144. ALDIZKARIA - 1997ko abenduaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

996/1997 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren 1997-98 ikasturteko Plan Orokorra ezartzen duena.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ikuskapen Zerbitzuko antolaketa eta eginkizunak arautu eta ikuskatzailetza jardueran hasi eta aritzeko sistema ezartzen duen ekainaren 8ko 210/1992 Foru Dekretuak zehazten du zerbitzu horrek urtero plan orokor bat prestatuko duela, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ematen dituen irizpide eta jardunbideen arabera eta, kontuan harturik, halaber, Zerbitzuaren ezaugarri bereziak.

Aurreko ikasturteetan bezala, Departamentuaren helburu behinena LOGSEtik datozen irakaskuntza berriak Nafarroan egoki aplika daitezen begiratzea da eta, 1997-98 ikasturterako, zehazki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren maila ezartzea eta Batxilergoa prestatzea, eta aldez aurretik ezarri ziren Lanbide Heziketa Berariazkoaren zenbait prestakuntza zikloren jarraipena egitea, hala erdi mailakoak nola goi mailakoak, eta Lanbide-hastapeneko programena.

Ikastetxeetako partehartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoa aldarrikatu baitzen, beharrezkoa da Foru Dekretu bat egitea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ikuskapenaren antolaketa eta eginkizunak arautu eta ikuskatzailetza jardueran sartu eta aritzeko sistema ezartzen duen ekainaren 8ko 210/1992 Foru Dekretua indarrik gabe uzteko.

Ikuskapenaren eginkizunen artean, garrantzitsuenetarikoa da hezkuntza sistemaren ebaluazioan parte hartzea, batez ere ikastetxeen funtzionamenduari eta zuzendaritza zein irakaskuntzaren jardunari dagokien alderdietan, horien antolaketa, funtzionamendua eta emaitzak aztertuz.

Horretaz gain, Ikuskapenak hezkuntza sistemaren ebaluazio orokorra egiteko Kalitate eta Ebaluaziorako Institutu Nazionalak egiten dituen proiektuetan parte hartu eta lagunduko du, azken ikasturteotan egin duen bezala.

Ekainaren 20ko 229/1997 Foru Aginduan eta ikastetxe ez-unibertsitarioetako antolaketa eta funtzionamendurako jarraibideak onesten dituzten bestelako arauetan, jarduketa irizpide zenbait ezartzen dira, Ikuskapen Zerbitzuaren ohizko lan bilakatu direnak, ikastetxe publiko zein pribatuen funtzionamendua kontrolatu eta gainbegiratzeko, ikuspuntu pedagogikotik nola antolaketaren aldetik.

Plan honetan sartu dira, halaber, Departamentuko bestelako zerbitzuekin egin beharreko lankidetza lanak, besteak beste, ikastetxe sareak hezkuntza aldagaiei egokitzea. Egokitzapen horiekin batera, giza baliabideen berregokitzapena ere egin eta aurreikusi beharko da. Bestalde, Ikuskapenak parte hartuko du Zuzendaritza Nagusiak agintzen dizkion lan guztietan eta, ikastetxe, programa eta zerbitzuekiko ohizko lan jardueran ofizioz sortzen direnetan.

Ikasturte honetan Ikuskapen Zerbitzuak zenbait eginkizun berariazko izanen ditu; izan ere, Hezkuntza eta Kultura Departamentuarentzat bereziki interesgarriak diren azterlan batzuk egin beharko ditu.

Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Ikuskapen Zerbitzuko antolaketa eta eginkizunak arautu eta ikuskatzailetza jardueran hasi eta aritzeko sistema ezartzen duen ekainaren 8ko 210/1992 Foru Dekretuko 7. artikuluan ezarritakoarekin bat, lan-arlo berariazkoak sortu dira, Departamentuko programetan ikuskatzaileek duten lankidetza erraztearren.

Kontuan harturik, Ikuskapenari dagozkion lanak nahi den bezain eraginkorrak eta baliozkoak izan daitezen, ezinbestekoa dela eginkizun horiek aurrera eramaten dituzten langileek behar bezalako koalifikazio teknikoa izatea, behar-beharrezkoa da prestakuntza plan bat diseinatzea, ikuskatzaileek jarduera horietan parte hartzeko bidea izan dezaten, beti ere ulertuko delarik parte hartze hori eskubide bat eta, aldi berean, betebehar bat dela.

Horregatik guztiagatik, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30ean emandako 398/1996 Foru Aginduaren bidez delegaturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren 1997-98 ikasturteko Plan Orokorra, eraskinean azaltzen dena, onestea.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko azaroaren hamabian.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

ERASKINA

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren 1997-98 ikasturteko Plan Orokorra

I.-Sarrera.

Hezkuntza Ikuskapenaren jarduketa plan orokor honek Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ikuskapenaren arloan, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren bidez, 1997-98 ikasturterako ezarri dituen helburuak lortzeko bidea izan nahi du. Plan honek zenbait jarduketa ildo ezartzen ditu, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaritzak diseinatuak. Horietako batzuk lehentasunezkoak dira, beste batzuk berariazkoak, hirugarren taldean hezkuntza ikuskapenari ohiz dagozkionak sartzen dira eta, azkenik, beste zerbitzuekiko lankidetzaren ingurukoak eta jarduketa osagarriak.

Aipatu jarduketa guztiak azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak eta ekainaren 8ko 210/1992 Foru Dekretuak Ikuskapenari esleitzen dizkioten eginkizunak garatzeko asmoz egin beharrekoak dira, beti ere irakaskuntza hobetu eta kalitatea igotzeko xedez, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren laugarren Tituluko 61. artikuluan ezarri bezala.

Kontuan hartu behar dugu ikuskapen jarduketaren lan funtsezkoa ikastetxearen inguruan egin behar dela, oinarrizko hezkuntza erakundea baita. Berez egitura konplexua izateaz gain, ez dugu ahaztu behar erakunde horretan programa batek baino gehiagok bat egin dezaketela eta kanpoko laguntza emateko beste zerbitzu batzuek ere parte har dezaketela. Hortaz, beharrezkoa da baliabide horiek armonizatu eta etekinik handiena ateratzea eta, horrenbestez, ezinbestekoa da hezkuntza ikuskapenak baliabide horiek ezagutu, koordinatu eta gainbegiratzea, ikuskapenaren jarduna eta ikastetxeak antolaketa eta pedagogiaren aldetik duen autonomia bateragarri eginez.

II.-Ikuskapenaren antolaketa.

Ikuskapen Zerbitzuak lehengo ikasturtean izan zuen eskualdekako egitura berbera izanen du 1997-98 ikasturte honetan ere. Hala ere, Zerbitzuaren egoera azterturik, ikuskatzaile batzuei dagozkien ikastetxeen birbanaketa egin da, harik eta lanpostu horiek era egonkorrean bete artean. Hori gertatuko da onesten denean Foru Dekretu bat, egokituko duena hezkuntzako ikuskapenari buruzko guztia arestian aipatu den azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoari, bai eta, halaber, hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko lanpostuetan sartu, postu horiek betetzeko eta egungo ikuskatzaileak kidego horretan integratzeko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 2193/1995 Errege Dekretuari, ekainaren 28ko 1573/1996 Errege Dekretuaren bidez aldatuari ere.

Eskualdeko ikuskatzaile-koordinatzaileak dira Zerbitzuko zuzendaritzak esleiturik dituen eginkizunak aurrera eramateko dituen laguntzaile garrantzizkoenak. Ikuskatzaile-koordinatzaile horiek, nork bere eskualdeko taldearen barruan, eskumena dute lanaren antolaketari eta ikuskapen bisitei buruzko gaietan erabakiak hartzeko, 210/1992 Foru Dekretuaren 2.1. artikuluan ezartzen den bezala.

Ikuskatzaile bakoitzak esleitu zaizkion ikastetxe, programa, jarduera eta zerbitzuen aurrean duen zuzeneko erantzukizuna gora-behera, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren helburua da eskualdeak koordinatzeko lana sustatzea eta eskualde horretako ikastetxe, programa eta zerbitzuetarako taldeak erantzukizun bateratua izatea, aipatu Foru Dekretuaren 6.5. artikuluan ezarritakoa garatzeko asmoz. Izan ere, eskualdeetan sortzen diren gai interesgarriak ezagutu, aztertu eta erabakiak denon artean hartzea bermatu nahi du eta, horretarako, bilera arruntak eta taldekako bisitaldiak egitea eta materialak zein lan baliabideak elkarrekin prestatzea sustatuko du, beti ere, taldeko kideren bat baja egoeran dagoenean edo falta denean, ikuskapen lanak behar bezala eginen direla begiratuz.

Ikastetxeak eta hezkuntza programak, jarduerak eta zerbitzuak ikuskatzeko ohizko jardunbidea ikuskapen bisitak egitea da. Bisita horiek ikuskatzaile bakar batek zein talde batek eginen ditu, lortu nahi diren helburuen arabera.

Bisita bakoitzaren ondoren, agiri bat egin beharko da, Zerbitzuko zuzendariari bidali beharko zaiona. Bertan, laburbilduz, egindako jarduketen berri emanen da eta txostena egin behar ote den adieraziko.

Bestalde, Zerbitzuak lanabesen prestakuntzarako, aholkularitzarako, e.a., organorik ez duenez, eta Departamentuko programetan ikuskatzaileen laguntza errazteko, Zerbitzuaren antolamenduan beharrezkoa da etorkizunari begira taxututako lan arlo berariazkoak sortzea, arestian aipatu ekainaren 8ko 210/1992 Foru Dekretuko 7. artikuluan aipatzen den bezala.

Horrela, ondotik seinalatzen diren lan arloak sortzen dira, hezkuntza sistemaren antolamenduarekin eta indarra duten curriculum diseinuekin bat:

1.-Eskolatzea.

2.-Ikastetxeen ebaluazioa.

3.-Irakasleen ebaluazioa.

4.-Ikasleen ebaluazioa eta mailaz igotzea.

5.-INCEren (Kalitate eta Ebaluaziorako Institutu Nazionala) jarduketa planen ondoriozko koordinazioak.

6.-Giza baliabideen plangintza.

7.-Dokumentazioa, arautegia, artxiboa eta idazkaritza.

8.-Titulazioak, baliozkotzeak eta baliokidetasunak.

9.-Jarduera eta zerbitzu osagarriak.

10.-Helduen Oinarrizko Hezkuntza.

11.-Orientabide psikopedagogikoa eta aniztasuna aintzat hartzea.

12.-Hizkuntz ereduak.

13.-Irakasleen prestakuntza.

14.-Ikuskatzaileak eguneratzea eta prestatzea.

15.-Matematika eta Zientzia Esperimentalak.

16.-Filologia.

17.-Teknologia.

18.-Arte Heziketa.

19.-Giza eta gizarte-zientziak.

20.-Atzerriko hizkuntzak.

Arlo horietako bakoitza, ahal den neurrian, ikuskatzaile-koordinatzaile batek koordinatuko du, edo bestela multzoak egin daitezke, hori egitea bidezkotzat jotzen bada.

Zerbitzuaren funtzionamendua egokia izan dadin, honako bilera hauek planifikatu beharra ikusi da:

a) Zerbitzuaren bilerak: Zerbitzuko kide guztiak bilduko dira. Ikuskapenaren jarduketak homogeneizatzeko helburua izanen dute, denei dagozkien jarduketak elkarrekin planifikatuz eta aplikatu behar diren arauak aztertuz.

Bilera horiek, halaber, hezkuntza sistemaren aldaketa dela eta, azken aldi honetan sortzen ari diren lege-arau guztiak aztertu eta eztabaidatzeko gune ezin egokiagoa izan behar dute. Hortaz, prestakuntzarako lehentasunezko gune behar dute izan.

Hasiera batean, bilera horiek hilabetero eginen dira.

b) Koordinazio bilerak: Zerbitzuko zuzendariak, astero-astero, koordinatzaileekin egin beharreko bilera arruntak dira, planaren segimendua egiteko eta aurrera eramateko irizpideak zehazteko.

c) Eskualdeko bilerak: astero-astero, eskualdeetako taldeek bilera arrunta egin beharko dute, lana koordinatzeko eta egin beharrekoak aurrera eramateko irizpideak eskualde horietan nola aplikatuko diren zehazteko.

d) Bilera bereziak: Zerbitzuko kide guztien bilerak dira, Hezkuntza zuzendari nagusiak edo Zerbitzuko zuzendariak dei egiten duenean izanen direnak.

Horretaz gain, eskola aldietan, Zerbitzuko bulegoetan eskualde ezberdinetako hiru edo lau ikuskatzaile egonen direla bermatuko da. Lan arrazoiak direla kausa, aldaketarik egin behar baldin bada, Zerbitzuko zuzendariaren onespena edo ezagutza beharko da.

III.-Helburuak.

1.-LOGSEren aplikaziotik datozen irakaskuntza berrien finkapenean eta segimenduan parte hartzea, batez ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarenean, Prestakuntza Zikloenean eta Lanbide-hastapenekoetan.

2.-Hezkuntza sistema ebaluatzea:

Ebaluazioa bi ikuspuntutatik eginen da:

-INCErekin (Kalitate eta Ebaluaziorako Institutu Nazionala) elkarlanean, sistemaren ebaluazio orokorra.

-Ikastetxe, irakasle eta programen ebaluazioa.

3.-Ikastetxeen funtzionamendua kontrolatu, gainbegiratu eta aholkatzea, antolaketaren eta erabiltzen den pedagogiaren ikuspuntutik batez ere.

4.-Hezkuntza eta Kultura Departamentuko beste zerbitzuekin lankidetzan aritzea.

IV.-Jarduketak.

1.-Lehentasunezko jarduketak

1.1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ezarpena, bereziki landuz ekainaren 20ko 229/1997 Foru Aginduko III. Eraskinean seinalatzen diren lehentasunezko elementuak.

a) Curriculum proiektuen prestaketa gainbegiratzea.

b) Ikasleen ebaluazioa egin eta mailaz igotzeko arauak egoki aplikatzen direla begiratzea.

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari diren irakasleek dagozkien BHIetako departamentu didaktikoekin duten koordinazioaren jarraipena egitea.

d) Aniztasuna aintzat hartzeko ikastetxeek ezartzen dituzten planen segimendua egitea. Aniztu aurreko gelez lehentasunez arduratzea.

1.2. Berariazko Lanbide Heziketako Prestakuntza Zikloen aldez aurreko ezarpena:

a) Ebaluazioari buruzko arautegia egoki aplika dadin begiratzea.

b) Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak Berariazko Lanbide Heziketan dagozkien arloei atxikitzeko prozesuetan laguntzea.

1.3. Lanbide-hastapeneko programen aldez aurreko ezarpena.

a) Ezarri diren lanbide-hastapeneko programetan arautegia behar bezala aplikatzen dela gainbegiratzea.

1.4. Hezkuntza sistemaren ebaluazioan parte hartzea.

1.4.1. Proiektuak zehaztu, garatu, aplikatu eta ebaluatzeko, INCEk (Kalitate eta Ebaluaziorako Institutu Nazionala) deitzen dituen bileretan parte hartzea, bere eskumenen esparruan.

1.4.2. Ikastetxeen eta irakasleen ebaluazioa egitea.

a) Ikastetxeak:

-Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen arteko lagin baten ebaluazioa.

-Gobernu organoei eta koordinazio didaktikorako organoei aholkularitza ematea, ikastetxeen barne ebaluazioa egin dezaten, azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren esparruan.

b) Irakasleak:

Zuzendarien kreditaziorako eta ikasketengatik nahiz prestakuntzako zerbitzu bereziengatiko lizentzietarako deialdian parte hartzen duten irakasleen ebaluazioa.

2.-Jarduketa berariazkoak

-Atzerriko hizkuntzen ikasketa hastea.

-Ikastetxeen egiturari eta irakasleen dotazioari buruzko azterlana, 2000. urtetik 2006.era bitartean.

-1998-1999 ikasturtean irakasleak hartzeko beharrei buruzko azterlana.

-Ikastetxeko giza baliabideen antolaketa eta kudeaketari buruzko azterlana.

3.-Ohizko jarduketak.

Jarduketa hauek ikasturtea abian jartzeko prozesuetan esku hartzeko eta Urteko Programazio Orokorra gainbegiratzeko eginen dira, honako hauen arabera:

-229/1997 Foru Agindua, ekainaren 20koa, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpekoak diren eta fondo publikoekin ordaintzen diren Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea, IEE, Lanbide Heziketa, Heziketa Zikloak eta Gizarte Garantiako Programak ematen dituzten Ikastetxeen antolaketa eta jarduna arautzeko jarraibideak onesten dituena.

-24/1997 Foru Dekretua, otsailaren 10ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa onesten duena.

-25/1997 Foru Dekretua, otsailaren 10ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onesten duena.

-Arestiko horiek garatu eta osatzeko, Nafarroan aplikatu behar diren gainerako arau osagarriak.

Arlo hauetako gainbegiratze lana egitean, Hezkuntzako Ikuskatzailetzak behar bezalako aholkularitza eskaini eta gertatzen diren gorabeheren berri emanen du, baita konponbide egokiak bilatzen lagunduko ere.

Arreta berezia jarriko da C.C.P. (Koordinazio Pedagogikorako Batzordea) delakoak egin behar duen lan plana gainbegiratzeko, azpimarratuko direlarik P.E.C. (Hezkuntza Proiektua) eta P.C.E. (Curriculum Proiektua) direlakoetan ageri diren asmoen eta hezkuntza praktikaren artean urruntasun handiena antzematen den alderdietan (Ekainaren 20ko 229/1997 F.A., I. eraskina, I. idazatia, 1, C).

4.-Kasu jakinetako jarduketak eta beste zerbitzuekin lankidetzan egin beharrekoak:

Jarduketa hauek batzordeetan, epaimahaietan, ikastetxeetako gatazkak aurreikusi edo konpontzeko egin beharreko bitartekaritza-lanetan, irakasleak baloratzeko prozesuetan eta antzeko eginkizunetan parte hartzearen ingurukoak dira.

V.-Prestakuntza eta Hobekuntza.

Hasitako bideari segituz, eta hala prestakuntza nola hobekuntza ukatu ezinezko eskubide eta betebehartzat hartuz, beti ere ikuskatzaileen eskuhartzea behar den kualifikazio teknikoarekin egin dadin, prestakuntza plan bat ezartzen da, honako gai hauen inguruan:

a) Arautegiaren azterketa eta jarduketarako proposamenak, Zerbitzuko kide guztiek hilabetero egin beharko dituzten bileretan hartuko direnak.

b) Zerbitzuko kide guztientzako ikastaroa, ebaluazioaren zenbait alderdiri buruzkoa.

c) Hobekuntza ikastaro edo jardueretan parte hartzea, indibidualki, hartarako eskabidea aurkezten duten pertsonek.

VI.-Planaren segimendua eta ebaluazioa.

Planaren segimendua eta balorazioa eskualdeko taldeen bilera arruntetan eta koordinatzaileek Zerbitzuko zuzendariarekin egin beharrekoetan eginen da. Izan ere, bilera horietan jorraturiko lanak baloratu eta Urteko Plan Orokorra aurrera eramateko behar diren neurri zuzentzaileak sartuko dira.

Ez-ohizko kasuetan, Zerbitzuko zuzendariak, Planaren aplikazio egokia, segimendua eta ebaluazioa egiteko, nahi beste bileratarako deia egin ahalko du koordinatzaileekin edo ikuskatzaile taldearekin.

Ikasturtea amaitutakoan, Zerbitzuko zuzendariak azken memoriaren prestaketa zuzenduko du.

VII.-Planaren aldaketak.

Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren urteko plan orokorra, berez, eginkizunak ongi mugatuak dituen lan baliabidea da.

Nolanahi ere, planaren dinamikaren eta hezkuntza errealitatearen ondoriozko beharren arabera, aurrera eramaten den bitartean aldaketak egin ahalko dira eta, behar izanez gero, egin eginen dira.

Aldaketa horiek egiteko ahalmena Hezkuntza zuzendaria nagusiak izanen du, noiznahi egin ahalko baititu, bai eta Zerbitzuko zuzendariak ere, presako jarduketaren bat egin beharra dagoela uste duenean, beti ere zuzendari nagusiari horren berri eman beharko diolarik.

Gainerako zerbitzuetako zuzendariek ikuskapenaren inguruan proposatzen dituzten jarduketetarako, oniritzia eman beharko du Ikuskapeneko zuzendariak, zeinek haien bideragarritasuna baloratu beharko baitu Urteko Plan Orokorraren arabera.

Iragarkiaren kodea: A9710029