144. ALDIZKARIA - 1997ko abenduaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langilegoa

1504/1997 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, E maila edo taldeko langile finkoentzako hautapen proba murriztuen bidez, administrari laguntzaile izateko izangaien zerrenda osatzeko deialdia onesten duena, haien lanbide prestakuntza eta hobekuntza erraztearren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sor litezkeen beharren arabera.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak azaroaren 21ean eman duen 1504/1997 Ebazpenaren bidez, E maila edo taldeko langile finkoentzako hautapen proba murriztuen bidez administrari laguntzaile izateko izangaien zerrenda osatzeko deialdia onetsi da, haien lanbide prestakuntza eta hobekuntza erraztearren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sor litezkeen beharren arabera.

O I N A R R I A K

1.-Aditzera ematen da, E maila edo taldeko langile finkoentzako hautapen proba murriztuen bidez administrari laguntzaile izateko izangaien zerrenda osatzeko deialdia onetsi dela, haien lanbide prestakuntza eta hobekuntza erraztearren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sor litezkeen beharren arabera. Deialdi hau arautuko dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak eta haren osagarri diren organismo honetako langileen arau berariazko orok. Ordezko gisa aplikatuko da, arestian aipatu arauen kontra jotzen ez badute, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren 1997ko ekainaren 2ko Ebazpena.

2.-Hautatzen diren izangaiei dei egin ahalko zaie aldi batez administrari laguntzaileen eginkizunak bete ditzaten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barrenean, egokitzapen esparru bakoitzean; beren lanpostuan jarduneko egoera berezian edo zerbitzu eginkizunetan daudela deklaratuko da, eta aplikatuko zaie azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua eta, ordezko gisa, aipatu arautegiaren kontra jotzen ez badu, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua.

Jatorrizko lanpostuaren kategoria berekoak ez diren eginkizunetan jarduteak ez du eskubiderik sortzen hori behin betikoz okupatzeko, ez baldin bada legezko prozeduren bitartez (lehiaketa, oposizio edo oposizio-lehiaketaren bitartez).

3.-Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea, E maila edo taldekoa.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira lanaldi partzialeko kontratuz ari direnak eta aldizkako finkoak direnak.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Baldintza horiek izangaiek bete beharko dituzte baita dei egiten dietenean ere.

4.-Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistro Orokorrean, Iruñeko Irunlarrea kaleko 39an, behar den eskabidea aurkeztu beharko dute, I. Eraskineko ereduaren arabera.

5.-Eskabideak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.-Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketa, Sarrera eta Barne Igoerarako Zerbitzuak jendaurrean jarriko du, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletako iragarki oholean, izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

7.-Epaimahai kalifikatzailea.

7.1. Hautapen probak zuzenduko dituen Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: José Luiz Ruiz Ciruelos jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren eta Lan Harremanen zuzendariordea.

Ordezkoa: Miguel Angel Porres Azcona jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketa, Sarrera eta Barne Igoerarako zerbitzuburua.

Mahaikidea: Alberto Margallo Lana jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Aurrekontu eta Kontabilitate zerbitzuburua.

Ordezkoa: Luis Larraya Galarza jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko A.P.T., arlo ekonomikoa.

Mahaikidea: Javier Uterga Mendinueta jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nominen eta Gastu Kontrolaren zerbitzuburua.

Ordezkoa: José Curiel Canelada jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nomina eta Gizarte Aseguruen Unitateko burua.

Mahaikidea: langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Gabriel Izpura Liberal jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Deialdiak Izapidatzeko Unitateko burua.

Ordezkoa: M. José Diaz Zalduendo andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Deialdiak Izapidatzeko Unitateko gizarte-graduatua.

Epaimahaiak hautapen probak hasi baino lehen egon beharko du osaturik.

7.2. Epaimahaiak ez du osatzerik izanen, ezta jarduterik ere, bertan kideen gehiengo osoa ez badago.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta betearazterakoan sor litezkeen arazo guztiak.

Halaber, proba batzuk edo guztiak modu zuzenean gara daitezen beharrezkotzat jotzen dituen barneko funtzionamendu arauak ematen ahalko ditu, beti ere deialdiko oinarriei loturik.

7.4. Epaimahaiak aholkulari espezialistak bereganatzen ahalko ditu, proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horiek beren espezializate teknikoan baizik ez dira arituko eta horien arabera baizik ez diote lagunduko Epaimahaiari.

8.-Hautapen proben garapena.

8.1. Probak 1998ko otsailaren lehenbiziko hamabostaldian eginen dira.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletako iragarki oholean aditzera emanen da non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren hautapen probak, egun bakarrean eginen direnak, egun hori baino lehenago aski denboraz.

8.2. Hautapen probak ariketa hauen bidez eginen dira:

-Lehenengo ariketa: epaimahaiak prestatuko dituen galdera batzuk idatziz erantzun beharko dira. Ortografiari buruzkoak izanen dira.

Proba hau egiteko izangaiek ez dute hiztegirik erabiltzen ahalko.

Epaimahaiak ezarriko du proba honen gehieneko iraupena, proba hasi aitzin.

-Bigarren ariketa: epaimahaiak banatuko duen testu bat, testu bera izangai guztientzat, Word 6.0 testu prozesadorearen bidez ordenadorean kopiatu beharko da.

Epaimahaiak betebehar batzuk ezarriko ditu izangai guztientzat, probaren xede den testua transkribatzeko moduari buruz.

Proba honen iraupena 10 minutukoa izanen da gehienez ere.

-Hirugarren ariketa: ordenadorean honakoei buruzko oinarrizko ariketak eginen dira:

WINDOWS 3.11: Eragiketa ingurunea. Sagua erabiltzea. Laguntza erabiltzea. Zenbait aplikazioren funtzionamendua: eginkizunen zerrenda, konmutatzea, informazioa aplikazioen artean partekatzea. Fitxategien administratzailea. Inprimaketa: inprimagailuak konfiguratzea, inprimaketaren administratzailea.

Word 6.0: Laneko area. Idatzi eta editatzea. Formatuak. Estiloak. Orriaren diseinua eta konposaketa. Dokumentu luzeak: goiburukoak eta orri-oinak, eskemak, eduki taulak eta indizeak, orri-oineko oharrak. Dokumentuen inprimaketa.

Proba honen iraupena 10 minutukoa izanen da gehienez ere.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak informatikako oinarrizko ezagupenei buruzko ikastaroa antolatuko du (WINDOWS 3.11 eta Word 6.0), eskaera egiten duten izangaientzat.

Ikastaroa 1998ko urtarrilean izanen da, eta zein egun eta tokitan eginen den bere garaian jakinaraziko da, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletako iragarki oholean oharra jarriz, bai banan-banan, ikastaroa egiteko interesa eskabide orrian adierazi duen izangai bakoitzari gutun bat bidaliz.

9.-Ariketen balorazioa honako hau izanen da:

-Lehenengo ariketa: 0tik 15 puntura.

-Bigarren ariketa: 0tik 20 puntura.

Horretarako, mekanografi akatsengatik izandako zehapenak kenduta, 15 puntu emanen dira lehenbiziko 2000 sakaldiengatik. 2000 sakalditik goiti: beste puntu bat emanen da beste 100 sakaldi egitean, zuzenak izanez gero, edo horiei proportzionalki dagozkien puntuak, gehienez ere 5 puntu.

Sakaldiak kontatzerakoan, ohikoez gain beste hauek ere hartuko dira kontuan: sakaldi 1 maiuskula bakoitzeko edo maiuskulen tekla sakatzea eskatzen duen zeinu bakoitzeko; eta sakaldi 1 azentu bakoitzeko. Eta honakoak kenduko dira: 5 sakaldi mekanografi akats bakoitzeko (hauek dira akatsak: letra, zeinu, hitz edo lerroalde errepikatuak; letra edo zeinu okerrak; behar baino gehiago edo gutxiago idatzitako letra; letrek hitz batean duten tokia aldatzea; zeinuen tokia aldatzea; letra edo zeinu baten tokia hutsik uztea; hitzen bereizketan behar baino hutsune gehiago uztea; hitzen bereizketan hutsunerik ez uztea); eta 7 sakaldi idatzi ez den hitz edo zeinu bakoitzeko, egin ez diren sakaldiengatik kendutakoaz gainera.

Egindako sakaldien kontaketarako, ez dira kontatuko idatzi beharreko testuaren hitzez hitzekoarekin bat ez datozenak; akats moduan, aldiz, hartuko dira.

Hitz bakoitzean ez da mekanografi akats bat baino gehiago kontuan hartuko.

-Hirugarren ariketa: 0tik 15 puntura.

Bazterturik geratuko dira ariketa guztiak hartuta 25 puntu gutxienez lortzen ez dituzten izangaiak.

10.-Ariketak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela azaldu beharko dute bertara. Azaltzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

Hautapen probetan, horiek egiteko denbora eta baliabide egokitzapen posibleak ezarriko dira minusbaliotasunak dituzten pertsonentzat, horretarako eskaria egiten badute eta eskabide orrian adierazten dutenaren arabera.

11.-Ariketen kalifikazioa amaitutakoan, Epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Nafarroako Gobernuko iragarki oholean eta ariketak egin tokian, probak gainditu dituztenen zerrendak, izangai bakoitzak ariketetan lorturiko puntuak batuz guztira eskuratzen duen puntuazioaren ordenari jarraikiz.

12.-Probak gainditzen dituzten izangaien ordenaren araberako zerrenda horiek kontuan hartuko dira azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuko 24 eta 25. artikuluetan aipatzen diren bi igoera-bideetarako, beti ere mugak izanen direlarik Dekretuan bertan ezartzen direnak, zerbitzu eginkizunen edo jarduneko egoera bereziaren iraupenari dagokionez, eta deitzeko unean lehentasuna emanen zaie jarduneko egoera berezikoei.

Deia eginen da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 1997ko ekainaren 2an emandako Ebazpenaren 5 eta 6. idazatietan ezarritakoaren arabera (1997ko ekainaren 16ko 72. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), baldin eta egokitzapen esparru batean pertsona batek baino gehiagok eskatzen badu zerbitzu eginkizunetan edo jarduneko egoera berezian deklara dezaten eta prestakuntza proba edo ikastaroak gainditzen baditu.

Izangaiek minusbaliotasunen bat alegatzen badute, hori deialdi honetako lanpostuarekin bat datorrela frogatzen duen egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, eskudun diren balorazio eta orientazio ekipoek luzatua.

13.-Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, helegite arrunta paratzen ahal da Nafarroako Gobernuan, helegindako egintza argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Helegite arrunta ebazten duen Erabakiaren kontra bidezkoa izanen da administrazioarekiko helegitea, Nafarroako Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epearen barrenean.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hogeita batean.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Víctor Calleja Gómez.

I. ERASKINA

Eskabide eredua

Eskabidea, E maila edo taldeko langile finkoentzako hautapen proben bidez administrari laguntzaile izateko izangaien zerrenda osatzeko deialdian parte hartzeko. Horri esker haien lanbide prestakuntza eta hobekuntza erraztuko da, beti ere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sor litezkeen beharren arabera.

1.-Norberaren datuak:

Izen-deiturak .

Jaiotze eguna eta herria

N.A.N. ........................

Helbidea

Telefonoa .........................

2.-Administrazio datuak:

a) Administrazio erregimena:

Funtzionarioa

Estatutupekoa

Lan-kontratudun finkoa

(Marka bedi X batez dagokion laukitxoa)

b) Zein Administrazio Publikori dagoen atxikia:

Nafarroako Ospitalea

Bideko Ama Birjina ospitalea

Ubarmin klinika

Tuterako Osasun Barrutia

Lizarrako Osasun Barrutia

Iruñeko Oinarrizko Osasun Laguntza

Nafarroa Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntza

Oinarrizko Osasun Laguntza Nafarroako gainerakoa

Adimen Osasuneko baliabideak

Laguntza Espezializatuko Osasun Etxeak

Zerbitzu Zentralak

(Marka bedi X batez dagokion laukitxoa)

c) Oraingo destinoa:

Zein departamentutan dagoen (edo zeini atxikita, erakunde autonomo bat baldin bada)

Zerbitzua

Atala

Bulegoa

Unitatea, zentroa edo saila (hala balitz)

d) Dagokion maila edo taldea ..........

e) Orain duen lanpostua

3.-Eskabide formala:

a) Euskararen Gaitasun Agiriaren jabe dela, Nafarroako Gobernuak edo Hizkuntz Eskola Ofizial batek luzatua edo behar bezala homologaturiko euskararen gaitasun titulu edo ziurtagiriak luzatzeko eskumena duen beste entitateren batek luzatua

Lortutako titulazioari buruzko egiaztagiriak aurkeztu ditu.

b) Aurreko idazatian aipaturiko titulaziorik ez duela eta, horrenbestez, euskararen jakite maila zehazteko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak prestatuko dituen probetara aurkeztu nahi duela, bere borondatez

(Marka bedi X batez a) eta b) idazatietan dagokion laukitxoa)

c) Ezinbestekoak diren baldintza guztiak betetzen dituela.

d) Minusbaliotasuna duela eta, horregatik, ondoan aipatzen den egokitzapena eskatzen duela adierazten diren arrazoiengatik (beste orri batean aditzera emanen dira minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatzen diren egokitzapenak)

(Marka bedi X batez, bidezko bada)

e) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak informatikako oinarrizko ezagupenei buruz (Windows 3.11 eta Word 6.0) antolatuko duen ikastaroan parte hartu nahi duela, bere borondatez.

(Marka bedi X batez, bidezko bada)

Horiek horrela:

Eskatzen du:

Eskabide hau onar dadila eta, ondorioz, onar dezatela deialdian, zeina iragarri baitzen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuko 23. artikuluan xedatutakoaren babesean.

...........(e)n, 1997ko ............aren ...(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: A9710321