12. art. Pasabide partikularren, etxesaileko barne patioen, orube eta berdegune partikularren, galeria komertzialen eta antzekoen kasuan, jabeari dagokio garbitzea.

Elementu horien jabekidetzaren kasuan, titular guztiei dagokie garbitzeko obligazioa, solidarioki. Etxebizitzetako barne patioak, haietara sarbide pribatua eta esklusiboa dutenek garbitu beharko dituzte. Debeku da gauzak, trasteak, hondakinak etab. almazenatzeko erabiltzea eta zakurrak nahiz beste animaliak gerizatzeko. Beheragoko pisukoei trabarik edo kalterik ez egiteko moduan hedatuko da arropa.

13. art. Espaloi-ertzak errazago garbitzeko, ibilgailu aparkatuen eta espaloiaren artean hogeita bost zentimetroko tartea utzi beharko da.

14. art. Udalaren ardurapeko ez diren baliabide publikoan diren elementu herritarraren zerbitzukoak, kasuko zerbitzuen titular administratiboei dagokie.

II. KAPITULUA

Eremu publikoaren zikintasuna, obren eta bestelako jardueren ondorioz

15. art. 1.-Eremu publikoan zikinkeria sor dezaketen jarduerak burutzen badira, zeinahi dela ere gertalekua eta kasu bakoitzean eskuratu behar diren bidezko lizentziak edo baimenak, Udalak badu ahalmena titularrei aldez aurreko neurriak hartzera behartzeko eremu publikoan zikinkeriarik izan ez dadin, eta orobat behartzeko bai eremu publikoa bai bertako egitura-elementuak garbitzera, eta geratu diren hondakin-materialak jasotzera.

16. art. 1.-Zikintasunik ez sortzeko, eremu publikoan obrak egiten ari direnek babestu egin beharko dute eremu publikoa, elementu egokiak paratuz eraisketako zaborraren, lurraren eta obran sobratutako bestelako materialen inguruan, ez daitezen horrela material horiek lanerako juxtu behar den zonatik kanpo sakabanatu eta zabaldu.

2. Bereziki, eremu publikoan burututako erreten, ubide eta konexio lanen ondo-ondoko gainaldeak, beti garbi eta inolako hondakin-materialik gabe eduki beharko dira.

3. Obrak eremu publikoan edo alboko lekuren batean egiten direnean, hesiak eta babes-elementuak jarri beharko dira, baita hodiak ere eraisketako materialen eta produktuen karga-deskargarako, behar diren baldintzak bete beharko dituztelarik ez dadin eremu publikoa zikindu eta ez dezaten kalterik sortu pertsona edo gauzetan.

Eraikinak jasotzen ari diren bitartean, kontratistarena da eremu publikoa garbitzeko obligazioa.

17. art. 1.-Debeku da eremu publikoan hondakinak zuzenean utzi, hustu edo botatzea. Beti ere hondakinak eremu publikoan uzteko Udalak edo kasuan kasuko entitateak homologatutako edukiontziak erabili beharko dira.

2.-Eremu publikoan abandonatutako materialak udal jabetzako bihurtuko dira, eta interesatuak ezingo dio ez Udalari ez eginkizun horren kargu egin denari ezer erreklamatu egin dutena egiteagatik, ezta material horiek kentzeagatik ere, eta gainera aplikatzen ahalko zaio burututako zerbitzuari dagokion tasa fiskala edo egoki liratekeen zehapenak.

18. art. Debeku da, dagokion zerbitzuak bildu zain eremu publikoan utzitako hondakinak manipulatzea eta hautatzen ibiltzea.

19. art. Eremu publikoa zikin dezakeen edozein ibilgailuren zamalanak, obra nahiz biltegietako sartu-irtenak bukatutakoan, lan horien arduradun izan den langileak, eta subsidiarioki lanak burutu diren establezimendu eta obretako titularrak eta, azken finean, ibilgailuaren jabeak edo gidariak, garbituko du eremu publikoa eta han botatako materialak jasoko ditu.

Aipatutako pertsona horiek eta hurrenkera berean, Ordenantza honen arauak haustearen eta gerta litezkeen kalteen erantzule izanen dira.

20. art. Partikularrek denda-leihoak, dendak, salmenta postuak, saltokiak etab. garbitzean, arreta jarriko da eremu publikoa ez zikintzeko eta jardueraren titularrak izanen du horren ardura.

III. KAPITULUA

Eraikinetako elementuen eta kanpoaldeen garbiketa eta mantenimendua

21. art. 1.-Eraikin higiezinen jabeak behartuak daude horien segurtasun, garbitasun eta ornamendu publikoko baldintza beharrezkoak zaintzera.

2.-Debeku da etxeetako irekiguneetan eta terrazetako baranda kanpokoan jendearen bistan edukitzea arropa hedatua, zikina nahiz garbia eta baita hiriaren apainkera zarpaildu egiten duen edozein gauza ere.

Patioetan edo kaletik ezin ikusi diren beste tokietan hedalekurik ez duten etxebizitzetarako, Alkatetzak behar den formula edo baimena eman dezake.

22. art. 1.-Establezimendu, finka, eta etxebizitzetako jabeak, fatxadak, kaleko zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, sarrerak, sarbideko eskailerak eta, oro har, eremu publikotik ikus daitezkeen eraikin higiezineko alde guztiak garbi edukitzera behartuak daude.

2. Honen aurreko 1. zenbakiari dagokion guztian, jabeek egin beharko dituzte mantenimendu, garbiketa, zaharberritze eta iztukadura lanak, ornamendu publikorako beharrezko denean eta Udalak, aldez aurretik txosten teknikoa egin ondoren, hala agintzen duenean.

3. Jabeek, orobat, derrigorrez garbi eduki behar dituzte tximiniak, edukiontziak, patioak eta argi-patioak, ur eta gas hodiak, hustubideak, tximistorratzak, telebisten antenak eta, eraikinen osagarri diren gainerako instalazioak.

IV. KAPITULUA

Orubeen garbitasuna eta mantenimendua

23. art. 1.-Orube eta lursailen jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte eta behar bezalako baldintzetan higienearen, osasungarritasunaren, segurtasunaren eta apainkera publikoaren aldetik. Era berean, orube horiek desinfektatu beharko dituzte eta arratoiak hil.

2.-Udalak aurreko garbiketa lanak ikuskatuko ditu eta subsidiarioki egiteko aginduko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

24. art. Udal Zerbitzua edo hiriko garbiketa adjudikatua duen enpresa arduratuko da aurreko 23. artikuluan aipatutako lanen exekuzio subsidiarioaz, gastuak kargatuz egiteko obligazioa duenari eta, Ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, beti ere egoki liratekeen zehapenak ezartzen ahalko liratekeelarik.

V. KAPITULUA

Elurra egiten badu herritarrak zer egin behar duen eremu publikoa garbitzeari begira

25. art. Larritzeko moduko elurra egiten badu, elurrak hartu duen herri-zatia larrialdipean deklaratuko da eta hala egonen harik eta Alkatetzak espreski deklaratu arte normaltasuna berreskuratu dela.

26. art. 1.-Elurra egiten duenean, 11. artikuluak aipatu pertsonek, eta subsidiarioki eraikinen erantzuleek hurren datozen 2 eta 3. zenbakietan agindu bezala jokatu beharko dute.

2.-Finketako langileek edo, halakorik ez badute, eraikinetako bizilagunek, edo edozein motatako eraikinak garbitzeko ardura duten guztiek, beren fatxadaren aurreko espaloi zatitik elurra eta horma kendu beharko dituzte, oinezkoak pasatzeko adina toki uzteko moduan.

3.-Elurra eta horma espaloian pilatuko dira, eta ez galtzadan:

a) Aparkatutako ibilgailuetan ez jartzeko

b) Uraren nahiz ibilgailuen zirkulazioa ez galarazteko.

c) Libre uzteko estolderiako kainozulo hurbilenaren sarbidea.

27. art. Elurra eremu publikotik kendu eta garbitzeko lanek irauten duten artean, ibilgailuen jabeek eta gidariek begiratu beharko dituzte udal agintariek aparkatzeari buruz ematen dituzten jarraibideak.

28. art. Inoiz ez da eremu publikora botako zabaltza, terraza, balkoi eta eraikinen beste aterakinetan metatutako elurra, non ta Alkatetzak bestelako xedapenik ematen ez duen.

III. TITULUA

Hiriaren garbitasuna erabilpen komun, berezi eta pribatiboari eta kaleko manifestazio publikoei dagokienez

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak eta aplikazio-esparrua

29. art. 1.-artikuluko 2 zenbakian agintzen denez, titulu honek hiriko garbitasuna zaintzeko arauak ematen ditu, ondoko kasu hauetan:

a) Udal jabari publikoko ondasunen erabilpen komuna, berezia eta pribatiboa egiten denean.

b) Hirian sor litekeen zikintasunetik begiratzeko, kalean ekitaldi publikoak eta publizitateko zenbait jarduera egiten direnean.

30. art. 1.-Establezimendu, taberna, kafetegi, kiosko, salmentako postu eta antzekoen titularrak dira erabilera komun eta pribatiboak eremu publikoan sortzen duen zikintasunaren erantzule, eta horrenbestez, behar bezain garbi eduki beharko dituzte bai instalazioak bai haien eraginpeko hiri-espazioak.

2.-Udal-zerbitzuak edo hiri-hondakin solidoen bilketako adjudikazioa duen enpresak behartu ditzake aipatutako titularrak hondakinetarako edukiontziak jarri, zaindu eta garbitzera.

31. art. Kalean ekitaldi publikoren bat antolatzen dutenak, ekitaldi hori egiteagatik kalean sortutako zikintasunaren erantzule izanen dira eta, derrigorrez, ekitaldiaren leku, ibilbide eta ordutegiaren berri eman behar diote Udalari. Ekitaldi publikoak sor lezakeen zikintasunaren ondorioz legokiekeen garbiketa-zerbitzu subsidiarioen kostua adinako eskudiruzko fidantza edo bankuko abala eska diezaieke Udalak.

32. art. Ordenantza honen ondorioetarako honakoa ulertu behar da:

1.-Kartelak dira iragarkiak -inprimatuak nahiz pintatuak-, paperean edo sendotasun gutxiko beste material batean eginda badaude. Kartelak formato txikikoak eta eskuz banatzekoak badira, panfletotzat hartuko dira.

2.-Errotuluak dira iragarkiak, finko edo mugikorrak, pintura, baldosa eta iraupen luzea emanen dieten bestelako materialez eginda badaude.

3.-Pankartak dira tamaina handiko iragarki publizitarioak, ekitaldi publiko batekin bateratsu gehienez hamabost egunez eremu publikoan jarrita daudenak.

4.-Pintaketa dira eremu publikoan egindako eskuzko inskripzioak, hiriko murru edo paretetan, espaloi eta galtzadetan, edo egiturako elementuren batean eginak.

5.-Opuskuluak eta foiletoak dira, paperez nahiz antzeko materialez egindako liburuskak, hiritarrei eremu publikoan ematen zaizkienak, edo edozein manifestazio publiko edo pribatu denean banatzen direnak.

6.-Errotulutzat hartuko dira kartelak, ipini edo babesteko baldintzengatik, hamabost egunetik gorako iraupena izateko jarriak daudenean.

33. art. Kartel eta pankartak ipintzeko eta itsasteko, panfletoak banatzeko eta titulu honetan araututako beste edozein publizitate-jarduera burutzeko, Udalaren baimena beharko da.

34. art. 1.-Errotuluak eta arestian azalduriko gainerako publizitate-elementuak ipini eta banatu ahal izateko baimena emateak inplizituki suposatzen du erantzuleak bere gain hartzen duela eremu publikoan zikindutako espazioak garbitzeko eta erabilitako publizitate-elementuak eta osagarri guztiak jasotzeko obligazioa.

2.-Eremu publikoan publizitate-elementuak paratu eta banatu ahal izateko, Udalak eska dezake eskudiruzko fidantza edo bankuko abala egitea, zenbatekoa zikintasuna sor dezaketen elementuak garbitzea eta jasotzea kosta litekeena izanik.

II. KAPITULUA

Eremu publikoan kartelak eta pankartak ipintzea

35. art. Debeku da kartelak eta eraskailuak bereziki horretarako antolatutako toki eta espazioetatik kanpo jartzea eta itsastea, udal-agintaritzak bereziki baimendutako kasuetan salbu.

36. art. 1.-Udalak hartarako erabakitako tokietan paratutako kartel eta eraskailuek, hiritarrei interesgarriak zaizkien ekitaldien edo jardueren propaganda azaldu beharko dute.

2.-Ez dago kartelak ipintzen hasterik aurretiaz behar den Udalaren baimena erdietsi gabe. Arau-hausleak zehatuak izaten ahalko dira.

37. art. 1.-Eremu publikoan pankartak paratzeko baimena honako kasu hauetan bakarrik emanen da:

a) Hauteskundeen garaian.

b) Auzoetako festa herrikoi eta tradizionaletan.

c) Alkatetzak espreski baimendutakoan.

2.-Alkatetzak kasuan-kasuan arautuko du zer balditzatan izanen den zilegi Udalaren toki eta eremuak publizitaterako erabiltzea eta zer tramite egin behar diren baimena eskuratzeko.

3.-Baimena zertarako eskatzen den, hartarako propaganda -politikoa nahiz herrikoia- bakar-bakarrik ager daiteke pankartetan, eta ez, ordea, beste inolako publizitaterik.

4.-Pankartak paratzeko baimen eskaerak honakoak zehaztuko ditu:

a) Pankartaren edukina eta neurriak.

b) Zein tokitan paratu nahi den.

c) Zenbat denbora egonen den jarrita.

d) Erantzulearen konpromezua, eremu publikoan edo bertako egitura-elementuetan egindako hondamendiak konpondu, eta pankarta ipintzearen ondorioz sor daitezkeen kalte eta galerak ordainduko dituela hitz emanez.

38. art. Eremu publikoko egitura-elementuei estekatutako pankartek, nolanahi ere, honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Ezingo da pankartarik ipini farola akustikoetan.

b) Zuhaitzetan lotutako pankartei doakienez, zuhaitzaren zirkunferentzia 50 zentimetro izanen da gutienez. Pankarta adarrei lotua baldin badago, hauek gutxienez 30 zentimetroko zirkunferentzia izan beharko dute.

c) Pankartaren azalerak behar adina zulo izanen ditu haizearen eragina gutxitzeko.

d) Nolanahi ere, ipintzeko gutxieneko altuera, punturik baxuenean neurtuta, 5 metrokoa izanen da pankartak galtzada alderik alde zeharkatzen duenean, eta 3 metrokoa espaloi, pasealeku eta oinezkoen beste eremu batzuetan.

39. art. 1.-Pankartak interesatuek kendu beharko dituzte, haiek jartzeko baimendutako epea bukatu bezain laster. Hala egiten ez badute, udal zerbitzuek kenduko dituzte eta egindako zerbitzu horren kostua erantzuleei ezarriko zaie, gainera legokiekeen zehapena ere ezartzen ahalko zaielarik.

2.-Pankartak eremu publikoan baimenik gabe jartzeak ekarriko du udal agintaritzak erantzuleei zehapenak ezartzea.

III. KAPITULUA

Pintaketak

40. art. 1.-Debeku da eremu publikoan inolako pintaketarik egitea, hala bertako egiturako elementuetan, galtzada, espaloi eta hiri-altzarietan, nola hiriaren kanpoaldeko harresi eta hormetan.

2.-Salbuespenak:

a) Orubeetako hesietan egindako horma-pintura artistikoak, horretarako jabearen baimena beharko delarik aldez aurretik.

b) Publizitateari buruzko Udal Ordenantzak baimenduko lituzkeen kasuak.

IV. KAPITULUA

Panfletoen banaketa

41. art. 1.-Debeku da panfletoak, nolanahikoak direla, eta antzeko materialak barreiatzea eta botatzea. Salbuespen izanen dira Alkatetzak bestela baimendutako kasuak.

2.-Zehatuak izanen dira panfletoak baimenik gabe barreiatzen edo banatzen dituztenak.

3.-Udal zerbitzuek garbituko dute panfletoak banatu eta barreiatzeagatik zikindutako alderdia, eta zerbitzu horien kostua erantzuleei ezarriko zaie, legozkiekeen zehapenak ere ezartzen ahalko zaizkielarik.

IV. TITULUA

Hiri-hondakinen bilketa

I. KAPITULUA

Hondakin sortzaileen erantzukizuna

42. art. 1.-Hondakinak sortzen dituenak edo hondakinak dauzkanak izanen du hondakinok sortzen dituzten kalteen gaineko erantzukizuna, ez badizkio entregatu, tratatu eta suntsitu ditzaten, Udalaren baimena duen norbaiti.

2.-Hondakin sortzaile edo jabe batek baimenik gabeko hirugarren bati entregatzen badizkio garraiatu, tratatu eta suntsitzeko, horiekin batera bera ere izanen da erantzule handik deusen kalterik etortzen bada. Era berean, ezar daitezkeen bidezko zehapenen erantzule solidarioa ere izanen da.

3.-Hondakinak tratatzen edo suntsitzen aritzen direnek ez dute erantzukizunik izanen sortzen diren kalteen gainean baldin eta entregatu zaizkien hondakinei buruzko informazio okerragatik izan bada edo sortzaile nahiz jabearen fede txarragatik, salbu eta suntsitzaileak ez badu baimenik horretan aritzeko, aurreko 2 zenbakian esan bezala.

4.-Hondakin sortzaile edo jabeek, Udal zerbitzuei edo hiri hondakin solidoen biltzeko adjudikazioa daukan enpresari entregatu ezean, beharturik daude behar diren neurriak hartzera hondakinak erabateko segurantziarekin tratatzen edo suntsitzen direla segurtatzeko.

E R A S K I N A

9.1 5.000 7.000 10.000

9.2 7.000 10.000 15.000

9.3 7.000 10.000 15.000

9.4 2.000 3.000 5.000

9.5 2.000 3.000 5.000

9.6 2.000 3.000 5.000

9.7 7.000 10.000 15.000

9.8 3.000 5.000 7.000

11. 3.000 5.000 7.000

12. 3.000 5.000 7.000

13. 1.000 2.000 5.000

15.1 7.000 10.000 15.000

16. 5.000 7.000 15.000

17. 5.000 7.000 15.000

18. 5.000 7.000 10.000

19. 5.000 7.000 10.000

20. 7.000 10.000 15.000

21. 3.000 5.000 7.000

22.2 1.000 2.000 3.000

23. 5.000 7.000 15.000

26. 3.000 5.000 7.000

30. 3.000 5.000 7.000

31. 5.000 7.000 10.000

36. 7.000 15.000 25.000

37. 7.000 15.000 25.000

38. 3.000 5.000 10.000

39. 3.000 5.000 10.000

40.1 5.000 7.000 15.000

40.2 7.000 15.000 25.000

41. 20.000 40.000 60.000

Iragarkiaren kodea: A9709288