II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
B A R A Ñ A I N
Barañaingo Udalerako zerbitzu anitzetako ofizial baten lanpostua, igeltserotza espezialitatekoa, oposizio lehiaketa bidez betetzeko deialdia
1.-Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Udaleko Hirigintza Zerbitzuetan arituko den ofizial baten lanpostua, lan araubide finkoa izanen duena, oposizio lehiaketa bidez betetzea.
1.2. Lanpostuak Udal honetako plantila organikoan eta lan araubideko langileekin egindako hitzarmenean ezarritako lansariak izanen ditu.
1.3. Sei hilabeteko proba aldia izanen da, eta horretan Udalak kontratua deuseztu edo desegin ahalko du, baldin eta denbora horretan Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala betetzen.
1.4. Lanaldiaren antolamendua zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahal dute.
2.-Bete beharreko eginkizunak.
Bere eginkizunak, oro har, kategoria horretarako ezarritakoak izanen dira, bai eta Hirigintzako Lantaldeak udal instalazioen mantenimendu, konpontze eta abarretan bereziki ematen dizkionak ere.
3.-Izangaien baldintzak.
3.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) 18 urtetik gorakoa izatea.
b) Europako Batasuneko hiritarra izatea.
c) Eginkizunak betetzeko beharrezkoa den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
d) O.H.O.ko titulua edo baliokidea izatea.
e) Eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabe edo gabeturik ez egotea eta Administrazio Publikoaren zerbitzutik baztertua ez izana.
3.2. Aitzineko baldintzak eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean egiaztatu beharko dituzte izangaiek, eta oposizioaren prozedurak dirauen bitartean bete behar dira, izendapena bitarte.
4.-Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Barañaingo Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 13:00ak arte, egun balioduna bada, edo balioduna den hurrengoan.
4.2. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) N.A.N.aren fotokopia konpultsatua.
b) Deialdi honen 3.1 idazatian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia konpultsatua.
c) Lehiaketaldian baloratzekoak diren agiriak.
4.3. Agiri guztien kopiak Udalaren bulegoetan konpultsatu beharko dira.
4.4. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, alkate jaunak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.
5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak egiten ahal dituzte, eta akatsik baldin bada, horiek zuzendu.
5.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzi ondoan, alkate jaunak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko Ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Ebazpen berean probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren zehaztuko da.
6.-Epaimahaia.
6.1. Epaimahaia honakoek osatuko dute:
Mahaiburua: Barañaingo Udaleko alkatea.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Mahaikidea: Udaleko arkitektoa.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Mahaikidea: Lanbide Tailerretako monitorea.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Mahaikidea: Hirigintzako Lantaldearen arduraduna.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Mahaikidea: Barañaingo Udaleko langileen batzordeak ordezkari gisa izendatzen duena.
Ordezkoa: Barañaingo Udaleko langileen batzordeak ordezkari gisa izendatzen duena.
Mahaikide idazkaria: Udalekoa (botorik gabe).
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Epaimahaia hautapen probak hasi aitzin eratu beharko da.
6.2. Epaimahaiak eratzeko eta jarduteko kideen gehiengo absolutua bederen beharko du.
6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen afera guztiak.
6.4. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izaten ahalko du proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haiei buruz soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
7.-Oposizio lehiaketaren garapena.
7.1. Lehiaketaldia:
7.1.1. Alegatutako merezimenduak, Barañaingo Udaletxean agirien fotokopia konpultsatuen bidez frogatuko direnak, honako baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko dira:
a) Administrazio Publikoetako halako lanpostu batean gutxienez ere urtebeteko esperientzia izatea. Laneko esperientzia hori egiaztatzeko horri dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko da. Puntu 1 emanen da urteko, eta ez dira kontuan hartuko urte osoa ez diren denbora aldiak. Gehienez ere 5 puntu emanen dira. Enpresa pribatuan izandako esperientzia egiaztatzen denean, balorazioa aurrekoaren erdia izanen da, eta 2,5 puntu gehienez ere.
b) Espezialitatearekin zerikusia duen titulazio ofiziala izanez gero, LH2 baldin bada 5 puntu eta LH1 baldin bada 2,50 puntu emanen dira.
7.1.2. Lehiaketaldian 10 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez ere.
7.1.3. Lehiaketaldia akitutakoan, izangaiek eskuraturiko puntuazioa Udaletxeko iragarki oholean jarriko da ikusgai.
7.2. Oposizioaldia.
Oposizioari, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hirugarren hilabetearen amaieran emanen zaio hasiera. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpen berean zehaztuko da probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.
7.2.1. Lehen ariketa: proba teorikoa, idatziz egin beharrekoa, igeltserotzarekin oro har zerikusia duten kontzeptuei buruzkoa.
Proba honek ordubete iraunen du gehienez ere.
Epaimahaiak, aurretik, galdera sorta batzuk prestatuko ditu, eta gero horietatik bat aterako zozketa bidez.
Bigarren ariketa: igeltserotzari buruzko proba praktikoak.
Ariketaren iraupena Epaimahaiak ezarriko du oposizio- egileen kopuruaren arabera, baina oposizio-egile bakoitzari 4 ordu emanen zaizkio gehienez, eta ahal dena eginen da izangaiek probak aldi berean egin ditzaten.
Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoa.
Laugarren ariketa: izangaiek epaimahaikideekin egin beharreko buruz buruko elkarrizketa, lanpostuaren eginkizun eta zereginei buruz.
Elkarrizketaren iraupena 30 minutukoa izanen da gehienez ere.
7.2.2. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez ere 70 puntukoa izanen da, ariketa ezberdinetan honela banaturik:
Lehen ariketa: ariketa osoari gehienez ere 15 puntu eman ahalko zaizkio.
Bigarren ariketa: gehienez ere 38 puntu eman ahalko dira.
Hirugarren ariketa: gehienez ere 14 puntu eman ahalko dira.
Laugarren ariketa: gehienez ere 3 puntu eman ahalko dira.
7.2.3. Lehen ariketan pliken sistema erabiliko da.
7.2.4. Lehen, bigarren eta hirugarren ariketak baztertzaileak izanen dira, eta horietako bakoitzean bazterturik geldituko dira guttienez ariketa bakoitzari dagokion puntuazioaren erdia erdiesten ez duten izangaiak.
7.2.5. Bi oposizio-egile edo gehiagoren puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, sartzeko lehentasuna euskaraz dakienak izanen du. Hori egiaztatu eta baloratuko da Epaimahaiak ezarritako probaren bidez.
7.2.6. Epaimahaikide bakoitzak bere aldetik eginen du kalifikazioa, eta ariketa horren zatiaren puntuazioa kalifikazio guztien batezbesteko aritmetikoa izanen da.
8.-Probetarako deialdia.
8.1. Ariketa bakoitza bukaturik, Epaimahaiak, hamar eguneko epean, Barañaingo Udaleko iragarki oholean argitaratuko du gainditu duten izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioekin batean, eta bertan adieraziko da oposizioaren hurrengo ariketa zein egun eta ordutan eginen den, guttienez ere 48 ordu lehenago.
8.2. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek N.A.N. aldean dutela bertaratu beharko dute. Probetara agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
9.-Epaimahaiaren proposamena.
9.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, Epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda argitara emanen du Barañaingo Udaleko iragarki oholean, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, ariketa guztietan izangai bakoitzak lorturiko kalifikazioak batuz.
9.2. Epaimahaiak Gobernu Batzordeari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
10.-Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Izangai izendatuak, izendapenaren jakinarazpena egiten denetik hasita hilabeteko epean hartu beharko du karguaren jabetza. Epe horretan eta, ezinbesteko arrazoiak direla eta, jabetzarik hartzen ez badu, ofizial kategoria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu eta, beraz, Gobernu Batzordeak hutsunea beteko du probak gainditu dituztenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin.
11.-Helegiteak.
Deialdi honen, bere oinarrien edo aplikazio egintzen kontra, aukeran, helegite hauetakoren bat paratzen ahal da, jakinarazpenaren ondoko egunetik hasita hilabeteko epean:
a) Administrazioarekiko helegitea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailean, 2 hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko helegitea, Nafarroako Administrazio Auzitegian, argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.
I. ERASKINA
Eskabide eredua
........... J/A-k, adinez nagusia, ....... zenbakidun N.A.N.aren jabe, 19...eko ......aren ...(e)an, ........(e)n (......) jaioa, helbidea ........(e)n, (.....), ...... kaleko .... zenbakian duenak eta ......... telefonoa.
Agertu eta honakoa azaldu du:
Zerbitzu anitzetako ofizial baten lanpostua oposizio lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen duela.
Karguan aritzea eragotziko dion eritasun eta akats fisikorik ez duela.
Indarra duten xedapenetan ezarritako ezgaitasunik ez duela.
Eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean.
Honako merezimendu hauek alegatu eta egiaztatu dituela:
Hori horrela, eskatzen du honako eskabide hau onar dadila eta, ondorioz, zerbitzu anitzetako ofizial baten lanpostua oposizio lehiaketa bidez betetzeko deialdian onar dezatela.
Barañainen, 199...eko .........aren ....(e)an.
(Sinadura)
Iragarkiaren kodea: A9709844